Orriak

2026/04/27

Vanoiseko glaziarren zeharkaldia: Dome de Polset (3499m), Pointe de l'Observatoire (3013m) eta Dome de Chasseforet (3586m)

EGUNAK: 2026/04/03-07

ABIAPUNTUA: Val Thorens - Moraine telekabina (2810m)

AMAIERA: Champagny le Haut (1473m)

ZAILTASUNA: 
S3. Teknikoki ez da ibilbide zaila, baina glaziar aunitz zeharkatzen dira eta hauetan egoera aldatzen ahal da urte batetik bertzera.

GARRAIOA:
Hasmenta eta akabaila leku desberdinetan izanda, garraioa lotu behar da autoa errekuperatzeko. Guk Moutiers herrian utzi genuen autoa eta bertatik Val Thorens eski estaziora igaten den autobusa hartu. Val Thorensen 28 euro pagatuta Forfait Randonnee izenekoa erosi genuen. Deux Lacs eta Moraine telekabinak hartuta 2800 metroraino iganen ginen horrela. Bertan hasi genuen zeharkaldia.
Akitu, berriz, Champagny le Haut auzoan egin genuen. Champagny-en-Vanoise herriko auzoa da. Bertatik herrira jaisteko debalde diren autobusak daude. Web orrialde honetan ikusten ahal dira ordutegiak: 
Champagny-em-Vanoise herritik Moutiers herrira, berriz, bertze autobus bat hartuko genuen. https://www.altibus.com/ orrialdean erosi genituen lehen eta azken autobusaren tiketak.

KRONIKA:
Udaberriko oporren atarian eta eguraldi iragarpen onak ikusita, Alpeetara joateko ideia piztu zitzaigun. Bertan aterpez aterpe zeharkaldiak egiteko garai bikaina da udaberria eta horrelako bat egitea erabaki genuen. Buruan aspalditik aukera batzuk banituen (Vanoise ingurua, Ecrins, Thabor aldea...), baina lehenaren aldeko apustua egin genuen. Aterpeak erreserbatu, ibilbidea diseinatu eta Alpeetarantz abiatu ginen...

2026/04/03
1. ETAPA : VAL THORENS -  REFUGE DE PECLET-POLSET
Powered by Wikiloc

10:22 : Val Thorens - Moraine telekabina (2810m)
Goizeko zortzietako autobusean igan ginen Moutiersetik Val Thorensera. Forfaita erosi, kafe garesti bat hartu eta bi telekabinak hartuta di-da batean 2800 metrotan plantatu ginen. Foka-larruak paratu eta gure abenturari ekin genion.


Arrasto nabarmenetik hego-ekialderantz egin genuen, bailaratto gisako bat iganez.


Aitzineko egunetan botatako elur hautsa arrastoz estalia zegoen zati honetan eta zatiren batean elurra nahiko gogor harrapatu genuen.


Bailaratxotik leku irekiago batera atera ginen. Puntu honetan ezkerretara biratu (iparralderantz) eta zeharkaldiko lehen glaziarrean sartu ginen: Chaviere glaziarrean.


Gure gibelean Thorens lepoa eta Boucheteko orratz eta puntak utzi genituen.


Malda tenteago bat igan eta zati lau bat zeharkatuta eskuinetara genuen lepo nabarmenera zuzendu ginen. Gebroulazeko lepoa zen, zeharkatuko genuen lehendabizikoa.


Leporako azken malda pixka bar tentetu egiten da, baina arrastotik zailtasunik gabe gaindituko genuen. Gure gibelean urrunean Ecrinseko mendigunea hasi zen agertzen, Barre des Ecrins eta Meije mendi ezagunekin.


12:02: Col de Gebroulaz (3417m)
Ordu eta erdi eskasean lehen lepoan ginen.


Parean Grande Casse mendia ikusten zen puntu honetatik. Vanoiseko mendirik altuena da.


Eta urrunago Mont Blanc ere bai. Honek ez du aurkezpenik behar.


