2011/08/10

Pico de los Monjes (2349m)

EGUNA: 2011/08/09-2011/08/10

IRTEERA: Bious-Oumetteko aparkalekua (Gabas)

ZAILTASUNA: Errexa (F). Gailurrerako azken trepadan eskuka erabili behar dira baina errexa da oso.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK (Geldialdiak barne):
  • Bious-Oumette - Ayous aterpea: 1 ordu eta 56 minutu
  • Ayous aterpea - Pico de los Monjes: 1 ordu eta 27 minutu
  • Pico de los Monjes - Bious-Oumette: 3 ordu eta 52 minutu
NOLA IRITSI: Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta hemendik jarraitu Gabas herriraino. Herri honen irteeran, eskuinetara, bidegurutze bat hartuko dugu Bious Artigueseko urtegira igotzen dena. Hemen utzi behar da autoa. Hala ere, udan, posible da goiko aparkalekua beteta egotea eta kasu horretan bertze aparkaleku bat jartzen dute kilometro bat beherago.

SARRERA:
Pico de los Monjes ez da mendi ezagunegia, Midi d'Ossauren itzalean, paraje paregabean kokatuta dagoen arren. Hala ere, ingurua, jendez beteta egon ohi da, batez ere udan. Ayouseko laku ezagunek milaka pertsona eramaten dituzte egunero bertara. Guk berez, laku horien itzulia egiten duen ibilbidea ezagutu nahi genuen eta bidez batez bertan zein mendi igo pentsatzen jarri eta gero, Pico de Los Monjes aukeratu genuen. Egun batean egin daitekeen ibilaldia da, baina Pirinioetako egunsenti ederrenetarikoa ikusi nahi izateak eraman gintuen Ayouseko aterpe inguruetan gaua pasatzera, bi eguneko aktibitatea burutuz.

DESKRIBAPENA:
Abuztuaren 9ko goizean atera ginen A64ean barrena, Pirinioetako bertze irteera batez gozatzera. Larunsen bazkaldu, erosketak egin eta gora abiatu ginen, Bious Artigueseko lakura. Bidea ordea, kilometro pasatxo beherago itxita zegoen. Arazoa? Gaineko aparkalekua gainezka zegoela eta inprobisatutakoa ere halatsu. Ez nuen inoiz hainbeste kotxe ikusi Pirinioetako ibilaldi baten aparkalekuan. Nafarroa Oinezeko aparkalekua zirudien. Ahal izan genuen tokian aparkatu, motxilak egin eta gora abiatu ginen hiruak eta laurdenean.

2011/08/09
0h 00min: Bious-Oumetteko aparkalekua (1302m)
Horrela zegoen aparkalekua.



Auto laberintoa atzean utzi eta laburbide bat hartu genuen errepidearen zig-zagak mozteko.


Ingurua polita zen jadanik. Argazkian Gazies mendia.


0h 16min: Lac de Bious Artigues (1422m)
Laburbidetik eta errepide zati batetik laku honetara heldu ginen. Berez hemen uzten da autoa.


Midi d'Ossauk lagunduko gintuen hurrengo bi egunetan.


Lakutik pista bat abiatzen da oihanean gora.


0h 43min: Lacs de Ayouseko bidegurutzea (1560m)
Pista oihanetik ateratzen denean, bidegurutze honekin egiten dugu topo. Hemen pista utzi genuen eskuinetara biratzeko, Ayouseko lakuetara.


Kasu honetan bidexkatik, berriz ere bertze oihan zati bat gurutzatu genuen.


1h 01min: Cabane du Col Long d'Ayous (1704m)
Oihana zelaitxo honetan bukatzen da.


Midiren ikuspegia gero eta hobea zen.


Ur trago bat edanda aurrera segitu genuen. Nahiz eta abuztua izan ez zuen bero gehiegirik egiten.


Bidexka markatuan gora igo ginen ikuspegiaz gozatuz.


1h 22min: Lac de Roumassot (1845m)
Horrela, lehen lakura ailegatu ginen. Laku ederrak dira Ayouseko guztiak. Egun pasa ederra egin daiteke hauetako edozeinen bazterrean.


Guk ordea, aurrera segitu behar genuen.


Erreka honen eskuinetik igo ginen hurrengo lakura.


Atzean honako ikuspegia utzita.


Bidea hitoz seinalatuta dago, baina egia erran ez da hauen behar handirik.


Roumassot lakua eta Midi.


Bigarren lakura iritsi ginen, hau ere gure ezkerrean utziz: Lac de Miey.


Pixka bat gorago hirugarrena dago eta bertzeak bezain ederra hau ere: Lac de Gentau. Atzekaldean aterpea ikus daiteke.


Lakuaren bertze aldera joan eta asto hau zegoen lotuta. Jendeak behean astoak alokatzen ditu gauzak igotzeko.



1h 56min: Ayous aterpea (1982m)
Lakuaren ondoko zelaitxotik malada bat igo eta aterpera ailegatu ginen. Bertan gure erreserba baieztatu genuen. Afaria eta gosaria genituen erreserbatuta, lo berriz lakuaren ondoan eginen genuen, dendan.


Aterpeko terrazatik ikuspegia.


Aterpeko jantokia. Aterpea oso ongi dago, baina ez dauka deskonturik federatuentzat, ez baita CAFekoa. Parc National des Pyrenees-ena da. Berez, aterpea baino mendiko hotela da.  Izan ere, inguruan mendi handirik ez izateak eta bidearen erreztasunak jende asko eramaten du bertara egun pasa edo gaua pasatzera. Harrigarria zenbat haur zegoen bertan afaltzen. Guzti horrek aterpeen enkantoa kentzen dio.


Guk ordea, gure hotela geneukan. Argitsua eta zabala!


Denda montatuta afaltzeko ordura arte lasai egon ginen. Lakuaren bazterrean denda mordoa zegoen. Izan ere, bertatik aurrera ezin daiteke akanpatu Parke Nazionala baita.


Lainoak agertzen hasi ziren.


Eta ilunabarrik gabe gelditu ginen. Beraz, zazpietan afaltzera.


Hoteltxoan ederki afalduta, karta partida jokatu eta dendara itzuli ginen. Eta horrelakoetan ezer gehiago egin ezin denez, ba ohera. Goiz ernatu beharra zegoen Pirinioetako espektakulu handietako bat ikusteko.


2011/08/10
0h 00min: Ayous aterpea (1982m)
Seietan jarri nuen iratzargailua eta segidan dendatik kanpora begirati nuen. Eguna primerakoa zegoen! Azkar jantzi eta kanpora.


Egunsentia ikaragarria da hemen, Pirinioetako postal tipikoa. Harritzeko ni bakarrik nengoela kanpoan inguruan egongo ginen 100 pertsona ingurutik.


Beraientzat kalte... Hau ez da diruz ordaintzen.


Espektakulua bukatuta, denda bildu eta gosaltzera igo ginen aterpera.


Eguzkia jadanik lan eta lan.


Bapo gosaldu ondoren, zortziak eta laurden inguruan abiatu ginen aterpetik.


Lehenengo malda hau igo genuen.


Eta ondoren zona lauagoan aurrera segitu.


0h 15min: Lac de Bersau (2103m)
Laku honetara iritsi ginen, Ayouseko lakuetatik altuena eta handiena.


Goizeko ordu hauetan ispilua bezala zegoen.


Lakua eskuinetan utzi genuen, Casterauko leporako bidean.


Casterauko lepotik metro batzuk galdu genituen. Gure aurrean Casterau mendia.


Seinale honetara iritsi ginenean, Casterau lakuko bidea ezkerretara utzi (jaitsieran hortik pasako ginen zirkuitoa itxiz) eta Collado de los Monjes aldera abiatu ginen, lautada zabaletan barrena.


Hemendik lehenengo aldiz gure eguneko helburua ikusi genuen: Pico de los Monjes. Bere ezkerretan Collado de los Monjes.


Eguna beroa zetorren...


0h 38min: Collado de los Monjes (2168m)
Lepora iritsita, eskuinetara bidexka bat hartu genuen.


Bertze aldean Aspe eta konpainia...


1h 17min: Col de Benou (2250m)
Segidan bertze lepo batera ailegatu ginen. Tontorra hurbil zegoen jadanik. Motxilak behean utzi eta trepadatxoari ekin genion.


Arista errezean gora, tontorretik hurbil.


1h 27min: Pico de los Monjes (2349m)
Eta gailurra! Ikuspegia ederra Midi eta Casterau mendiekin. Baita Casterau lakua ere, mendiaren oinean. Hortik pasako ginen bueltan.


Gailurreko argazkiak.



Argazki batzuk aterata Benou lepora bueltatu ginen, motxilak han baikenituen. Zerbait jan eta edan eta beherakoari ekin genion, Benou lepotik zuzenean Collado de los Monjesera itzuli gabe.


Belardi goxoetan behera gozatuz.


Harririk ez bidean.


Lautada handian behera Casterau lakura hurbiltzen joan ginen.


Atzean gelditu zen eguneko gailurra.


Eta aurrean etorkizunekoa. Hori espero dut behintzat!


2h 56min: Lac de Casterau (1943m)
Zirkuitoa ixten duen azken lakura ailegatu ginen.


Zaldi eta behor artean.


Lakuaren bazterreko belardian hamaiketakoa egiteko geldialdi luzea egin genuen, Pico de los Monjes parean genuela.


Tripa bete ondotik, beherakoari segitu genion. Beheko lautadara eramango gintuen bideak.


Casterau lakutik behera bidexka zig-zagean jaisten da.


3h 52min: Cabane de Cap de Pount (1643m)
Txabola onetara iristean, bidexka pista zabal bihurtzen da. Pista horretatik jaitsiko ginen autoraino.


Inguruaren ikuspegiak pistan behera gindoazela.



Lautada gero eta hurbilago.


Lautada zabalean behor, ardi, ahuntz eta behi artean ibili ginen.


Atzera begirada lautadatik...


Aker honek atzetik segitu zigun zati eder batean...


Azkenean, lautada atzea utzi eta berriz igoerako bidea hartu genuen aparkalekuraino, ibilaldi zirkular ederra burutuz. Kotxea hartu eta ospatzeko Sallent de Gallegora joan ginen bazkaltzera, etxera itzuli aurretik.