2017/02/26

Hiru Erregeen Mahaia (2444m)

EGUNA: 2017/02/25-26

IRTEERA: Pont Lamaryko pista (1087m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3. Esquesteko lepoaren azpian 40 graduko malda zati batean.
  • Alpinismo zailtasuna: PD. Mendebaldeko lepotik gailurrera zati mistoa elur eta harriekin. Tarte batean 50 gradu inguruko izotz malda dago.
DENBORAK:
  • Masousa - Cabanes de Pedain : 2 ordu
  • Cabanes de Pedain - Hiru Erregeen Mahaia : 3 ordu
  • Hiru Erregeen Mahaia - Masousa : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Masousako aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu. Guk 4x4 ibilgailu batekin Masousa baino gorago igotzea lortu genuen, baina normalean neguan ezinezkoa da.


KRONIKA:
Hiru Erregeen Mahaia inolako zalantzarik gabe gure herri zaharreko mendirik ezagunenetarikoa da, ezagunena ez bada. Punturik altuena izateak eta bere garaian hiru erresumaren elkargunea izateak izen handia eman diote mendi honi. Pirinioetan hainbat urtez mendiak igotzen ibili arren, sekula izan gabea nengoen klasiko honen tontorrean eta garbi nuen lehen aldian, Linzako bide masifikatutik egin ordez, Lescundik ateratzen den hiru bideetako batetik eginen nuela. Hala izan da azkenean. Eskiekin gindoazenez, Lescungo bideen artean eskiagarriena den Pedaingo bailaratik igotzen dena hautatu genuen eta ez zigun hutsik egin hautuak. Paisaia eder eta aldakorra, luxuzko etxola, azken zati entretenigarria eta jaitsiera zuzena elur bikainean; zalantzarik gabe bortz izarreko ibilbidea!

2017/02/25
15:08 : Pont de Lamaryko pista (1087m)
Larunbat goizean egin genuen Erratzutik Lescunerakoa. Beti aho bete hortz uzten nauen herrian etxetik eramandako ogitartekoak jan, kafe bat hartu eta Masousatik goiti ahalik eta gehien igotzen saiatu ginen 4x4 ibilgailu batekin. Normalean Masousako aparkalekuan uzten da autoa, baina bagenekien kota baxuetan elurra guttitzen hasia zela eta eskiak bizkarrean eraman beharko genituela denbora askoan autoa Masousan utziz gero. Horregatik erabaki genuen 4x4 batekin joatea eta jokaldia bikain atera zitzaigun. Ez ginen Pont Lamaryko aparkalekuraino ailegatu, baina pista zati ederra kendu genuen. Autotik hasita elurra genuen beraz, luxu bat, 1100 metrotarako.


Hasieran eskiak bizkarrean eramatea erabaki genuen ordea, pentsatzen baikenuen zatiren batean kentzen ibili beharko ginela.


Lehen erran bezala Lescunek ez du inoiz hutsik egiten eta hainbat alditan bertan ibiliagatik, ez naiz inoiz haspertzen bere tontor malkartsuek eskaintzen duten edertasunaz.


15:26 : Pont Lamary (1171m)
Autotik atera eta ordu laurdenean Lamaryko zubitik pasatzen ari ginen. Udan honaino irits daiteke autoz, beraz zati ederra kendu genion pistari.


Zubia pasatu eta Lamaryko zelaitxoan eskiak jarri genituen. Hemendik aitzin elur jarraia harrapatuko genuen, uste baino hobe beraz.


Hiru Erregeen Mahaia baino apalagoak izan arren, sartu ginen zonaldeko protagonista nagusiak Ansabereko orratz dotoreak dira.


Laster batean Ansabereko zelaia harrapatu genuen. Pare bat aldiz ibilia nintzen hemen lehendik ere, bai neguan eta baita udan ere.


Zelaia zeharkatu eta eskuinetara jo behar da Pedaineko etxoletara igotzeko, hiru urte lehenago ezagutu genituen Ansabereko etxoletara joateko berriz ezkerretara.


Zelaiaren bukaeran malda tentetzen da...


Ansabereko orratzak eta hiru urte lehenago igotako Sobarcal mendia, ikusgarria hau ere.


Maldarik tenteena elur-jauzi zaharren artetik gaindituta Pedaingo etxolak dauden zirkuan barneratu ginen.


Ansabereko orratzek, Mouscate mendiak eta Hiru Erregeen Mahaiak ixten dute zirku hau, naturaren artelan bat zalantzarik gabe.


Zirkuaren sakoneraino segitu genuen gaua pasatuko genuen etxolaren bila.


Harkaitz artean kamuflatuta, leku zoragarrian daude Pedaineko etxolak.


Etxoletara ailegatzen Poure de Lamary mendia gibelean genuela.


17:07 : Cabanes de Pedain (1590m)
Autotik atera eta bi orduan etxolan ginen. Lehen erran bezala luxuzko etxola, nahiko berria, ongi isolatua eta bi zatirekin. Alde batetik, sukalde-jangela...


...eta bertzetik, logelatxoa ohe eta guzi.


Ilundu arte gelditzen ziren orduak oinarrizko elementuak lortzeko baliatu genituen: ura eta sua.


Ondotik afaldu bitartean etxola atarian egonean egon ginen.


Egunaren azken argi izpiak Hiru Erregeen Mahaia inguruan.


Ansabereko orratzak eta Mouscate ilunabarrean.


Ilunabar ederraz gozatu genuen...


Behin ilunduta sua piztu, afaldu eta lo egitera...


2017/02/26
8:26 : Cabanes de Pedain (1590m)
Lescungo ilunabarrak ederrak badira, egunsentiak zer erranik ez... Orratz eta paretatzarrak urre kolorez margotzen dituzte eguzkiaren lehen izpiek...


Gauzak prestatu eta gorakoari ekin genion.


Zirkuaren zokoraino sartu ginen lehendabizi.


Gibelean Ansabereko orratzak utziz...


Ondotik malda tentetu eta liburuen arabera 40 gradu ingurura makurtzen den malda batetik Esquesteko lepora aterako ginen. Zati hau momenturen batean nahiko espuestoa izan arren eskiak oinetan gainditzea lortu genuen, hori bai, kutxilak jarrita.


10:07 : Col d'Esqueste (2114m)
Behin lepoan paisaia erabat aldatzen da eta zonalde karstikoan barneratu ginen. aldapa gozoagoa da, baina harkaitzen artean bidean bilatu behar da.


Puntu honetatik aitzin gailurra begibistan izateak animatu egin gintuen.


Orduan arte bakar-bakarrik igo baginen ere, Linzako bidearekin elkartuko ginen azken zatian eta jende dexente topatu genuen.


11:16 : Hiru Erregeen Mahaiaren Mendebaldeko Lepoa (2305m)
Honela bada, Linzatik heldu den bide normala igotzen den mendebaldeko lepoan plantatu ginen. Hemendik aitzin kranpoiak eta pioletaren laguntzaz eginen genuen bidea, eskiak bertan utzi genituen beraz.


Lehen zatia elur malda batetik egiten da.


Ondotik ordea, malda asko tentetzen da eta 50 gradu inguruko kanaltxo bat gainditu behar da ertzera ateratzeko. Kanala, ipar.mendebaldeko aurpegian dago eta elurra eta izotza topatu genuen bertan,


Ertzean, lehen zatian trepada batzuk eginda, azken metroak errazagoak dira.


11:46 : Hiru Erregeen Mahaia (2444m)
Eta honela ailegatu ginen euskal mendizaleen meka bat bezalakoa den gailur ezagun honetara.


Auñamendi eta Peneblanque gailurretik. Bien artetik dator Lescundik eskiekin egiten den bertze bidea, Ourteseko lepoan barna.


Hegoaldean Petretxema Ansabereko orratzek zaindua...


Herriko inauterien omenez...


Gailurrean tarte zabala hartu ondotik, berriz eskietara itzuli ginen eta jaitsierarako prestatu. Zati aldapatsuenak atzeraka jaitsi genituen, maldari begira.


Jaitsiera bikainaren atarian...


Tenperatura altuek elurra bikain transformatu zuten eta beheitirakoa ederra izan zen udaberriko elur goxoan disfrutatuz.


Zati maldatsuena gaindituta kontent...


14:41 : Cabanes de Pedain (1590m)
Berriz etxolara bueltan, trasteak bildu eta autora itzultzeko prest geunden. Aitzinetik azken argazkia atera genuen Hiru Erregeen mahaia eta etxola bera gibelean genituela.


Eta zonalde eder hau agurtu genuen...


Jaitsieran, ansabere azpiko zelaira jaisteko kanale polit bat aurkitu genuen. Elur-jauzien hondakinengatik nahiko zikin zegoen baina hurrengorako fitxatuta gelditu zen.


Berriz ere behereko zelai ederrean...


Maldatxo ttiki bat igo genuen fokak jarri gabe jaitsierarekin segitzeko...


15:23 : Pont Lamary (1171m)
1200 metroraino jaitsi ginen eskiak jarrita genituela. Handik aitzin 15 minutuko porteoa bertzerik ez zen gelditzen autoraino.


15:38 : Pont Lamaryko pista (1087m)
Zazpi orduren buruan akitu genuen ibilaldi eder hau, autoan gauzak sartu eta tarrapataka herriko inauterietara joateko. Ondotik etorri zena bertze istorio bat da,,,


BIDEOA: