2018/10/13

Erroibide (837m), Txurrumurru (828m), Irumugarrieta (811m), Muganix (758m)

EGUNA: 2018/10/13

IRTEERA: Elurretxe (502m)

ZAILTASUNA:
  • Erlaitz I Bidea: 4b graduko eskalada.
  • Aiako Harrien zeharkaldia: II graduko eskaladatxo bat du Txurrumurru eta Erroilbideko kaskoen artean. Horrz gain, eskaladatxo gehiago ditu han eta hemen.
DENBORAK:
  • Elurretxe - Erlaitz Bidearen hasiera : Ordu bat
  • Erlaitz Bidea eskalatzea : Ordu bat eta erdi
  • Muganix - Erroilbide (gailurren zeharkaldia) : Ordu bat
  • Erroilbide - Elurretxe (GRtik itzulia eginez) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Elurretxera joateko Irunera hurbildu behar da. Bertan, Olaberria auzora joko dugu eta hemen seinaleen bidez ongi markatua dagoen bidea segituko dugu Elurretxeraino.



ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Txikitan amatxiren etxean egoten ginelarik atentzioa deitzen zidaten bi mendik. Bata Larrun zen, baina bertzea ezezaguna nuen. Punta anitz zituen mendigunea ikusgarri ageri zen (eta da) Lapurdiko kostatik. Aiako Harriak ziren.

Aurtengo uztailean hurbildu nintzen lehendabiziko aldiz ingurura, gailurren zeharkaldia egiteko asmoz. Orduko aldian, lainoak Erroilbiden buelta hartzera behartu ninduen. Hiru hilabete geroago mendi ikusgarri hauetara itzuli eta orduko arantzatxoa atera dut, Aiako Harrietara Erlaitz I deitzen den bidea eskalatuz igota.

10:18 : Elurretxe (502m)
Etxetik presarik gabe atera eta Elurretxeko aparkaleku betean lekua bilatuta, prestatu eta lepotik bertatik Aritxulegiko aterpe aldera doan bidea hartu genuen marka zuri, gorri eta horiak segituz.


Bide hau laster utzi behar da ordea Muganixeko espoloiaren azpiko aldera joateko, gurutze hau markatuta duen zuhaitz honen ondoan hain zuzen ere. Justu ateka bat baino metro batzuk lehenago dago zuhaitz hau.


Bidexkan goiti, laster bistaratu genuen Muganix, igoko genuen lehen gailurra, eta baita bere hego-mendebaldeko espoloia ere, eskalatuko genuena.


Aipatu bidexka ez dela batere nabaria eta zaila dela segitzeko momentu anitzetan. Basotxo honetan adibidez galdu egin genuen, eta GPSari esker aurkitu genuen berriz.


Basotik aterata, Donostia aldea ikusten hasi ginen. Ikaragarria da mendi hauen edertasuna eta zer erranik ez kosaldera dituen bistak.


Txingudi aldea ere begi bistan...


Hala, ttirriki-ttarraka, hainbatetan GPSa begiratuz, eskalatuko genuen bidearen azpira ailegatu ginen.


Gauzak prestatu eta eskaldari ekin genion. Hona hemen luzeen xehetasunak:


  • 1. luzea (4b, 25 metro): Luzearen hasieran dago pausurik zailena, baina erraz pasatzen da eta seguru anitz ditu. Ondore, pareta pixka bat etzaten da. Lehen bilera balkoitxo eroso batean dago kokatua.



  • 2. luzea (4a, 25 metro): Lehen luzearen antzeko zailtasuna du. Zati bertikal baina helduleku anitz dituen batekin hasten da, gero pareta etzaten da eta azken zatian berriz pixka bat tentetzen da.


Bigarren bileran, 4. graduko bi luzeak akituta

Mendizaleak eskaladaren ingurutik paisaiaz gozatzen

  • 3. luzea (3b, 30 metro): Luze erraza, ia oinez egiteko modukoa. Eskalatzeko paretatxo bat bertzerik ez du gorosti baten ondoan.



Eskalada laburra egin zitzaigun eta jadanik irakurria nuen bezala, gehiago egiteko gogoz gelditu ginen. Muganixetik metro gutxi batzuetara akitzen da, Txingudiko badiarako begiratoki bikainean. Trasteak bildu eta gailurren zeharkaldiari ekinen genion.


12:56 : Muganix (758m)
Aiako Harrietako lehen gailurra zapaldu genuen minutu gutxian. Ia gelditu gabe aitzinera segituko genuen...


Bidexka nabarmena da momentu guzian. Jende anitz ibiltzen diren mendiak dira. Normala. Guk ere mendizale anitz harrapatu genuen hego haize goxoaz disfrutatzen.


Bidetik eskalatutako pareta begiratzen gelditu ginen momentu batean.


Bertze aldean, ondotik igoko genituen tontorrak. Ikusgarria!


13:12 : Irumugarrieta (811m)
Oinez ailegatu ginen eguneko bigarren tontorrera eta hemen bai, gailurreko argazkia egiteko behintzat geldialditxoa egin genuen.


Irumugarrietatik aitzin hasten dira gailurren zeharkaldiko zailtasunak. I. graduko eskaladatxoak daude Txurrumurruko bidean...


Jaitsi beharreko paretatxo bat...


13:27 : Txurrumurru (828m)
Zailtasun handirik gabe harrapatu genuen hirugarrena ere...


Txurrumurru eta Erroilbide artean dago zeharkaldiko zatirik zailena. Lehenik, plaka batzuk jaitsi behar dira...


...eta jarraian Uztaiaren Pausua deitzen den zatia pasatu behar da. II. graduko pausua, zeharka gainditzen den pareta bat da, eta uztai bat dago jarrita punturik kritikoena gainditzen laguntzeko.


Pausua gaindituta Erroilbiderako genuen zatia begiratzen.


Bertze eskaladatxo batzuk egin behar dira, baina hauek aise errazagoak dira.


Txurrumurruko tontor ikusgarria gibelean utzi genuen. Hor daude kokatuta ibilbideko punturik zailenak.


Zoragarria Txurrumurruko koadroa, itsasertza gibelean duela... Ez dago urrun joan beharrik leku politak ezagutzeko.


Azken maldatxo batetik Aiako Harrietako tontorrik altuenera ailegatu ginen.


13:53 : Erroilbide (837m)
Hiru hilabete geroago berriz ere gailur honetan nintzen, baina oraingoan lainorik gabe eta ibilbide ikusgarria burututa. Poza handia zen beraz. Geldialdia egin genuen zerbait jan eta inguruaz gozatzeko.


Ondoren Aritxulegi aldera jaisten hasi ginen, uztailean igo nuen bidetik. Pasatutako tontor guziak begibistan genituen. Jaitsierako lehen zatian bidexka heze eta irristakorra pasatu behar da eta hor hartu genituen ipurdikorik handienak.


Ondoren bidexenda erosoagoa da. Erroilbide gibelean dotore!


Pinudi bat zeharkatzen...


Aiako Harrietara bista ederrak jaitsieran...


Hemen gailurrak zoomarekin. Ezker-ezkerrekoa da igo genuen pareta.


Bidegurutze honetan, Aritxulegira doan bidea utzi eta Elurretxera eramanen gintuen GRa hartu genuen, marka zuri, gorri eta horiak jarraituz.


15:39 : Elurretxe (502m)
GRak Aiako Harrien azpitik zeharkaldia egiten du eta zati hau luze samar egin zitzaidan trastez betetako motxila pisuaren ondorioz. Hala ere, kontent ailegatu ginen etxera, jarduera bikaina egin izanaren sentsazio goxoarekin!


BIDEOA: