2010/12/28

Soum Couy (2315m), Arlas (2044m)

EGUNA: 2010/12/28

IRTEERA: Arette-La Pierre Saint Martin eski estazioa

ZAILTASUNA: Errexa (F). Berez mendi hauek elurrik gabe igotzeak ez dauka aparteko zailtasunik. Guk ordea elur oso gogorrarekin igo genituen eta Soum Couyko azken zatian larri ibili ginen, kranpoiak kotxean utzi genituelako.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK:
- Arette-Soum Couy: 1 ordu eta 45 minutu
- Arette-Arlas: 45 minutu

NOLA IRITSI: Iruñeatik Izabaraino joan eta hemendik iparraldera doan errepidea hartu San Martingo Harriko leporaino. Lepoaren bertze aldera kilometro gutxi batzuk jaitsi eta eski estazioa ikusiko dugu. Lepoko errepidea itxita balego, Arette herritik gora igotzen den errepidea hartu behar da, Baretous bailaran barrena.

DESKRIBAPENA:
Gabonetako oporretan, jadanik Saioara hiru bat igoera eginda genituelarik, Pirinioetara irteera txiki bat egitea pentsatu genuen, elur gehixeago harrapatzeko. Hasiera batean Lakora mendia ginen igotzekoak.
Hala ba, plana egin eta abenduaren 28 goizean goiz abiatu ginen Izaba aldera. Izabatik gora errepidean igotzen hasita, ohartu ginen mendien hego aurpegiak ez zeudela eskiatzeko moduan. Kaka zaharra! Beraz, San Martingo Harriko leporaino igo eta iparraldean probatzea erabaki genuen.
Ipar aurpegian ere afera beltz, txuri baino gehiago. Hala ere, han egonik, behintzat eski pistetatik gora bueltatxo bat ematea bururatu zitzaigun
Autoa eski estazioko aparkaleku erraldoiean utzi eta gauzak prestatuta goraka abiatu ginen estazioko eraikuntzak atzean utzita.

0h 00min: Arette-La Pierre Saint Martin eski estazioa (1628m)
Les Sapins pistatik gora igotzen hasi ginen eta hau bukatzean Boulevard des Pyrenees pista urdin luzea hartu genuen. Intentzioa, hemendik bukaeraraino igotzea zen, Soum Couy menditik hurbil bukatzen baita, eta han erabakitzea mendia igo edo ez. Igoera historia askorik gabea, gu goraka tontoak bezala eta bertze guztiak a toda letxe beheraka. Arlas mendia gure eskuinean utzi genuen.


Eta aurrean gure helburua ikusten hasi ginen. Bere eskuinean, beti bezain eder, Auñamendi edo Anie.


1h 05min: Soum Couy teleahulkiaren bukaera (2153m)
Hala, ttipi-ttapa pistaren bukaerara iritsi ginen. Gailurrak ez zirudien urruti, baina elurra ere ez zegoen nahi bezainbertze. Hala ere, gora igotzea erabaki genuen. Jende uholdeak atzean utzi eta elur malda izoztuetan gora abiatu ginen. Malda tente bat ahal genuen bezala igo eta sasigailur batera ailegatu ginen. Malda igotzen argazkian...


Sasigailurrean jadanik bakarrik, bista ederretaz gozatzen hasi ginen. Midi d'Ossau ahalguztiduna tartean.


Hala ere, dena ez zen ona, eta igoerako azken zatiak itxura hau erakusten zuen... Elur gutxi benetan.


Beraz, eskiak kendu eta oinez egin genuen gora. Elurra gogor zegoen, eta materiala faltan botatzen hasi ginen. Hala ere, gailurra hurbil zegoen eta arriskutsuegia ere ez denez tokia, goraka segitu genuen. Ertzera ailegatzean Auñamendi agertu zitzaigun begien aurrean.


Ertz polit hau zeharkatzea baino ez zen gelditzen gailurrerako..


1h 45min: Soum Couy (2315m)
Eski estazioaren ingurua eta Arlas mendia gailurretik.


Arlas eta Larra gailurretik, elur gutxi mendian.


Auñamendiko tontorra, gainean jendea dagoela.


Gailurrean gutxi egon ginen eta berriro sasigailurrera bueltatu ginen. Beherakoan kontu handiz jaitsi ginen. Nahiko gaizki zegoen egia erran eta eskiko botekin ibiltzea ez da oso erosoa. Sasigailurrean, foka-larruak kendu eta BEHERA!


Hasieran menditik eta gero eski pistetatik segidan jaitsi ginen eski estazioraino. Autoan lasai bazkaldu eta arratsaldea pasatzeko jendeari forfaitak eskatzea erabaki genuen. Hala ere, goiz zen oraindik eta jendea ez zihoan etxera. Beraz, digestioa egiteko berriro fokak jarri eta Arlasera abiatu ginen Gypaete pista gorrian barrena.

0h 45min (Eski estaziotik): Arlas (2044m)
Eta horrela eguneko bigarren gailurra egin genuen. Hau ere Auñamendiren itzaletan.


Eguna azken orduetan...


Ixidro eta Txomin gailurrera ailegatzen.


Puntu honetan eski pistara bueltatu ginen. Noski azken zatia eskirik gabe egin behar izan genuen. Arlasetik jaitsi eta gero, forfait batzuk lortu genituen eta ordubete inguruan pistetan bueltaka ibili ginen egune bukatzeko.

2010/12/04

Saioa (1418m)

EGUNA: 2010/12/04

IRTEERA: Artesiagako lepoa (996m)

ZAILTASUNA: Errexa (F)

EGURALDIA: Eguzkitsua eta haizetsua

DENBORA: 1 ordu (Igoera)

NOLA IRITSI: Baztango haranean Irurita herriraino joan behar da, hemendik Eugiko errepidea hartuz Artesiagako leporaino. Iruñea aldetik joanez gero, Zubiri eta Eugi herrietatik pasa behar da, ezkerretara bidegurutze bat hartu eta Artesiagara.

SARRERA:
Baztan haraneko mendirik altuena, mendi eskiko klasiko bat da jadanik. Errepidetik hain hurbil egoteak eta bere malda eztiek, mendizale asko eramaten dute bertara.
Hau nire lehen igoera izan zen Saioara eskiekin, aurretik pare bat aldiz izana banintzen ere. Geroztik, hainbatean izan gara bertan.

DESKRIBAPENA:
Abendu hasierako elurteak zuri utzi zigun harana eta herria eta larunbata izanik eguraldi ona aprobetxatzera hurbildu ginen Saioara. Niretzat lehen aldia zen eskiekin igotzen nuena, eta bigarrena mendi eskia probatzen nuena. Geroztik, nire eski ikasketa prozesu luzean aunitzetan egon naiz bertan.
Goizean ez sobera goiz ere, Artesiagako lepora igo ginen, elurra kentzeko makinaren atzetik. Aparkaleku txiki bat dago lepoan bertan, eta elurra egiten duenean beti beteta egoten da.

0h 00min: Artesiagako lepoa (996m)
Haize hotza lagun, prestatu eta goraka abiatu ginen denborarik galdu gabe. Aparkalekutik Saioako kaskoa ez da urrunegi ikusten.


Lepotik ateratzen den pista hartu eta bertatik igo ginen.


Ezkerretara biratzen den bihurgune baten ondoan utzi genuen pista, eskuineantz biratu eta ondoko lepo batera igotzeko. Pistatik aurrerago ere segitu daiteke eta bertze hainbat bidetatik igo. Gu hala ere, bide motzenetik igoko ginen, Ipar magaletik. irudian pistako azken metroetatik Jon eta ni.


Behin pista utzita malda tentetzen da.


 Lepoa gure eskuinetara utzi genuen eta zuzen segitu malda zabaletan gora.


 Haizea lagun...



Saioako ipar magalean gora. Gure atzean, behean, lepoa ikusten da.


Azken malda igota, aldapa leuntzen da gailurrera bidean.




 1h 00min: Saioa (1418m)
Azken metroak gailurrera bidean. Gailurrean ez genuen argazki bat ere atera, haizea zela eta ez baitzegoen egote handirik. Gainera, ez zen lehen ez eta azken aldia bertan geundela, beraz...


Saioako ipar magal zabaletik jaisten agertzen garen bideo ttiki bat. Elur ona omen zegoen, nahiz eta gu ikusita ez dirudien. Pixkat hobetu dugu ordutik...
video


Jon beheraka...


Bertze batean Saioa gehiago!!!