2025/05/31

Peña Sabocos (2757m)

EGUNA: 2025/05/24

ABIAPUNTUA: Petrosos - Panticosako eski estazioa (1922m)

ZAILTASUNA: S4 (goitiko kanalea eskiatu gabe S3)

DENBORAK:
  • Igoera: Hiru ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jakara joan eta hemendik Sabiñanigorako bidea segituko dugu. Sabiñanigotik Biescasera eta Tenako bailaran barneratuko gara. Portaleteko mendatean goiti igotzen den errepideari segituko diogu eskuinetara Hoz de Jaca herrira doan errepidetxoa hartu arte. Herri honetatik goiti Panticosako eski pistetara igotzen den pista hartuko dugu. Luzea da eta zati batzuetan ez da arras egoera onean, baina ibilgailu normalarekin igotzen ahal da. Elurrak mugatuko digu abiapuntua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Sabocos ingurua eskiatzaile frikiak garenontzako deboraldia luzatzeko aitzakia paregabea izaten da. Hoz de Jaca herritik goiti ateratzen den pistak elurretaraino eramaten gaitu eta paraje ikusgarri honetan denboraldiko azken arrastoak marrazteko aukera ematen digu. Bertan izan ginen joan den asteburuan...

9:29 : Petrosos - Panticosako eski estazioa (1922m)
Petrosos inguruan autoa utzi eta oraindik goitiago segitzen duen pistatik abiatu ginen oinez. Pista hau Asnos lakuraino igaten da eta azken zatian beheitiago baino egoera hobean dago; beraz autoz aise igaten ahal da.


9:47 : Ibon de Asnos (2055m)
Pistatik 20 minutu eskaseko paseotxoa emanda, laku inguruan hau utzi eta eskiak paratuko genituen.


Hortik kaskoraino 700 metroko elur maldak izanen genituen disfrutatzeko. Laku inguruan akitzen den pistatik ezkerretarako zeharkaldia egin eta malda zabaletatik iganen ginen azken zatian.


Gure eskuinetara Peña Roya inguruak utziko genituen. 


Guk hegoaldera egin genuen malda politetatik, Grau del Escalar deitzen den parajetik. Argazkian parean ikusten diren harkaitz horien ezkerretarantz joko genuen.


IGN mapetan 2269 metrora dagoen lepo gisakora ailegatu ginen. Gure aitzinean zulo bat irekitzen zen eta bertara jaitsiko ginen foka-larruak kendu gabe. Igoera zuloaren ezkerretara harresien artean irekitzen den elurrezko terrazatik ere egiten ahal da, baina esposizio gehiago du zati horrek.


Erran bezala, zuloraino metro batzuk galdu eta pareko kanaletik berriz altuera irabazten hasiko ginen.


Kanalean malda tenteagoa da eta kutxilak paratu behar izan genituen. Gauean fresko egin zuen eta elurra ederki gogortua zen.


Kanaletik atera eta ezkerretara biratuta Sabocos mendiaren mendebaldeko maldan goiti abiatu ginen.


Mantso-mantso bertikaltasuna hartzen joaten den malda da honakoa, harik eta goiti kanal anitzetako batetik ertzera atera arte. Gu argazkiaren eskuinetara gelditzen den kanal bertikaletik aterako ginen, 40 gradu inguruko maldatik.


Azken zati hau gainditzeko kranpoiak paratu behar izan genituen...


Eta mantso-mantso goiti... presaka ibili behar ez genuen elurrari guritzeko astia eman behar baikenion.


Behin ertzean hegoalderantz biratu eta azken metro errazei ekinen genien. Eskuineko aldeko kanal bertikal batetik atera ginenez ertzera, bertan egoten den harkaitzezko irtengunearen goitiko aldera atera ginen; eta beraz azken metroak zailtasunik gabe eginen genituen.


Kaskora ailegatzen...


12:07 : Peña Sabocos (2757m)
Behin gailurrean denbora egiten aritu ginen elurra gehiago guritzeko. Bakar-bakarrik egon ginen tarte batean, jende gehiena mantsoago hasi baitzen agertzen.


Tena bailara kaskotik...


12:30ak aldera ekin genion jaitsierari gailurretik beretik. Ipar magalean bira batzuk egin eta ertzera itzuli ginen, handik mendebaldeko aurpegian barneratzeko. Hainbat kanal daude aukeran eta arrastorik ez zuen bat hautatu genuen guk.


