2021/03/29

Auza (1306m), Antxola (1119m)

EGUNA: 2021/03/28

ABIAPUNTUA: Otondoko borda  - Iñarbegi (600m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:

  • Igoera (Antxolatik) : Ordu eta erdi
  • Jaitsiera (Mazatik): Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Erratzutik Baigorrira doan errepidea hartu behar da, baina herritik atera orduko eskuinetara Iñarbil auzora igotzen denari segituko diogu.Auzora ailegatzean lehen etxeak pasatuta eskuinetara ateratzen den errepide estu bat hartu behar da Iñarbegi auzoraino. Bertara ailegatzean, malda beheiti hasi orduko ezkerretara ateratzen den zementuzko bidea segituko dugu baserri baten ondoan akitzen den arte. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urtarrilean elurtutako gure mendietan gozatu handiak hartu ondotik, bazen ordua Auzari bertze bisitatxo bat emateko eta kasu honetan, elurrik izan ez arren ilargiak eta eguzkia ateratzen kaskotik ikusteak eman diote bere puntua ibilaldiari. Itzulia hegoaldeko zirkua inguratuz egin dugu, Sakanako bizkar zabaletik igoz eta Mazakotik jaitsiz.

6:06 : Otondoko borda (600m)
Ordu txikietan paratu dugu hitzordua eta autoz egin dugu Iñarbegirainokoa. Gau ilunean abiatu gara Otondoko bordatik...



Zorionez ilargi kasik betea lagun izan dugu bide osoan eta kopetako argirik gabe igo gara, basoko animalien soinuez gozatuz.


Berezia da ilargiaren argitan mendian ibiltzea. Gure izatearen oinarrietara jotzea bezalakoa... Pago artean ilargiak paisaia misteriotsuak utzi dizkigu.


Antxola mendiaren azken maldetan ostertzean argia ikusten hasi gara. Honako hauek gosaltzen harrapatu ditugu goiz izan arren.


7:06 : Antxola (1119m)
Urtarrilean Iñarbegi Ski Resort izenarekin bataiatu genuen igoera guzia gauez egin dugu eta ustekabean plantatu gara Antxola gainean. Auzaren itzala parez pare ikusi dugu hemendik.


Azken zatian haize izan dugu lagun (edo etsai) inguru honetan ohikoa den bezala. Azken metroetan jadanik egunaren lehen argiak nabariak ziren...


7:43 : Auza (1306m)
Gauez errazago irabazten dira metroak, edo sentsazioa hori da behintzat. Ilargia zeruan zegoen oraindik gailurra harrapatu dugularik.


Tarte batean egon gara eguzkia ateratzeko zain eta Garaziko ibarraren gibeletik egin du bere agerraldia.


Auzako oroigarri famatua eguzkiaren lehen argitan...


Egunsenti ederraren ondotik handik joateko momentua ailegatu da. Hotz ari zuen kaskoan. Beheiti Erratzu aldera jaisten den ipar-mendebaldeko bizkarretik hasi gara jaisten.


Gailur ondoko pasabide harritsua zeharkatu dugu...


...eta zeharkatu bezain fite bizkarra utzi eta ezkerretara biratu gara.


Mazako bizkar zabalera jaisten den ertza hartu dugu. Lehen zatian estu samarra eta harritsua da, baina ez du inolako zailtasunik. Aitzinago pareta bertikal bat ekialdetik inguratu behar da.


Irudian ikusten dena da inguratu behar den pareta. Hortik zuzenean jaisteko sokak beharko lirateke. Ez da bide arras markatu, baina erne ibilita ongi segitzen da harri mukuru batzuk lagun.


Zati bertikalena akituta Mazako bizkar zabaletik jaitsi gara. Larre ederra da Mazakoa. Behin zeharkatuta garai batean harriak ustiatzeko egin zuten pista zaharretik segitu dugu jaisten.


Pista pixka batean segituta arbola arteko malda tente honetatik zuzenean jaitsi gara Otondoko bordara.


9:02 : Otondoko borda - Iñarbegi (600m)
Hiru orduren buruan berriz ere hasmentako puntuan ginen, mendiak, ilargiak eta eguzkiak eskainitako ikuskizun ederraz gozatuta.



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina