Orriak

2025/11/16

Mouscate (2232m)

EGUNA: 2025/11/09

ABIAPUNTUA: Pont Lamary (1175m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA: 
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lamaryko aparkalekua Lescun herritik goiti dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasatuta, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere ailega daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segituko diegu. Aparkaleku honetatik bi kilometro inguruko pistak Lamaryko zubiaren ondoko aparkalekuan utziko gaitu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Berriz gure Pirinioetako lekurik kuttunenean gara! Oraingoan denboraldiko lehen fundamentuzko elurtea eta gero mendiak zer itxura duen ikusteko ibilaldia egin dugu. Inguruko kasko aunitz ezagunak ditut jadanik, baina sekula ez nintzen Hiru Erregeen Mahaia eta Petretxema mendien artean erdi atzendua gelditzen den Mouscaten izana. Pedaingo zirkutik goiti egin dugu igoera, egun zoragarriaz paraje hauetan alimaleko gozatua hartuz.


8:40 : Pont Lamary (1175m)
Goizean igan ginen aparkalekura. Bertze Pirinioetako leku aunitzetan ez bezala aparkalekua hutsik harrapatu genuen. Eta hala izaten segitu dezala! Aparkalekutik goiti doan bidea hartuko genuen, aski ezaguna duguna.


Metro batzuk eginda, dudarik gabe inguru honetako protagonista nagusiak diren Ansabereko orratzak ikusten hasi ginen.


Bertze baso zati bat zeharkatu eta...


...Ansabereko zelaitxora atera ginen. Energia berezia transmititzen didan lekua da hau, Pirinioetako kuttunena!


Puntu honetan bide nagusia utzi eta zelaitxoan dagoen etxolaren ondotik pasatuta, zelaiaren hondarreraino ailegatuko ginen.


Handik eskuinetara igaten hasten den bidexka hartuko genuen. Bidexka hau basoaren artean gelditzen den soilgune batetik igaten da Pedaingo zirkuraino.


Igan ahala, Ansabereko orratzen eskuinean eguneko helburu nagusia zen Mouscate mendia agertzen hasi zen. Ez da orratzak bezain ikusgarria, baina itxura ederra du!


Ez gara inoiz inguru honetaz aspertzen! Ezkerretik eskuinera Sobarcal, Ansabereko bi orratzak eta Mouscate.


9:35 : Cabane de Pedain (1605m)
Bidexkatik Pedaingo zirku berdera atera ginen. Zirku honen erdi-erdian dagoen etxola bisitatzeko baliatu genuen.


Ongi isolatutako etxola da. 2017an gau bat egin genuen bertan eta berriz ere itzultzeko gogoa ematen du haren egoera ikusteak.


Etxola inguruak utzi eta Mouscateren eskuinetara gelditzen den leporantz zuzendu ginen.


1800 metrotik goiti elurra zapaltzen hasi ginen, eta metroak irabazi ahala elur geruza gero eta lodiagoa zen. Horrek igoera motelaraziko zigun.


Arrastoa irekitzen mantso-mantso...


Lepoa gero eta hurbilago...


10:44 : Col d'Esqueste (2114m)
Elur geruza 30 bat zentimetrokoa zen leporako azken zatian. Hala ere, udako bidea segitzea lortu genuen eta arazo handirik gabe ailegatu ginen lepora.


Lepotik goiti elurraren baldintzak aldatu ziren. Kostra gogor bat zegoen goitiko geruzan, tarteka hausten zena, baina hausten ez bazen kranpoirik gabe ibiltzea eragozten zuen. Hala, kranpoiak paratu eta goiti segitu genuen. Lepotik ezkerretara biratuko ginen (hegoalderantz) eta lehen puntatxoa eskuinetik inguratuko genun.


Ondotik lepo gisako batera ailegatu, metro batzuk galdu eta azken maldak igateari ekinen genion.


Gailurrerako azken zatian zeharkaldi bat egin genuen eta mendebaldeko bizkarra harrapatuta bertatik egin genuen azken zatia.


Gure gibelean Paquiza de Linzola mendia ikusten zen, baita Kartxela ingurua ere.


Azken metroak mendebaldeko bizkarretik...


11:38 : Mouscate (2232m)
Autotik hiru ordu eskas pasatu genituen tontorrera ailegatzen.


Kaskoan alimaleko egonaldia egin genuen. Eguzkitan goxo zegoen eta hamaiketakoa astira egin genuen. Neguan eta udaberrian eskiekin ibiltzen garelarik aunitzetan ez dugu halako patxadarik izaten, elurraren kalitateari begiratzen baitiogu. Beraz eskertzen da tarteka halakoak egitea.


Azken begiratua Petretxema aldera eta beheitirakoari ekinen genion. Berez hasmentako intentzioa bertarainoko zeharkaldia egitea zen, eta Ansabereko etxoletatik beheiti jaistea. Baina elurrarekin gure progresioa motela zen eta aunitz luzatuko ginela pentsatuta bide beretik jaistea erabaki genuen.


Jaitsiera igoerako bide beretik eginen genuen. Guk geuk egindako arrastoa baloatu genuen elurtua zen partea erosoago jaisteko. Argazkian kaskotik beheiti egindako arrastia ikusten ahal da. Gure bisitaren lekuko isila...


Lepora itzuli eta Lescungo isurialdean barneratuko ginen berriz.


Igoeran ez bezala, elur zatia ziztu bizian jaitsi genuen eta laster plantatu ginen etxola inguruan. Kranpoiak, polainak eta abarrak bildu, eta autoraino bidexka erosotik itzultzea bertzeik ez zitzaigun gelditzen.


Lehendabizi Ansabereko zelaira eta gero bertatik Lamaryko aparkalekura...


Parean Aspeko bailarako mendi elurtuak ikusten genituela egin genuen azken zatia. Itxura ona zuten, baina oraindik bertze elurte on bat falta zaie eskiak paratzeko.


14:18 : Pont Lamary (1175m)
Hala agurtu genuen berriz ere txoko eder hau, Pirinioetako lekurik ederrena!