Goiti poliki egindakoa, ziztu bizian jaitsi genuen... Argazkian Sabocos lakua...


Asnos laku bazterrean eskiak kendu eta autorako azken zatia oinez eginen genuen. Paraje ederra eta elur kantitate handia lagun izan genituen.


13:41 : Petrosos - Panticosako eski estazioa (1922m)
Hala akitu genuen ateraldi motz eta polita. Denboraldi akabailako klasiko bat, segur aski udaberriko azkena.

 

2025/05/28

Frondella Central (3055m)

EGUNA: 2025/05/16-17

ABIAPUNTUA: Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK (oinez):
  • Plaa d'Aste -  Refuge de Larribet : Bi ordu eta erdi
  • Refuge de Larribet - Frondella Central : Lau ordu eta erdi
  • Frondella Central - Refuge de Larribet : Bi ordu
  • Refuge de Larribet - Plaa d'Aste : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistaz Tarbesera ailegatuko gara eta hemendik Lourdesera. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arrens herrira ailegatzean Tech lakura zuzenduko gaituen errepidetxoa hartu behar da. lakua gibelean utzi eta errepidea akitu arte segituko dugu eta bertan utzi autoa

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Frondellaren mendebaldeko malda ezaguna da mendi-eskiatzaileen artean. Gailurraren azpik aldetik 700 metro baino gehiagoko malda dago Arrieleko lakuetaraino. Oraindik ezagutu gabea genuenez, bertara zuzendu ginen aitzineko asteburuan. Maiatza aitzinera doala, Arrenseko bailarako Plaa d'Astetik egin genuen hurbiltzea, gaua Larribet aterpean pasatuz. Igoera honek elurra Sarratik eta Arriousetik baino fiteago harrapatzeko aukera ematen du.

2025/05/16
18:27 : Plaa d'Aste - Maison du Parc (1470m)
Aparkalekura ailegatu, gauzak prestatu eta dena bizkarrean genuela ekin genion ibilaldiari.


Aparkalekutik Suyen lakura doan bide zabal eta erosoa hartuko genuen.


Baso zati bat zeharkatu eta fite lakura ailegatuko ginen.


18:42 : Lac de Suyen (1536m)
Ordu laurden inguruan lakura ailegatu ginen.


Bide beretik lakua inguratzeari ekin genion.


Behin lakua inguratuta eguneko lehen bidegurutzera ailegatuko ginen. Zuzen bide nagusitik Peyre Saint Martin lepo aldera joko genuke. Gure kasuan eskuineko bidetik Larribeteko aterpe aldera segituko genuen.


Doumblaseko etxolara ailegatu ginen berehala eta bertan bertze bidegurutze batean berriz ere eskuinetara hartuko genuen. 


Etxolaren parean Toue de Doumblas harkaitzpeko aterpe berezia dago. Bailara honetan gisa honetako bizpahiru aterpe daude, bere garaian artzainek eginak eta egoera onean mantentzen direnak. Guk aterpearen gibelean irekitzen den bailaran goiti eginen genuen.


Bidean goiti salamandra polit bat ikusteko aukera izan genuen.


Hortik goiti Doumblaseko lautadatxoa utzi eta bidea altueran irabazten hasten da. Bizkarren material guzia eramanda pisu dezente genuen eta kosta egiten zen bide harritsuan ibiltzea.


Eskuinetara lakutxo magiko bat uzten du bideak...


...eta lautadatxo batera ateratzen da. Puntu honetatik eguneko helburua zen Larribeteko aterpea ikusten hasi ginen. oraindik 300 metro baino gehiagoko igoera egin beharko genuen bertaraino.


Horrenbertzez, azken maldei ekin genien pazientzia osoz.


Eta halako batean aterpera ailegatu ginen...


20:22 : Refuge de Larribet (2071m)
Bi ordu eskas behar izan genituen motxila pisuekin aterpera ailegatzeko. Biharamunean igatekoak ziren zaindariak, beraz guk aterpea osorik guretako izanen genuen. Zaindaririk gabeko garaian sarrera, jantokia eta logelak daude irekita. Sua egiteko egurra uzten dute eta geletan koltxoi eta estalki ausarki. Afaldu eta freskuratik eskapatuz lotara sartu ginen.


2025/05/17
7:07 : Refuge de Larribet (2071m)
Goizeko seietan ernatu ginen eta gosalduta martxan paratu ginen.


Aterpearen gibeletik ateratzen den bidea hartuko genuen. Argazkiaren eskuinetara ikusten den Garenereko pasabidera igan beharko ginen hasteko. Ezkerrerago Balaitus handiak egun onak eman zizkigun.


7:27 : Breche de la Garenere (2189m)
Aterpearen gibeleko Garenereko ertza gainditzen duen pasabide hau izan zen eguneko lehen lepotxoa. Geroago bertze bi ere gainditu beharko genituen kaskorako bidean. Arrakala zeharkatuta bertze aldean ia 60 metro galdu beharko genituen Batcrabereko lakuetara.


7:42 : Lac de Batcrabere Inferieur (2132m)
Azkenean Batcrabereko lakuetan eskiak paratu ahal izan genituen eta ez genituen gehiago kenduko. Aurreikusita genuen inguru honetan paratuko genituela, eta uste bezala atera zitzaigun plana. Dena den, erran behar da 700 metro igan behar izan genituela eskiak bizkarrean eramanez. Zer egiten duen zaletasunak!


Azpiko lakuetatik malda erraz bat igan eta gainekora ailegatu ginen. Parean Balaitus mendiaren ipar-mendebaldeko ertz ikusgarria agertu zitzaigun eta bere eskuinetara Passe de la Barane lepora eramanen gintuzten malda politak.


Haietatik igaten segitu genuen gibelean zeharkatu beharreko lepoa ikusten genuela.


Lakuak gibelean utzi...


...eta parean genuen bailaratxotik leporantz iganen ginen. Bertarainoko bidea erraza da, malda tente pare bat ditu tartean eta hauek zati etzanagoei uzten diete lekua segidan.


Micoulaouko lakutxoek osatutako zati laua zeharkatu genuen.


Eta malda tente bat iganda lepora arteko azken zatia bistaratu ahal izan genuen. Bertze aldera pasatzeko pasabidea harkaitz tente baten eskuinetara gelditzen den arrakala nabarmena da.


Bertara ailegatzeko azken metroak pixka bat tentetzen dira, baina eskiak zangoetan genituela zailtasun handirik gabe gainditu ahal izan genituen.


8:59 : Passe de la Barane (2573m)
Arrakalan bertze aldera jaitsiera bat egiteko prestatu ginen. Foka-larruak kendu, arropa pixka bat gehiago jantzi eta Ibon Chelau lakura jaitsiko ginen.


Iparraldekoa bezala, pasabidearen hegoaldeko zatia ere zailtasunik gabea eta eskiatzeko aproposa da. Harrigarria da halako leku malkartsuan ate magiko honek alde batetik bertzera zeharkatzeko ematen digun aukera. Parean genuen Frondella mendiaren mendebaldeko malda ederra azkenean.


9:14 : Ibon Chelau (2405m)
Elur gogorretik egindako jaitsiera motz batek Chelau lakuan utzi gintuen, Balaitusera igaten den Gran Diagonal izeneko bide famatuaren azpian. Leku ikusgarri honetan bakar-bakarrik ginen eta inguruaz gozatzeko aukera paregabea genuen. Fokak paratu eta azken igoera zatiari ekinen genion.


Gibelean Palas mendia zelatari genuela Frondellako mendebaldeko maldara sartzeko gurutzatu beharko genuen lepotxorantz igan ginen. Chelau lakutik eskuinetara igan ginen horretarako.


9:44 : Collado Wallon (2504m)
Zailtasun handirik gabeko malda iganda, Wallon lepoa zeharkatu eta hegoaldera zeharkaldi bat egin genuen mendebaldeko maldan sartzeko.


Malda zabaletara aterata, zig-zag zabalak marraztuz altuera hartzen hasi ginen. Elur arras gogor zegoen inguru hartan eta kutxilak paratu behar izan genituen. Gure zangopean Arrieleko lakuak gelditzen ziren eta hauen gibelean Arriel eta Lurien mendiak.


Maldak ez du zailtasun handirik, baina elurraren gogortasunagatik badaezpada zatirik etzanenak bilatuz igan ginen.


Altuera hartzen...


Momentu guzian Frondella mendia eta bertara igateko gainditu beharko genuen azken kanaltxoa begien bistan genituen. Haren azpian utziko genituen eskiak eta hortik goiti oinez segituko genuen.