Puntu honetatik ezkerretara lehen gaua pasatuko genuen aterpe aldera jaisteko aukera genuen, baina plana mendi batera igatea zen. Horretarako Aiguille de Polset mendiaren azpitik zeharkaldia egin eta Dome de Polsetera zuzendu ginen.


Argazkian ikusten den mendi borobildua da Dome de Polset. Aiguille de Polseten zeharkaldiaren azken zatian zati deserosoago bat gainditu behar da haren azpira ailegatzeko.


Behin Aiguille de Polset gibelean utzita, zailtasunik gabeko malda zabaletatik kaskora segituko genuen.


Eskiak zangoetan genituela arazorik gabe harrapatuko genuen gaina.


12:44 : Dome de Polset (3499m)
Zeharkaldiko lehen gailurra zapaldu genuen horrela. Egun eguzkitsua genuen, baina kaskoan haize fina zebilen. Argazki batzuk eta lehen jaitsierarako prestatuko ginen.


Iparralderantz egin genuen lehen jaitsiera, Gebroulazeko glaziar ederrean beheiti.


Zati bat jaitsita, bi aukera daude beheiti segitzeko. Erdian dagoen bizkar harritsu batek glaziarra bitan zatitzen du. Gu eskuineko aldetik pasatuko ginen, arrastoei segituz. Ezkerretatik ere joateko aukera badago, baina glaziarrak serak gehiago ditu.


Lehen jaitsiera honetan kristoren kalitateko elur hautsa harrapatu genuen. Arrasto batzuk baziren, baina maldak hain dira zabalak, non gure bide propioa egiteko aukera bagenuen momentu oro.


Eskuinetara eginez glaziarretik atera eta honen urtzeak sortutako lakutxo batzuk dauden zelaira jaitsi ginen. Bertatik eskuinetara biratu eta Lac Blanc laku aldera jaitsiko ginen.


Malda tenteagoak genituen Blanc lakurantz jaisteko, kasu honetan udaberriko elurrarekin.


13:29 : Lac Blanc (2335m)
Puntu honetan berriz fokak paratu beharko genituen lakutik atera eta bizkar batetik aterpera ailegatzeko. Paraje zoragarria da, zeharkaldi osoko ederrenetarikoa nire ustez.


Hego-ekialderantz beti arrastoari segituz bizkar horretara igan eta aterpera ailegatuko ginen.


Parean biharamunean zeharkatuko genuen ertz ageri zen.


Bizkarretik jaitsiera motz eta lehen aterpean ginen.


14:05 : Refuge de Peclet-Polset (2479m)
Val Thorenseko telekabinari esker, etapa nahiko motza gelditu zitzaigun eta garaiz ailegatu ginen aterpera. Gauzak kanpoan idortzen utzi eta tortilla bana jan genuen bazkaltzeko.


Giro ederreko aterpea da lehen hau. Instalazio txukunak eta janari paregabea! Gainera, lo egiteko gela guretako bakarrik izanen genuen eta hori beti da eskertzeko aterpe batean. 


2026/04/04
2. ETAPA : REFUGE DE PECLET POLSET - REFUGE DU FOND D'AUSSOIS
Powered by Wikiloc

8:18 : Refuge de Peclet-Polset (2479m)
Zeharkaldiko bigarren eguna eguraldi bikainarekin ernatu zen. Gosaria, motxilak prestatu eta aterpetik abiatu ginen.


Hego-ekialdera eginez, metro batzuk galdu behar izan genituen bailarara jaisteko.

 
Ondotik Pointe de l'Echelle mendiaren azpiko zirkutxoan barneratu ginen.
 
 
Gibelera begiratuta, gaua pasatutako Peclet-Polset aterpea elurrezko unibertsoan urruntzen ikusten genuen.
 
 
Arrasto erosotik metroak aise irabaziko genituen inguru ospel honetan.
 
 
Aterabiderik ez duela ematen du zirkuak...
 
 
...baina goitiko partean korridore batek mendiaren iparraldeko ertza zeharkatzeko arrakala batera igateko aukera ematen du.
 
 
Ahalik eta gehien eskiz igan ginen...
 
 
Baina azken 100 metroetan 45 gradu inguruko malda hartzen du korridoreak eta oinez igan behar izan genuen. Arrasto ona zegoen eta beraz kranpoirik paratu gabe gainditu ahal izan genuen.
 
 
9:58 : Breche de la Croix de la Rue (2885m)
Azken metroetan pixka bat etzaten da korridorea eta harkaitz artean pasabide polita marrazten du.
 
 
Eguzki epelak hartu gintuen arrakalaren bertze aldean. Atsedenaldi bat egin, fokak kendu eta eguneko lehen jaitsierari ekin genion. Berez puntu honetatik beheiti eginez gero aterpera ailegatuko ginen, baina goiz zen oraindik eta argazkian urrunen ikusten den mendia igatea erabaki genuen: Pointe de l'Observatoire. Bertara ailegatzeko metro batzuk eskiatu eta ekialdeko orientaziodun maldetan diagonal luzea eginen genuen.
 
 
Inguru honetatik bigarren aterpea kokatua zegoen bailara eta biharmunean pasatu beharko genuen Labby lepoa ikusten genituen, baita bertara ailegatzeko igan beharreko malda guzia ere.
 
 
Erran bezala, metro batzuk eskiatu eta berriz fokak paratuta zeharkaldiari ekin genion.
 
 
Gibelean utzi genituen Pointe de l'Echelle eta zeharkatu berri genuen ertza.
 
 
Azken metroak tenteagoak dira, baina arazorik gabe kaskoraino eskien gainean ailegatuko ginen. Kaskora ailegatzean Pralognan-la-Vanoise herrirako ikuspegi ederra izan genuen.
 
 
11:28 : Pointe de l'Observatoire (3013m)
Kaskoan bakar-bakarrik egoteko aukera izan genuen, lasai ederrean jan-edanean.
 
 
Ondotik hegoaldeko malda politak genituen eskiatzeko, udaberriko elur goxoarekin.
 
 
Hegoalderantz, bailararen sakonean dagoen Fond d'Aussois izeneko aterperaino eskiatuko genuen.
 
 
12:26 : Refuge du Fond d'Aussois (2346m)
Horraino bigarren etaparenak. Egun guzietan eginen genuen errutinari ekinen genion arratsaldean: tortilla goxoa bazkaldu, gauzak idortu... Lehen aterpea ez bezala, honakoa jendez betea zegoen eta estu samar ibili ginen afaltzeko orduan. Logela ere betea genuen, baina leku ona tokatu zitzaigun eta beraz ongi hartu ahal izan genuen atseden.
 
 
2026/04/05
3. ETAPA : REFUGE DU FOND D'AUSSOIS - REFUGE DE L'ARPONT 
Powered by Wikiloc

7:48 : Refuge du Fond d'Aussois (2346m)
Presa handiegirik gabe ekin genion orduan arteko etaparik gogorrena zenari. Aterpetik iparralderantz abiatu ginen Labbyko leporainoko 1000 metroko desnibela gainditzeko.
 
 
Egunsentia aterpea kokatua dagoen zelaitxoan...
 
 
Aterpea gibelean utzi eta goiti... Haren gainean Pointe de l'Echelle mendia altxatzen da.
 
 
Gau oskarbiaren ondotik elurra ongi gogortua zegoen, baina eskiek ongi eusten zioten eta kutxilarik gabe egin genuen igoera guzia.
 
 
Gibelean utzi genuen halaber bezperan pasatutako Croix de la Rueko arrakala ere. Haren ondoan gu pasatu ondotik erori zen elur plaka ikusten da.
 
 
Malda konstanteak dira Labbyko leporainokoak, baina inoiz ez tenteegiak. Altuera fite irabazten da.
 
 
Igoeraren puntu aunitzetatik lepoa eta bertara ailegatzeko egin behar den zeharkalditxoa ikusten dira.
 
 
Paraje ederra...
 
 
Genepy laku elurtua inguratu eta Labbyko glaziarraren oinera ailegatu ginen.
 
 
Inguru honetan aterpetik gure aitzinetik atera ziren taldeak harrapatzen hasi ginen. Puntu honetan elkartzen da Dent Parrachee aterpetik heldu den bidea ere.
 
 
Zelaitxo bat azken malda tenteagoari ekin aitzinetik...
 
 
Azken malda tentetzen da eta kutxilak paratu behar izan genituen. Malda horren gaineko aldean ezkerretara egin beharreko zeharkaldi hau dago, esposizio pixka bat duena. Eskiatzaile gehienek kranpoiak paratu zituzten zati hau gainditzeko, baina eskiz ere pasatzen ahal zen... Kutxilekin, hori bai...
 
 
Loreak kranpoien aldeko apustua egin zuen...
 
 
11:00 : Col de Labby (3324m)
Zeharkalditik bertze malda motz bat gainditu eta lepora ailegatu ginen. Talde gehienek ordu berean kointziditu genuen lepoan, baina fite hedatuko ginen Mahure izeneko glaziar zabaletan eskiatuz.
 
 
Iparretan elurrak hauts egoeran segitzen zuen eta jaitsiera polita izan zen Mahureko glaziarrean egindakoa. Zuzen hasita, eskuinetara pasatu ginen lepo gisako batetik...
 
 
...eta Dent Parrachee mendiaren azpiko maldetan ederretan eskiatuz segitu genuen.
 
 
2700 metro ingururaino jaitsi ginen. Puntu honetan eguzkitan atsedenaldi bat hartu eta berriz fokak paratu genituen parean genuen bizkar bateraino igateko.
 
 
Zeharkaldi luze eta etzan batetik harrapatuko genuen bizkarra. Gure gibelean Labbyko lepoa eta eskiatu berri genuen Mahureko glaziarra utzi genituen.
 
 
Txoko ederra Dent Parrachee mendiaren babesean...
 
 
100 metro eskas iganda bizkarrean ginen. Malda tente batetik Arponteko lakuetara jaitsiko ginen.
 
 
Arponteko lakutik berriz bertze bizkartxo batera atera eta handik aterperaino dena beheiti izanen genuen. Argazkian lehen bizkarretik eskiatu berri genuen malda ageri da. Ikusetn den bezala, harresi batek mozten du eta beraz pasabidea nahiko estua da.
 
 
Argazkian erdi gordeta ikusten den Arponteko aterperako azken 400 metroko jaitsiera elur guriarekin egin genuen. Eguzkiak gogor joa zuen ordurako eta poliki egin genuen zati hau.
 
 
13:06 : Refuge de l'Arpont (2310m)
Aitzineko aterpeak baino modernoagoa da Arponteko eta elkarri lotuta dauden hainbat eraikinez osatua dago: alde batean jantokia eta bertzeetan logelak. Biharamuna besta izaki, jende ausarki zegoen eta mendi giro ederra ere bai. Ohiko errutina arratsaldean eta lotara, biharamunean etaparik gogorrena baikenuen esperoan.
2026/04/06
4. ETAPA : REFUGE DE L'ARPONT - REFUGE DU COL DE LA VANOISE
Powered by Wikiloc

7:26 : Refuge de l'Arpont (2310m)
Haize pizar batekin eta mendiak inguratzen zituzten laino nagi batzuekin abiatu ginen aterpetik.


Lehen zatian bezperan jaitsi genuen malda igan beharko genuen berriz Arponteko lakuetaraino.


Mendebalderantz eginez elur gogorra zuen hodi itxurako malda bat gainditu beharko genuen. Hala ere, kutxilarik paratu gabe atera ahal izan ginen bertatik.


Arponteko lakuak erdiz erdi zeharkatu...


...eta izen bereko glaziarrerantz zuzendu ginen.



Berriz ere malda pixka bat tentetzen da, baina zailtasun handirik gabea da. Dome de Arpont mendiaren azpiraino iganen ginen.


Ezkerretara Dent Parrachee genuela...


