2023/02/28

Breche de Badescure (2523m)

EGUNA: 2023/02/25

ABIAPUNTUA: Lac d'Estaing (1162m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arras-en-Lavedan herritik Estaingeko lakura bideratzen gaituzten seinaleak abiatzen dira. Haiei segituko diegu Estaingeko bailara zeharkatu eta lakura ailegatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urteak daramatzagu Pirinioetan ateraldiak egiten, baina beti dago txokoren bat edo bertze oraindik ezagutzen ez duguna. Estaingeko lakuan ttikitan ibilia nintzen, baina geroztik inguru eder hartara itzuli gabea nintzen. Eskirako aukera anitz ditu sektore eder honek eta horien artean izarra Grand Barbat ingurukoa da. Bertan izan gara asteburuan.

9:45 : Lac d'Estaing (1162m)
Tenperatura arras hotzarekin ernatu ginen laku inguruan, baina iragarpenek ziotena baino egun ederragoa zegoen. Ingurua bere arropa ederrenarekin jantzia ageri zen, zuri, disdiratsu.


Argazkiko basotik igaten den GRa hartuko genuen eguna hasteko.


Berez basoa pista batetik igan eta jaitsi daiteke elur guti baldin badago. Guk goitirakoan pista mozten duen GRa hartuko genuen, baina beheiti aproposagoa zen pistari segitzea.


Arrioseceko etxola inguruan akitzen da basoa. Hura zeharkatzen pasatu genuen denbora apurrean zerua dezente estali zuten goi-hodeiek.


Iduri zuen iragarpenek asmatu eta eguna ilunduko zela. Hala ere, 40 bat zentimetroko elur berrian egindako arrasto sakonetik goiti segitu genuen, helburu garbirik gabe.


Pista akitzean hegoalderanzko norabidean irekitzen den bailaran sartuko ginen. Puntu honetatik Grand Barbat ikusten da, aspaldiko desira... Alde hartara joko genuen.


Grand Barbat ederra, hurbilagotik. Bertara igateko pasatu behar den Barbateko lepoa ere ikusten da argazkian. Alabaina, elur-jausi arriskua nahiko altua zen eta ez ginen hara iganen.


Ilheouko leporako bidea ezkerretara utziko genuen. Hortik pasatzen da GR10a.


11:25 : Cabanes de Barbat (1872m)
Arrasto markatutik erraz egin genuen bidea eta Barbateko etxoletara ailegatu ginen. Zerua arinxeago zegoen ordurako eta Badescureko arrakala aldera segitzea erabaki genuen.


Etxolatik eskuinetara eginda Barbateko zirkuan barneratu ginen.


Maldak eztiak dira momentu oro, baina inguruko pareten bertikaltasunak errespetua ematen du; batez ere, elur-jausi arriskua dagoelarik.


Grand Barbat, Badescure, Pilat, Maleshores... Inguru dolomitiko ikusgarrian geunden. Guk ezkerrean ageri den Barbat mendiaren oineko maldetan eskiatuko genuen, baina badaude hainbat arrakala eta malda polit ezagutzeko.


Gure aitzinetik zihoan lau laguneko taldetxoa irekitako arrastotik segitu genuen. Elurtetik ez zen inor ere ibili sektorean eta jaitsieran dena guretako harrapatuko genuen.


Grand Barbateko ipar paretaren azpira ailegatu eta Badescureko lepora igaten den malda eztia hartuko genuen.


Malda horretatik eginen genuen leporaino. Barbat mendia hain hurbil izanda pena ematen zuen hara ez joateak, baina baldintza horietan seguruagoa zen Badescureko lepoa.


13:09 : Breche de Badescure (2523m)
Lepoan zegoen elur pilaketa bat saihesteko, 20 bat metrora egin nuen transizioa... 


...eta igandako bide beretik elur hauts arinaz jaitsiera ederra burutu genuen. Kristoren baldintzak izan genituen! 

14:50 : Lac d'Estaing (1162m)
Gauza handirik egiteko esperantza handirik gabe hasitako eguna aho zapore onarekin akitu genuen, sektore berri honetan elur eta paisaia bikainaz gozatuta.

2023/02/23

Puntal de Secus (2514m)

 EGUNA: 2023/02/18

ABIAPUNTUA: Sansanet (1329m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:

  • Igoera: 4 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara ailegatuko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu. Somporteko tunela alde batera utzi eta lepora ailegatzeko bide zaharra hartu behar da. Ezkerretara hartzen den lehendabizik bihurgune hetsian dago Sansaneteko aparkalekua. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Neguko antizikloiak luzatzen direnerako ateraldi aproposa izaten ahal da honakoa. Luzea eta etzana da zatirik handienean, baina eskiatzeko egokia da. Gainera, pasaia aldetik Estaneseko lakua eta Sarrios bailara bezalako inguru ikusgarriak zeharkatzen ditu. Aho zapore arras ona uzteko moduko eski-saioa, dudarik gabe!

8:31 : Sansanet (1329m)
Uda partean autoz beteta egoten den aparkaleku ezagun honetatik abiatu ginen, ordu horretan oraindik mugimendu guti zegoela. Hasmentako puntutik beretik garbi zegoen paisaia zoragarriaz gozatuko genuela egun osoan zehar.


Metro batzuk galdu eta zubia gurutzatuta goiti abiatuko ginen, Estanes lakura bideratzen duten seinale eta markei kasu eginez.

Lehen zatia pista zabal batetik edo hau mozten duen bidexendatik egiten ahal da. Elurraren araberakoa izanen da hori. Guk bidexka elurtua harrapatu genuen eta bertatik igan ginen; jaitsiera, berriz, pistatik eginen genuen.


Laburbidea pistara ateratzen da goitiko zatian...


Metroak irabazi ahala, basoa irekitzen hasten da eta inguruko mendiak agertzen. Argazkian Aspe eta Zapatilla inguruak. Eski egun ederra pasatu genuen iaz inguru horretan.


Pista Escuretseko etxola inguruan akitzen da. Dena dela, hortik goiti zuhaitzak bakanak dira eta elur aski izanez gero, zailtasunik gabe igaten ahal da eskiak zangoetan.


Irudiko Ruabe de Bernera eta Labatako ipar aurpegi ederrak leku honetako bertze aukera interesgarria dira, elur-hautsa dagoen egunetarako...


Jadanik oihanetik kanpo, Aspeko zirkua ezkerretara utzi genuen. Inguru arras ederra...


Lehen zati maldatsuagoaren ondotik, Estaneseko leporako azken zatian magalak etzaten dira. Gozatzeko lekua da, zailtasunik gabea bai goitirakoan, bai beheitirakoan. Argazkian ezkerretara antzematen den lepoa da Estanesekoa.


Aspe eta inguruko mendiak gibelean utzita, Liouviella eta Cupula de Secus mendiak hasi ziren protagonismoa hartzen. Bernerako mendizerra luzearen parte diren mendiak dira.


Lepotik hurbil...


9:46 : Puerto de Estanes (1792m)
Lepoa baino beheitiagotik eskuinetara laku aldera joaten diren arrastoak utzi behar dira, eta behin lepoa zeharkatuta altuerarik galdu gabe hegoaldera biratuko ginen.


Lakuraino bereraino ailegatu gabe iparraldeko malda ospelak igaten hasiko ginen. Zati hau maldatsuagoa da eta elur gogorra harrapatzen ahal da. Guk hauts trinkoa aurkitu genuen eta arazorik gabe gaindituko genuen malda.


Lehen malda bat gaindituta, metro batzuk galdu behar dira; berriz ere bertze malda batetik Sarrios bailaran sartzeko. Argazkian ikusten den hodi formako pasabide horretatik sartuko ginen bailaratxoan.


Malda berriz ere tentetu egiten da hodian. Aunitz gozatuko genuen inguru honetan jaitsieran.


Hodia goitiraino igan eta Valle de los Sarrios ezagunean barneratu ginen. Duela urte batzuk udan hemendik pasatu nintzen, eta orduan bezala oraingoan ere leku magikoa iruditu zitzaidan. 


2000 metro baino pixka bat gutiagoko altueran kokatua dago eta kasik laua da azpiko partean.


Irteerarik ez duela ematen du, baina osorik zeharkatuta eskuineko aldean lepo bat irekitzen da.


11:03 : Puerto de Bernera (2115m)
Lepoa zeharkatu eta itzaletik argira aterako ginen. Egunean lehen aldiz gure helburua zen Puntal de Secuseko piramide zuria begien bistan genuen. Bertara ailegatzeko eskuineko aldean ikusten den terraza zabal eta erraza osorik ibiliko genuen. Jaitsiera, aldiz, mendiaren ezkerreko aldetik eginen genuen, hego-ekialdeko maldak bilatuz.


Aipatutako terrazan sartzeko, lepotik altuerarik galdu gabe zeharkaldi motz bat egin behar da eta eskuinetara dagoen bertze lepotxo batetik pasatuz. Han, Cupula de Secus mendiaren zangoan, hasten da terraza.


Terraza zeharkatzeak ez du zailtasun handirik, baina luzea da. Gainera, hasmentako zatian altuera pixka bat galtzen da, geroago berriz irabazi beharko dena.


Eguzkiak gogor jotzen zuela, poliki-poliki egin genuen aitzinera. Brecha de Secuseko lepoa gibelean utzi genuen, Estanes aldera pasatzeko bertze lepo bat.


Terrazatik Bozoko leporaino joaten ahal da eta gero Puntal iparraldeko maldatik igan. Hala ere, guk egin genuen gisa, errazagoa da mendiaren ekialdeko ertz borobildua igatea. Lehen ordutik eguzkitan egonda, elur guria harrapatuko genuen bertan eta goitiraino eskiz ailegatuko ginen zailtasunik gabe.


Zeta andana bat eginda ailegatu ginen kaskora...


12:54 : Puntal de Secus (2514m)
Lau ordu baino gehiagoz ibili ondotik, gailurtxo politera ailegatu ginen. Bisaurinen iparraldean kokatua dago eta bere iparreko kanaletara ikuspegi bikaina eskaintzen du. Hantxe egon ginen igaten ari ziren alpinistei begira eguzkitan...


Agüerri mendia kaskotik hurbil ikusten da...


14:02 : Plana Mistresa (1984m)
Gailurreko egonaldi luzea eta gero, mendiaren hego aurpegi polita eskiatu eta Plana Mistresaraino jaitsi ginen. Bernerako zirkuaren azpiko aldean kokatua dagoen zelai zabal honetan berriz ere foka-larruak paratu beharko genituen Bernerako lepora igateko.


Han gibeleko maldak eskiatu genituen, Secuseko lepotik jaisten den bailaratxo polita...


Bernerako lepora itzultzeko igoerak 130 bat metroko desnibela du eta arras etzana da. Arratsaldeko argi bereziak lagun, lasai hartu genuen...


Berriz ere Sarrioseko bailarara sartuko ginen lepotik...


14:43 : Puerto de Bernera (2115m)
Eguneko azken transizioa lepo honetan eginen genuen eta autoraino igoerako bidetik jaitsiko ginen.


16:16 : Sansanet (1329m)
Nekatuta, baina kontent akitu genuen egun luzea, 21,5 kilometro eta 1440 metroko desnibela eginda Pirinioetako bertze paradisu batean.

BIDEOA:



2023/02/16

Arrouyes (2271m)

EGUNA: 2023/02/12

ABIAPUNTUA: Ayrues (1192m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu eta laurden
  • Jaitsiera: Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Lourdes (Frantzia) hiritik iparralderuntz Argelesera joan behar da eta hemendik Luz Saint Sauveur herrian barrena Gedre herriraino. Herria gurutzatu ondotik, bihurgune itxi batean, Ayrues auzoa markatzen duen seinalea ikusiko dugu. Bide hori hartu behar da helmugara ailegatu arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Gedreren goitiko aldean badira bi auzo mendi eskiko ateraldiak egiteko aproposak direnak: Saussa eta Ayrues dira. Auzo hauetatik Bue eta Aspeko bailaratxoetan sartzen ahal gara, eta hauetan hainbat orientaziodun mendiak daude. Elur hautsa dagoen egunetarako Soum Braque, Soum de Labassa edo Sarre Auteren ipar aurpegiek aukera politak eskaintzen dituzte. Azken honetan izan gara oraingoan...

9:17 : Ayrues (1192m)
Auzoan berean leku guti dago autoa uzteko eta pixka bat aitzinago utzi genuen. Buera igaten den pistara ailegatzeko belai bat zeharkatzen hasi genuen ibilaldia.


Segidan pista elurtura atera ginen. Bueko etxoletaraino joanen ginen bertatik.


Pista ezkerretara biratu eta iparraldeko orientaziodun magaletan sartzen. Puntu horretatik goitiraino elur hautsa izanen genuen.


Pista elurtua Bue etxolen inguruan akitzen da. Berez elurrik ez dagoelarik puntu honetaraino ailegatzen ahal da autoz. Zelai zabala ezkerretarantz eginez zeharkatuko genuen.


Erran bezala, etxolak utzi eta ezkerretara egiten du bideak. GRaren markei segituz, baso malkartsu bat zeharkatu behar da. Gorputza aitzinera bota eta makilei gogor bultzatzeko zatia...


Baso zatia akituta, paisaia ireki egiten da eta ipar orientaziodun magal ederretara atera ginen. Hemendik goitirainokoa arazorik gabe eginen genuen.


Soum de Malera iparraldetik igaten den bidea eskuinetara utzi genuen. Argazkiko lepotik pasatzen da.


Aspalditik agendan dudan bertze mendia da Soum de Male...


2000 metro inguruan madak tentetasuna galtzen du. Berez gure asmoa Sarre Aute aldera joatea zen, baina puntu honetatik Hourquette d'Arrouyes aldeko maldak marka gutirekin zeudela ikusi genuen eta bertara zuzendu ginen. Preseski, lepoaren eskuineko aldeko kanal birjin bat fitxatu genuen, markarik gabe zegoena eta itxura ona zuena...


Arrasto nagusiak utzi eta gurea irekitzeari ekin genion hortik goiti. Malda tentetu egiten da goiti egin ahala...


Azken zatian maldaren inklinazioak eta elurraren egoera eskiak bizkarrean eramatera behartu gintuzten. Lepotxoaren azoiko kanalaren eskuineko aldetik egin genuen zati hau, elur gutiago zuelako oinez igateko.


Elur sakonarekin eta harkatz plaka leun batekin borrokatu ondotik, Hourquette d'Arouyeseko lepo ingurura atera ginen. Hortik eskuinetara biratu eta zailtasun handirik gabeko ertzetik 2271 metrora dagoen kota igaten ahal da. Berez mapetan izenik ez du, beraz nik lepoaren izen berarekin bataiatuko dut.



12:46 : Pic d'Arrouyes (2271m)
Gailurrera ailegatu nintzen hala. Bertatik lehen begirada Pimeneren iapr aurpegira joan zitzaidan.


Gavarnieko zirkuko 3000 guziak parez pare...


...eta, nola ez, Soum de Male.


Gailurrean, bezperan bezala, kristoren egotea zegoen: tenperatura goxoa eta haizerik ez


Hourquette d'Arrouyes aldera bueltan...


 

14:11 : Ayrues (1192m)
Jaitsiera igoerako bide beretik egin genuen, ipar isurialdeko magal bikainak eskiatuz hasmentan, basoa ahal bezala zeharkatuz eta pistatik beheiti autora ziztu bizian ailegatuz. Ibilbide aproposa hautsa bilatu nahi den egunetarako!