2016/03/26

Labigouer (2175m)

EGUNA: 2016/03/25-26

IRTEERA: Vallon de Belonce (1080m)

ZAILTASUNA: 
  • Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Belonce - Cabane de Cayalatte : 2 ordu
  • Cabane de Cayalatte - Labigouer : 2 ordu
  • Labigouer - Belonce : 2 ordu
NOLA IRITSI:
Aspe bailarara Behe Nafarroako eta Zuberoako lurrak zeharkatuz ailegatuko gara, Arette herritik Issor herrian barrena. Behin Aspen gaudela Borce herrira joan behar da. Herria zeharkatu eta herritik goiti igotzen den errepidea hartuko dugu eta ondotik ezkerretara bertze pista bat. Pista honetatik Belonceko bailarako aparkalekura igo gaitezke. Elurrarekin, ordea, auto beheitiago utzi beharko dugu normalean.

DESKRIBAPENA:
Duela bi urte Caillauko etxolan pasa genuen asteburuan Labigouer eta Rouge mendiak igotzea zen gure asmoa. Orduko hartan ordea, bigarrenarekin bakarrik konformatu behar izan ginen. Ordutik agendan egon da Aspe bailararen erdi-erdian kokatua dagoen mendi eder hau. Bigarren saiakeran ez dugu hutsik egin eta irteera bikainaz gozatu ahal izan dugu.

2016/03/25
12:45 : Vallon de Belonce (1080m).
Ortziral goizean abiatu ginen Erratzutik eta eguerdi inguruan abianpuntuan ginen. Berez aparkalekua goitixeago dago, baina elurragatik ezin izan ginen bertaraino ailegatu. Autoa utzi, motxilak prestatu eta gooiti abiatu ginen.



15 minutuan berezko aparkalekuan ginen. Hemen seinale batek hartu beharreko bidea adierazten zigun. Zuzen Arleteko lakura, eskuinetara berriz, Labigouer aldera.


Hemendik aitzin eskiak jantzi eta oihantxo batetik goraka egiten duen bidexka segituko genuen.


Belonceko bailaratxo lasai eta polita beheitian utzi genuen segidan.


Eguraldi iluna zegoen, laino trinkoak zeruan eta xiri-miri pixka bat.


Etxola aitzineko azken maldan.


Behin bizkar honetara ailegatuta etxola begibistan genuen. Zeharkalditxo bat egitea bertzerik ez zen falta.


Etxola kokatuta dagoen lekua ederra da.


14:32 : Cabane de Cayalatte (1540m).
Etxola sinplea baina polita da Cayalattekoa. Mahai bat, sua, eta lo egiteko egurrezko tarima. Ez da gehiagorik behar. Ondoan bertze etxola bat dauka, baina animaliak sartzekoa da.


Gosetuta ailegatu ginen eta sua piztuta Gamioko zerrikiari lehen astinaldia eman genion.


Arratsalde osoa genuen aitzinetik, etxola hauetan hala ere ez dago aspertzeko tarterik. Alde batetik, etxolan zegoen egurra gastatuta gehiago egin genuen. Bertzetik, ur bila ere joan ginen ondoko errekatxo batera.


Azkenik, denbora pasatzeko exibizionismorako tartea ere harrapatu genuen.


Atertu zuenean eskiadatxo bat bota genuen eta gero su bazterrean egon ginen lasai afaltzen eta kontu kontari. Etxola hauetako oinarrizko gauza da sua...


Gauean lainoek ilargiari tartetxo bat utzi zioten eta gau ederra gelditu zen. Kanpoan pìxka batean gozatu eta hamar eta erdietarako zakuetan sartu ginen.


2016/03/26
7:49 : Cabane de Cayalatte (1540m).
Zazpietan jo zuen iratzargailuak. Iratzargailu handirik ez genuen behar dena den, erne baikinen ordurako. Kanpoan haize bolada gogorrak zeuden eta eguerdirako haize gehiago iragarria zuten. Hortaz, lehenbailehen gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen.


Zerua bezperan baino oskarbiago zegoen, baina inguruko mendi gehienak lainopean egonen ziren egun osoan zehar.


Etxola gaineko oihan zatia zeharkatu genuen. Gauean tenperatura ez zen gehiegi jaitsi eta elurra bigun zegoen goizean goizetik.


IGNko mapan 1685 metrotara agertzen den lautadatxotik gailurra begibistan genuen. Argazkian ezkerrean ageri dena da.


Midi d'Ossau protagonista, bertze anitzetan bezala.


Bertze lekuetan ez bezala, hemen bakardadea ziurtatuta dago. Ez genuen inor ikusi bi egunetan.


Labigouerreko lepora hurbiltzen.


Lepora ailegatu aitzinetik bizkar eder honetara atera ginen eta ikuspegiaz gozatzeko tartetxo bat hartu genuen.


9:21 : Col de Labigouer (2040m).
Gailurraren iparraldean kokatuta dagoen lepotxo honetan haize freskoak zakar jotzen zuen. Hemendik Labigouerreko iparraldeko ertz zabalean gora igoko ginen tontorrera.


Azken maldetatik ikuspegi ikaragarriaz gozatu ahal izan genuen. Gure gibelean Lescun eta Lherseko lautada berdeak.


Baita Aspeko bailara ere, nire bailararik gustokoena.


Tontorra eskura...


9:48 : Pic de Labigouer (2175m).
Azkenean gurea zen Labigouer! Bagenuen bertara igotzeko gogoa. Argazkian Lescuneko zirkua lainoz erdi tapatuta.


Eta hemen Auñamendi eta Billare Lescuneko zirkuko erregeak.


Hego-ekialdera ikuspegi bikaina eskaintzen du gailurrak. Pena izan zen laino dexente zegoela.
 ç

Bisaurin ingurua...


Han izan ginenaren seinale!!


Haize hotza egiten zuen gailurrean. Argazki batzuk atera, zerbait jan eta beheiti abiatu ginen. Igoera ekialde eta iparraldeko maldetatik egin bagenuen, jaitsiera hegoaldeko malda zabaletik eginen genuen.


Leku bikaina da eskiatzeko, malda zabalekin...


Gure aitzinean Table de Souperret mendia. Horrek ere eskirako aproposa dirudi.


10:40 : Col de Souperret (1920m).
Lepo honek bereizten ditu Lhers eta Belonceko bideak. Gu hemen ezkerretara biratuko ginen.


Laster batean Saoutelleko etxolara ailegatu ginen.


10:51 : Cabane de Saoutelle (1690m).
Etxola bisitatu eta bertan zerbait jan eta edateko tartea hartu genuen. Etxola bikaina da, egurra egiteko aukerarik ez dago inguruan ordea...


Etxola gibelean utzi eta Bardiancou errekaraino azken eskiada egin genuen.


Erreka gurutzatu eta larruak berriz jarrita, gaua pasatu genuen etxolara itzuli ginen gauzak bila. 100 metro pasatxoko desnibela bertzerik ez genuen egin behar.


Etxolarantz Labigouer ederra gainean dugula...


12:53 : Cabane de Cayalatte (1540m).
Etxolara bueltan, zerbait jan, gauzak bildu, garbitu eta beherakoari ekin genion.


1300 metro ingura arte eskiatuz jaitsi ginen. Hortik beheiti ordea, eguneko tenperatura altuek elur asko eraman zuten eta oinez jaitsi behar izan genuen.


14:00 : Vallon de Belonce (1080m).
Horrela akitu zen ibilaldi eder hau. Zalantzarik gabe itzuli beharreko mendia...

BIDEOA: