EGUNA: 2025/10/18
ABIAPUNTUA: Bious Oumette (1304m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA (oinez):
- Bious-Oumette - Lac de Bersau : Bi ordu eta erdi
- Lac de Bersau - Cabane de Cap de Pount : Ordu bat
- Cabane de Cap de Pount - Col de Peyreget : Bi ordu
- Col de Peyreget - Refuge de Pombie : 40 minutu
- Refuge de Pombie - Col de Suzon : Ordu erdi
- Col de Suzon - Bious Oumette : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistan barrena Pau hirira joan eta hemen autopista utzi behar da Gourette eta Artousteko eski estazioen norabidea hartuz. Laruns herrian Pourtaleteko lepora igotzen den bidea hartuko dugu eta hemendik segitu Gabas herriraino. Herri honen irteeran, eskuinetara, bidegurutze bat hartuko dugu Bious Artigueseko urtegira igotzen dena. Aparkaleku hau betea delarik, kilometro bat beheitiago dagoen bertze batean utzi behar izaten da autoa; Bious Oumetteko aparkaleku handian.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Ossau bailarako erregea Midi handia da inolako zalantzarik gabe. Bertara igaten diren bideez gain, inguratzen duen ibilbideak ere fama badu eta mendizale dezente biltzen ditu. Guk oraindik egitekoa genuen itzuli ezagun hau eta udazkeneko egun ederra baliatuz bertara zuzendu gara. Midiren itzulia Ayouseko lakuen itzuliarekin lotu dugu ibilbide ederra osatuz. Lasterka ibiltzeko bidexka aproposak ditu, baita egonean edozein lakuren inguruan egoteko ere. Alderdi txar bakarra jende kopurua!
8:34 : Bious Oumette (1304m)
Aparkalekura goizean igan ginen gaua pasatzea debekatua baitago berez. Goitiko aparkalekura joateko azken zatia hetsia zegoela zioen kartel bati kasu eginez Bious Oumettekoan utzi genuen autoa eta bertatik abiatu ginen.
GR10aren markei segituz errepidea moztu eta segidan ailegatuko ginen gaineko aparkalekura. Azkenean errepidea irekia zegoela konturatu ginen eta goitiko aparkalekua autoz beteta zegoen.
Aparkalekua gibelean utzi eta lakua inguratzen duen pistatik goiti jo genuen. GRaren markei segituko genien lehen zati guzian, Ayouseko aterperaino.
Bazter ederrak dira hauek, eta zer erranik ez udazken koloreekin!
Laku bazterreko etxolatxoa...
Lehen zatian pista zelaia da, baina segidan hasten da altuera irabazten.
Malda tenteago bat iganda, Biouseko lautada zabalera ailegatu ginen. Puntu honetan pista utzi eta eskuinetara basotik igaten den bidexka hartuko genuen.
Fresko ari zuen zelai inguruan, baina Casterau eta Paradis mendiak eguzkitan ziren ordurako.
Gu kolore gorrixkaz margotutako baso politetik goiti igan ginen.
Lehen baso zati bat iganda Col Long d'Ayous etxolaren inguruan dagoen zelaitxo batera ateratzen da bidea. Bertatik Midi d'Ossaura ikuspegi ederra dago.
Bertze baso zatitxo bat eta pagoak agurtuko genituen.
Hortik goiti larre zabal eta lakuen besta hasten da, betiere Midiren begiradapean.
Lehen lakua Roumassot deitzen da. Puntu horretatik aitzin eguzki goxoa izanen genuen.
Pixka bat goitiago Mieyko lakua dago.
Eta bertze malda bat iganda, Ayouseko aterpea ikusten hasiko ginen.
Ayouseko lakua Gentau laku ezagunaren ertzean kokatua dago. Laku honetatik ateratakoa segur aski Midiren argazkirik ezagunena izanen da, baita Pirinioetako ezagunenetarikoa ere. Ongi merezia du bere fama, baina hasieran erran bezala zaila da bazter hauetan lasaitasuna harrapatzea. Jende aunitz ibiltzen den parajea da.
Postal bat...
10:04 : Refuge d'Ayous (1982m)
Ordu horretan jende guti zebilen jadanik hetsia zegoen aterpe inguruan eta zerbait jateko egonaldia egin genuen.
Segidan aterpea utzi eta goiti segitu genuen Bersauko lakurantz.
Eskuinetara Hourquette mendia utziko genuen. Iaz ibili ginen haren gailurrean.
10:25 : Lac de Bersau (2082m)
Ayouseko lakuetako azkenekoan akitu genuen eguneko lehen igoera. Lakuaren izkinan ikusten den lepotxotik jaisten hasiko ginen.
Casterau mendia parean genuela hasi ginen izen bereko lakurantz jaisten. Momentu horretan argazki kamerako txartelarekin arazo bat izan nuen eta argazki guziak gaizki atera zitzaizkidan. Hortaz azalpena telefonoarekin ateratako argazki apurrekin emanen dut.
Casterau lakua ezkerretan utzi eta beheiti segitu genuen jendearen ibiliaz harkaitzak leunduak dituen bidexkatik. Bidexka pista batera ateratzen da Hosseko etxolan, baina pistaren eskuinetik bidexka segitzeko aukera dago.
Suzon lepotik beheiti azken jaitsiera gelditzen zitzaigun. Berez lepoan pasatzea debekatua zegoen seinale bat ikusi genuen. Antza beheitiko basoan egiten ari ziren lan batzuengatik zegoen debekua. Guk autora itzultzeko ez genuen bertze aukerarik eta pasatu egin ginen. Suzon lepoaren iparraldera irekitzen den Magnabaigt bailaran beheiti jaitsiko ginen. Belardi leunetatik doan bidexka erosoa da eta ziztu bizian egin genuen zati hau. Bailararen azpiko aldean ezkerretarantz egiten du bideak eta Magnabaigteko lepoa zeharkatuta baso batean sartzean da Bious Artigueseraino jaisteko.
14:17 : Bious Oumette (1304m)
11:00 : Cabane de Cap de Pount (1640m)
Jaitsierako bidea Cap de Pounteko etxola ondoan utziko genuen. Puntu honetan eskuinetara igaten den bidexka bat hartuko genuen.
Bidea ekialderantz igaten da eta Peyregeteko etxolaren eta lakuaren ondotik pasatuta, Peyregeteko lepora (2304m) ailegatzen da. 650 bat metroko igoera jarraia da, Petit Midi d'Ossau mendiaren ikuspegi ederra eskaintzen duena. Lepotik bertze aldean Pombieko lakua ikusten da. Trostan nahiko fite jaitsiko ginen bertaraino.
12:27 : Refuge de Pombie (2032m)
Pombieko aterpe eta lakura ailegatuta geldialdi luzea egin genuen laku bazterrean. Geldialdiaren ondotik Midi d'Ossau mendiko bide arrunta hartuko genuen Suzon leporaino (2131m). Igoera etzana da, lehen zatian harkaitz blokezko zati bat zeharkatzen du eta gero belardiak.
Bious Artiguesen zirkularra hetsita, aparkalekuraino jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen. Gazies mendira egindako argazki honekin ohartu nintzen txartela gaizki sartua nuela eta ordura arteko argazki pila bat galduak nituela. Ikusitako paraje ederrak argazkitan ateratzeko itzultzeko aitzakia badugu jadanik.




iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina