Orriak

2026/03/30

Kaxtrail

EGUNA: 2026/03/17

ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA: 7-10 ordu artean

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Heldu den urriaren 24an duela 10 urte hil zen Xabi Kaxtel lagunaren oroimenez mendi lasterketa bat izanen dugu Erratzun. Azken asteetan buru-belarri lasterketa horren antolaketa lanetan ari gara eta izen ematea irekia dago hilabete honen hasmentatik. Honakoa, berriz, ibilbideari buruzko kronika duzue, lasterketa egiten dutenek ikusiko dituzten paraje ederren argazkiak eta hari buruzko informazioa pixka bat. Ibilbide ofiziala grabatzeko itzuli osoa egin nuen egunekoa da.

7:46 : Erratzu (285m)
Lasterketa plazattik abiatuko da eta herria zeharkatuta Etxoria deitzen den etxetik goiti Azkarate auzora igaten den kaltzada zaharra hartuko du.


Kaltzada Errekaldeko bordaren inguruan akitzen da. Ikuspegi ederra dago hemendik jadanik.


Hemendik aitzin Azkarate auzoan goiti igaten da pista eta bidexka zatiak tartekatuz. Gehienean hariztietatik igaten da bidea lehen zati honetan.


Gibelera begiratuta ordu batzuk geroago igan beharko den Auza mendia ikusten da. Hobe horretan ez pentsatzea...


Zatitxo batean Azkarateko pistatik ibilita, zuzen jotzen du Aizpitza mendirantz. Argazkiko iratze-lekua zeharkatzen da eta borda batzuen ondotik pasatuta bertze iratze-leku bat.


Bigarren iratze-lekutik pagadi batean sar-atera bat egin eta argazkiko lepotxora ateratzen da.


Aizpitzako kaskoa hurbil dago puntu honetatik, eta lehen igoeraren zatirik gogorrena inguru honetan akitzen dela erraten ahal da. 


Aizpitza kaskoa ezkerretik inguratu eta parajea aldatu egiten da. Puntu honetaraino kasik 700 metro igaten dira 3 kilometro eskasetan. Hemendik aitzin, kaskoz kasko larre leunetatik goiti-beheiti batzuk egiten dira Gorramakileraino.


Aizpitzako antenak gibelean eta Baztan lainopean azpian...


Gorramakilera igaten den errepide zaharra gure eskuinetara izanen dugu zati honetan, baina bideak ez du kasik ukitu ere egiten. Inguru honetatik eskuinetara Pirinioak ikusten dira eta ezkerretara itsasoa.


Gorramendi eta Otanarte mendietatik pasatu eta azken igoera batek Gorramakileraino eramanen gaitu. Argazkian Otanarte mendia ikusten da Gorramakilgo azken maldatik.


9:11 : Gorramakil (1087m)
Lehen igoera puntu honetan akitzen da eta bertatik jaitsiera luzea dago Urritzateko errekaraino. Argazkian ikusten den Alkaxuri mendirako bidexendatik egiten da hasmenta, gero hura eskuinetik inguratu eta jaitsiera tenteari ekiteko.


Gorostiko lepotik eskuin hartuta hasten da Alkaxuri edo Irubelakaskoaren inguratzea. Ondotik argazkian ikusten den belai zahar horren ondotik beheiti sartzen da. Paraje hau Kattalintegi izenarekin ezagutzen da.


Unalarko bordaren ondotik pasatuko gara...


9:56 : Urritzateko erreka (331m)
Erratzutik goiti irabazitako altuera guzia galduta Urritzateko bailara misteriotsuan barneratuko gara. Zubitik erreka gurutzatu eta bide zaharra hartuta errekaren bazterretik pare bat kilometro zelai egin behar dira. Ondotik bigarren anoa-gunea egonen da eta bertan hasiko da eguneko bigarren igoera.


Bigarren igoera hau da, hain zuzen ere, eguneko igoerarik gogorrena. Urritzateko errekatik Iparlako lepora 600 metro baino gehiago igan beharko dira, gehienak bi kilometrotan. %30etik goitiko batez bertzeko malda dago beraz.


10:55 : Iparlako lepoa (1026m)
Iparlako lepora ateratzean hatsa hartzeko tartea izanen da. Mendikatearen bertze aldean Nafarroa Behereko lautadek eginen diete ongi etorria lasterkariei.


Ez gara alde hartara jaitsiko, ordea. Eskuinetara biratu eta GR10 bideari segituz gainez gain Izpegi aldera eginen dugu. Urrunean Auza ikusten da.


11:27 : Arietako lepoa (812m)
Gainez gain ibiltzeak ez du erran nahi bidea laua denik. Arietako lepora jaitsiko da eta gero hortik Astateko kaskoraino igan beharko da, pagadi batetik hasmentan eta larre zabaletatik geroago.


11:49 : Astate (1016m)
Gailur honetatik Izpegiko lepora arte beherantz egiten du bideak.


Astateko lepotik ezkerretara biratu eta Baigorriko isurialdetik pasatzen da Buztanzelaiko leporaino.


Eta ondotik Aintziagako lepoan barrena, berriz ere Baigorriko isurialdetik Izpegiraino joaten da. Erran bezala, zati honek guziak beheranzko joera du.


12:31 : Izpegiko lepoa (672m)
Izpegiko lepoa puntu garrantzitsua izanen da lasterketan. Ibilbidea bidenazka egiten dutenek bertan emanen diote erreleboa elkarri. Horrez gain, anoa-puntu bat ere bertan egonen da.


Izpegitik berriz ere gorantz eginen du bideak. Olatetik pasatzen den Auzako bide arrunta igan beharko dute parte hartzaileek.


Bide honek jaitsiera motz bat du Olatetik Nekaitzeko lepora, baina gainerako guzia goiti da.


Nekaitzeko lepotik Elhorrietako lepora eta handik maldatzarra Auzaraino.


Igoera ezagun hau pagopetik doa lehen zatian, eta Harrigorriko harkaitzak ezkerretara utzita azken malda tentea belardi leunetatik igaten da.


13:59 : Auza (1306m)
Auzako kaskoa da ibilbide guziko punturik altuena, Erratzuko ikur bat. Bidea grabatu nuen egunean elurtua zegoen gailurra.


Auzatik hegoalderantz eginen du bideak, Sakana deitzen den parajean Antxola mendia inguratu eta Ixtauzko lepoko anoa-gunera ailegatzeko


Auzaren hegoaldeko aurpegia...


Ixtauzko lepo inguruan berriz ere baso artean sartuko da bidean. Bizkarrez bizkar eginen du Argañeta inguratu eta Pagozelaiko leporaino.


Eta Pagozelaiko lepotik eskuin biratu eta bizkarrez bizkar segituko du Basagarreraino. Oro har, zati honek guziak beheranzko joera du.


15:17 : Basagarko lepoa (684m)
Basagarretik goiti eguneko azken igoerari ekinen diogu. 


Aitzineko kilometro guziak egin eta gero, Burgarako 200 metroko desnibela gogorra eginen da.


15:36 : Burga (872m)
Behin Burga iganda, erraten ahal da dena malda beheiti dela, nahiz eta tarteka igoera laburren bat baden.


Burgako oihan politetik Soralarko lepoko azken anoa-gunera ailegatuko gara.


Eta Soralar mendia inguratuta, Zubipuntako bordara jaitsiko gara. Larreetatik lehendabizi eta oihan tentetik zuzenean gero. Zubipuntako bordatik Gorostapoloko bidea hartuko dugu, hemendik Xorroxingo ur.jauzi aldera doan bidexka bat eta akitzeko herritik Xorroxinera doan bidea.


16:50 : Erratzu (285m)
44 kilometro eta 3000 metroko desnibela 10 ordu baino fiteago egiten dutenek merezitako saria izanen dute herrian, eta lasterketa eder hau burutu izanaren poza ere bai. Hiretako Kax!



 

Sommet du Jambet (2121m), Sommet deres Heches (2084m) eta Sommet de l'Aigle (2078m)

EGUNA: 2026/03/15

ABIAPUNTUA: Cazaux Dessus (1289m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Cazaux Dessus - Sommet du Jambet : Hiru ordu
  • Sommet du Jambet - Lac de Bareilles : Ordu erdi
  • Lac de Bareilles - Sommet deres Heches : Ordu eta erdi
  • Sommet deres Heches - Coume de Baque : 20 minutu
  • Coume de Baque - Sommet de l'Aigle : 40 minutu
  • Sommet de l'Aigle - Cazaux Dessus : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segitu behar da 16. irteeraraino. Hemen Arreauko norabidea segituko dugu eta herrixka hau pasatuta Lourongo bailara politean barneratuko Aurekoa gure eskuinetara utziz. Bagneres de Luchongo norabidea segitu behar dugu, Peyresourde mendate ezaguna igotzen hastearekin batera ezkerretara Cazaux-Frechet herrirako norabidea hartuz. Hemendik goiti segituko dugu Cazaux Dessus herrixkaraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bezperako elurtearen eta egunerako iragarritako haizearen ondorioz, fin aritu behar ginen elur ona harrapatuko bagenuen. Hala, ipar haizearen eraginetik eskapo, Pirinioen iparraldeko mendi apalagoetara jo genuen eta bete-betean asmatu genuela erraten ahal da. Balencous, Bareilles eta Bourg d'Oueil bailaren artean altxatzen diren mendi borobiletan itzuli ederra burutu genuen, orientazio guzietan elur ona harrapatuz. 

9:47 : Cazaux Dessus (1289m)
Eguraldi eskasarekin argitu zuen egunak, baina iragarpenean fede itsua genuen eta argitu zuela bagenekien. Hala, aparkalekutik abiatu ginenerako ostarte batzuk irekitzen hasiak ziren zeruan.


Cazaux Dessus herritik goiti igaten den pistatik pixka bat iganda, Lourongo bailararen ikuspegi ederra genuen. Elurra beheitiraino egina zuen.


Fite paratu ahal izan genituen eskiak zangoetan. Hala ere, zati honetan beheitirakoan elurra urtua harrapatuko genuen.


1400 metro inguruan pista eskuinetara biratu eta Balencous-eko bailaran barneratzen da. Normalean puntu honetatik aitzin harrapatzen da elurra, eta erran behar da ospela izanik nahiko luze mantentzen dela bertan. Aldi honetan pista argazkiko puntuan utziko genuen. Zuzen segitu ordez, ezkerretara doan hirukote horrek bezala zubia zeharkatu eta Jambet mendiaren hegoaldeko magaletik goiti eginen genuen


Hortik kaskoraino 600 metroko desnibela duen malda zabala igatea izanen zen gure eginbeharra. Bezperako elurrarekin igateko adina bazen, baina ez jaisteko. Elurra fite urtzen den magal eguzkitsua da honakoa, baina eskiatzeko moduan dagoelarik jaitsiera ederra eskainiko du.

 
Sigi-saga altuera irabazten hasi ginen...


Egunak hodeitsu segitzen zuen, baina tarteka eguzkia eskapatzen hasia zen hodeien artetik eta bisibilitate nahikoa bagenuen


Goitiko partean jadanik basea zegoen elur kantitatea aise handiagoa zen. Arrastoa irekitzea gero eta lan zailagoa zen.


Azken metroak kaskora ailegatzeko...


11:47 : Sommet du Jambet (2121m)
Kaskoan haize boladaren batek jo gintuen eta segidan metro batzuk galdu genituen trantsizioa lasaiago egiteko gerizan.


Jambet eta Tech mendien hegoaldeko maldek itxura ederra zuten eta momentu batez zalantza ere egin genuen. Baldintza onean zeuden malda haiek eskiatu edo hasmentan pentsatua genuena ibilbidea egin?


Azkenean hasmentako planari eutsi genion. Jambet menditik pixka bat ekialdera eskiatuta, mendi honen eta Tech mendiaren artean irekitzen den lepotxotik "salto" egin genuen iparraldeko isurialdera. Hodi formako malda politetatik jaitsi ginen...


Paisaia dezente aldatzen da iparraldeko isurialdetik hegoaldekora. Zati honetan maldak ez dira hain leunak, eta izeiz inguratuak daude han-hemenka.


Elur-hautsezko malda politak eskiatuz Bareilleseko lakuraino jaitsiko ginen.


12:15 : Lac de Bareilles / Borderes (1766m)
Laku bazterrean akitu genuen eguneko lehendabiziko jaitsiera. 


Ur pixka bat hartu, inguru eder hartan zerbait jan eta goiti abiatuko ginen luze gabe.


Hasmentako plana hego isurialdera Liongo lepotik itzultzea zen. Hala ere, planez aldatzea erabaki genuen. Argazkian ikusten den bizkarrera iganen ginen bertatik Hourgue de Fousserette izeneko gaineraino.


Lehen igoeran bezala, arrastoa irekitzea tokatuko zen honetan ere.


Gibelean Bareilleseko bailara polita utziko genuen. Pinu artean etxola polita dago inguru horretan, eta egia erran ingurua egun batzuk pasatzeko modukoa da


Bizkarrean goiti altuera hartu genuen poliki-poliki...


Gaineko partera ailegatuta, Hourgue de Fousserette mendiak baino jaitsiera hobea Heches-eko gainak zuela ikusi genuen eta bertara zuzendu ginen bi aldiz pentsatu gabe.


Iparraldeko ertz zabaletatik berehala ailegatuko ginen kaskora. Gure gibelean Hourgue de Fousserette eta Mont Ne mendiak ageri dira.


13:25 : Sommet deres Heches (2084m)
Hegoaldera begiratuta aldiz Luchon inguruko 3000ek erakartzen zuten gure begirada.


Foka-larruak kendu eta ekialdeko malda ederrak eskiatu genituen. Eguzkia atera arren, eguna freskoa zen eta elurra ongi mantentzen zen orientazio horretan ere.


Gure jaitsierari begiratua aitzinera segitu aitzin...


13:45 : Coume de Baque (1888m)
1900 metro ingururaino jaitsi ginen, argazkian ikusten den Lourongo lepoa baino 100 bat metro beheitiago. Igoera motz batek bertan utziko gintuen.


14:07 : Col du Louron (2001m)
Lepotik ezkerretara biratu eta Pouy Louby mendia inguratuko genuen Aigle kaskoaren bila. Asmoa haren ipar-mendebaldeko maldetan azken jaitsiera egiteko elur ona harrapatzea zen, oraindik eguzkiak guti ukitua izanen zuelako.


Hala bada, Sahiestreko lepoaren azpitik pasatu eta Aigleko azken malda igan genuen.


14:24 : Sommet de l'Aigle (2078m)
Kasko honetan jende gehixeago harrapatu genuen eta beraz fite egin genuen trantsizioa. Malda birjinak arras kotizatuak dira horrelakoetan. Argazkian kaskotik Maupas eta Crabioules inguruak...


Urrunean Aneto-Maladeta mendigunea ere ikusten zen...


Iparralderago dagoen bizkar zabalera pasatu...


...eta eskuinetara biratuta ipar-mendebaldeko orientaziodun malda bikainetatik eskiatuko genuen.


Di-da batean sartuko ginen Balencouseko bailararaino.


Bertan pistatik 1400 metroraino eskiatzen ahalko genuen.


Eta pistaren bihurgune magikoan negutik udaberrira pasatu ginen bat-batean. Eskiak motxilara eta autorainoko paseo polita bertzerik ez zitzaigun gelditzen...


Lourongo bailara ederrean bertze egun bikain bat pasatu izanaren alaitasunarekin...


15:12 : Cazaux Dessus (1289m)
Autora ailegatu ginenerako, igoeran kostata gainditu genuen errepidea elurrik gabe zegoen. Kanpoko aldean bazkaldu eta etxerako bidea hartuko genuen elur-hautsetan eskiatutako asteburu polita akitzeko.