2011/02/12

Salvaguardia (2738m)

EGUNA: 2011/02/12

IRTEERA: Hospital de Benasque baino lehenagoko aparkalekua (Benasque).

ZAILTASUNA: Nahiko errexa (F+). Udan ez dauka inongo zailtasunik, baina neguan azken zatia arriskutsua izan daiteke inklinazioa dela eta. Puntu batzuetan eskuen laguntza beharrezkoa da aurreratzeko.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORA: 3h 35min (Igoera)

NOLA IRITSI: Iruñeatik Jacara joan behar da, hemendik Formigal eski estazioko norabidea hartu ondoren eta Biescasen Ordesa aldera biratu ondoren, errepide hau segituko dugu Ainsa herrira iritsi arte. Ainsatik Benasquera joan behar da. Behin herri honetara iritsita, herria zeharkatu eta Hospital de Benasquera igotzen den errepidea hartuko dugu. hona iritsi baino lehen aparkaleku bat ikusiko dugu. Hemen uzten da autoa neguan.

SARRERA: 
Salvaguardia, mendi polita, Maladetako mazizoaren begiratoki aparta da. Aneto eta abarretako masifikaziotik hurbil, baina neguan behintzat igoera lasaia eta bakartia eskaintzen du. Azken zatia arriskutsua izan daiteke elur askorekin, elur jausiak direla eta. Benasquetik igotzen den bideaz gain, Luchongo Hospice de Francetik ere bertze bide ezagun bat igotzen da Venasque aterpetik pasatuz eta Port de Venasque ezaguna zeharkatuz.

DESKRIBAPENA:
Asteburu pasa Benasquera joatea erabaki genuen eguraldi ederra iragarrita egonda eta zonaldea ezagutzen ez genuela eta. Bertara joanda, Aneto igotzen saiatzea zen asmoa, baina ostiralean berandu iritsiko ginen Benasquera eta ez zigun denborarik ematen La Renclusa aterpera joateko. Beraz, ostiral gauean Benasquen lo egin eta larunbatean Salvaguardiara igotzen saiatzea erabaki genuen. 
Zazpietan ernatu gine eta gosaldu ondoren, zortzietarako aparkalekuan geunden. Motxilak prestatu eta gora!

0h 00min: Hospital de Benasque baino lehenagoko aparkalekua (1740m)
salvaguardiako gailurra begibistan genuela, zortziak eta hamarrean abiatu ginen gogotsu.




Lehenengo, errepidetik Hospital de Benasquera joan ginen.


0h 08min: Hospital de Benasque (1760m)
Segidan ailegatu ginen orain hiru izarreko hotel polita den eraikuntza honetara.


Hotelaren ondoan, seinale kurioso hau utzi genuen ezkerretara.


Hotelaren atzetik fondoko eski pistetan barrena, lautada bat zeharkatu genuen, irudiko seinalera iristeko. Seinale honetan, eskuin biratu behar da La Renckusako aterpe aldera joateko eta zuzen segitu Port de Venasque lepora. Guk zuzen segitu genuen.


Puntu honetatik aurrera goraka egiten zuen bideak.


Peña Blancako kanalaren eskuinetik, zigzagean doan bidexkatik igo ginen.


Momentu batzutan malda oso tentea zen.


Peña Blancako kotara ailegatzen.


Hospital de Benasque jadanik oso behean gelditzen zen.


1h 27min: Peña Blanca (2305m)
Malda gaindituta kota honetara ailegatu ginen, lautadatxo baten erdian dagoena. Atzekaldean Maladetako mazizoaren ikuspegi paregabea genuen.


Cabelluteko etxeen hondakinak dauden lautadatxoan, ezkerretara biratu ginen, aldapa tentetik Salvaguardia aristaraino.


Hasieran elurrezko malda tenteak igoz...



...eta tarteka belardi aldapatsuetan eskuekin lagunduz.


Belarrez eta harriz osatutako tarte hau gaindituta arista edo ertzera atera ginen.


Ertza dotore zegoen elurrarekin.


Eta Aneto eta konpainia are dotoreago.


Elurra baldintza honetan zegoen eta horrek ertzetik ibiltzea errazten zuen. Irudian, egun horretan gurekin batera gailurra zapaldu zuten bi aragoitarrak ertzean.


Eta gailurrera ailegatzen.


3h 35min: Salvaguardia edo Tuca de Cabellut (2738m)
Azken zatia kontu handiz igo ondoren gailur ederra zapaldu genuen.


Nahiz eta otsaila izan tenperatura goxoa zegoen gailurrean. Hala ere, berandutzen hasi baino lehen azken zatia berriro jaistea erabaki genuen, elurraren baldintza onak aprobetxatzeko.


Anetoko mendigunea.


Berriro Casa Cabelluteko lautadara helduta atsedenaldi bat hartu genuen eta zerbait jateko aprobetxatu.


Jaitsiera, igotako tokitik egin ordez, Plan d'Estan aldera egin genuen.


Plan d'Estanera jaisten.


Paraje zoragarria atzean utzi eta marka txuri-gorriak jarraituz Hospital de Benasquerako bidea hartu genuen berriz.


Plan d'Estanera ailegatzen.


7h 00min: Hospital de Benasque (1760m)
Puntu honetan, berriro errepidetik aparkalekura itzuli eta ibilaldi polit hau bukatutzat eman genuen. Ea laister itzultzen ahal garen Benasque aldera.