2021/03/31

Auñamendi (2504m)

EGUNA: 2021/03/31

ABIAPUNTUA: Larra-Belagua eski zentroa - Contienda (1675m)

ZAILTASUNA:
S4. Azken maldak ematen dio eski zailtasuna. malda hori kenduta ibilbide etzana da.

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu. Bertara ailegatu baino lehen Larra-Belaguako eski pistetako Contienda sektorearen sarreran utziko dugu autoa.

KRONIKA:
1997ko urtarrila. Astelehen goiz bat zen eta bertze egunetan baino lehenago jeiki ginen eskolara joateko. Egun hartan ordea, ilunpetan hartu genuen autobusak ez gintuen klasera eramanen. Elur geruza ederrarekin ailegatu ginen Urzainkira. Han aterpetxean kokatu eta bertze autobus batek Mata de Hayako eski pistetara eramanen gintuen. Hura izan zen eski batzuk oinetan jarri nituen lehendabiziko eguna. Ipar eskiko eskiak ziren, baina eskiak azken finean. Erronkari ibarrean.

2009ko maiatza. Bailara berean ginen Maiatzaren Leheneko zubia aprobetxatuz eta hilaren hirugarren egunean San Martingo Harritik Auñamendi ikusgarria igotzeko baliatu genuen. Eguraldi bikaina lagun eta bide osoan alimaleko elur pilaketa harrapatuz zapaldu genuen gailurra, blog honetako lehena izanen zena.

2021eko martxoa. Aitzineko bi mugarriak garrantzitu bihurtu dira niretako urteak joan ahala. Nire lehen eski eguna eta nire lehendabiziko mendia Pirinioetan. Lehenetik bigarrenera 12 urte eta bigarrenetik orain arte bertze hainbertze. Bi mugarri haien uztarketa baten idurikoa izan da ateraldi hau, igotako lehen mendia eskiz igotzea dena hasi zen bailaran.

8:40 : Larra-Belagua eski zentroa - Contienda (1675m)
Zapaldutako ipar eskiko pistei esker autotik beretik atera ahal izan ginen eskiak paratuta. Udaberri honetako tenperatura altual ikusita ordea, gutxi gelditzen zaio inguruari eskiatu ahal izateko.


Bidearen lehn zatia eski pistetatik egin genuen eta laster batean bistaratu genuen lehen aldiz Auñamendiko piramide dotorea.


Arlas mendiaren azpiraino luzatzen dira pistak, bukaeraraino zeharkatu genituen guk.


Ondoren jada pistak gibelean utzi eta malda tenteagoetatik Arlasen ekialdean kokatua dagoen Pescamouko leporantz zuzendu ginen.


Lepora ailegatu gabe eta beti Auñamendiren erreferentzia lagun izanda, ekialderantz jo genuen malda etzanetatik.


Eguraldi ona genuen, tenperatura epela eta haizerik batere ez. Hala ere, Saharatik etorritako hareak zeruak lanbro gisako itxura izatea eragiten zuen. Gauzak horrela eguzkiari gehixeago kostako zitzaion elurra transformatzea.


Elurrik ez dagoelarik duen itxuratik gutxi du inguruak zuriz janzten delarik. Inguru karstiko zakarra leun eta erraz bilakatzen da.


Auñamendirako bide normaleko punturik ezagunena den hau zeharkatu genuen eta bertatik metro batzuk galduko genituen hego-mendebaldeko maldaren azpian kokatu arte.


Auñamendi eta Countende mendiak dotore ageri ziren puntu horretatik.


Behin azken maldaren azpira ailegatuta berau igotzeari ekin genion. Tente jartzen da azken malda hau, 40 gradu hartzeraino eta aunitzetan elurra gogor egoten da.


Guk zatitxo bat eskien gainean egin ondotik, kranpoiak jarri eta eskiak bizkarrean segitzea erabaki genuen.


Hala, aparteko zailtasunik gabe igo genuen malda tentea sasigailur panoramikora ailegatzeko. Bertatik metro gutxi batzuetan kaskoan ginen...


11:28 : Auñamendi (2504m)

Hirugarrenez nintzen euskal mendizaleendako hain erranguratsua den tontor honetan. 

Billare eta Lescun inguruak ikusgarriak dira gailurretik...


Hegoaldean Hiru Erregeen Mahaia...


Aretteko eski estazioa eta Arlas mendia...


Gailurreko argazki bat jaitsi baino lehen...


Jaitsiera elur aldakorra izan genuen. Gaineko zatian elur gutxi eta arrasto aunitzekin, beheitiraxeago udaberriko elur goxoa eta azpiko zatian elur pisua...

 

13:10 : Larra-Belagua eski zentroa - Contienda (1675m)

Lau ordu eta erdi eskasean burutu genuen ibilaldia, lanera sartu baino lehen Juan Piton zerbait jan eta hartzeko astia izanik.


BIDEOA:

2021/03/29

Auza (1306m), Antxola (1119m)

EGUNA: 2021/03/28

ABIAPUNTUA: Otondoko borda  - Iñarbegi (600m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:

  • Igoera (Antxolatik) : Ordu eta erdi
  • Jaitsiera (Mazatik): Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Erratzutik Baigorrira doan errepidea hartu behar da, baina herritik atera orduko eskuinetara Iñarbil auzora igotzen denari segituko diogu.Auzora ailegatzean lehen etxeak pasatuta eskuinetara ateratzen den errepide estu bat hartu behar da Iñarbegi auzoraino. Bertara ailegatzean, malda beheiti hasi orduko ezkerretara ateratzen den zementuzko bidea segituko dugu baserri baten ondoan akitzen den arte. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urtarrilean elurtutako gure mendietan gozatu handiak hartu ondotik, bazen ordua Auzari bertze bisitatxo bat emateko eta kasu honetan, elurrik izan ez arren ilargiak eta eguzkia ateratzen kaskotik ikusteak eman diote bere puntua ibilaldiari. Itzulia hegoaldeko zirkua inguratuz egin dugu, Sakanako bizkar zabaletik igoz eta Mazakotik jaitsiz.

6:06 : Otondoko borda (600m)
Ordu txikietan paratu dugu hitzordua eta autoz egin dugu Iñarbegirainokoa. Gau ilunean abiatu gara Otondoko bordatik...



Zorionez ilargi kasik betea lagun izan dugu bide osoan eta kopetako argirik gabe igo gara, basoko animalien soinuez gozatuz.


Berezia da ilargiaren argitan mendian ibiltzea. Gure izatearen oinarrietara jotzea bezalakoa... Pago artean ilargiak paisaia misteriotsuak utzi dizkigu.


Antxola mendiaren azken maldetan ostertzean argia ikusten hasi gara. Honako hauek gosaltzen harrapatu ditugu goiz izan arren.


7:06 : Antxola (1119m)
Urtarrilean Iñarbegi Ski Resort izenarekin bataiatu genuen igoera guzia gauez egin dugu eta ustekabean plantatu gara Antxola gainean. Auzaren itzala parez pare ikusi dugu hemendik.


Azken zatian haize izan dugu lagun (edo etsai) inguru honetan ohikoa den bezala. Azken metroetan jadanik egunaren lehen argiak nabariak ziren...


7:43 : Auza (1306m)
Gauez errazago irabazten dira metroak, edo sentsazioa hori da behintzat. Ilargia zeruan zegoen oraindik gailurra harrapatu dugularik.


Tarte batean egon gara eguzkia ateratzeko zain eta Garaziko ibarraren gibeletik egin du bere agerraldia.


Auzako oroigarri famatua eguzkiaren lehen argitan...


Egunsenti ederraren ondotik handik joateko momentua ailegatu da. Hotz ari zuen kaskoan. Beheiti Erratzu aldera jaisten den ipar-mendebaldeko bizkarretik hasi gara jaisten.


Gailur ondoko pasabide harritsua zeharkatu dugu...


...eta zeharkatu bezain fite bizkarra utzi eta ezkerretara biratu gara.


Mazako bizkar zabalera jaisten den ertza hartu dugu. Lehen zatian estu samarra eta harritsua da, baina ez du inolako zailtasunik. Aitzinago pareta bertikal bat ekialdetik inguratu behar da.


Irudian ikusten dena da inguratu behar den pareta. Hortik zuzenean jaisteko sokak beharko lirateke. Ez da bide arras markatu, baina erne ibilita ongi segitzen da harri mukuru batzuk lagun.


Zati bertikalena akituta Mazako bizkar zabaletik jaitsi gara. Larre ederra da Mazakoa. Behin zeharkatuta garai batean harriak ustiatzeko egin zuten pista zaharretik segitu dugu jaisten.


Pista pixka batean segituta arbola arteko malda tente honetatik zuzenean jaitsi gara Otondoko bordara.


9:02 : Otondoko borda - Iñarbegi (600m)
Hiru orduren buruan berriz ere hasmentako puntuan ginen, mendiak, ilargiak eta eguzkiak eskainitako ikuskizun ederraz gozatuta.



 

2021/03/25

Canal Roya (2347m), Peña Blanca (2365m)

EGUNA: 2021/03/24

ABIAPUNTUA: Cabane de l'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Cabane de l'Araille - Canal Roya : 2 ordu
  • Canal Roya - Peña Blanca (gandorretik): Ordubete
  • Peña Blanca - Cabane de l'Araille : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Lepora ailegatu baino kilometro bat fiteago utziko dugu ibilgailua, bide bazterreko aparkalekuan.

Soques inguruak Portaleteko errepidetik


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc



KRONIKA:
Badira sektore batzuk mendi eskirako arras klasikoak direnak. Horietako bat da zalantzarik gabe Portalet ingurua. Mendi etzanak, abiapuntu altua, desnibel txikiak... Klasiko bilakatzeko osagai guziak elkartzen dira. Eta hori guzia Midi handiaren bertikaltasunak apaindurik. Klasiko izateak ordea bere ordaina du eta inguru honetan nekez harrapatuko ditugu mendian hainbertze eskertzen diren bakardadea eta lasasitasuna. Astetartez joaten ez bagara behintzat...

Ossau la nuit...


8:35 : Cabane de l'Araille (1725m)
Eguraldi bikainarekin eman zigun ongi etorria asteazken buruzuriak Aneouko zirkuan. Inguru honetan ohikoa den bezala autotik beretik abiatuko ginen eskiak oinetan genituela.


Metro batzuk galdu, zubia zeharkatu eta zirkuan barneratu ginen lautada zabaletatik.


Lehen zato honetatik Peña Blancatik beheiti jaitsiko genituen malda politak ikusgai genituen. Argazkiaren eskuinean ikusten den Pene de la Glereko orratzaren azpiko maldek goizean goizetik hartzen dituzte eguzki izpiak eta bertako elur goxoa baliatuko genuen ordu batzuk geroxeago.


Igoera ordea Canal Royatik bertara luzatzen gandorretik eginen genuen eta horretarako lehenik Canal Roya igo behar genuen malda etzanetatik.


Plaa de la Gradillereko lautadak zeharkatuta azken metroetan malda tenteago jartzen bada ere, mendi eskirako gailur errazenetariko da Canal Roya.


Gure gainean ezkerretara utziko genuen pixka bat geroago zapalduko genuen Peña Blancako gailurra.


Altuera irabazi ahala gibelean ere ezagun zahar batzuk agertzen hasiak ziren: Palas, Arriel eta Balaitusek osatzen duten hiruki berezia.


10:05 : Col de Houer (2245m)
Malda errazetatik harrapatu genuen Houerreko lepo zabala. Bertatik eguneko lehen tontorra eskura genuen...


100 bat metroko malda etzana gainditu behar da Canal Royara Houerretik. Midi d'Ossau et Peyreget mendiek marko zoragarria osatzen dute iparraldera.


10:20 : Canal Roya (2347m)
Bi ordu azpitik egin genuen mendi ezagun honen gailurrerainokoa eta arraroa baldin bada ere ez genuen inor ikusi bide osoan.


Lecherin, Aspe, Llena de Garganta, Llena del Bozo, Bisaurin eta enparauak Canal Royatik...


Eskiak motxilan paratu eta kranpoi eta pioletaren laguntzarekin utzi genuen tontorra Peña Blancarako gandorra zeharkatzeko.


Argazkiab ikusten den bezala gandor erraza da, zabala eta gehiena eskiz zeharkatzen ahal da. Hala ere pausuren bat edo bertze estuagoak dira eta oinez erosoago eginen genuela erabaki genuen.


Metro gutxi batzuk galdu eta gandorreko kota batzuk gainditu behar dira.


Ibilbide ikusgarria da, ikuspegi zoragarria eskaintzen duena, arras gomendagarria!



Peña Blancaren sasigailurrera ailegatzeko igo behar den azken zatian ertza pixka bat estutzen da. Hori da ibilbideko punturik ikusgarriena.


Sasigailurretik oraindik lepotxo batera jaitsi behar da benetako kaskora ailegatzeko.


Sasigailurra gibelean utzi eta azken metroetan...


Azken metro hauetan ere pixka bat estutzen da ertza, baina arras erraza da.


11:21 : Peña Blanca (2365m)
Gailur estu samarra da Peña Blancakoa eta argazki gutxi batzuk aterata pixka bat jaitsi ginen jaitsierarako prestatzeko.


Eguzkitan tenperatura bikainarekin geldialditxoa egin genuen inguruaz gozatzeko.

Picos del Infierno, Garmo Negro, Algas eta Argualas inguruak gailurretik...


Hegoaldera Canal Royako bailara hetsiz Anayet inguruak...


Jaitsiko genituen maldak eta urrunean Balaitus, Palas, Arriel, Lurien...


Egonaldi luzearen ondotik jaitsieran jadanik transformatuta zegoen elurra harrapatu genuen malda eguzkitsuenak bilatuz. Espero baino elur hobea izan genuen egia erran eta motz samar gelditu zitzaigun beheitirakoa.


12:41 : Cabane de l'Araille (1725m)
Eski gogoa pixka bat asetzeko balio izan zigun goiz-pasak. Trasteak bildu eta herrira ziztu bizian, arratsaldean lana tokatzen baitzen...

 

BIDEOA: