EGUNA: 2025/04/24
ABIAPUNTUA: Refugio de Lavasar (1921m)
ZAILTASUNA: S3 oro har, S4 lakura jaisten den kanalak
DENBORAK:
- Igoera (Lavasarreko orratzetatik) : Lau ordu
- Jaitsiera (Ibon de Plan lakutik) : Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Urrun samar gelditzen da zonalde hau Euskal Herritik. Iruñetik Jakara joanen gara eta hemendik Sabiñanigora. Sabiñanigo inguratu eta Hueskako norabidea segituko dugu, baina segidan utzi behar da bide hau Fiscalekoa hartzeko. Fiscaletik Ainsara eta hemendik Bielsa aldera joko dugu, eskuinetara Plan herrira doan errepidea hartu arte. Planera ailegatu baino lehen, eskuinetara Saravillo herrira igaten den errepidea hartuko dugu eta bertatik Lavasarreko aterpera igaten den 14 kilometroko pista. Egoera onean dago, baina luze egiten da. Pista honetatik igateko 5 euro (2025ean) pagatu behar dira Saravillon berean.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Azkenean ezagutu dugu Cotiellako mendigune urruna. Pirinioetako uren banalerrotik hegoaldera gelditzen da eta paisaia aldetik gainerako lekuetatik desberdina da. Pinuek eta harkaitz tenteek marrazten dituzten formek Kanadako mendietan gaudela pentsaraziko digute. Eski ibilbide zoragarria burutu genuen bertan, Lavasarreko orratzen ingurutik igan eta jaitsiera Planeko lakura jaisten den saihesbide ederra inprobisatuz.
8:14 : Refugio de Lavasar (1921m)
Gaua aterpe inguruan pasatu genuen eta bezperan autoz igandako pistan beheiti eman genituen lehen pausoak. Aterpetik bihurgune pare bat beheitiago "Monticiello y la Fuen Fria" paratzen duen kartelean utziko genuen pisra hau.
Aparteko zailtasunik gabe lortu genuen lepora ailegatzea. Puntu honetan lehen jaitsiera bat egiteko prestatu ginen.
Bertze aldean helburu genuen Cotiella mendia ikusi ahal izan genuen lehen aldiz. Hala ere, bertara ailegatzeko lehendabizi 2400 metro ingurura arte jaitsi beharko genuen.
10:42 : Clot Gran (2425m)
Elur gogor baina goxoa harrapatu genuen lehen jaitsieratxo honetan. Beheitiko zelaira ailegatuta berriz foka-larruak paratu eta goiti abiatuko ginen.
Hegoalderantz egin genuen Colladeta de las Neiss lepo aldera. Bertara eramanen gintuzten maldak zabalak eta errazak dira.
Eskiatzeko paradisua...
Neiss lepora ailegatu gabe gure ezkerretara gelditzen ziren malda tenteagoak igaten hasiko ginen. 200 bat metroko desnibela du azken malda honek.
Mendebaldeko orientazioa duten maldetatik eskiak zangoetan genituela ailegatu ginen kaskora.
11:55 : Pico Cotiella (2912m)
Bakar-bakarrik ginen inguru eder honetan eta gailurraz gozatzeko tarte bat hartu genuen. Bere kokapenagatik mendi aunitzetarako ikuspegi bikaina eskaintzen du Cotiellak.
Posetseko mendigunea...
Bachimala inguruak: ezkerretan Culfreda mendiak eta eskuinetan Bachimala, Pez, Punta del Sabre...
Monte Perdido eta Taillon inguruak...
12:37 : Clot Gran (2425m)
Egonaldiaren ondotik beheitirakoari ekin genion. Hasteko, igandako bide beretik Clot Graneko zelaira jaitsiko ginen. Goitiko zati honetan elur ona izan genuen.
Lehen zatia jaitsita, berriz (hirugarrenez) fokak paratu eta Pala del Puerto lepora itzultzeko malda iganen genuen.
Cotiella gibelean...
13:16 : Collado de la Pala del Puerto (2607m)
Berriz lepora ailegatu ginenerako berotzen hasia zuen egunak. Hortaz, lepoaren azpiko malda ahal bezain fite jaitsi genuen.
Lepotik igoeran bezala zeharkaldia eginez jaitsi ginen.
Ribereta lepoaren ondotik pasatu eta Lavasarreko orratzen aldera jaisten segitu genuen.
13:45 : Collado del Ibonet (2398m)
Orratzen ondoko lepoa zeharkatu eta bertze malda bat jaitsiko genuen igoerako bidea utzi aitzinetik.
Laugarren aldiz foka-larruak paratu eta argazkian ikusten den lepora eramanen gintuen malda iganen genuen. Bertatik Planeko lakura jaisten den kanal bat eskiatzea zen asmoa, ibilbide zirkularra burutzeko eta ingurua gehiago ezagutzeko.
Eguneko azken igoera lasai hartuko genuen...
Iganen ginen lepoa Peña es Litas mendiaren hegoaldean kokatua dago. Mendiaren ondoko orratza lepora ailegatzeko itsasargi gisakoa da.
14:19 : Izenik gabeko lepoa (2502m)
150 metro eskas igandako lepoan ginen. Azken aldiz fokak kendu eta Planeko lakuraino jaisteko prestatu ginen.
Lepotik kanal ikusgarri batek eramanen gintuen lakuraino. Malda konstantea du kanalak, baina ez du esposiziorik eta aise eskiatzen da baldintza onak aurkituz gero. Ipar-ekialdeko orientazioa izaki, guk elur heze eta pisua aurkitu genuen kanalean.
15:02 : Ibon de Plan / Basa de la Mora (1903m)
600 metroko jaitsiera zuzenak laku eder honen ertzean utziko gintuen. Argazkian eskuinetara ikusten den kanala da jaitsi genuena.
Eskiak motxilan paratu eta lakua inguratuz Lavasarreko aterpera eramanen gintuen bidexka hartu genuen. Tarteka jaitsi berri genuen kanala begiratzeko geldialdiak egiten genituen.
Lakua inguratuta zerbait jan eta atseden hartzeko geldialdia egin genuen. Ba al dago leku politagorik mendi eski egun bat akitzeko?
Paradisua!
Laku polita agurtu eta GR bidetik abiapuntura itzuliko ginen.
Bidexka erosotik...
16:18 : Refugio de Lavasar (1921m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina