2014/03/18

Cuyalaret (2289m)

EGUNA: 2014/03/18

IRTEERA: Parking de Cabane de l'Araille (1733m)

ZAILTASUNA: 
- Eski zailtasuna: S2
- Alpinismo zailtasuna: F

DENBORA:
- Cabane de l'Araille-Cuyalaret : Ordu bat eta erdi 
- Cuyalaret-Cabane de l'Araille: Ordu erdi bat

NOLA IRITSI:
Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena, Jacara ailegatu behar da eta hemendik Formigal eski estaziora segitu behar da. Eski estazioa atzean utzi eta gero Pourtaleteko mendatera ailegatuko gara. Mendatetik kilometro bat iparralderago dago irteerako aparkalekua.

DESKRIBAPENA:
Nafarroan martxoaren 19a besta eguna zela eta inguru horretan ibiliko ginela aprobetxatuz, Pourtaletera hurbildu ginen goiz pasa bat egin bidenabar bertako malda goxoetako elurraz gozatzeko. Aukera anitz eskaintzen ditu inguruak eta klasiko bat da eskiatzaile zein erraketazaleentzat. Kasu honetan, Cuyalaret mendira joanen ginen. Igoera errexa eta jaisteko malda politak dituen mendia da.

9:39 : Parking de Cabane de l'Araille (1733m).
Goizean presa handirik gabe aparkalekura hurbildu eta goitu abiatu ginen. Harritzekoa, astegun buruzuria izanik ere inguruan zebilen jende pila. Autotik begibistan genuen eguneko gure helburua, zuri-zuri eta distiratsu.


Errepidetik errekaraino jaitsi eta hau zeharkatuta etxola hauetara iritsi ginen minutu gutitan. Hemendik, Canal Royara zuzen segitzen duen bidea utzi eta ezkerretara biratu ginen.


Lehenengo malda etzanetatik aparkalekutik urrundu ginen poliki-poliki.


Gure eguneko helburua erdian...


...eta nola ez Midi d'Ossau, inguruko erregea.


Gailurrera iristeko azken malda pixka bat tentetzen da, baina ez gehiegi.


Sasigailurretik azken metroak...


Gailurrera iristen gibelean Formigaleko eski estazioa genuela.


11:38 : Cuyalaret (2289m).
Horrela, eguzkiak gogor jotzen zuela ailegatu ginen gailurrera.


Giro goxo edo hobe erranta beroari esker luze egon ahal izan ginen gailurraz gozatzen. Irudian Midi, iparraldean.


A ze panorama...


Anayet ingurua, beti bezala dotore.


Mendebaldean Aspe ingurua.


Hegoaldean Tenako bailara eta Infiernos mendia bertzeak bertze.


Gailurrean ia ordubetez egonta, beherakoari ekin genion.


Elur ona harrapatu genuen oro har...


Jaitsieraz gozatzen...



13:33 : Parking de Cabane de l'Araille (1733m).
Goiz pasa ederra eginda, autoan ginen eguerdirako. Ingurua agurtu genuen. Eskiko zonalde klasikoa, aukera anitzekin, ikasteko, elur jauzi arriskua dagoen egunetarako, denboraldi hasierarako edo bertzerik gabe, gozatzeko!

Eguneko bideotxoa:


2014/03/09

Sobarcal / Petrageme (2255m)

EGUNA: 2014/03/08-2014/03/09

IRTEERA: Parking de Masousa (960m)

ZAILTASUNA: 
- Eski zailtasuna: S3
- Alpinismo zailtasuna: PD

DENBORAK:
- Masousa-Cabanes d'Ansabere: 2 ordu
- Cabanes d'Ansabere-Sobarcal: 2 ordu
- Sobarcal-Masousa: 2 ordu

NOLA IRITSI:
Masousako aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu.

DESKRIBAPENA:
Bi hilabete Lescun deskrubritu nuela eta hirugarren aldiz segidan bertara hurbildu ginen asteburuan. Aukera pila inguruan eta honetakoan Ansabere ingurua ezagutzekotan abiatu ginen. Gogor deitzen dute atentzioa Lescun herritik Ansabereko orratzek eta Sobarcalek. Billarerekin batera agian atentzio gehien deitzen dutenak dira. Orratzak ordea gure posibilitateetatik kanpo gelditzen dira. Ez ordea Sobarcal. Acherito eta Petretxema mendien tartean lasaitasunean bizi da Sobarcal. Bisitari gehienak bere bi barrideek erakartzen dituzte. Bertatik ditugun bistek ordea, ez dute bertzeen enbidiarik.

 Sobarcal Linza aldetik zein Lescun aldetik igo daiteke. Bi  alde erabat ezberdin dira. Linzatik eztiak diruditen magalak bertikalki erortzen diren paretatzarrak bilakatzen dira Lescun aldean. Pareta hauek badituzte ordea beren gailurrera igotzen utziko gaituzten puntu ahulak.

2014/03/08
13:44 : Parking de Masousa (960m).
Bi ordu pasatxoan egin genuen herritik aparkaleku beterainoko bidea. Asteburu bikaina zegoen iragarrita eta gogotsu abiatu ginen autotik motxilatzarrak bizkarrean genituela. Ez genuen denbora anitzik ibili beharko inauterietako gehiegikeriak izerdi moduan kanporatzeko. Bacque mendiaren azpitik eman genituen lehen pausuak.
 


Lehen metroak Pont de Masousa eta Pont Lamaryko aparkalekuak lotzen dituen pista elurtutik egin genituen. Bigarren honetara autoz ailegatu gaitezke udan, baina kasu honetan elur geruzak tapatzen zuen bide osoa.


Bidean gora igo ahala inguruaren edertasunaz konturatzen zara.


14:33 : Pont Lamary (1171m).
Berez kotxez ailegatzen ahal den bigarren aparkalekutik aitzin pista desagertzen da eta bidexka zabal batetik egin genuen aitzinera.


Begiradak Poure Lamary mendira egiten zigun ihes.


Pont Lamary gibelean utzita harana zertxobait irekitzen den puntu honetatik Ansabereko orratz ikaragarrien ikuspegia genuen. Horiek izanen ziren bi egunetako protagonistak.


Lehen lautadatxo horretatik oihan zati bat pasa eta bigarren honetara pasa ginen.


Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duenean...


Lautada honetan metro batzuk galdu eta gure ezkerretan gelditzen zen errekaren ondotik doan bideari segiko genion Ansabereko etxoletara iristeko. Eskuinetara gelditzen den errekatik Pedaineko etxolara joanen ginateke eta hortik goiti Hiru Erregeen Mahaira edo Mouscatera joateko zeharkatzen den Esquesteko lepora.


15:55 : Cabanes d'Ansabere (1570m).
erran bezala, ezkerreko errekaren ondotik oihan zati bat pasa eta eguneko gure helburu ziren etxoletara ailegatu ginen. Ansabereko orratzen oinean zirku ederrean kokatuta daude etxolak. Hiru omen daude guztira, guk bi ikusi genituen arren. Biak irekita. Txikienak lo egiteko tarima bat, mahai bat eta auldi batzuk bertzerik ez zituen. Handiena ordea hotelaren pare zen ia-ia. Bi solairu, gainekoa lo egiteko koltxoi batzuekin (5 pertsonarentzat koltxoiak baina lo egiteko 10-12rentzat ere lekua du) eta beheitikoan mahai bat, bankuak eta lurreko sua. Gure harridurarako argia eta guzti zeukan etxolak, bai goiko solairuan eta baita beheitikoan ere.


Horrela, gauzak etxolan utzi eta oraindik iluntzerako denbora genuenez etxola ataria garbitzen hasi ginen. Elur kapa ederrak estaltzen zuen. Ateratako elurrarekin iglu "eder" hau eraiki genuen.


Etxolaren inguruak arratsalde apalean.


Iglua komun bezala erabiliko genuen hor egonen ginen denboran...


Azken argiak Dec de Lhurs mendian eta Aspeko bailaran. Irudian bertze etxola ikusten da.


Arrats ederra...


Iluntzean sua piztu eta eramandako janariarekin parrilada bat egin genuen. Afari ederra izan zen, nahiz eta tximiniak botatzen zuen keak pixka bat molestatu...


Gaua iritsi zen eta ilargiarekin panorama oraindik eta ederrago zegoen. Nire argazki kamarak ordea, ez dauka edertasun hori antzemateko adina maila. Dena den, argazkiak duela ehun urteko toke batekin atera dira.



2014/03/09
9:05 : Cabanes d'Ansabere (1570m).
Gau nahiko erosoa pasata, zazpi eta erdiak pasatuxean ernatu eta gosaldu ondotik goiti abiatu ginen. Gure eguneko helburu nagusia aitzinean genuen.


Egun ederra genuen aitzinetik, udaberriko tenperaturak Pirinioan.


Martxan jarri eta guttira lehen gelditua arropa kentzeko eta ura edateko. Dents de la Chourique mendia itxura ederrean gibelean.


Lepora eramanen gintuen malda tenteari metroak irabazten genizkion heinean ikuspegia gero eta ederragoa zen. Argazkian, Pic du Lac de la Chourique mendia.


Ttikiak sentitzen ginen Ansabereko orratz tenteen azpian.


10:10 : Col de Petrageme/Port d'Anso (2082m).
Lepora ailegatzean haize finak egin zigun ongi etorria. Bistan genuen, hegoalderuntz Sobarcaleko gailurrera egin beharreko bidea.


Lepotik bi aukera daude tontorra zapaltzeko: zuzenean iparraldetik edota ipar aurpegia inguratuta mendebaldetik. Guk bigarrena hautatu genuen. Puerto d'Acherito ingurura igo eta hortik azken metroak eskiak kenduta egin genituen.


Hala iritsi ginen Sobarcaleko sasigailurrera. Inongo zailtasunik gabe. Azken metroak ordea bertzelakoak ziren. 5-10 metroko trepada bat gelditzen zen. Itxuraz ez zailegia (II gradukoa), baina elurrarekin bertzelakoak ziren kontuak. Okerrena dena den ez zen trepada, eroriz gero iparraldera zuen 100 bat metroko amildegia baizik. Pixkat dudatu ondotik, ez arriskatzea erabaki genuen.


Sasigailurrera ailegatzen gibelean Mallo d'Acherito dugula.


11:13 : Sobarcal/Pic de Petrageme (2255m).
Beraz gailurra ontzat eman genuen eta beherakoari ekin.


Beherakoan, eskiekin gindoazenok beheiti segitu genuen, oinezkoek ordea, oraindik indartsu egonda Petretxema igotzea erabaki zuten! Eta eskerrak Hiru erregeen Mahaia urrun zegoela, bertzela hori ere igoko zuten! Hori bai sasoia!


Guk bitartean Sobarkaletik etxoletarainoko elur bikainaz gozatu ahal izan genuen. Udaberri usaina zuen elurrak!


14:21 : Cabanes d'Ansabere (1570m).
Denak berriz elkartuta, etxolan ederki bazkaldu eta dena bildu eta garbitu genuen.


Penarekin utzi genuen gibelean paraje ikaragarri hau!



15:40 : Parking de Masousa (960m).
Elur pisuzko eta tenperatura beroko jaitsiera luzearen gibeletik Lescunen hartutako garagardo eder batzukin akitu zen bertze asteburu bikain bat!


Asteburuko bideo laburpena (klikatu leihoko engranaia eta hautatu kalitate handieneko aukera):