Orriak

2026/01/07

Pic de Tarbesou (2364m)

EGUNA: 2026/01/01

ABIAPUNTUA: Station d'Ascou-Pailheres / Parking Mounegou (1687m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Igoera: Bi ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
 Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les-Thermes herrira. Hemendik Pailhereseko mendatean goiti abiatuko gara Ascou-Pailheres eski estazioraino igateko. Estazio honen aparkaleku nagusia utzi eta bosgarren bihurgune hetsian dagoen aparkalekuan utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urte Berri Eguna eskiatuz hasi genuen aurten, gehiena gustatzen zaiguna eginez. Ax-les-Thermes inguruan pasatu dugun oporraldiaren azken eguna zen eta Ascou-Pailheres eski estaziora hurbildu ginen. Bertatik egiten den Tarbesou mendia Ariege osoko eski mendi ezagunenetarikoa da, ezagunena ez bada. Orientazio guzietan jaitsiera bikainak ditu eta elur ona izaten omen du aunitzetan. Guk harroaldi ederra eman genien bertako maldei.

9:36 : Station d'Ascou-Pailheres (1687m)
Haize finak eman zigun ongi etorria aparkalekuan eta presaka bezala abiatu ginen gure gorputzak beroan sartu nahian. Fontargente eski pistatik ekialderantz eman genituen lehen pausuak.


Zati bat iganda, pistaz kanpo malda tenteago batetik hegoalderantz egin genuen.


Gure gibelean Pailheres inguruan kokatutako urbanizazioa utziko genuen.


Malda errazetatik Picou de Mounegou menditxoa inguratzen hasi ginen.


Ekialdetik inguratu genuen antenadun menditxoa eta berriz ere Tarbesouren iparraldeko bizkarrera atera ginen bertatik gailurrerainoko bidea egiteko. 


Aitzineko egunetako eskiatzaileek egindako arrastoetatik zailtasunik gabe harrapatuko genuen kaskoa.


Hasiberriendako mendi aproposa da, baina hain hasiberriak ez garenondako ere aukera bikainak eskaintzen ditu.


11:23 : Pic de Tarbesou (2364m)
Erritmo onean bi ordu baino gutiagotan kaskoan ginen. Eguneko lehen trantsizioa egin eta jaisteko prestatu ginen.


Lehen jaitsiera mendiaren ekialdeko malda bikainetik egin genuen.


Tarteka hautsa izan genuen, baina elurra nahiko aldakor zegoen.


11:42 : Ruisseau de la Maure (1988m)
Zelaitxo ttipi honetan akitu genuen lehen jaitsiera. Leku zinez ederra iruditu zitzaigun eta oraindik politagoa izanen da elur egin berriarekin.


Fokak paratu eta berriz Tarbesouren iparraldeko bizkarrera igan ginen.


12:52 : Sarrat des Escales (2276m)
Baina bigarren igoeran kaskoraino ailegatu ordez, 2280 metro inguruan mendebaldetik inguratu eta haren hegoaldeko bizkar batera joan ginen. Bertatik Bauzeilleko lakuetarako jaitsiera ederra fitxatuta genuen; baina hegoalderantz Noir lakura alderako malda ederrak eguzkiarekin transformatzen hasiak zirenez, lehendabizi haiek probatzea erabaki genuen.


Argazkiko maldetatik 150 bat metroko jaitsiera egin genuen.


13:39 : Sarrat des Escales (2276m)
Hirugarrenez fokak paratu eta berriz Escaleseko bizkarrera itzuli ginen.


Handik mendebaldeko malda ederretatik eginen genuen hirugarren jaitsiera. Bauzeilleko lakuetaraino elur bikaina izan genuen lagun oraindik arrastorik ez zuten maldetan. Bauzeilleko lakuetatik beheiti, ordea, zuzen pistetara jaitsi ginen eta baso malkartsu bat zeharkatu behar izan genuen ahal bezala.


Argazki hau Bauzeilleko lakutik jaitsitako maldara ateratakoa da.

14:36 : Station d'Ascou-Pailheres (1687m)
Orri izeneko pistatik egin genuen azken zatia. Gaineko aparkalekua nahi gabe pasatu eta Andorra izeneko teleskia hartu behar izan genuen bertara ailegatzeko. Hala akitu genuen Ariegeko mendi ezagun honetako maldetan egindako ateraldi eder hau. Zer pena hain urrun dagoela...