Orriak

2025/12/30

Roc Mele (2811m) eta Cap de la Cometa del Forn (2691m)

EGUNA: 2025/12/30

ABIAPUNTUA: Pas de la Casarako errepidea - N320 (1583m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA: 
  • Igoera: Lau ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les-Thermes herrira. Hemendik Andorrarako bidea segituko dugu eta Hospitalet-pres-l'Andorre herria pasatuta ezkerretara hartzen den bigarren bihurgune hetsian utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Oporraldiaren hirugarren egunean ipar aurpegiak hegokoengatik aldatu genituen. Aitzineko egunetan Roc Mele mendiaren hego aurpegiak atentzioa deitu zigun. Malda zabal eta zuzena da, eguzkiak parez pare ematen diona. Ipar isurialdeetan kostra agertzen delarik, udaberriko elurra bilatzeko magal aproposa da.

9:44 : Pas de la Casarako errepidea - N320 (1583m)
Berriz ere alimaleko hotzarekin ekin genion egunari. Errepidea zeharkatu eta Ariege errekaren paralelo doan bide horizontaletik hasi ginen ibiltzen.


Lehen zatian altuera zertxobait galtzen du bideak eta eskuinetara genuen Ariege errekaraino jaisten da.


Zubi estu honetatik erreka zeharkatu eta azkenean malda goiti hasiko ginen. 20 minutu inguru pasatu genituen puntu honetara ailegatzeko.


Eguzki goxotara atera eta goiti iparralderantz biratu ginen malda tenteagoetatik goiti egiteko.


Elur guti eta malda tentea zituen zati bat gaindituta, malda zabaletara pasatu ginen.


Bizkar gisako malda zabal bat iganda, 2200 metro inguruan esposizio pixka bat duen zeharkaldi bat egin eta gaineko "solairu" gisako batera pasatu ginen.


Puntu honetatik aitzin elur geruza lodiagoa zen eta kalitate hobea zuen. 


Atsedenik ematen ez duen malda jarraia da beheitiko errekatik kaskoraino. Igateko azkarra eta jaisteko bikaina.


Gure gibelean bezperan igandako Pedrons mendia eta Pas de la Casa ingurua ari ginen uzten.


Transformatzen hasiak ziren maldetan goiti...


Azken zatian...


Bizkat batetik egiten da azken zatia...


Gaineko ertzera atera eta eskiak zangoetan genituela ailegatuko ginen Cap de la Cometa del Forn mendiraino.


12:29 : Cap de la Cometa del Forn (2691m)
Kaskoan bilkuratxo ttipia egin eta parean ikusten genuen Roc Meleraino igatea erabaki genuen.


Bi mendien arteko lepora malda tente eta motz bat jaitsi...


...eta hego-ekialdeko malda errazetatik ailegatuko ginen bigarrenera.


Mendi giro bikaina genuen lagun...


13:13 : Roc Mele (2811m)
Gailur zabalean trantsizioa egin eta jaisteko prestatu ginen.


Baina aitzinetik gailurreko argazkia atera ziguten bertan zeuden bertze bi eskiatzailek.


Jaitsiera igandako bide beretik eginen genuen. Gaineko malda elur hauts goxoarekin harrapatu genuen...


...eta Cometa del Forn menditik beheiti hautsa eta udaberriko elurra tartekatuta.


15:09 : Pas de la Casarako errepidea - N320 (1583m)
Azken zatian elur eskas bazegoen ere, azpian belarra du eta zubiraino eskiatu ahal izan genuen. Bertan berriz ere fokak paratu eta autora itzultzeko zati horizontala zeharkatu genuen. Bertze egun eder bat Andorra eta Ariege artean!

 

2025/12/29

Pic de Pedrons (2715m)

EGUNA: 2025/12/29

ABIAPUNTUA: Pas de la Casarako errepidea - N22 (1876m)

ZAILTASUNA: S2, gu jaitsi ginen kanaletik S4

IRAUPENA:
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les-Thermes herrira. Hemendik Andorrarako bidea segituko dugu eta 1870 metro inguruan, errepideak eskuinetara egiten duen bihurgune batean, utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren ingurua Ariege, Andorra eta Kataluniaren arteko muga inguruan. Eguna goiz hasi genuen Nerassol mendirantz zuzenduz, baina inguru hartan elur guti harrapatu eta buelta hartu genuen. Ordu eta laurden ibilita, autora itzulera eta egun ederra aprobetxatzeko bertze plan bat pentsatu behar. Andorrara igaten den errepidearen bazterretik Pedrons mendira doan bide klasikoa egitera abiatu ginen...

11:05 : Pas de la Casarako errepidea - N22 (1876m)
Baladrar errekak sortutako bailaratxoaren ahotik abiatu ginen, eta abiapuntutik beretik ikusgai genuen Pedrons mendia. Eguzkitan dagoena da.


Bailaratxotik eginen genuen lehen zatia. Zati honetan eta mantso izanda ere, hotz ederra egiten zuen.


Poliki-poliki erreka ezkerrean utzi eta Pedrons mendiaren ipar-ekialdeko bizkar aldera altuera irabazten hasiko ginen.


Maldak eztiak dira arras eta zailtasunik ez duen mendia da. Hori dela eta, eskiatzaile andana biltzen da bertako magal zabaletan.


Dena dela, maldak hain dira zabalak, non beti izanen dugun zapatu gabeko zatietan eskiatzeko aukera.


Gure gibelean bezperan igandako mendia ikusten hasi ginen: Coma d'Or.


Mendiaren iparraldeko bizkarretik isurialdez aldatu eta Pas de la Casa Andorrako herriaren gaineko maldetatik segitu genuen.


Biharamunean eskiatuko genuen Roc Mele mendiaren hegoaldeko malda ederra ere ikusten genuen bidetik.


Azken metroetan berriz ere bizkarrera atera ginen. 


Zati zelaiago honetatik gailurra begien bistan genuen. Eskiz iganen ginen zati harritsua hasten den punturaino.


Eskiak utzi, eta metro batzuk oinez iganda, gailurrerako gandorrera atera ginen.Zailtasun handirik ez duen gandorra da eta aise zeharkatu genuen. Ateraldiari bertze puntu bat eman zion. Ekialderantz erorketa handia du, baina mendebaldeko maldak ez dira hain tenteak eta gandorra nahiko zabala da.


13:08 : Pic de Pedrons (2715m)
Bi orduz igan ginen kaskora. Mendi ezaguna dela erran dut lehen, baina gailurrean bakar-bakarrik egoteko zortea izan genuen.


Eskietara itzuli eta jaitsiera ekialdeko kanal tenteak bilatuz egin genuen. Aukera dezente daude, baina doike horretarako mendia ezagutu behar da eta elur baldintza egokiak bilatu behar dira.

 

14:07 : Pas de la Casarako errepidea - N22 (1876m)
Coma del Pedrons etzana eskiatuz itzuli ginen autora. Hasmentako plana ez bazen ere, egunari zukua atera izanaren sentsazio gozoarekin akitu genuen ateraldia.

2025/12/28

Puig de Coma d'Or (2826m)

EGUNA: 2025/12/28

ABIAPUNTUA: Coll de Pimorent / Puymorens (1915m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA: 
  • Coll de Pimorent - Serra de les Lloses : Ordu eta hiru laurden
  • Serra de les Lloses - Pla de Cortal Rasso : 20 minutu
  • Pla de Cortal Rasso - Puig de Coma d'Or : Bi ordu
  • Puig de Com d'Or - Coll de Pimorent : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les Thermes herrira. Hemendik Puigcerdarako bidea hartuko dugu eta tuneletik pasatu ordez, Pimorent leporaino iganen gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Neguko oporraldia baliatuz, hainbertze ezagutzen ez dugun Ariege ingurura hurbildu gara. Bertako egonaldiko lehen ateraldia Pimorent lepotik hasi dugu. Hain zuzen ere, Puig de Coma d'Or mendia bisitatu asmoz, ibilbide zirkularra burutu dugu. Inguruko eski malda ezagun eta aproposak lotuta itzuli ederra gelditu zaigu.

9:15 : Coll de Pimorent (1915m)
Lepoko aparkalekuan utzi genuen autoa eta errepidea gurutzatuta ekialderantz zuzendu ginen. Argazkian erdian ikusten den mendira eginen genuen lehendabiziko igoera.


Aitzineko egunetan elurra egina zuen, baina haizeak ere bere lanak eginak zituen, eta aldakor zegoen elurra bai kantitate, bai kalitate aldetik.


Pinuen artetik pasatu eta bizkar zabalagotik goiti egin genuen.


Igan ahala hegoaldetik lainoa sartu eta inguratu egin gintuen. Berez eguraldi ona iragarria zegoen, baina lainopean eginen genuen egunaren zati eder bat. Coma d'en Garcia eta Cortal Rosso bailararen arteko bizkar luzea den Serra de les Lloses gainez gain igan genuen punturik altueneraino.


10:58 : Serra de les Lloses (2618m)
Kaskoan lainopean eguneko lehen trantsizioa burutu eta jaisteko prestatu ginen. Lehen jaitsiera gailurtxo honen ipar-ekialdeko malda ederrak bilatuz eginen genuen Cortal Rossoko bailararaino.


Elurra ez genuen uste bezain ona izan jaitsiera honetan. Hasmentan erran bezala, haizeak lana egina zuen eta elurra nahiko aldakor zegoen.


11:39 : Pla de Cortal Rosso (2150m)
Kasik 500 metroko jaitsiera polita dago Serra de les Lloseseko gailur altuenetik Cortal Rosso bailarako zelaitxoraino.


Berriz ere fokak paratu eta bigarren igoerari ekin genion. Cortal Rosso errekaren eskuineko aldetik iganen ginen Coma d'Or mendiaren hego magalak bilatu arte. 


Bailara eztia da Cortal Rossokoa, baina elur geruza sakona zegoen eta lanak eman zizkigun arrastoa irekitzeak.


2400 metro inguruan ekialdeko norabidea utzi eta iparraldera biratuko ginen errekari segituz.


Malda pixka bat tenteagoak gainditu beharko genituen Coma d'Or mendira hurbiltzeko.


Altuera irabazi ahala, lainoa saretzen hasi zen.


Eta mendiaren gaineko zatian eguzkitara atera ahal izan ginen. Puntu honetan Pimorent lepotik kaskora igaten den bide arruntarekin elkartu eta bertatik eginen genituen azken metroak.


Gailurreko bi punta nagusien arteko lepotxora atera ginen eta Carlit mendia bistaratu genuen handik.


13:56 : Puig de Coma d'Or (2826m)
Ezkerretara malda tenteago bat igan eta sasigailurrean izanen ginen. Handik gandor zabala oinez zeharkatu eta kaskora ailegatu ginen.


Sasigailurrera bueltan taldeko argazkia egin eta jaisteko prestatu ginen.


Joan den urtean igandako Carlit ederra parean ikusten genuen.


Jaitsiera mendiaren bide arrunta denetik eginen genuen. Oro har, mendebaldeko isurialdea duten maldak dira, etzanak eta zabalak.


Lehen maldak eskiatuta gailurrera ikuspegi hau genuen. Ikusten den bezala maldak errazak dira eskiatzeko. Eta elurrak ere ona genuen.


Elur baldintzak ikusita Cap de Llosadaren mendebaldeko malda ederra Coma d'Or lakuraino jaitsi genuen. Gozatu ederra hartu genuen zati honetan!


14:32 : Estany de Coma d'Or (2484m)
Laku elurtuaren gainean berriz ere fokak paratu eta eguneko azken igoerarako prestatu ginen.


50 bat metroko igoera laburra genuen aitzinetik Coma d'en Garcia leporaino.


14:52 : Portella de Coma d'en Garcia (2514m)
Coma d'Or ingurua agurtu eta Coma d'en Garciako bailaratxoa eskiatzeko prestatu ginen.


Bailara luze eta etzana da oro har Coma d'en Garciakoa. Hasiberri batek mendi eskiak lehen aldiz paratzeko aproposa. Baditu malda politak tarteka, eta horietan elur goxoa harrapatu genuen. Gainerakoan ziztu bizian zeharkatu genituen tarte zelaiagoak.


15:22 : Coll de Pimorent / Puymorens (1915m)
Horraino eman zuen Ariege eta Katalunia arteko mendietan egindako lehen ateraldiak. Biharamunean gehiago...