EGUNA: 2025/04/25
ABIAPUNTUA: Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
ZAILTASUNA: S4
DENBORAK:
- Igoera : Hiru ordu
- Jaitsiera : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.
ARRASTOA:
KRONIKA:
Cotiellan eskiatu ondotik, Chistau bailaran gelditzea zen gure asmoa eta Cruz lepora igan ginen autoz Peña las Diez eta Peña las Once mendien ipar-mendebaldeko kanala eskiatzeko. Abiapuntuan afaltzen ari ginela, han ezin ginela egon erran zigun bertako batek, pribatua zela; eta badaezpada jaistea erabaki genuen. Mantso zenez bertze inor joateko, gaua Planen pasatu eta presa handirik gabe ernatu ginen. Azkenean liburu eta mapei harroaldia emanda, elurra berandu transformatuko zen Garlitz mendiaren mendebaldeko maldara joatea erabaki genuen. Goiz jaiki beharrik gabe egiteko mendia da, malda tenteei guritzeko astia eman behar baitzaie.
10:06 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Parzanen kafea hartuta tunelaren iparraldeko sarrerara ailegatu ginelarik ustekabe ona hartu genuen. Errana ziguten elur guti zegoela, baina guri dezente zegoela iruditu zitzaigun. Aiguillette mendi aldera bortz minututan eskiak jartzeko aukera zegoen eta gu joanen ginen aldera ere fite paratzen ahalko genituela iruditzen zitzaigun.

Lehen malda gainditu eta Marioules mendia ikusten hasi ginelarik, goiti elur kantitate handia zegoela ziurtatu ahal izan genuen.
Autotik abiatu eta 10 minututan eskiak zangoetan genituen.
Hegoalderantz egin genuen argazkian Lorearen gibelean ikusten den amildegiaren sarrera inguratzeko. Behin inguratuta ekialdeko norabidea hartuko genuen. Garlitz mendia eta bere mendebaldeko aurpegia argazkian ikusten dena da.
Aurpegiaren azpiko aldera ailegatzeko ezkerretara zeharkaldi luzea egin genuen altuera handirik irabazi gabe.
Gure gibelean Marioules mendia eta Bielsako lepoa ageri ziren...
Hala zati tenteenaren hasmentara ailegatu ginen. Hasteko, parean ikusten den harresia gainditu beharko genuen. Ezkerretik eskuinera eginez pasatuko genuen, elurra ikusten den tokitik; eta behin harresiaren gainean kokatuta zuzenean goiti segituko genuen.
Hegoalderago inguru honetako klasikoa den Bataillence mendia ere itxura ederrean zegoen.
Altuera hartzen hasi ginen harresia gainditzeko.
Eta elur gogorra zegoenez, harresiaren gaineko maldan Loreak kranpoiak jartzea erabaki zuen. Ni kutxilekin igan ahal izan nintzen, baina zalantzak izanez gero hobe da kranpoaik paratzea. Malda tentea du eta harresiak esposizioa ematen dio.
Behin lehen zati tentea gaindituta, pixka bat etzanagoak diren malda zabaletatik segitu genuen.
Parean ikusten den lepo gisakora iganen ginen eta gero handik ezkerretara eginez gailurrera. Eskiz ertzean ikusten den harkaitzezko irtenguneraino ailegatuko ginen. Hortik goiti esposizioa hartzen hasten da malda eta hobe da oinez segitzea.
Argazki honetan Garlitzen mendebaldeko malda guzia ikusten da. Erran bezala, harkaitzezko irtengunetik oinez iganen ginen, baina gero beheiti aise goitiagotik eskiatu ahal izanen genuen.
Metroak irabazi ahala, gibelean Muniako mendiagune ikusgarria ageri zen. Barroudeko zirkuko paretak ikusgarriak dira!
Hala, ertzera atera ginen eta Loreak eskiak bizkarrera eraman zituen. Nik pixka bat goitiago egin nuen eskiz, arestian aipatutako irtenguneraino.
Irtengunetik goiti maldak tenteak dira eta oinez segitu genuen.
Goitiago pixka bat etzaten da malda...
...baina berriz ere tentetzen hasten da. Gu igan ginen ordurako elurra pixka bat guritzen hasia zen, baina hobe da inguru honetan goizegi ez sartzea.
Harkaitz eta elurrezko ertza gandituta sasigailurrera ailegatu ginen.
13:04 : Garlitz (2786m)
Mendi egun zoragarria lagun genuen eta bakarrik ginen Garlitzen.
Ekialdera Moudang bailara eta bertako etxolak gure zangopean genituen.
Posets inguruak urrunago...
Aret ezkerrean eta Lustou urrunago...
Bertze aldean, berriz, Robiñera, Munia eta enparauak... Monte Perdido eta Añisclo ere ikusten dira gibelean...
Mendebaldean Vignemale, Balaitous eta bertze aunitz. Hurbilago, aldiz, Soum des Salettes eta Gela.
Eta hemen Campbieil eta Estaragne...
Barroudeko harresia, 1000 metroko altuera du.
Gailur nagusiaren hegoaldeko kaskoan gelditu ginen, benetako tontorra baino 12 metro beheitiago. Baina bertze gailurrera pasatzeko 30 bat metro galdu eta bertze 40 irabazi behar ziren, eta ez pasatzea erabaki genuen.
Gailurreko egonaldi goxoaren ondotik, eskietara itzuli eta jaitsierari ekin genion. 2700 metro inguruan jarri nituen eskiak nik eta handik beheiti bere puntuan zegoen udaberriko elur bikainaz gozatu nuen.
Malda guziak guretako bakarrik izan genituen. Bere zailtasun eta esposizioagatik eskiatzaile gutiago hurbiltzen dira mendi eder honetara.
14:25 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)1900 metro arte eskiatu eta autorainoko paseo ttipi bat eginez akitu genuen eguna. Esperantza handirik gabe hasia genuen egunari, zuku ederra atera genion!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina