EGUNA: 2026/04/09-10
ABIAPUNTUA: Bonneval-sur-Arc (1838m)
ZAILTASUNA: S3, tarteren batean S4
IRAUPENA:
- Bonneval-sur-Arc - Pointe des Fours : Lau ordu
- Pointe des Fours - Refuge du Fond des Fours : Ordu erdi
- Refuge des Fond des Fours - Pointe de Mean Martin : Hiru ordu
- Pointe de Mean Martin - Cirque des Fours : Ordu erdi
- Cirque des Fours - Pointe de la Met : Ordu bat
- Pointe de la Met - Bonneval-sur-Arc : Ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Alpeetako bigarren ateraldian Vanoiseko Parke Nazionalaren ipar-ekialdeko partera jo genuen. Atseden eguna baliatuta, Bonneval-sur-Arc herri xarmangarrira hurbildu eta handik bi eguneko ibilbidea prestatu genuen. Fond des Fourseko ipuinetako aterpeak eskirako ezin hobea den parajeak ezagutzeko aukera ematen du.
2026/04/09
8:26 : Bonneval-sur-Arc (1838m)
Herriaren gaineko aldeko aparkalekuan gaua pasatu eta bertatik paratu ginen martxan. Gaineko karrika beheraka zeharkatu eta turismo bulegotik goiti GR5-aren saihesbidea hartu genuen.
Zubi honen inguruan iparralderako norantza utzi eta ezkerretara biratuta hegoalderantz igaten den Illards-eko bailaratxoa igaten hasi ginen.
Bailaratxo etzan hau igan bitartean gure gibelean Iseran mendatea eta Val d'Isereko eski pistak utzi genituen.
Inguru honetan elurra ausarki zegoen eta malda eskiagarriak nonahi. Val d'Isereko randonnee forfaita hartuta mendiko eskizale aunitz hurbiltzen dira inguru honetara, Fours-eko lepoan barrena itzulia egiteko. Gu argazkian ikusten den eskuineko lepora gindoazen.
Bailararen bertze aldean inguru honetako mendi ezagunenetariko bat den Albaron handia ikusten hasi ginen.
Zeharkaldi motz bat eta Fours-eko lepoan izanen ginen. Haren ezkerrretara iganen genuen lehen mendia ere ikusten zen: Pointe des Fours.
12:28 : Col des Fours (2976m)
Lepoan gelditu gabe, bertze isurialdera pasatu eta ertzaren azpiko aldetik Fours-eko gailurrera segitu genuen.
Gandorraren azpitik zeharkaldia eginez...
Kaskoa baino metro guti batzuk beheitiago eskiak utzi eta oinez akitu genuen igoera.
13:07 : Pointe des Fours (3072m)
Ateraldiko lehendabiziko kaskoa lau ordu eta erdiko igoeraren ondotik harrapatu genuen.
Egonaldi laburra gainean eta beheiti abiatu ginen. Ipar-mendebaldeko malda ederretatik di-da batean jaitsiko ginen aterperaino. 500 metroko desnibela fite egiten da, maldak zuzenak baitira. Hori bai, elurra ez zen nahi genuen bezain kalitate onekoa izan eta ez genuen sobera gozatu jaitsieraz.
13:36 : Refuge du Fond des Fours (2537m)
Sarreran aipatu dudan bezala, aterpeak ipuinetako etxola bat iduri du. Beno, bat ez, hiru; hiru baitira aterpea osatzen duten eraikinak: batean jantokia eta sukaldea dago, bertzean logelak eta hirugarrenean zaindarien etxola.
Aitzineko zeharkaldiko ohiturari segituz, tortilla eder bat bazkaldu genuen eta arratsaldea eguzkitan lasai pasatu genuen.
16 lagun bertzerik ez geunden 40 pertsonarendako lekua duen aterpean, beraz eroso eta giro onean pasatu genuen egonaldia. Afaldu eta lotara!
2026/04/10
7:22 : Refuge du Fond des Fours (2537m)
Lehendabizikoak izan ginen goizean ernatzen. Gosaldu eta ahal bezain fite paratu ginen martxan.
Leku berezi hau elur artean utziz...
Hegoalderantz egin genuen, malda tenteago bat gainditu eta antzinako Fours-eko glaziarraren urtzeak utzitako lautada zabalean sartzeko.
Lautadatik begin bistan genuen Mean Martin mendia. Haren eskuineko aldeko maldetatik igan eta jaitsiko ginen.
Argazki honetan hobeki ikusten da eskiatuko genuen Mean Martin mendiaren iparraldeko aurpegia. Eskuineko aldean ikusten den zati leunagoa Fourseko glaziarra da eta bertatik iganen ginen mendebaldeko ertzera ateratzeko.
Arrastoa egina genuen eta arazorik gabe gaindituko genituen malda tenteagoak.
Altuera fite irabazi genuen...
...eta mendebaldeko bizkar zabalera atera ginen glaziarretik. Puntu honetatik Femmako aterpea kokatua dagoen bailara zabala eta Grande Casse handia ikusgai genituen.
Eskiekin segituko genuen 3250 metro inguruaino. Hor bizkarra tentetu egiten da eta harkaitzak agerian zirenez oinez akituko genuen igoera.
Gaineko aldean berriz elurra ausarki zuen mendiak, baina harkaitzezko zatiaren azpian utzi genituen eskiak.
Azken metroak...
10:03 : Pointe de Mean Martin (3330m)
Aterpetik bi ordu eta erdiko igoeraren ondotik zapaldu genuen kaskoa. Nahiko mendi ezaguna da inguru honetan eta eskiatzaile aunitz erakartzen ditu, baina momentu horretan bakar-bakarrik ginen han goitian.
Albaron kaskotik... Bonneval-sur-Arc herritik alderdi hartara ere zeharkaldi ederrak egiten ahal dira Carro, Evettes eta Averoleko aterpeak baliatuz.
Bertze aldean Grande Casse eta Grande Motte. Azken honetan kasik goitiraino igaten diren eski pistak daude, Tignes eski estaziokoak. Garapena deitzen diogu...
Eskietara itzuli eta ipar aurpegitik zuzen eskiatu genuen Fond des Fourseko zirkuaren sakoneraino. Arrasto aunitz zeuden, baina hain malda zabalean gure propioa egiteko aukera ere izan genuen; eta harritzekoa bazen ere 10 egun elurrik egin gabe egonda, oraindik elur hautsa harrapatu genuen.
10:41 : Cirque des Fours (2765m)
Fourseko glaziarraren urtzeak sortutako laku elurtuetaraino eskiatu genuen, kasik 500 metroko jaitsiera.
Bertan fokak berriz paratu eta eguneko bigarren eta azken igoerari ekin genion. Argazkian ikusten den lepo apalenera joanen ginen, Bezingo lepora.
Malda errazetatik Mean Martin dotorea gibelean utzita...
11:22 : Col de Bezin (2929m)
Lepoan eskuinetara (hegoaldera) biratu eta pixka bat gehiago igaten segituko genuen Pointe de la Met mendira ailegatzeko. Bertatik abiatzen zen ipar-ekialdeko korridorea eskiatzea zen gure intentzioa.
Gaineko partean elur guti zuen Met mendiak, eta oinez metro batzuk egin beharko genituen bertara ailegatzeko.
11:44 : Pointe de la Met (3041m)
Hala ailegatu ginen ateraldko hirugarren eta azken kaskora.
Korridorerako sarreraren bila ekialdeko sasigailurrera hurbildu ginen, baina handik korridorera jaitsi behar zen ertzak ez zigun konfidantzarik eman. Elur guriegia zuen eta erorketa pixka bat ere bai ezkerreko aldera. Horregatik, A plana utzi eta kaskora itzuli ginen.
Iparralderantz eskiatuko genuen Grand Fond deitzen den sakonunera. Lehen metroetan berriz ere elur hautsa harrapatu genuen...
Eta gero elur gogorragotik aipatutako sakonuneraino segitu genuen.
Sakonunetik eskuinetara biratu eta Ouille des Tretetes mendiaren hego-ekialdera jaisten den korridore batetik sartu ginen. Tente samarra zen punturen batean, baina erraza eta esposiziorik gabea. Hala ere, tenore horretarako elurra arras guria zegoen eta zati honetan ez genuen eskiaz aunitzik gozatu.
Korridorearen azpiko maldetatik, Fonds errekaren eskuineko aldetik beheiti segitu eta bezperan ibilitako Lentako bailarara jaitsi ginen. Bertatik Iseran mendaterako errepidea hartu eta herriraino eskien gainean jaitsiko ginen.
13:11 : Bonneval-sur-Arc (1838m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina