2015/09/06

Billare (2318m)

EGUNA: 2015/09/06


IRTEERA: Plateau de Sanchese (1081m)


ZAILTASUNA:
Erreza (F+). Gailurraren mendebaldeko ertza ez da zaila baina bai aereoa.  Hiru puntu garrantzitsu ditu:
- Lehena, ertzera igotzeko pasatu behar den tximinia (I). Bertikala da, baina helduleku anitz ditu eta ez du esposizioerik.
- Bigarrena, sasigailurra eta gailurraren arteko bretxa (I). Helduleku onak ditu, baina erorketa handia ere bai bi aldeetara.
- Hirugarrena, gailur nagusitik ekialdeko puntara joateko pasa behar den bretxan dagoen Pas de l'Isard pausua (I). Erorketa pixkat du iparraldera.


DENBORAK:
  • Plateau de Sanchese - Billare (Anayetik) : 2 ordu eta erdi
  • Billare - Billare SE : 15 minutu
  • Billare - Plateau de Sanchese (Lac de Lhursetik) : 3 ordu

NOLA IRITSI:
Plateau de Sanchese Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Plateau de Sanchesera gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu. Herria zeharkatu eta lehenik errepidetxo batetik eta gero pista batetik aparkalekura ailegatuko gara.

Lescun, Billare mendiak gibelean dituela (2013ko abenduan)


DESKRIBAPENA:
Aspalditik nituen Lescungo zirkuko nagusia den Billare mendia bisitatzeko. Ez da mendi ezagunegia. Alde batetik bere auzokoek baino altuera gutxixeago duelako eta bertzetik hauek baino zailxeagoa delako.

8:30 : Plateau de Sanchese (1081m).
Sancheseko lautadatxo ederrean gaua pasata, Breque eta Billare mendien artean dagoen bidexka hartu genuen. Billare mendia lainotxo batzuk estaltzen zuten.


Erreka zubitxo batetik gurutzatu eta gora. Gibelean Breque mendia, ederra eta ezezaguna.


Bidea hasieratik bukaerara malda handikoa. Hasieratik azkar irabazten dira metroak eta ikuspegi ederra eskaintzen du.


Sancheseko lautada segidan gelditzen arras behean.


Hasierako tarte hau pagadi eder batetik egiten da zatirik gehienean.


Soilune batek geroago igoko dugun malda erakutsi zigun momentu batez, ezkerretara.


9:19 : Cayolars d'Anaye (1513m).
Oihana akitu eta Anayeko bailaratxoan sartu ginen. Bertan gure ezkerretara Billare menditik eroritako harri multzoa ikusi genuen. Bidea hor ondotik doa. Harri maldaren azpira joan ginen hitoei eta bidexka bati segika. Ondotik, harriak hasten diren tokian, hitoei segitu eta belarditik igotzen den bidexka bat aurkitu behar da.


Anayeko etxoletan mugimendua dabil.


Bideak atsedenik gabe egiten du maldatzarrean goiti. Erne ibili behar da ez galtzeko, ez baita batere garbia puntu batzutan. Auñamendi zaindari izan genuen momentu guztian.


Argazkian goitian ikusten den eguzkitan dagoen lepotxo berdean bukatzen zen gure tortura, ia 800 metroko desnibela gainditzen du malda metro guttitan.


Auñemendi gure gibelean.


Azken metroak lepora ailegatzeko.


10:40 : Col IGN 2033 (2033m).
Ederki kostata ailegatu ginen izenik gabeko lepotxora. IGNren mapetan 2033 metrora agertzen den lepotxoa da. Eguzkiak emen zigun ongi etorria bertan eta ederki eskertu genuen goiza freskoa baitzen, izotza eta guzti. Lepoaren bertze aldean ikuspegi ederra. Lhurseko lakua lainoak estaltzen zigun eta baita ia bere gainean dagoen Dec de lhurs mendia ere. Lepoan arnasa hartu eta ezkerretara biratu ginen Billareren mendebaldeko ertzaren bila. Zatirik gogorrena eginda genuen, hortik aitzinera ikusgarriena eta politena hasten zen.


Lehen metroak bizkar berdetik egin genituen bidexkari eta harri mukuruei segika.


Horrela ailegatu ginen ertza hasten den lepotxora. Hemen belarra utzi eta harriaren unibertsoan sartu ginen bete-betean.


Ongi etorria emateko tximinia erraz bat.


Hori gaindituta ertz zati ttiki bat eta bertze tximinia bertikal batek ertz nagusian utzi gintuen. Hasieran aipatu bezala ez da ertz zaila, baina bai aereoa eta puntu klabe pare bat ditu. Sarrerako tximinia eta bretxa ttiki bat. Alde bakoitzera 1000 metro inguruko erorketa du ertzak, beraz nahiz eta erraza izan kontuz!


11:00 : Billare (2318m).
Ertza gaindituta Billareko gailur nagusia zapaldu genuen.  Urrunago ekialdeko gailurra ikusten da. Ia gelditu gabe bertara segitu genuen, apalxeagoa izan arren bista ederragoak baititu.


Bi gailurren artean Pas de l'Isard pausua dago. Erraza da, baina aereo xamarra eta kontuz ibili beharrekoa hau ere. Ekialdeko gailurrera ailegatzen gibelean gailur nagusia eta Hiru Erregeen Mahaia genituela.


11:12 : Billare SE (2309m).
Bikaina da Billareren ekialdeko gailurretik dagoen ikuspegia.


Hor izan ginenaren froga bat...


...eta bi.


Billare Ttikia hurbil baina urrun, bretxa sakon batek bereizten gaitu beregandik. 1500 metro beheitiago Lescungo belardi berdeak eta parean Pirinioak Midi nagusi dela.


Iparraldean Auñamendi eta Frantziako lautadak.


Disfrutatzen...


Billareko gailur nagusia, Hiru Erregeen Mahaia, Table, Petretxema...ekialdeko gailurretik.


Hasieran erran bezala ez da mendi ezagunegia. Iraileko igande eguzkitsu batean bakarrik geunden gailurrean eta bide osoan zehar ere pertsona bakarra aurkituko genuen. ezin da gauza bera erran Hiru Erregeen Mahaiari buruz, gailurrean jendetza ageri zen.


Baita Auñamendin ere...


Ekialdeko gailurra agurtu eta beherakoarik ekin genion.


Gailur nagusia eta erdiko bretxa. Hor dago Pas de l'Isard deitutako pausua.


Ekialdeko gailurra eta gailur nagusia lotzen dituen bidea. Zirkuluan pausurik zailena dago.


Gailur nagusia utzi eta beheiti abiatu ginen.


Ertzean berriz gozatuz...



Ertzaren hasierako lepora itzuli ginenean, igoerako bidetik jaitsi ordez hegoaldeko Lhurseko lakura jaistea erabaki genuen. Biderik gabeko malda bat jaitsi genuen horretarako. Malda handikoa eta oso deserosoa zen jaitsitako zatia, baita arriskutsua ere zati batzutan. .Ez da gomendagarria hortik jaistea,


Dec de Lhurs mendia eta Lhurs lakua, lakutik hurbil jadanik.


13:35 : Lac de Lhurs (1691m).
Ia ordubetez maldatzarra gaindituta lakura ailegatu ginen.


Tarte bat hartu genuen bertan atseden hartzeko eta jateko.


Laku ondoan dagoen artzain etxola.


Tartetxo bat pasata beheiti abiatu ginen, oraingoan bidexka erosotik.


Lescun oraindik arras behean.


Dec de Lhurs lainotuta. Poliki-poliki lainoak sartzen hasi ziren baina egin beharrekoak eginda genituen jadanik.


Azken metroak pistatik...


...Lescungo paraje ederrez gozatuz.


15:44 : Plateau de Sanchese (1081m).
Ordu batzuk lehenago abiatutako leku berean itxi genuen ibilbide zirkularra, Pic de la Breque mendiaren oinean.


BIDEOA: