2025/08/28

Pisco (5752m)

EGUNA: 2025/08/06-07

ABIAPUNTUA: Cebollapampa (3910m)

ZAILTASUNA: Nahiko erraza (PD)

IRAUPENA:
  • Cebollapampa - Refugio Peru : Bi ordu eta erdi
  • Refugio Peru - Pisco : Bortz ordu
  • Pisco - Cebollapampa : Bortz ordu
NOLA AILEGATU:
Cebollapampara ailegatzeko Huarazetik bi aukera ditugu: garraio pribatua kontratatzea (800 SOL inguru joan-etorria) edo garraio publikoa hartzea. Azken hau hautatuz gero Huarazetik Yungay herrira doan autobusa hartu behar da eta hemendik bertze bat Cebollapampara igateko. Yungaytik goitiraino pista luzea gainditu behar da eta beraz bidaia luzatu egiten da (3 ordu inguru garraio pribatuan).

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Peruko bidaia zoragarria mendi eder honen igoerarekin borobildu genuen. Jende aunitzek gomendatu zigun Pisco mendia eta dudarik gabe bisitatu beharrekoa da. Bere kokapenagatik inguru mendietara duen ikuspegia zinez bikaina da eta bertara ailegatzeko bidea ere arras polita. Horri guziari zailtasun handirik ez duela gehitzen badiogu, aitzakiarik ez dago bertara ez hurbiltzeko.

2025/08/06
12:18 : Cebollapampa (3910m)
Antoniok pista bazterrean utzi gintuen eta leku berean egin genuen biharamunerako hitzordua. Bidean seinale batek Laguna 69 lakurako bidea erakusten du eta horri segituko genion lehendabiziko metroetan.


Gure ezkerretara Llanganucoko lakuak utzi genituen. Turista aunitz hurbiltzen da laku horietara, autoz ailegatzeko aukera baitago.


Bide zabaletik metro batzuk galdu eta berez Cebollapampa den zelaitxora ailegatu ginen. Toki honetan bereizten dira 69 lakura eta Peru aterpera doazen bideak. Guk azken hau hartuko genuen.


800 bat metroko desnibela irabazi beharko genuen aterperaino, Cebollapampatik goiti galbiderik eta bidegurutzerik ez duen bidexkatik.


Altuera irabazi ahala goibel artean biharamunean igaten saiatuko ginen mendia agertzen hasi zen.


Piramide itxurako mendi polita da...


Gure gibelera begiratuta berriz Llanganucoko leporaino (4767m) igaten den pistaren azken bihurguneak ikusten genituen. A zer portutzarra!


Mantso-mantso aterpea kokatua dagoen parajeraino ailegatu ginen. Egunaren hasmentan zerua estaltzen zuten hodeiak lekutzen hasiak ziren ordurako eta Piscoz gain, inguruko bertze mendiak ere ageri ziren. Beheitiago biharamunean aterpetik morrenaren gainera igan beharreko maldako bidexka ere ikusten da.


Huandoy mendiak agertzen... Ikusgarriak!


14:18 : Refugio Peru (4643m)
Bi ordu inguruz ailegatu ginen aterpera, bazkaltzeko gosea eginda.


Ishincako aterpean bezala, ailegatzean koka infusioa eskaini ziguten eta segidan eraman genituen ogitartekoak jan genituen. Aterpe polita iruditu zitzaigun, goxoa, ttipia eta atsegina. Arratsaldean jantokiko jokoei errepaso ederra eman, afaldu eta 19:30erako ohatzean ginen. Biharamunean iratzargailuak goiz joko zuen!


2025/08/07
3:22 : Refugio Peru (4643m)
Bi eta erdiak aldera jeiki ginen. Gosaldu, komunera bueltaxka eta gauzak prestatuta martxan paratu ginen. Aterpe kanpoan ez zen hotzik eta zerua izarrez beteta ageri zen, bezperako lainorik gabe. Aterperaren gibeletik seinaleak erakusten duen bidea hartu eta morrenaren gainera igaten hasi ginen.


Ilargiak Huascaran mendietako glaziarretan disdira egiten zuen. Berezia da ordu horietan inguruko mendietan urrunean bertze mendizaleen argitxoak ikustea. Erokeria ttipi hauetan bakarrik ez zaudela sentitzen duzu.


Morrenaren bazterreko paretara iganda, morrena barrenera jaisten laguntzeko kate bat dago instalatua. Haren laguntzaz metro batzuk galduko genituen pareta bertikal eta hautsitik eta harkaitzezko labirintoan barneratuko ginen. Morrena aldez alde zeharkatu behar genuen eta aunitz aditu genuen inguru horri buruz solasean: galtzeko erraza zela, arras deserosoa zela, arras luzea... Guri ez zitzaigun hainbertzerako iruditu. Pirinioetako edozein harkaitzezko itsaso zeharkatzea bezala izan zen. Katea beheiti jaitsita zuzen jaisten segitu ordez paretaren bazterretik gure ezkerretara hartu genuen eta hortik aitzin mugarriz mugarri morrena osoa zeharkatu genuen.


Behin aldez alde zeharkatuta bertze aldeko paretaren gainera igateko malda gainditu (kasu honetan ez da hain bertikala), eta pareta estuaren gainetik segitzen du bideak.


Ondotik pareta utzi eta glaziarraren urtzeak agerian utzi dituen plaka etzanetatik ailegatuko ginen kranpoiak paratuko genituen lekura.


Onenean glaziarrera ailegatzeko hiru ordu beharko genituela errana ziguten, baina bi ordu azpitik bertan ginen. Goizeko 5:10 ziren eta argitzeko pixka bat falta zen, beraz lasai arnesak, kranpoiak eta gainerakoak jantzi eta goiti segitzeko prestatu ginen.


Glaziarrerako sarrera magikoa izan zen. Ordurako aitzinean genituen Huandoy mendiak gorriz margotzen hasiak ziren eta gu glaziarreko arrakala eta seracen artetik zihoan arrasto nabarmenetik igaten ari ginen.


Ishincako glaziarra baino zakarragoa zen Piscokoa, ikusgarriagoa; baina arrastoa aise segitzen zen eta ez zuen zailtasun handirik lehen metroetan.


Goiti egin ahala egunak gauari terrenoa irabazi zion eta Piscoren ekialdeko ertzera ailegatzeko zeharkatu beharko genuen lepoa ikusten hasi ginen.


Gure eskuinetara berriz Pisco bera...


Lepora ailegatzeko azken metroak pixka bat tenteagoak ziren (35º inguru), baina zailtasunik gabe gainditu genituen.


Behin lepoan eskuinetara biratu eta Huandoy mendiak gibelean genituela bizkar-ertza igateari ekin genion. Huandoy mendia hiru puntaz osatua dago, ezkerretik eskuinera Huandoy Sur (6160m), Huandoy (6395m) eta Huandoy Este (6070m).


Iparraldeko mendiak ere agertzen hasi ziren lepotik goiti, tarteam argazkiko Artensoraju (6025m).


Gure aitzinean Piscoraino ailegatzeko igan beharreko azken zatia genuen. Ikusten den bezala, ertza baino bizkar zabala da.


Hala ere, tarte batzuetan malda nahiko tentea da.


Momentu batean 45º inguruko malda bat ere gainditu behar izan genuen. Hau izan zen igoera guziko tarterik tenteena, baina ez zuen esposiziorik eta aise gainditu genuen,


Hortik goiti malda etzanagoak izanen genituen, baina metroak irabazten ari ginen eta azken zatian altueraren eragina nabaria izanen zen.


Tarte batean bizkarrak inklinazioa galtzen du eta puntu horretatik azken zati osoa ikusten da. Ez zitzaigun aunitzik falta...


Arrakala bat inguratu, malda tenteago bat igan eta gaineko zatira atera ginen. Toki horretan eguzkitara atera ginen lehen aldiz eta eskertu genuen. Gailurrean ginela ematen zuen, baina bertara ailegatzeko argazkian ikusten den arrakala sakon eta zabala zubi estu batetik zeharkatu beharko genuen. Zubi hori eroriz gero, ezinezkoa izanen da kaskora ailegatzea.


7:46 : Pisco (5752m)
Hala zapaldu genuen gure orain arteko mendirik altuena denaren gailurra! Kaskoan ez zebilen haize aunitzik eta tarte bat pasatu genuen paradisu ttipi hartaz disfrutatzen.


Bertara ailegatzeko bidea polita iruditu bazitzaigun, ikuspegiaz zer erran! Mendi ezagun aunitzen erdian dago Pisco eta horrek bista pribilegiatua izatea ematen dio. Argazkian ezkerretik eskuinera Caraz (6025m), Quitaraju (6036m), Alpamayo ezaguna (5947m) eta Artensoraju (6025m).


Gu kaskoan bakarrik eta kontent!


Chopicalqui (6354m), Huascaran Sur (6768m) eta Huascaran Norte (6652m). Cordillera Blancako erraldoiak!


Huandoy mendiak...


Eta ni!


Aitzinean Artensoraju (6025m) eta Chacraraju (6108m)...


Egonaldiaren ondotik, jaisten hasteko momentua ailegatu zen. Igoerako bide beretik eginen genuen beheitirakoa ere...


Arrakalak inguratuz...


...glaziarra gibelean utzi eta morrenarantz! Argazki honetan grisez ikusten den morrena guzia da zeharkatzen dena.


Chopicalqui aitzinean...


Morrenaren paretaren gainetik... zatiren batean nahiko estua da...


Harkaitz blokeen artetik morrenaren erdian...


...eta berriz ere katearen laguntzaz morrenatik ateratzen! Igoeratxo honek beroaldi ederra eman zigun!


Behin morrena zeharkatuta aterpea hurbil zegoen eta erraten ahal genuen zailena egina genuela.


11:16 : Refugio Peru (4643m)
Aterpean utziak genituen gauzak bildu eta eguzkitan atsedenaldi luzea hartu genuen. Handik beheiti fite jaitsiko ginela aurreikusten genuen eta Antoniorekin 14:30ean paratua genuen hitzordua, beraz ez genuen presarik.


Inguru zoragarri hura agurtu eta ordubete eskasean eginen genuen Cebollapamparainokoa!


13:00 : Cebollapampa (3910m)
Hala akitu zen Peruko mendiak ezagutzeko egindako bidaia gogoangarriko azken ateraldia. Gero arte Peru!