Argazki serak mehatxatien azpien eski bideak eskuinetara egiten du eta terraza gisako batetik goitiko "solairura" ateratzen da.


Atsedenaldia terrazan goiti abiatu baino lehen...


Eta arrastotik segitu genuen lainoa gu inguratzen hasten zen bitartean.


Gaineko partean Arponteko glaziarretik Chasseforetekora pasatu ginen.


Eskuinetara zeharkaldi bat eginez segitu genuen malda tenteenak saihesteko. IGN mapetako eski bidea segitu genuen, urdinez marrazten dutena.


Zeharkalditik goitiko plateau glaziarrera atera ginen. Puntu honetan haizeak dezente gogorrago jotzen zuen eta Dome de Chasseforet mendiaren oinera zuzendu ginen babes bila.


Chasseforet lepora joan ordez, mendiaren azken zatiak osatzen duen hego paretatxoaren azpian eskiak utzi eta aurpegi horretatik beretik igatea erabaki genuen. Haize ipar-mendebaldetik ari zen jotzen eta babes pixka bat lortu genuen bertan.


10:57 : Dome de Chasseforet (3586m)
Elurrik gabeko zatiak eta lausoak tartekatuz, zailtasunik gabe harrapatu genuen gailurra.


Bertan ez zen giro. Haizeak gogor jotzen zuen eta argazki batzuk eginda fite eskapatuko ginen handik.


Laino artean Grande Casse mendiaren tontorra...


Igoerako bide beretik eskietara jaitsi eta Chasseforeteko lepora joanda jaitsierari ekinen genion.


Ordurako lainoak joanak ziren eta Chasseforet eta Arpont arteko glaziarraren dimentsioa ikusteko aukera genuen.


Eskiak paratu eta iparralderantz jo genuen malda etzan eta zabaletatik.


Hasmetan elur haizetua genuen, baina haize babesean hautsak irauten zuen oraindik!


Malda amaigabeak!


11:45 : Col du Pelve (2955m)
Pelveko lepoan akitu genuen eguneko lehen jaitsiera, izen bereko glaziarrean.


Berriz fokak paratu eta 200 metro eskaseko igoera egin beharko genuen Dardeko lepora igateko. Harkaitzen arteko pasilo zabal horretatik igaten da bidea.


Gibelean eskiatutako malda zabalak eta Dome de Chasseforet...


Harkaitzen arteko pasiloa akituta, eskuinetara biratu eta Dardeko lepo aldera igaten hasi ginen.


Mont Pelve Ouest mendia eskuinetara utzita...


Fokak paratuak genituela baliatuz eta elur baldintza onak ikusita, Dardeko lepoa gure ezkerretara utzi eta gehiago igatea erabaki genuen.


Mont Pelve mendiko bi tontorren arteko lepotxo batera iganen ginen, argazkian elurraren ikusten den ertzera.


Elur hautsa eta arrastorik ez inguru honetan. Zeharkaldi hau jende dezentek egiten du, baina bide ofizialetik pixka bat urruntzea aski da inor ibili gabeko maldak harrapatzeko.


Argazki honetan hobeki ikusten da Pelveko ertzeko lepotxo elurtua...


12:58 : Crete du Pelve (3239m)
Gandorretik itxura hau zuen Mont Pelve mendirako bideak. Ertz zorrotza eta luzeegia...


Hegoaldean Dome de Chasseforet eta inguruko glaziarretarako ikuspegia...


Fokak kendu eta Dardeko glaziar zabalera eskiatu genuen. Hasmentako zatia tenteagoa da, baina glaziarrean sartuta malda aunitz jaisten da eta ez dago birarik egiteko aukera handirik.


Ikusgarria da dardeko glaziarra, baina eskiatzeko ez da aproposena. Fijazioak askatu beharko genituen zeharkatzeko...


Glaziarra gibelean utzita, Vanoiseko lepora jaisten diren maldak aise tenteagoak dira. Grande Casse mendiaren begiradapean eginen genuen azken zatia.


Elur ona genuen zati honetan ere, baina gure izterrak ez zeuden besta aunitzetarako ordurako.


14:04 : Refuge du Col de la Vanoise (2518m)
Nekatuta baina kontent ailegatu ginen zeharkaldiko azken aterpera. Leku ikusgarrian kokatua dago, Grande Casse eta Gliereko orratzen zangopean.


Erreserba baieztatu eta tortilla eder bana janda ospatu genuen eguna. Bazkalondoan biharamunean Grande Casse mendia ez igatea erabaki genuen, horrek zeharkaldia egun bat luzatuko baitzuen; Grande Casseko lepotik pasatuta Champagny-en-Vanoise aldera jaitsiko ginen. Afalondoko karta aritaldia eta lotara!


Ilunabarra Grande Cassen...


2026/04/07
5. ETAPA : REFUGE DU COL DE LA VANOISE - CHAMPAGNY LE HAUT
Powered by Wikiloc

7:35 : Refuge du Col de la Vanoise (2518m)
Eguraldi bikainarekin argitu zen hondarreko eguna ere.


Aterpea utzi eta mendebalderantz egin genuen.


Lakura jaitsi ordez, Vanoiseko orratzaren azpitik zeharkaldi bat eginez Grande Casseko glaziarraren morrenara zuzendu ginen.


Morrenara igateko malda tenteagoa da eta elurra gogor zegoen zati honetan. Hala ere, arrasto ona zegoen egina eta ongi igan ahal izan ginen.


Morrenatik glaziarrean sartu eta lepora joateko zirku eder batean barneratuko ginen.


Vanoiseko orratza gibelean utziz...


Eta parean zeharkatuko genuen Grande Casseko lepoa... Lekua magikoa da!


Lepora ateratzeko azken zatia bertikalagoa da eta eskiak bizkarrera eraman behar izan genituen.


9:47 : Col de la Grande Casse (3091m)
Puntu honetan zeharkaldiaren igoerak akitutzat eman genituen. 1700 metroko jaitsiera ederra genuen esperoan. Hasteko, Grande Casseko ipar aurpegiaren azpitik zeharkaldi luzea eginen genuen argazkian itzal eta eguzki artean ikusten den glaziar zatiraino.


Elur hautsa genuen zeharkaldi honetan eta fite eginen genuen.


Argazki honetan ikusten den bezala, ezinezkoa da fiteago beheiti sartzea serak handiek mozten baitute glaziarra.


Behin zeharkaldia burututa, iparralderantz malda bikainetatik jaisten hasi ginen. Jaitsierako maldak arras onak dira, baina goizegi harrapatu genituen eta oraindik transformatu gabe zeuden.


Jaitsieraren lehen zatia zelai zabal honetan akitzen da. Bertatik Champagny aldera eramanen gintuen bailaran barneratuko ginen.


Gliereko orratzak iparraldetik ikusten genituen.


Bertze malda bat jaitsita Gliereko aterpera ailegatu ginen. Hetsia zegoen, eta irekita uzten duten zatia ikustera sartu ginen. Eskuinetara dagoen etxola da eta egoera bikainean dago. Pirinioetako aterpeek badute zer ikasia zati libreen kalitatearen aldetik. 


Gliereko lepoa aterpe ingurutik...


Aterpera pista bat ailegatzen da eta gutxi gorabehera hari segituko genion ipar eskiko pistetara ailegatu arte. Bailararen eskuineko aldeko maldetatik zeharkaldi luzea eginen genuen.


Argazkian ikusten den Laisonnay d'en Haut auzoan zibilizaziora ailegatuko ginen bortz egunen buruan.


Hortik beheiti eskiko pistak hartu eta patinatzeko teknika praktikan paratuz Champagny le Hautera ailegatuko ginen.


11:39 : Champagny le Haut (1473m)
Xoko polit honetan akitu genuen bortz eguneko zeharkaldi zoragarria. Eskiz gailur, glaziar, lepo, aterpe eta bailarak zeharkatzeak uzten duen sentsazioa ezin da deskribatu, bizi egin behar da! Esker mila Vanoise!