2009/05/03

Auñamendi (2504m)

EGUNA: 2009/05/03

IRTEERA: San Martingo Harriko lepoa (1760m).

EGURALDIA: Eguzkitsua.

ZAILTASUNA: Errexa+ (F+). Berez mendi errexa da baina elurrarekin azken malda arriskutsua izan daiteke, baita Arlaseko zeharkatzea ere. Kranpoiak eta pioleta beharrezkoak dira kasu honetan.

DENBORA: Igoera 3:30 ordu. Denetara 7 ordu.

NOLA IRITSI: Izabatik (Nafarroa) iparralderuntz doan errepidea hartu eta San Martingo Harriko leporaino igo. Bertan, aparkaleku txiki bat dago aldapa behera hasi baino lehen. 

SARRERA: 
Mendi ezaguna da Auñamendi edo Anie. Mendebaldetik hasita Pirinioetan 2500 metroak gainditzen dituen lehenengo mendia da eta Euskal Herritik duen hurbiltasunagatik, euskaldun askoren jomuga izan ohi da. Bertara igotzen diren bideetako batzuk Euskal Herritik ateratzen dira, Belaguakoa edo San Martingo Harriko bidea kasu. Aspeko bailaratik, Lescun herriko Laberouat aterpetik, igotzen den bideak ere edertasun handia eskaintzen dio mendizaleari. Honela, edozein urtarotan dela ere, zaila izanen da mendi honetan bakarrik egotea.
Niretzat ere, mendi garrantzitsua da Auñamendi,hau izan baitzen Pirinioetan igo nuen lehena. Eskarmentu ederra eman zidan eta mendia ez dela jolaserako argi utzi ere.

DESKRIBAPENA:
Maiatzaren lehena dela eta, zubia izanik Zuberoan egon ginen egun batzuk pasatzen. Bertan, Kakueta eta Holtzarteko paraje izugarriak bisitatu ondotik Izabara pasa ginen, San Martingo Lepoaz gaindi. Asmoa bertan   afaldu eta furgonetan lo egin ondoren, Auñamendira igotzen saiatzea zen. Gure esperientzia urria kontuan harturik, nahikoa kezka sortzen zigun egin nahi genuen ateraldiak. Gai izanen ote ginen, material nahikoa genuen... Izan ere, berriki hasiak ginen mendira joaten eta oraindik ez genuen inolako gailurrik egin, are gutxiago elurrarekin.

Honelako pentsamendutan geundela, Izaban bertan Bilboko lagun batzuekin topo egin genuen eta haiek (gu bezala mendian esperientziarik gabeak) komentatu ziguten, egun horretan bertan Auñamendiko tontorra zapaldu zutela. Gainera, erran zigutenez, kranpoirik gabe igo omen ziren, eta azkeneko malda egoera onean topatu omen zuten. Hori entzuteak, nolabait animatu eghin gintuen eta azken maldaraino behintzat igiotzea erabaki genuen. Han egoera ikusita erabakiko genuen gailurra egiten saiatu edo ez. Elurra nahiko biguin egongo balitz igoko ginen, bertzela buelta.

Hala ba, afaldu eta furgonetan San Martingo leporaino inguratu ginen, biharamunean jadanik hasiera puntuan egoteko asmoz. Toki egokia bilatu eta lotara sartu ginen gorputza urduritasunez beterik.

0h 00min: San Martingo Harriko lepoa (1760m).
Ernatu eta zerbait jan ondoren, gauzak prestu genituen. Zortziak eta hogei aldera, igoerari ekin genion, errepidea gurutzatu eta ekialderuntz. Han atzean, benetan zoragarri azaltzen zitzaigun Auñamendi. Zoragarri baina aldi berean erronka botaz. Gai izango ote ginen? Zirrara batek inguratzen zigun gorputza.

 Poliki-poliki eta kranpoirik jantzi gabe, lehenengo malda gainditu genuen errepidea atzean utziz. Elurra gogor zegoen baina errez aurreratzen zen kranpoirik gabe.

 Aintzinean gero eta hurbilago Arlas mendia genuen, zeinaren eskuinaldetik zeharkalditxo bat egin behar genuen, irakurrita nuenez nahiko arriskutsua zena arrastorik egon ezean.

 Zeharkaldira iritsi ginen baina arrastoa egina zegoen eta arazorik gabe gainditu genuen.


0h 55min: Col de Balticoche.
Arlas mendia eta Pescamou lepoa atzean utzi ondoren zabalgune batera iritsi ginen. Bertan, espeleologoen aterpe bat omen dago, baina egun horretan elurrak tapatzen zuen osorik. Puntu honetatik aurrera Arres d'Anie zonalde karstikoan sartu ginen. Guk egia erran ez genuen zulo eta pitzadurarik ikusi elur zama ederra baitzegoen.


Malda etzanean gora, erritmo onean segitu genuen elurraren baldintza onak lagun.


2h 00min: Col des Anies.
Bidean zerbait jan eta edateko geldialditxo bat egin genuen eta segidan pasabide polit batetara ailegatu ginen. Hemendik Auñamendi hurbil ikusten zen. Pasabidea zeharkatu eta metro batzuk galdu genituen hegoaldeko maldaren bila.

Behin hegoaldeko maldara iritsita, goraino igotzea erabaki genuen. Honaino etorrita! Eskiatzaile bati galdetu genion maldako elurraren egoerari buruz eta honek elurra jendea pasatuz "eskalonatua" zegoela erran zigun Horrela ba, kranpoiak jantzi gabe segitu genuen malda tentean gora. 40º arteko maldak daude Auñamendiko hegoaldeko maldan, beraz nahiko arriskutsua izan daiteke elur gogorra aurkituz gero. Guk zortea izan genuen eta nahiz eta gorakoan nahikoa gogorra egon, behera jaitsi orduko eguzkiak bere lana egin zuen eta elurra pixkat xamurtu zuen.

3h 30min: Auñamendi (2504m).
Malda gora berotu ederra hartu eta gero azkenean gure lehenengo gailurra zapaldu genuen. Hala ere, gailurraz ez genuen askorik gozatu. Izan ere, kranpoi pare bakarra genuen bientzat eta malda jaitsi beharrak kezka sortzen zigun. Goian ahal genuen bezala eta han zegoen eskiatzaile batek lagundurik (kranpoi zahar haiek destorniladorearekin erregulatzen ziren eta guk noski, ez genuen horrelakorik) bakoitzak kranpoi bana jarririk beheraka abiatu ginen.


Eta abiatu baginen abiatu, kranpoi zahar haiek gutxi iraun zuten gure zangoetan. Metro gutxi jaitsita haiek kendu beharrean aurkitu ginen erabat askatu zitzaizkigun eta. Honela ba, kranpoirik eta pioletik gabe, mantso-mantso jaitsi genuen malda. Erokeria galanta! Lasaitu ederra hartu genuen behera iritsi ginenean. Eskerrak eguzkiak elurra biguindu zuen! Jaitsi ondoren hasi ginen egindakoaz ohartzean eta igo izanaz gozatzen, baina...



...komeriak ez ziren hor bukatu. Pixkat deskantsatzen ari ginela, izugarrizko abailan behe-lainoa sartzen hasi zen iparraldeko haranetan barrena. Beraz, oso laister eta gelditu gabe jaisten hasi ginen, oraindik bide dexentea genuen eta aintzinetik. Elurra baina ordurako oso biguin zegoen, eta lehentxeago mesedea izan zena kalbario bihurtu zen. Erraketak jarri genituen baina hala ere oso mantso aintzinatzen ginen.


Hala ba, Pescamou lepo inguruan behe-lainoak irentsi gintuen erabat. Bagenekien ez geundela autotik urrun baina lainoak sortzen zigun desorientzioak erabat urduritu gintuen. Elurreko arrastoei segika eta jadanik gure gibeletik inor ez zetorrela, leher eginda eta busti-busti eginda ailegatu ginen aparkalekura.  
Gure lehenengo mendia izan zenak, abentura ederra biziarazi zigun, baita eskarmentu ona eman ere.
Hurren arte Auñamendi!