2022/04/30

Aspe (2645m)

EGUNA: 2022/04/29

ABIAPUNTUA: Candanchu (1560m)

ZAILTASUNA: S4. Zailtasuna mendiaren iparreko kanala eta Zapatillaren korridorean dago.

DENBORAK:
  • Igoera (Brecha del Aspetik): 4 ordu
  • Jaitsiera (iparraldeko aurpegitik: 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara ailegatuta Candanchu eta Astungo eski estazioetara Aragongo bailaran goiti igaten den bidea hartuko dugu. Somporteko lepora ailegatu baino lehenxeago ezkerretara dago Candanchuko eski estazioa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Eski denboraldia azken txanpan sartua da eta aukerak murrizten hasiak dira. Hala ere, 1900 metrotik goiti elur aunitz gelditzen da ipar aurpegietan. Etxetik hurbilen gelditzen zaizkigun mendietan gauzaren bat edo bertze egiteko aukera bada oraindik. Hala, Aspe ezagunean izan gara, Candanchutik abiatuta Brecha del Aspetik goiti iganez eta iaprraldeko kanala eta Zapatillaren korridorea lotuz beheitirakoan. Ederra.

7:57 : Candanchu (1560m)
Zortziak baino minutu batzuk paratu ginen martxan, estazioaren aparkaleku zabal eta desertuan gaua pasatu ondotik. Neguko denboraldiko zurrunbiloa pasatuta, leku bakarti bilakatzen dira eski pistak.



Pisten azpiko zatia zeharkatu, eta iraupen eskiko zatian sartu ginen. Gure helburua aparkalekutik beretik ikusten zen argazkiko harkaitz arteko elurrezko diagonala zen. Bertatik sartuko ginen Loma Verde deitzen den parajean.


Azpiko zati honetatik momentu guzietan jaitsieran eskiatuko genuen Tubo de la Zapatilla ezaguna begien bistan genuen. Ikusgarria da azpitik ikusita!


Causiateko lepoa baino goitixeago eski pistak utzi genituen eta elur lauso arteko bidexkatik segitu genuen goiti, mendebalderantz momentu oro.


Zapatillako korridorearen bertze ikuspegi bat. Behin eta berriz begiratzen genion igan bitartean...


1700 metro inguruan paratu genituen eskiak, Loma Verderen azpiko harresiaren oinean. Uste baino lehenago egia erran, igoeran 1900 metro arte ez genituela paratuko uste baikenuen. Goiz izan arren, elurra erabat usteldua zegoen jadanik eta kosta egiten zen eskiz ere igatea.


Harresia balkoi itxurako zeharkaldu batek hausten du. Bertatik pasatuko ginen goitiko zatira. Berez esposizio pixka bat du pasabide honek, baina guk elur mingain fin bat bertzerik ez genuen harrapatu eta beraz ondoko belarrean geldituko ginen eroriz gero. Guzia elurtuta baldi badago kasu eman beharreko lekua da.


Pasabidea zeharkatuta, ezkerretara biratu eta mundu zurian barneratu ginen. Hortik goitiraino elurra soberan izanen genuen.


Candanchu inguruak jadanik beheitian gelditzen ziren. Zati honetan fokeatzeko elur aproposagoa genuen. Guritzen hasia zen, bai; baina ez zegoen usteldua eta errazago egiten zen goiti.


Bidetik hilabete batzuk lehenago eskiatutako Acue mendiaren hego aurpegia parez pare genuen. Urrunago Lescungo mendiak. Zerua ez zegoen erabat garbi, kalimak ikuspegia murrizten zuen.


Loma Verde delakoan poliki-poliki eskuinetaranzko joera hartu genuen Aspe mendiaren iparraldeko zirkuan sartzeko. Llena de la Garganta eta Llena del Bozo mendi ikusgarriak agertu zitzaizkigun aitzinean.


Eskuinerako egin eta bizkar honetatik zeharkatu beharko genuen lepoa ere ageri zen. Argazkian ezkerrenen ikusten dena da: Brecha del Aspe edo Paso de la Garganta de Aspe izenez ezagutua.


Bertaraino ailegatzeko zeharkaldi bat egon beharko genuen lehendabizi. Irakurria nuen esposizio pixka bat bazuela leku honek ere, baina gure egun horretako baldintzetan behinik behin ez zitzaigun iruditu.


Zeharkaldiak lepoaren azpiko zelaitxo batean uzten zaitu, harresi tentez inguratuta.


Azken malda bat eta lepora ailegatuko ginen.


10:56 : Brecha del Aspe / Paso de la Garganta de Aspe (2427m)
Lepo honetan elkartzen dira Aspera igateko iparraldeko eta hegoaldeko bide arruntak. Ezkerretara biratu eta hego-mendebaldeko orientaziodun maldatik eginen genuen azken zatia.


Malda tente samarra da azken hau eta aunitzetan elur gogorra izaten duena. Guk baldintza arras onean harrapatu genuen eta kutxilarik gabe igan genuen.


Gailurraren azpiko lepotxoan eskiak utzi eta azken metroak oinez eginen genituen.


Gailurra metro gutitara...


11:32 : Aspe (2645m)
Bigarren aldia zen niretako gailur honentan negoela. Aitzinekoan ez bezala, arimarik ere ez zebilen inguruan eta tarte zabala hartu genuen paisaiaz gozatzeko.


Ekialdea Lecherin, Pala de Ip, Collarada eta enparauekin...


Mendebaldean Llena de la Garganta eta Bisaurin...


Gu...


Egonaldiaren ondotik eskietara bueltatu ginen...


Sasigailurra eta gailur nagusiaren arteko lepotxoan utziak genituen eskiak. Jaitsiera, berriz, mendiaren iparraldeko kanaletik eginen genuen. Irudian ikusten dena da. Berez arriskutsua omen da neguan, elur gogorrarekin, beheitiko aldean mozketa bat baitu. Gu egon ginelarik elurra guri zegoen eta arazorik gabe jaitsi ahal izan genuen.



Kanala eskiatu mapetan 2403 metrora ageri den lepo honetara ailegatu ginen. Hortik Tortiellaseko zirkura jaitsiko ginen. Argazkian jaitsitako kanala eta gailurra ageri dira.


2070 metro inguruan akitu genuen jaitsieraren lehen zatia, Lecherin eta Aspe mendien oinean dagoen zelaitxo honetan.


Berriz ere fokak paratu eta eski pisten ingurura igan ginen, Puntas de Esper mendien azpiko pistetara, hain zuzen ere.


Mapan 2182 metrora ageri den bizkarren akitu zen bigarren igoeratxo hau. 100 bat metro igan genituen beraz.


Bertatik zeharkaldi bat egin eta Zapatillaren hodiaren sarrera den lepo horretara zuzendu ginen.



Itxura hau zuen Zapatillak goitiko aldetik. 300 bat metroko kanala da, 40 gradu inguruko malda hartuko duena momenturen batean. Elur arras biguna harrapatu genuen guk, gozatzeko modukoa hala ere.


Kanal ezaguna jaitsita eski pista elurtuak baliatu genituen ahalik eta gehien jaisteko. 1670 metroraino lortu genuen eskiatzea, estaziotik aski hurbil beraz.


13:55 : Candanchu (1560m)
Eskiak bizkarrera eta belardi leunetatik akitu genuen itzulia minutu gutian.


Inguru honetakoak egin du eskiarendako. Hemendik aitzin denboraldia akitzeko Neouvielle, Gavarnie eta Maladetako zonaldeak geldituko dira, bertzeak bertze. Espero dezagun oraindik ere pixka bat eskiatzea...

 
BIDEOA:
 

2022/04/23

Monestero (2877m)

EGUNA: 2022/04/17

ABIAPUNTUA: Estany de Sant Maurici (1930m)

ZAILTASUNA: S4, Valleta Secara sartzeko lehendabiziko kanalak ematen dio zailtasuna bideari. 

DENBORAK:
  • Igoera (Monesterotik) : 3 ordu eta erdi
  • Jaitsiera (Valleta Secatik) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta Baqueira-Beret eski estaziora igotzen den errepidea hartuko dugu.  Port de la Bonaigua mendatean zehar ondoko bailarara pasatuko gara.. Esterri d'Aneu herria gibelean utzi eta gero, eskuinetara Sorteko norabidean Espot herrira igaten den errepideaa hartuko dugu. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Tavascan inguruan eski saio bikaina egin ondotik, Espot aldera mugitu ginen. Berriz ere Aigües Tortes parke nazionalean zerbait egitea zen intentzioa eta kasu honetan Monestero mendia hautatu genuen. Estany de Sant Maurici laku ezagunaren hegoaldean, Peguera eta Encants ikusgarrien itzalean nahiko ustekabean pasatzen da piramide formako gailur hau. Aipatutako bi mendi ederren oineko bailarak konbinatuz, ordea, eski saio ederra eskaintzen du, paisaia ikusgarriekin eta jaitsiera arras onarekin.

8:26 : Estany de Sant Maurici (1930m)
Taxiak laku eder eta ezagunaren ondoan utzi gintuen. Goizeko ordu horretan, turista uholdeak ailegatu aitzin, lasaitasuna usaintzen zen inguru liluragarri honetan. Lakuak, mendi harritsu eta tenteek, pinuek eta elur malda zabalek koadro ezin politagoa marrazten zuten.

8:37 : Refugi Ernest Mallafre (1893m)
Lakutik Prat de Pierroko aparkalekura jaisten den pista zabala hartu eta metro batzuk galduta eskuinetara biratuko ginen bertze pista batetik paso artean altxatua dagoen aterpetxo honetara ailegatzeko. Momentuz eskiak bizkarrean, doike!

Aterpetik goiti segidan hasiko ginen elurra ukitzen, baina oinez segitu genuen zati batean, baso arteko bide sigi-sagatsua izoztua edo elur gogorrarekin baitzegoen oraindik ordu horretan. Ibilbidea eztitu zelarik paratu genituen eskiak oinetan.

Bideak galbide handirik ez du. Monesteroko bailara politean barneratu ginen mantso-mantso eta errekaren bazterretik metroak poliki irabazi genituen.

Paisaia ikusgarriak inguratzen gintuen arimarik ere ez zebilen harantxoan. Aste Sainduan den jendez blai egoten omen da, baina...

Aitzineko egunetan hemendik apsatutako eskiatzaileek arrasto nabarmena segitzea bertzerik ez genuen bide harrapatzeko. Arrastoa gogor zegoen zatika ordea eta ipurdia ederki estutu beharreko pasabideak zeuden.

Altuera handirik irabazi gabe bailarak Peguerako lakutxoan utzi gintuen. Inguruko bertze bailara batzuek baino elur gutiago zuen Monesterokoak argazkian ikusten den bezala. Elurraren apetak, arras distantzia gutian baldintza arras ezberdinak harrapatzen dira aunitzetan. Egun horretan eskiatzeko aukera ematen zuen inguruak, baina guti gelditzen zaio denboraldi honetan...

Lakua gibelean utzita ezkerretara altuera irabazten hasi ginen... Bailararen sakonean Peguera ikusgarria izan genuen goiz osoan parez pare.


Amildegitik ateratzeko ezkerretara igaten den bideak momentu batean kutxilak paratzera behartu gintuen. Malda dezente tentetzen zen eta mendebaldeko orientaziodun malda horietara eguzkia ez zen ailegatzen ordu horretan.

Zatirik tente eta teknikoena gaindituta, eguzkitara atera ginen eta malda etzanago eta zabalagoetatik ezkerretara biratu ginen Monesteroko lepoaren bila.

Gibelean genuen Amitgeseko sektorea, hiru egun lehenago igandako gailurrarekin...

...eta aitzinean Monestero mendi ikusgarria. Bere eskuinetara gelditzen den lepora atera beharko ginen lehendabizi.

Leporako azken metroak berriz ere dezente tentetzen dira eta elur gogorrak kutxilak paratzea eskatu zigun bertze behin. 

11:44 : Collada de Monestero (2726m)
Lepora ailegatuta Peguera ikusgarria gibelean utzi eta ezkerretara biratu ginen.

Eguneko tontorra ez genuen urrun jadanik. Azken metroak eskiak bizkarrean egin beharko genituen ikusten den bezala...

Tarteka harri-bloke erraldoien artean eskaladatxo errazak eginez eta tarteka bidexenda nabarmenari segituz egin genuen kaskorainoko azken zatia, mendiaren hegoaldeko isurialdetik egin ere.

Azken metroetan aurpegiz aldatzen da bidea ekialdekora pasatuz.


12:37 : Pic de Monetsero (2877m)
Gauza bat eta bertze, lau ordu inguru behar izan genituen tontorrera ailegatzeko. Bide guzian bezala, kaskoan ere bakar-bakarrik izan ginen, mendi giro bikainaz gozatuz.

Ezkerrean Gran Tuc de Colomers eta eskuinean bi egun lehenago eskiatutako Raterako malda ederra.


13:04 : Coll de la Valleta Seca (2728m)
Gailurrean egonladi motza eginda, oinez metro batzuk jaitsi eta fite paratu genituen eskiak zangoetan. Ipar aurpegira pasatu, bertatik zati bat jaitsi eta zeharkaldi bat egin genuen Valleta Secara sartzeko lepo estuaren bila.


Lepotik beheiti argazkian ezkerretik hasita ikusten den bigarren kanaletik sartu ginen Valleta Seca bakartian. Lehen zatian 40 gradu inguruko malda izanen du kanalak, baina segidan akitzen da eta haranaren sakoneraino malda zabalagoetatik jaitsiera ederra dago.


Bailararen sakonean zati zelaiago bat pasatuta poliki-poliki Encantats mendiak inguratuz joan ginen haien ipar aurpegiaren azpiko aldera pasatu arte. Jaitsiera bikaina izan zen, elurra akituko zela iduri zuen momentu guzietan bertze malda politak deskubritzen genituen aitzinean. Itzuli hau zentzu honetan egitea gomendatzen dut, Valleta Secako jaitsiera Monesterokoa baino aise hobea baita.


14:20 : Refugi Ernest Mallafre (1893m)
Aterperaino ailegatu ginen eskiatuz, uste baino beheitiago beraz. Bertan geldialdia zerbait jan eta edateko...


14:55 : Estany de Sant Maurici (1930m)
Geldialdiaren ondotik, presaka egin genuen lakurainokoa, 15:00etako taxia ez baikenuen galdu nahi. Interneten itzuli honen mendi eski erreferentzia guti harrapatu genituen, baina benetan merezi duela erraten ahal dugu, paisaia ikusgarria eta jaitsiera ona ditu!

BIDEOA: