2023/06/30

Petit Vignemale (3032m), Epaule Chausenque (3154m), Pointe Chausenque (3204m), Piton Carre (3197m), Vignemale (3298m), Clot de la Hount (3289m), Cerbillona (3247m), Central (3235m), Montferrat (3219m)

EGUNA: 2023/06/23-25

ABIAPUNTUA: La Raillere (1050m)

ZAILTASUNA: Ertaina (AD-). Zailtasun nagusia Petit Vignemale eta Pointe Chausenque arteko gandorrean daude, zehazki Petit Vignemaletik Glaciers leporainoko jaitsieran. III+ graduko bi tximinia jaitsi behar dira bertan eta soka eramatea komeni da.

DENBORAK:
  • La Raillere - Refuge des Oulettes de Gaube : 4 ordu
  • Refuge des Oulettes de Gaube - Petit Vignemale : 3 ordu
  • Petit Vignemale - Vignemale (gandorra) : 2 ordu eta erdi
  • Vignemale - Montferrat (gandorra) : 2 ordu eta erdi
  • Montferrat - Refuge de Baysellance : Ordu eta erdi
  • Refuge de Baysellance - Refuge d'Estom : 4 ordu
  • Refuge d'Estom - La Raillere : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Bertan Cauterets aldera bideratuko gaituzten seinaleei kasu eginen diegu. Pierrefite-Nestalas herritik goiti ailegatuko gara Cauteretsera. Behin bertaratuta, herria zeharkatu eta Pont d'Espagnera igatren den errepidea hartuko dugu. Bertatik segitu behar da Raillereko aparkalekura ailegatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Bizitzan bezala, mendian ere gero eta gehiagotan ibiltzen gara lasterka, presaka. Azken aldian modan jarri dira mendiko lasterketak eta inguruaren edertasunak lehiari utzi dio lekua. Honakoan guziz bertze gisara ibili gara Vignemalen gu. Lasai, denbora eskainiz mendiari eta zirrikitu bakoitzaz disfrutatuz. XIX. mende akabailan Russell kondeak bertan ematen zituen egunak eta gauak, eta guk ere gailurrean eman dugu gau bat Ossoueko glaziarra inguratzen duten kasko guziak igan bidenabar. Hori guti balitz, Gaube eta Lutour bailarak osorik zeharkatu ditugu. Ezin gehiago eskatu!

2023/06/23
12:47 : La Raillere (1050m)
GR10aren markei segituz abiatu ginen autotik goiti.


Pont d'Espagnerainoko tartean baso berdea eta erreka zaratatsua izanen genituen bidaide.


Goi-mendira joateko ez da ohikoa hemendik pasatzea, baina bidearen edertasunak merezi du. Ekaitz eta euri aunitzeko garai honetan inguru hau ikusgarri zegoen, ur-jauziak ur aunitzekin eta gainekoa arras koloretsu.


Hala ailegatu ginen zubi ezagun honetara. Normalean honen ondoan kokatua dagoen aparkalekutik abiatzen da jendea Oulettes de Gaubera izateko. Guk, ordea, jaitsiera Lutourreko bailaratik egiteko asmoa genuen eta hortaz utzi genuen autoa beheitian.


Gainerakoak bezala Pont d'Espagneko ur-jauzia ere ikusgarri zetorren. Hau eta bertzeak ikusteko merezi izan zuen bide osoa egin izanak.


Ordu biak pasa zirenez, etxetik eramandako bokatak jan eta zubiaren ondoko jatetxean postre gozoak hartu genituen. Biharamunean ez genuen halakorik izanen.


Bazkariaren ondotik goiti...


Gaubeko lakura igaten den bidea segitu genuen. Sigi-sagatsua da eta hasmentako zatian baino altuera gehiago irabaziko genuen bertan. Jendea ere aise gehiago...


Lakura ailegatzen...


Eguneko mendi-bueltatxoa egiten duten aunitzen jomuga izan ohi da laku hau. Ertzean kokatua dagoen ostatuak aski garbi erakusten du hori. Kasik gelditu gabe segitu genuen Goiti, inguruan zebilen jendearengandik eskapo edo...


Lakua ezkerretara utziz inguratu eta Gaubeko bailaran barneratu ginen.


Errekatxoak erdian, pinu beltzak han-hemenka eta gero eta zabalagoak bilakatzen diren larre berdeak inguruan... Urrunean, berriz, biharamunean zapalduko genituen mendiak.


Vignemale handia ere agertzen hasi zen...

 
Hortik goiti argazki besta...


Pirinioetako irudirik ederrenetarikoa den honetan...


Bideak poliki irabazten du altuera bailara luzean, baina presarik ez genuen horrelako ikuskizuna begien aitzinean izanda.


Bertze bat gehiago...


Pointe Chausenque, Piton Carre eta Vignemale hodeien gainetik nabarmentzen...


Erreka eta zubiek paradisuaren itxura ematen diote gibeleko Marko ederrari.


Ouletteseko zelaian...


17:23 : Refuge des Oulettes de Gaube (2151m)
Aterpe honetan bai izana nintzen, baina bailaratik goiti igaten lehen aldia nuen majo gidatuta ailegatu nintzen lehen etaparen akabailara.


Aterpea bera ere aski ongi dago eta afaria bikaina izan zen. Hori guti balitz, giroa ere ederra zegoen eta elkarrizketa interesgarriak konpartitu genituen, haietako bat biharamunean iparraldeko bidea eskalatzeko intentzioa zuen bikote batekin. Eguna ilunabar zoragarriak borobildu zuen.  


2023/06/24
8:25 : Refuge des Oulettes de Gaube (2151m)
Ilunabarraren gisa, egunsentia ere polita izan zen Vignemaleko mendigunearen azpian.


Aterpea presa handirik gabe utzi genuen, egun osoa baikenuen gaua pasatuko genuen Vignemaleko gainera ailegatzeko.


Bezperan bezala GR10aren markei segituko genien lehen zatian.


Eguneko plana argazkiko lau mendiak ertzetik zeharkatzea zen: Petit Vignemale, Pointe Chausenque, Piton Carre eta Vignemale.


Paraje ikusgarria...


Erritmo lasaian igan baginen ere, Ouletteseko aterpea fite gelditu zen beheitian.


Hourquette d'Ossoueko leporaino segitu genuen GRa. Azken zatian elur-lausoren edo bertze zeharkatu behar izan genuen. 


10:01 : Hourquette d'Ossoue (2734m)
Lepoan atsedenaldi ttipia goiti segitu aitzin...


...eta Petit Vignemaleko azken malda harritsuari ekin genion.


10:53 : Petit Vignemale (3032m)
Aurreikusitako denboran ailegatu ginen eguneko lehen gailurrera. Bigarren aldia nuen mendiguneko 3000korik apalena den honetan. Argazkian Pointe Chausenque mendira ailegatzeko igan behar den pareta ere ikusten da, benetan zirraragarria.


Materialak prestatu, argazkia atera eta gandorrari ekinen genion.


Gandorrak lehen zatian beheiti egiten du, Glaciers leporaino. Hasmentan nahiko zabala da, baina segidan hasten da estutzen.


Arrakasta gisako batetik pasatuta, hegoaldera amiltzen den tximinia bat jaisteko soka atera genuen. Argazkian tximiniaren azpiko partean ageri da Lorea. Tximinia jaitsita terraza erraz batetik berriz ertzera atera ginen.


Gandor errazetik bertze metro batzuk egin eta irtengune bertikal baten mugan dagoen parabolt bat topatu genuen. Rapel motz bat egin genuen, berriz hegoaldera. Ondoren argazkiko tximinia aseguratuz jaitsi genuen. III/III+ gradukoak dira aipatu bi pausuak, beheiti jaisteko konplikatuak.


12:43 : Col des Glaciers (2990m)
Azken tximinia gandorraren punturik apalenean utzi gintuen. Hortik Chausenque igaten hasi baino lehen 30 bat metroko zati estu bat zeharkatu behar da bavaresa estiloan (zangoak iparraldera kokatuz eta eskuekin gandorrari helduz).


Zati hori gaindituta, gandorra zabaldu egiten da eta adrenalina puntua galtzen du. Hala, Chausenquera igaten den pareta partetik ikusita baino aise errazagoa dela ohartu ginen (II).


Hori bai, Ossoueko glaziarretan erorketa handia du argazkiam ageri den bezala.


Bizkarrera ateratzen, gibelean Petit Vignemale genuela.


Ikusgarria...


Behin bizkar honetara ailegatuta soka bildu genuen. Hala ere, aipatu behar da lepotik goiti ez dela beharrezkoa, aise igaten baita.


13:30 : Epaule Chausenque (3154m)
Minutu gutxian ailegatu ginen eguneko bigarren gailurrera, hau bigarren mailakoa.


13:41 : Pionte Chausenque (3204m)
Eta bertze minutu batzuetan hirugarrenean ginen. Bertan geldialdia eginen genuen bazkaltzeko.


Geldialdiaren ondotik, Pointe Chausenque bakartia utzi genuen. Vignemalen jendetza zebilen bitartean, Pointe Chausenque eta Piton Carre guretako bakarrik izan genituen.


Pointe Chausenque eta Piton Carre arteko leporako jaitsiera arras deserosoa da. Harkaitzak ez du batera segurtasunik ematen.


Lepotik goiti estilo bereko harkaitz hauskorretik egin genuen bidea, baina zati hau errazagoa da. Gibelean ikusten den zatia da jaitsi genuen zati deserosoa.


14:53 : Piton Carre (3197m)
Laugarren gailurrean... Honetan ibilia nintzen duela zazpi urte.


Piton Carretik aitzin gandorra moztu egiten da Gaubeko korridore ezagunean. Hortaz, beharrezkoa da glaziarretan jaistea.


Metro batzuk eskuinetara egin eta korridorearen goitiko muturretik argazki hau ateratzeko baliatu nuen.


Arrastoa hartu eta Vignemalera igateko bide arruntetik segitu genuen aitzinera.


Glaziarretik goiti harkaitz hauskorrean eskaladatxo errazak (I) egin behar dira.


Azken metroak...


15:53 : Vignemale (3298m)
...eta Vignemale handian ginen. 2009 eta 2016koen ondotik, hirugarren aldia nuen Pirinioetako erraldoi honetan.


Lehen lana gaua pasatzeko txokoa antolatzea izan zen. Gutaz gain, bertze hiru lagunek ere pasatuko zuten gaua bertan, baina lekua ausarki du.


Ondoren arratsalde luzea egonean pasatu genuen.


Gavarnie inguruko gainak...


Zakuetan sartuta ilunabar zoragarria disfrutatuz akitu zen egun handi hau. Bihar arte...


2023/06/25
7:30 : Vignemale (3298m)
Gau bikaina izan genuen lagun gure habian. Bortzetatik goiti ostertza argitzen hasi zen eta mantso-mantso kolore politek margotu zituzten inguruko mendiak.


Lehen izpi gorrixkak Argualas, Garmo eta Picos del Infierno mendietan...


Gran Facha, Balaitus, Midi d'Ossau...


Gosaldu, gauzak bildu eta zazpi eta erdietan paratu ginen martxan.


Kaskotik abiatuta, hasi orduko gandorrean genbiltzan. Lehen zatia Clot de la Hount mendirainokoa zen. Harri eskasa aurkituko genuen zati honetan, baina zailtasun handirik ez du.


Irudiko elur-lausoa arrastotik gainditu...


7:56 : Clot de la Hount (3289m)
...eta eguneko lehen kaskoan ginen. Beno, bigarrenean Vignemalen lo egin genuela kontuan izanda.


Gailurretik Wallon aterpea kokatua dagoen bailara parez pare ikusten genuen. Urrunago Gabizos eta Grand Barbateko mendiguneak ere ageri ziren...


Argualas, Garmo Negro eta Infiernos hurbilago...


...eta Balaitus inguruak, elur aunitzekin oraindik.


Clot de la Hount utzi eta ondoko gailurrera abiatu ginen. Cerbillona mendia parean genuen, baina aitzinetik izen bereko lepora jaisteko ertza genuen zain. Momenturen batean estutzen da, baina oinez jaisteko modukoa da.


8:16 : Col de Cerbillona (3195m)
Lepotik Ossoueko glaziarrerako ikuspegia ederra da. Ezkerrean bezperan igandako Piton Carre eta Pointe Chausenque genituen, eta eskuinean Vignemaleko koroa hesten duen Montferrat. Bertara gindoazen.


8:33 : Cerbillona (3247m)
Metro eskas batzuk igan eta hurrengo kaskora ailegatu ginen: Cerbillona mendira.


Kasik gelditu gabe egin genuen aitzinera.


Tendeñerako mendizerra Cerbillonatik...


8:39 : Col Lady Lister (3200m)
Central mendira ailegatzeko lepo honetatik pasatuko ginen. Bertara heltzen da Arako bailaratik goiti datorren Moskowa bidea ere, mendigune honetara ailegatzeko bertze bide bat.


Ara bailara gure zangopean...



8:45 : Pic Central (3235m)
Aitzineko kaskoaren gisa, malda erraz batetik ailegatu ginen Central mendira ere. Parean genituen Clot de la Hount eta Vignemale.


Horrenbestez, Vignemaleko glaziarraren inguruko gailur guzien zeharkaldia osatzeko, Montferrat mendia bertzerik ez zitzaigun falta. Bertara ailegatzeko marmolezko gandor dotorea zeharkatu behar da. Erraza da teknikoki, baina zati batzuetan estua eta ikusgarria ere bai.


Eskuinetara Ara bailarara erortzen den marmolezko pareta zirraragarria du.


Tarteka irtenguneren bat izan arren, gehienean oinez zeharkatzen ahal den gandorra da.


9:23 : Montferrat (3219m)
Haize bolada fresko batzuk astintzen gintuztela zapaldu genuen Vignemaleko koroako azken kaskoa. Niretako mendigune honetako 3000ko gailur nagusi guziak igatea ere izan zen.


Ez zen egote handirik kaskoan eta fite abiatu ginen beheiti. Horretarako, glaziarrera jaitsi ginen.


Kranpoiak paratu eta beheiti... Gure ezkerretara bezperan zeharkatutako Glaciers lepo utzi genuen.


Glaziarraren beheitiko puntuan materiala bildu eta Baysellancera igaten den bidea hartu genuen.


Ossoueko urtegia gure eskuinetara ageri zen, kolore politarekin.


Ossoueko glaziarrari azken begiratua... 2009an izan nintzen lehen aldiz bertan eta ikaragarria da 14 urte hauetan glaziarrak izan duen jaitsiera. Bertze 14 urte barru ez dela glaziarrik egonen iruditzen zait.


Baysellanceko aterpera ailegatzeko 100 metro pasako malda gainditu behar da.


11:03 : Refuge de Baysellance (2651m)
Aterpean geldialdia egin genuen ura hartzeko eta bide batez zaindariari Labaseko lepoari buruz galde egin genion. Berez asmoa hortik pasatzea zen, Lutour bailaratik jaisteko beheiti. Zaindariak, ordea, leporaino igateko bidea arriskutsu zegoela aipatu zigun eta Arrailleko lepotik pasatzea gomendatu.


Beraz aterpea utzi eta Hourquette d'Ossoue aldera jo genuen.


Lepoa begien bistan...


11:39 : Hourquette d'Ossoue (2734m)
Di-da batean berriz ere lepoanbezperan zeharkatutako lepoan ginen.


Handik beheiti Gaubeko bailaran barneratzen den bidea jaisten hasi ginen. 


Vignemaleko ipar ikusgarria berriz ere ikusgai...


Arrailleko lakuetaraino jaitsi ginen GRtik. 2435 metro inguruan dauden laku hauetan eskuinetara Arrailleko lepora igaten den bidexka hartu genuen.


Inguru harritsutik laster izanen ginen Arrailleko lepoan.


12:32 : Col d'Arraille (2583m)
Horrenbestez, zeharkaldiko azken lepoa harrapatu genuen. Bertatik autoraino dena malda beheiti izanen genuen.


Lepoa utzi, bertze zati harritsu eta pisu bat zeharkatu eta Lutour bailaran sartu ginen.


Beheiti egin ahala Estomeko lakua ikusten hasi ginen. Haren ertzean dagoen aterpean atsedenaldia hartuko genuen...


13:55 : Refuge d'Estom (1804m)
Bailara polita da Lutourrekoa eta Estomeko aterpea leku zoragarrian kokatua dago. Izen bereko lakuaren bazterrean dituen mahaietan zaindariak prestatutako tortilla gozoarekin indarberritu ginen.


Lakua eta goian Labas eta Sede mendiak...


Bazkari ederrak berpiztuta aterpea utzi eta bailaran beheiti egin genuen.


Postaletako lekuan kokatua dago aterpea. Ez da arras ezaguna, inguruan ez baitu mendi famaturik.


Lehen aldia nuen bailara honetan eta behin eta berriz argazkiak egiteko geldialdiak egin behar izan nituen.


Pouey Caut etxola xelebrea eskuinetara utzi genuen. Western batetik ateratakoa dirudi.


Erditik doan errekatxoa, pinuak, tartekatutako belardiak eta urrunean mendi elurtuak...


Aterpetik beheiti jende aunitz aurkitu genuen, ez naiz harritzen ingurua benetan ederra baita.


Harana etzana da, baina nahiko luzea. Bizi jaitsi ginen eta hala ere pixka bat kostatu zitzaigun beheiti ailegatzea. Hirugarren eguna izanda pilatuta genuen nekeak ere izanen zuen eragina.


Agur Lutour!


15:56 : La Fruitiere (1374m)
Aterpetik abiatu eta ordubete inguruan Fruitiereko aparkalekuan ginen. Guk, ordea, autoa beheitago genuen, Raillerekoan. Fruitieretik errepide eta errekaren paralelo jaisten den bidexka segituko genuen bertara ailegatzeko.


Bidea azpiko zatian baso trinko batean sartzen da eta zeta batzuk marraztuta altuera lasterrago jaisten hasten da.


Lutourreko ur-jauziaren ondotik pasatu eta metro gutira aparkalekura ailegatuko ginen.


16:35 : La Raillere (1050m)
Nekatuta baina kontent ailegatu ginen autora, Vignemaleko mendiguneari harroaldi ederra eman eta bidenabar gure omenaldi xumea eskainiz. Bertako gailur nagusi guziak zapalduta ere, behin eta berriz itzuli beharreko mendigunea da.