Orriak

Mendi eskia

Ibilaldiak

Zeharkaldiak

Bideoak

2025/04/30

Garlitz (2786m)

EGUNA: 2025/04/25

ABIAPUNTUA: Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)

ZAILTASUNA: S4

DENBORAK:
  • Igoera : Hiru ordu
  • Jaitsiera : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.

Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Cotiellan eskiatu ondotik, Chistau bailaran gelditzea zen gure asmoa eta Cruz lepora igan ginen autoz Peña las Diez eta Peña las Once mendien ipar-mendebaldeko kanala eskiatzeko. Abiapuntuan afaltzen ari ginela, han ezin ginela egon erran zigun bertako batek, pribatua zela; eta badaezpada jaistea erabaki genuen. Mantso zenez bertze inor joateko, gaua Planen pasatu eta presa handirik gabe ernatu ginen. Azkenean liburu eta mapei harroaldia emanda, elurra berandu transformatuko zen Garlitz mendiaren mendebaldeko maldara joatea erabaki genuen. Goiz jaiki beharrik gabe egiteko mendia da, malda tenteei guritzeko astia eman behar baitzaie.

10:06 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Parzanen kafea hartuta tunelaren iparraldeko sarrerara ailegatu ginelarik ustekabe ona hartu genuen. Errana ziguten elur guti zegoela, baina guri dezente zegoela iruditu zitzaigun. Aiguillette mendi aldera bortz minututan eskiak jartzeko aukera zegoen eta gu joanen ginen aldera ere fite paratzen ahalko genituela iruditzen zitzaigun.


Lehen malda gainditu eta Marioules mendia ikusten hasi ginelarik, goiti elur kantitate handia zegoela ziurtatu ahal izan genuen.


Autotik abiatu eta 10 minututan eskiak zangoetan genituen. 


Hegoalderantz egin genuen argazkian Lorearen gibelean ikusten den amildegiaren sarrera inguratzeko. Behin inguratuta ekialdeko norabidea hartuko genuen. Garlitz mendia eta bere mendebaldeko aurpegia argazkian ikusten dena da.


Aurpegiaren azpiko aldera ailegatzeko ezkerretara zeharkaldi luzea egin genuen altuera handirik irabazi gabe.


Gure gibelean Marioules mendia eta Bielsako lepoa ageri ziren...


Hala zati tenteenaren hasmentara ailegatu ginen. Hasteko, parean ikusten den harresia gainditu beharko genuen. Ezkerretik eskuinera eginez pasatuko genuen, elurra ikusten den tokitik; eta behin harresiaren gainean kokatuta zuzenean goiti segituko genuen.


Hegoalderago inguru honetako klasikoa den Bataillence mendia ere itxura ederrean zegoen.


Altuera hartzen hasi ginen harresia gainditzeko.


Eta elur gogorra zegoenez, harresiaren gaineko maldan Loreak kranpoiak jartzea erabaki zuen. Ni kutxilekin igan ahal izan nintzen, baina zalantzak izanez gero hobe da kranpoaik paratzea. Malda tentea du eta harresiak esposizioa ematen dio.


Behin lehen zati tentea gaindituta, pixka bat etzanagoak diren malda zabaletatik segitu genuen.


Parean ikusten den lepo gisakora iganen ginen eta gero handik ezkerretara eginez gailurrera. Eskiz ertzean ikusten den harkaitzezko irtenguneraino ailegatuko ginen. Hortik goiti esposizioa hartzen hasten da malda eta hobe da oinez segitzea.


Argazki honetan Garlitzen mendebaldeko malda guzia ikusten da. Erran bezala, harkaitzezko irtengunetik oinez iganen ginen, baina gero beheiti aise goitiagotik eskiatu ahal izanen genuen.


Metroak irabazi ahala, gibelean Muniako mendiagune ikusgarria ageri zen. Barroudeko zirkuko paretak ikusgarriak dira!


Hala, ertzera atera ginen eta Loreak eskiak bizkarrera eraman zituen. Nik pixka bat goitiago egin nuen eskiz, arestian aipatutako irtenguneraino.


Irtengunetik goiti maldak tenteak dira eta oinez segitu genuen.


Goitiago pixka bat etzaten da malda...


...baina berriz ere tentetzen hasten da. Gu igan ginen ordurako elurra pixka bat guritzen hasia zen, baina hobe da inguru honetan goizegi ez sartzea.


Harkaitz eta elurrezko ertza gandituta sasigailurrera ailegatu ginen.


13:04 : Garlitz  (2786m)
Mendi egun zoragarria lagun genuen eta bakarrik ginen Garlitzen.


Ekialdera Moudang bailara eta bertako etxolak gure zangopean genituen.


Posets inguruak urrunago...


Aret ezkerrean eta Lustou urrunago...


Bertze aldean, berriz, Robiñera, Munia eta enparauak... Monte Perdido eta Añisclo ere ikusten dira gibelean...


Mendebaldean Vignemale, Balaitous eta bertze aunitz. Hurbilago, aldiz, Soum des Salettes eta Gela.


Eta hemen Campbieil eta Estaragne...


Barroudeko harresia, 1000 metroko altuera du.


Gailur nagusiaren hegoaldeko kaskoan gelditu ginen, benetako tontorra baino 12 metro beheitiago. Baina bertze gailurrera pasatzeko 30 bat metro galdu eta bertze 40 irabazi behar ziren, eta ez pasatzea erabaki genuen.


Gailurreko egonaldi goxoaren ondotik, eskietara itzuli eta jaitsierari ekin genion. 2700 metro inguruan jarri nituen eskiak nik eta handik beheiti bere puntuan zegoen udaberriko elur bikainaz gozatu nuen.


Malda guziak guretako bakarrik izan genituen. Bere zailtasun eta esposizioagatik eskiatzaile gutiago hurbiltzen dira mendi eder honetara.


14:25 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
1900 metro arte eskiatu eta autorainoko paseo ttipi bat eginez akitu genuen eguna. Esperantza handirik gabe hasia genuen egunari, zuku ederra atera genion!

 

Cotiella (2912m)

EGUNA: 2025/04/24

ABIAPUNTUA: Refugio de Lavasar (1921m)

ZAILTASUNA: S3 oro har, S4 lakura jaisten den kanalak

DENBORAK:
  • Igoera (Lavasarreko orratzetatik) : Lau ordu
  • Jaitsiera (Ibon de Plan lakutik) : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Urrun samar gelditzen da zonalde hau Euskal Herritik. Iruñetik Jakara joanen gara eta hemendik Sabiñanigora. Sabiñanigo inguratu eta Hueskako norabidea segituko dugu, baina segidan utzi behar da bide hau Fiscalekoa hartzeko. Fiscaletik Ainsara eta hemendik Bielsa aldera joko dugu, eskuinetara Plan herrira doan errepidea hartu arte. Planera ailegatu baino lehen, eskuinetara Saravillo herrira igaten den errepidea hartuko dugu eta bertatik Lavasarreko aterpera igaten den 14 kilometroko pista. Egoera onean dago, baina luze egiten da. Pista honetatik igateko 5 euro (2025ean) pagatu behar dira Saravillon berean.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Azkenean ezagutu dugu Cotiellako mendigune urruna. Pirinioetako uren banalerrotik hegoaldera gelditzen da eta paisaia aldetik gainerako lekuetatik desberdina da. Pinuek eta harkaitz tenteek marrazten dituzten formek Kanadako mendietan gaudela pentsaraziko digute. Eski ibilbide zoragarria burutu genuen bertan, Lavasarreko orratzen ingurutik igan eta jaitsiera Planeko lakura jaisten den saihesbide ederra inprobisatuz.

8:14 : Refugio de Lavasar (1921m)
Gaua aterpe inguruan pasatu genuen eta bezperan autoz igandako pistan beheiti eman genituen lehen pausoak. Aterpetik bihurgune pare bat beheitiago "Monticiello y la Fuen Fria" paratzen duen kartelean utziko genuen pisra hau.


Bihurgune horretatik mendebalderantz egiten duen bertze pista bat ateratzen da. Lehen zatian horizontala da, baina fite hasten da altuera irabazten.


Autotik atera eta 15 minututan eskiak paratu ahal izan genituen. Pinuzko basotxo bat ezkerretik (ekialdetik) inguratzen hasi ginen.


Hala ere, goitixeago basotxoaren erditik pasatu beharko genuen. Zati honetan elurra nahiko justukoa zen, baina eskiz igateko nahikoa.


Basotxoa gibelean utzi eta malda bat iganda Lavasarreko orratzen ondoko lepoa begin bistan genuen. 


Bertara igan beharko genuen, hasmentan malda etzanetatik, baina azken zatian pixka bat tenteagoetatik.


Eskiatzeko malda ederrak daude inguru honetan. Hala ere, zati hau ez genuen jaitsieran pasatuko, bertze bide bat hartuko baikenuen.


Lavasarreko orratzak gibelean utzi eta aitzinera segitu genuen bailaratxoaren azpiko aldetik.


Zailtasun eta arrisku berezirik ez duen inguru da...


Parean genuen Riberetako lepo zabalerantz egin genuen.


Baina lepora ailegatu gabe eskuinetara biratzen hasi ginen. 


Argazkian ikusten den Collado de la Pala del Puerto lepoa zeharkatu behar genuen. Bertara ailegatzeko malda dezente duen zeharkaldia egin behar da. Ekialdeko orientazioa du malda honek eta beraz eguzkiak guritzen hasia zen bertako elurra.


10:26 : Collado de la Pala del Puerto (2607m)
Aparteko zailtasunik gabe lortu genuen lepora ailegatzea. Puntu honetan lehen jaitsiera bat egiteko prestatu ginen.


Bertze aldean helburu genuen Cotiella mendia ikusi ahal izan genuen lehen aldiz. Hala ere, bertara ailegatzeko lehendabizi 2400 metro ingurura arte jaitsi beharko genuen.


10:42 : Clot Gran (2425m)
Elur gogor baina goxoa harrapatu genuen lehen jaitsieratxo honetan. Beheitiko zelaira ailegatuta berriz foka-larruak paratu eta goiti abiatuko ginen.


Hegoalderantz egin genuen Colladeta de las Neiss lepo aldera. Bertara eramanen gintuzten maldak zabalak eta errazak dira.


Eskiatzeko paradisua...


Neiss lepora ailegatu gabe gure ezkerretara gelditzen ziren malda tenteagoak igaten hasiko ginen. 200 bat metroko desnibela du azken malda honek.


Mendebaldeko orientazioa duten maldetatik eskiak zangoetan genituela ailegatu ginen kaskora.


11:55 : Pico Cotiella (2912m)
Bakar-bakarrik ginen inguru eder honetan eta gailurraz gozatzeko tarte bat hartu genuen. Bere kokapenagatik mendi aunitzetarako ikuspegi bikaina eskaintzen du Cotiellak.


Posetseko mendigunea...


Bachimala inguruak: ezkerretan Culfreda mendiak eta eskuinetan Bachimala, Pez, Punta del Sabre...


Monte Perdido eta Taillon inguruak...



Egonaldiaren ondotik beheitirakoari ekin genion. Hasteko, igandako bide beretik Clot Graneko zelaira jaitsiko ginen. Goitiko zati honetan elur ona izan genuen.


12:37 : Clot Gran (2425m)
Lehen zatia jaitsita, berriz (hirugarrenez) fokak paratu eta Pala del Puerto lepora itzultzeko malda iganen genuen.


Cotiella gibelean...


13:16 : Collado de la Pala del Puerto (2607m)
Berriz lepora ailegatu ginenerako berotzen hasia zuen egunak. Hortaz, lepoaren azpiko malda ahal bezain fite jaitsi genuen.


Lepotik igoeran bezala zeharkaldia eginez jaitsi ginen.


Ribereta lepoaren ondotik pasatu eta Lavasarreko orratzen aldera jaisten segitu genuen.


13:45 : Collado del Ibonet (2398m)
Orratzen ondoko lepoa zeharkatu eta bertze malda bat jaitsiko genuen igoerako bidea utzi aitzinetik.


Laugarren aldiz foka-larruak paratu eta argazkian ikusten den lepora eramanen gintuen malda iganen genuen. Bertatik Planeko lakura jaisten den kanal bat eskiatzea zen asmoa, ibilbide zirkularra burutzeko eta ingurua gehiago ezagutzeko.


Eguneko azken igoera lasai hartuko genuen...


Iganen ginen lepoa Peña es Litas mendiaren hegoaldean kokatua dago. Mendiaren ondoko orratza lepora ailegatzeko itsasargi gisakoa da.


14:19 : Izenik gabeko lepoa (2502m)
150 metro eskas igandako lepoan ginen. Azken aldiz fokak kendu eta Planeko lakuraino jaisteko prestatu ginen.


Lepotik kanal ikusgarri batek eramanen gintuen lakuraino. Malda konstantea du kanalak, baina ez du esposiziorik eta aise eskiatzen da baldintza onak aurkituz gero. Ipar-ekialdeko orientazioa izaki, guk elur heze eta pisua aurkitu genuen kanalean.


15:02 : Ibon de Plan / Basa de la Mora (1903m)
600 metroko jaitsiera zuzenak laku eder honen ertzean utziko gintuen. Argazkian eskuinetara ikusten den kanala da jaitsi genuena.


Eskiak motxilan paratu eta lakua inguratuz Lavasarreko aterpera eramanen gintuen bidexka hartu genuen. Tarteka jaitsi berri genuen kanala begiratzeko geldialdiak egiten genituen.


Lakua inguratuta zerbait jan eta atseden hartzeko geldialdia egin genuen. Ba al dago leku politagorik mendi eski egun bat akitzeko?


Paradisua!


Laku polita agurtu eta GR bidetik abiapuntura itzuliko ginen.


Bidexka erosotik...


16:18 : Refugio de Lavasar (1921m)
Aterpera ailegatzeko maldatxo iganda akitu genuen eguna. Aspalditik ezagutzeko gogoa nuen inguru honetan egun bikaina pasatu genuen. Eguraldi ederra, elur ona eta paraje zoragarriak, ezin gehiago eskatu!