EGUNA: 2025/10/12
ABIAPUNTUA: Lac d'Estaing (1162m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA (oinez):
- Lac d'Estaing - Col d'Ilheou : Hiru ordu
- Col d'Ilheou - Lac d'Ilheou : 40 minutu
- Lac'Ilheou - Col de Haugade : Ordubete
- Col de Haugade - Lac de Pourtet : Ordu eta erdi
- Lac de Pourtet - Col de Pourtet : 45 minutu
- Col de Pourtet - Lac d'Estaing : Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arras-en-Lavedan herritik Estaingeko lakura bideratzen gaituzten seinaleak abiatzen dira. Haiei segituko diegu Estaingeko bailara zeharkatu eta lakura ailegatu arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Bertze itzuli bat mendi bat inguratuz eta postaletako parajeen artean bidaiatuz. Azken honek aho zabalik utzi gaitu bere edertasunagatik: paradisukoak diruditen lakuak, zelai berde leunak, Balaitus eta Vignemale inguruetara ikuspegi ederra, harkaitzezko orratz zorrotzak... Segur aski euskaldunondako ez dira leku ezagunegiak gehienak, guretako ere ez ziren joan ginen arte, eta sorpresa politarekin itzuli ginen etxera.
7:43 : Lac d'Estaing (1162m)
Erdi ilunpetan abiatu ginen kanpinaren ondotik abiatzen den pistatik goiti.
Ordu eta erdi eman genuen lehen igoera hau egiten. Erritmo onean igan ginen eta uste baino fiteago gindoazen.
Sobera gelditu gabe Cauteretseko isurialdera jaisten hasi ginen. Belardi berde horiztatuen arteko bidexka erosoa da lasterka egiteko.
Momentu batean bidegurutze batera ailegatu eta ezkerreko bidea hartuko genuen. GRaren bidea segitu behar da Ilheouko aterperaino.
Lepotik minutu gutian lehen jaitsiera akitutzat emanen genuen.
9:58 : Refuge d'Ilheou (1975m)
Puntu honetan GRa utzi eta seinale batek erakusten duen Wallon aterperako bidea hartuko genuen. Bigarren igoera Haugadeko lepora izanen zen.
Lakua gure eskuinetara utziz inguratu genuen.
Eta altuera irabazten hasi ginen bidexka erosotik. Gure parean Courounalas mendia altxatzen zen.
Bidexka sigi-sagatsuan fite irabazi genuen altuera.
Lehen lepo batera ailegatu ginen, baina seinale batek Haugadeko lepoa goitixeago zegoela adierazten zigun.
10:46 : Col de Haugade (2378m)
Bertze malda motz bat igan eta oraingoan bai, egiazko lepora ailegatu ginen. Oraindik 11ak ere ez ziren eta igan beharreko handiena igana genuen jadanik. Azken lepo bat bertzerik ez zitzagun gelditzen.
Lepotik Vignemale mendia ikusten zen.
Ur-tragoxka bat eta aitzinera segitu genuen.
Lepoko jaitsiera Courounalas mendiaren hegoaldeko magaletik egiten den zeharkaldi luzea da.
Ez genuen altuera sobera galduko Embarrateko lakuetaraino.
IGN mapan 2225 metrora dagoen zelaitxo honetan akitu genuen jaitsiera etzana. Bertatik berriz goranzko joera hartuko genuen parean ikusten den bailaratxoan goiti.
Embarrateko lakuetako bat ezkerretara utzi genuen.
Eta Pourteteko laku aldera zuzendu ginen bidexka zabalago batetik.
Mapan izenik ez duen lakutto baten ondotik pasatu eta bertze malda bat iganda Pourteteko lakuan izanen ginen.
11:43 : Lac du Pourtet (2422m)
Laku eder honetara ailegatuta eguneko atsedenaldi luzeena egitea erabaki genuen. Ez zitzaigun aunitzik falta eguneko azken leporaino ailegatzeko eta indarrak berritzeko momentu ona zela pentsatu genuen.
Laku bazterreko egonaldiaren ondotik, Wallongo aterpe aldera doan bidea utzi eta sobera nabarmena ez zen bidexka bat segitzen hasi ginen Pourteteko lepo aldera.
Mugarrien laguntzaz harkaitz blokezko zati bat zeharkatu...
...eta orratzen eskuinetara belardi tente bat igateari ekin genion. Zati honetan bidexka erabat desagertzen da eta mugarririk ere ez dago apenas. Beraz, GPSaren arrastoari segituz igan ginen.
Belardi tentea iganda arrakala batera ailegatu ginen, baina bertze aldera ez zegoen pàsabiderik, amildegia baizik.
GPSari segituz, eskuinetara bertze pixka bat gehiago iganen ginen.
12:36 : Col de Pourtet (2692m)
Argazkian ikusten den harkaitz-paretaraino iganen ginen eta bertan ezkerretara hartuko genuen bertze aldera jaisten hasteko. Berez pasabide honek mapetan ez du izenik, baina nik Pourtet izena paratu diot azpiko arrakalak hala baitu izena. Hala ere, aipatu behar da ez dela lepo bat.
Jaitsiera hasita, argazkian ikusten den orratz ttipia hartu behar da erreferentzia gisa. Haren eskuineko aldetik pasatuko ginen belardi aldapatsu batera.
Guk belarrezko kanal tentea zeharkatu egin genuen eta bertze batera pasatuta handik jaitsi. Hala ere, onena belarrezko lehen kanala jaistea da.
Tentea da eta ez du bidexkarik, baina teknikoki zailtasunik ere ez. Hala ere, zati hau guzia (bai igoera, bai jaitsiera) nahiko deserosoak dira eta denbora fite pasatzen da.
Behin belarrezko kanala beheitiraino jaitsita, bailaratxoaren sakonetik egin genuen beheiti. Tarte honetan berriz ere mugarri gehiago ikusten hasi ginen, baina harkaitz blokezko itsasoan ez zegoen bidexka argirik.
Bailaratxoaren sakonetik harkaitzak gibelean utzi eta Long lakurantz egin genuen.
13:13 : Lac Long (2326m)
Urik gabe zegoen laku honetan berriz ere bidexka agertu zen. Estaing lakutik alde honetara hainbat laku daude eta egun pasa jendea Long lakuraino igaten da. Gutieneko batzuk hori bai, aski bide luzea baita.
Laku idortua gure eskuinetara utzi genuen, baita gibelean Arrouyko orratzak ere.
Eta gero eta zabalagoa zen bidexkatik bailaran beheiti egin genuen. Fite bistaratu zen isurialde honetako bigarren lakua: Lac Nere.
Eta Nere lakuaren kontrako aldean Balaitus eta Neouseko glaziar ahuldua ere ikusten hasi ginen.
Nereko lakutik beheiti malda tenteago bat jaitsi eta belardi polit honetara ailegatu ginen.
Udazkeneko kolorez janzten hasiak ziren bazterrak.
Masseyseko etxolaren ondotik pasatzean hau ere bisitatzeko baliatu genuen. Etxola ttipia da, belarrezko teilatuarekin; eta bizpahiru lagunek lo egiteko lekua du.
Etxolatik beheiti baso trinkoago batean barneratu ginen eta lasterka altuera fite galtzen hasi ginen.
Basotxotik ateratzean Plaa de Prateko lakua eta etxola agertu zitzaizkigun aitzinean. Etxola honetan ere bada gaua pasatzeko aukera.
14:07 : Lac du Plaa de Prat (1656m)
Inguru eder hau gibelean utzi eta Estaingeko lakuraino doan bailara etzana osorik jaitsiko genuen.
Lainotzen ari zen arratsaldea udazkeneko kolore epelak hartzen hasia zen ordurako.
Oraindik kilometro batzuk gelditzen zitzaizkigun bidexka erosotik egiteko...
Toue de la Cetira harkaizpeko etxolaren ondotik pasatu ginen.
Eta bailararen azpiko aldeko pagadian sartu!
Pagopean bidexka hostoz estalia eta guri zegoen. Gure zango nekatuek ederki eskertu zuten!
14:55 : Lac d'Estaing (1162m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina