2021/01/11

Okoro (1259m)

EGUNA: 2021/01/11

ABIAPUNTUA: Pitzamar (800m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Iruritatik Eugira doan NA-1740 errepidea hartu behar da eta 13. puntu kilometrikoaren ondoan utziko dugu autoa. Toki horretatik beretik ateratzen den pistari segituz hasiko da ibilaldia.

KRONIKA:
Neguaren gordinak ez du etenik eta hotzaldi luzeari elurteak gehitzen zaizkio behin eta berriz. Inguruko mendiak inoiz ez bezala ditugu eta eskirako hamaika leku aukeran. Gaurkoan Erdizen izan gara, bertako magnesita minerala ustiatzeko zulatu nai duten mendi ederrean. Haize eta lainopean, baina itzuli polita burutu dugu!

10:00 : Pitzamar (800m)
Erran bezala, errepidetik beretik abiatzen den pistatik goiti abiatu gara eskiak zangoetan genituela.


Lehen metroetan bisibilitatea bagenuen, baina lainoak 1000 metrotik goiti kokatuta zeuden eta laster sartu ginen beraien artean. Konfesionarioko lepoan (1047m) egin dugu lehendabiziko transizioa eta jaitsiera motz baterako prestatu gara.


Hego orientaziodun maldetatik jaitsi gara Erdizagako errekara (950m). Paraje honetan egin nahi dute harrobia, ingurua guziz deuseztatuko duena.


Berriz foka-larruak paratu eta goiti abiatu gara Okoro mendi aldera.


Mendiaren ipar eta ipar-ekialdeko orientazioak bilatuz egin dugu goitirakoa. Parte honetan zuhaitzen babesa dago kasik gailurreraino eta horrelako egunetan eskertzen da.


Egun grisa, baina gozatzen ari ginen!


Pagadi zoragarria!


Azken metroetan basoaren "goxotasunetik" haizeak  astintzen zituen magaletara pasatu gara. Eskerrak ez den zati luzea izan...


12:21 : Okoro (1259m)
Goitian afera ez zegoen broma aunitzetarako. Fokak kendu, kaskoak jantzi eta beheiti!


Mendiaren ipar-ekialdean basoen artean dauden malda zabaletatik egin dugu beheitirakoa. Eskiatzeko 300 metro inguruko malda polita dago eta bi aldeetatik nahiko babestua basoei esker. Paraje ederra!


Erdizagako erreka (950m) gurutzatu, berriz ere fokak jarri eta hirugarren igoera baterako prestatu gara.


Leku eder hau agurtuz... Erdiz Bizirik!


Hirugarren igoera hau Gurutxemeakako lepora igotzen den pistatik egin dugu, erdi lapinopean erdi eguzkitan.


Gurutxemeakako lepoan (1026m) azken transizioa eta beheiti iparraldeko magaletik Pitzamarrera eramanen gintuen pista harrapatu arte.


13:42 : Pitzamar (800m)
Autora bueltan, trasteak bildu eta etxera presaka arratsaldean lan egin behar genuen eta!


BIDEOA:

2021/01/06

Auza (1306m)

EGUNA: 2021/01/06

ABIAPUNTUA: Kuarteleko Kaskoa (627m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3
DENBORA:
  • Igoera (Harrigorritik): 2 ordu
  • Jaitsiera (Ipar aurpegitik): Ordu erdi bat
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik Izpegi aldera doan errepidea hartu behar da, baina kilometro bat inguru ibili ondoren eskuinetara ateratzen den zementuzko bide bat hartuko dugu. Bide hau zementuzkoa izatetik asfaltatua izatera pasatzen da segidan. Asfaltoa azken baserrian bukatzen da, beheitiko bidegurutzetik 2 kilometro ingurura. Bertan utzi behar da autoa (Arginen Borda, 495m.). 4x4 ibilgailua izanez gero eta elurrak utziz gero, Arginen Bordatik goiti segitzen duen pistatik segitu ahal dugu Kuarteleko Kaskoraino (627m.)

KRONIKA:
Ametsak bete artean direla ederren erraten da, baina aunitzetan errealitateak fikzioa gainditzen du. 2015eko otsailaren 7an nire bizitzan lehen aldiz eskiatu ahal izan nuen Auza mendiaren iparraldeko aurpegia. Txikitan etxetik parez pare ikusten den malda eder horretan eskiatzaile batzuk jaisten ikusi nituenetik amets bat zen hura. Ordukoan gainera elur ona harrapatu genuen. Bada 2021eko urtarril hasiera honek marka guziak hautsi behar dituela ematen. Behin ez ezik, bitan ere eskiatu ahal izan dugu Auza iparraldeko aldera eta oraindik ere egun gehigotan aukera egonen dela ematen du. Gaur izan dugu egun eta elurra betiko gordeko dugu gogoan.

8:46 : Kuarteleko Kaskoa (627m)
Aitzineko egunetan baino goizago gelditu gara eta 4x4 ibilgailuan Kuarteleko Kaskora igo ondoren egunsenti zoragarriak eman digu ongi etorria. Alkurruntz elurrez lepo...



Olateko Ttutturrua ikusgarri Kuarteletik...


Ttipi-ttapa martxan jarri gara Elortara igotzen den pistatik Gorramendi inguruak arrosez margotzen ziren bitartean.


Buztanzelai eta Iparla inguruak ere lehen eguzki izpitan...


Zati batean eskiak bizkarrean eraman ditugu pista zeharkatzen duten errekatxoek elurra kendu dutelako. Horren ondotik eskiak oinetara eta baso magikoan barneratu gara.


Aitzineko egunetan haizerik gabe botatako elurrak zuhaitzak ederki apaindu ditu.


Elorrietako leporako bidean Auza ikusten hasi gara. Zoragarri zegoen!


Barrentxeko bordaren ondotik pasatu gara Elorrietako lepora joateko.


9:36 : Elorrietako lepoa (831m)
Lehen eguzki izpiak tenperatura hotza zerbait epeldu nahian zebiltzala ailegatu gara Elorrietara. Hermendik goiti GRaren bideari segituko genion basoan goiti.


Lehen baso zatia pasatuta esnegainez bainatutako Harrigorriko harkaitz ikusgarria bistaratu dugu. Begiratzen genuen lekura begiratuta dena  ikusgarria zegoen.


Malda tenteenak elur sakonetik gaindituta, bidea pixka bat lasaitu eta bertze baso zati batean barneratzen da.


Gutxitan ikusten dira gure bazterrak horrelako elur zamarekin. Basoek ipuinetakoak iduri zuten.


Zuhaitz artetik atera eta Harrigorriko lepotik Auzaren ekialdeko malda igotzeari ekin diogu.


Malda poliki-poliki tentetzen joaten da, baina elur hautsean arazorik gabe gainditu ahal izan dugu.


Hegoaldeko bizkarrera atera gara azken metroak egiteko.


10:57 : Auza (1306m)
Hala ailegatu gara gailurrera, aurten bigarren aldiz eskiekin bertan ginela. Gutaz gain bertze eskiatzaile batzuk ere ibilki ziren Auzan, baina bertze inguruekin konparatuz gero aski lasai ibili gara.


Gailurreko argazkia, momentu eder honen oroitzapena izateko.


Elizondo gailurretik eta eskiatzaile batzuk hego-aurpegitik jaisteko prest.


Guk, ordea, gure ipar kuttuna hautatu dugu gaurkoan ere. Eta elur hauts zoragarria izan dugu 400 metroko malda bikainean.


11:57 : Kuarteleko Kaskoa (627m)
Auzako oihana zeharkatu eta iratzelekuetatik ailegatu gara autoa utzita genuen puntura. Ametsetako eguna!



 BIDEOA:

2021/01/05

Antxola (1119m)

EGUNA: 2021/01/03

ABIAPUNTUA: Otondoko Borda -Iñarbegi (600m)

ZAILTASUNA: S2, S3 hego-ekialdeko jaitsiera eginez gero

DENBORAK:
  • Igoera: Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik Baigorrira doan errepidea hartu behar da, baina herritik atera orduko eskuinetara Iñarbil auzora igotzen denari segituko diogu.Auzora ailegatzean lehen etxeak pasatuta eskuinetara ateratzen den errepide estu bat hartu behar da Iñarbegi auzoraino. Bertara ailegatzean, malda beheiti hasi orduko ezkerretara ateratzen den zementuzko bidea segituko dugu baserri baten ondoan akitzen den arte. 


KRONIKA:
Ez omen daude bi hiru gabe. Hori zioen Delirium Tremensen kantu batek eta gure kasuan halaxe izan da Iñarbegiko elur paradisu txiki honetan. Hilak bortz ditu gaur eta hirugarrenez izan gara bertan eskiak zangoetan genituela.

10:47 : Otondoko borda (600m)
Aitzineko egunetako gisan presa handirik gabe plantatu gara Iñarbegin. Gauzak prestatu eta jadanik aski ezaguna dugun 5-10 minutuko porteoari ekin diogu.


Behin porteoa akituta, atsedenik gabe goiti, gau honetan berriz zuritu den paisaia zoragarria lagun.


Ote eta iratzeak gainean elur zama ederra dutela daude. Ez dakit horrelakorik ezagutu dugun...


Basoak berriz liluragarri!


Gure Japonia txikia! Zertarako haraino joan?


Iñarbegi iratzelekuaren gaineko aldetik.


 Egun grisa genuen, baina mota honetako egunetarako inguru hau aproposa da, zuhaitzen artetik baitoa biderik gehiena.


Behin arbolak gibelean utzita eta GRaren bidean sartuta, Antxolaren hegoaldeko maldan goiti abiatu gara. Joan den igandean ez bezala, lainoak osorik ikusten utzi digu gaurkoan.


Malda igotzen...



Gailur ingurutik Banka eta Adartza mendi aldera ikuspegi ederra dago.


12:02 : Antxola (1119m)
Azken metroak... Auzara joateko aukera ere buruan genuen, baina laino artean ikusi eta utzi genuen.


Tontorrean hotza... Transizio azkarra eta beheiti!


Lehen ekinaldia hego-ekialdeko malda politetik egin dugu. Argazkian ongi ikusten ez bada ere, 300 metroko jaitsiera ederra du.


Berriz fokak paratu eta goiti, Ixtauzeko lepora igotzen den errepidetxo elurtutik.


Ixtauzeko lepoam eskuin biratu eta berriz Antxolara!


Malda zuri ederretik...


Iñarbegi auzoa gure oinetan genuela...


13:33 : Antxola (1119m)
Bigarrenez gailurrean...


Bigarren jaitsiera jadanik hego aurpegitik egin dugu.


Puntu honetaraino jaisten da. Fokak jarri ditugu Burdinkurutx deitzen den bizkarrera igo eta bertatik auto aldera jaisteko.


Baso zoragarri honetatik eta iratzelekutik jaitsiera dibertigarria eginez...


15:03 : Otondoko borda (600m)
...bertze goiz pasa ederra burutu dugu.