2920 metro inguruan utziko genituen eskiak eta, erran bezala, azken metroak oinez eginen genituen. Lehenik gaineko ertzera eramanen gintuen kanaltxorantz zuzendu ginen.


Kanaltxoak 45 gradu hartuko ditu gehienez eta ez du zailtasun handirik.


Kanaltxoa gaindituta ertzetik segitu genuen. Hasmentan pixka bat estuagoa da...


Eta bizkar zabal batera ailegatzen da. Bizkarra hasmentan ez da sobera tentea, baina gandorrera hurbildu ahala inklinazioa hartzen du.


Bizkarretik sasigailur gisako batera atera ginen eta bertatik gandor zati estu bat zeharkatu genuen.


Azken metro errazak egin eta Frondella mendien erdiko kaskora ailegatuko ginen.


11:44 : Frondella Central (3055m)
Igoera luzea egin eta gero azkenean gailurrean ginen. Egun guzian ez genuen inor ikusi eta kaskoan ere bakarrik egon ginen. Argazkian Frondellako gailur nagusia eta Balaitus mendia ikusten dira.


Momentu batez Frondellako gailur nagusira joaten saiatu nintzen, baina azken zatian elur kornisa handiak zeuden eta badaezpada ez pasatzea erabaki nuen.


Berriz erdiko gailurrera itzuli eta inguruari argazki batzuk egin nizkion. Eguna garbi-garbi zegoen eta ikuspegia paregabea zen. Argazki honetan Vignemale eta Monte Perdidoko mendiguneak ageri dira.


Hurbilago hegoaldean Picos del Infierno eta Garmo Negro inguruak...


Gure argazkia beheiti jaitsi aitzinetik...


Goitian tartetxo bat pasatuta beheiti abiatzeko momentua ailegatu zen. Jaitsiera igandako bidetik eginen genuen autoraino. Sasigailurrera itzuli eta gandor estua zeharkatu genuen lehendabizi...


Kanaltxora itzuli eta hau kasu emanez jaitsi genuen gibelka...


Eta hortik beheiti eski besta hasi zen. Fama ona duen Frondellaren mendebaldeko aurpegiak bere izenari ohore egin zion eta elur ona harrapatu genuen bertan.


13:01 : Ibon Chelau (2405m)
Di-da batean ailegatu ginen Chelau lakura. Zer fite pasatzen diren gauza onak...


Berriz fokak paratu eta Baraneko pasabiderantz 170 metroko desnibela gainditu beharko genuen.


Igan berri genuen Frondella gure gibelean utziz...


Laster bistaratuko genuen gainditu beharreko pasabidea. 


Azken metroak pixka bat tentetuta ere, aise ailegatuko ginen eskiak zangoetan genituela.


13:39 : Passe de la Barane (2573m)
Lepo honetatik beheiti oraindik bertze 400 metro baino gehiago eskiatzeko aukera izanen genuen.


Jaitsiera ona da Baraneko pasabidetik Batcrabereko lakuetarakoa. Hala ere, pasatu ginen orduan elurra arras guritua zegoen tokika eta leku onenak bilatuz jaitsi behar izan genuen.


14:07 : Lac de Batcrabere Inferieur (2132m)
Paratu genituen leku berean kendu genituen eskiak. Azkenean 1200 metro inguru eskiatu ahal izan genituen eta kontent ginen egindakoarekin.


Lakuak gibelean utzi eta Garenereko pasabidean barrena aterpera itzuli ginen.


14:31 : Refuge de Larribet (2071m)
Aterpean utzita genituen gauzak bildu, eta zaindariak bertan zeudela baliatuz bazkaldu ere egin genuen. Tarte luzea pasatu genuen terraza eguzkitsuan.


Tripa beteta, zapatilak jantzi, motxila pisuak bizkarreratu eta beheiti abiatu ginen.


Luze samar egin zitzaigun jaitsiera, motxilek sorbalda ederki gogortu eta nekatu baitzizkiguten. Hala ere, paisaia politak pixka bat nekea pixka bat arintzen zigun...


Laku inguruan bezperan ez bezala egun pasa igandako jende dezente ikusi genuen...


17:29 : Plaa d'Aste - Maison du Parc (1470m)
Hala akitu genuen 10 ordu baino gehiagoz mendian pasatutako egun luze eta ederra. Aspalditik fitxatuta nuen ingurua ezagutzeko aukera izan genuen eta espero dut berriz ere malda eder horietan eskiatzeko aukera izanen dugula.