2015/01/25

Antxola (1119m)

EGUNA: 2015/01/25

IRTEERA: Otondoko Borda - Iñarbegi (600m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORA:
  • Igoera: Ordu bat eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu erdi bat
NOLA AILEGATU:
Erratzutik Baigorrira doan errepidea hartu behar da, baina herritik atera orduko eskuinetara biratu behar da Iñarbil auzoraino. Behin auzoan gaudela, lehen etxeak pasata eskuinetara Iñarbegi auzora ateratzen den errepidetxo bat ikusiko dugu. Bertatik segituko dugu. Iñarbegira ailegatzean, lehen etxeak dauden bailaratxora jaitsi aitzinetik, gure ezkerretara zementuzko bide bat hartuko dugu. Bertatik segitu behar da bidea akitzen den arte.

DESKRIBAPENA:
Elurra kota baxuetan egin du eta herrian bertan eskiatzeko aukera ezin hobeak izanik, zertarako mugitu! Iñarbegi aldera jo genuen bertatik Auzako hegoaldeko zonaldea ezagutzeko. 

Ibilbidearen krokisa Iñarbegitik.


10:00 : Otondoko borda (600m).
Autoa etxea baino ehun bat metro goitiago utzi behar da. Leku aunitzik ez dago, baina auto gehiagorik ere ez, beraz primeran. Ezer gutti du ikusteko honek Artesiagan izaten den auto pilaketarekin. Beraz, lasaiago eta gainera aise politago Saioa baino, nahiz eta onartu behar den Saioak eskiada hobea duela eta elur hobea izaten dela bertan.

Autoa uzten den lekuan bertan pista ttiki bat ateratzen da. Hortik abiatu ginen.


Lehen metroak pistatik maldarik gabe eginda, erreka bat zeharkatu eta pista goraka hasten da. Segidan oihanen artean irekitzen den soilgune handi batera ailegatu ginen. Bertatik igoko ginen ekialdeko norabidean.


Auzako tontor zuria begibistan genuen ia hasieratik.


Metroak irabazi ahal, paisaia ere gero eta ikusgarriagoa da.


Iratze-lekuan goiti, segidan jarri genituen eskiak. 15 minutuko porteoa bertzerik ez genuen egin behar izan.


Iñarbegiko zelaitxoa beheitian gelditu zen poliki-poliki...


Iratze-lekua osorik igota, oihanean sartu ginen eta tontortxo batera ailegatu. Burdinkurutx bezala ezagutzen da. Hemen, ezkerretara biratu eta Istauzko lepo aldera jaitsi ginen. Begibistan genuen Antxola eta bere hegoaldeko malda polita.


Gibelera begirada Burdinkurutx aldera.


Lepotik tontorrera tita batean igotzen da. Ekialdera Aldudeko harana dotore zegoen benetan, baita Pirinioak ere urrunean.


11:41 : Antxola (1119m).
Gailurretik Auza alderako ikuspegia aparta da, baita Elorta eta Olate aldera ere.


Argazki batzuk eta beheiti, haize hotza baitzebilen gailurrean.


Behin lehen malda jaitsita, Istauzko kaskoa utzi genuen gure ezkerretara.


Auzari bertze argazki bat jaitsieran.


13:44 : Otondoko borda (600m).
Berriz ere autora bueltan.


Iñarbegi. Eskiatzeko aukera politak eskaintzen dituen bertze xoko bat, guttitan bada ere.


BIDEOA:


2 iruzkin:

  1. A ze gozadea etxetik gertu honelako gauzak egiteko aukera izatea, guri Aizkorrin gertatzen zaigun moduan. Ea Goierri aldera noiz hurbiltzen zareten, tarte baterako elurra izango dugu eta.

    Bideoa ederra benetan.

    Eman eurreeeeeeee!!!!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa Xabi! Aspaldiko!!!

    Ba herrian bertan eskiatu dut nire bizitzan lehen aldiz!!!! Mundiala!!!! Ea ondoko batean Auzara igotzen garen eskiekin... Nire ametsetako bat...

    Eta Aizkorrirako ere baditut gogoak egia erran. Erreporren bat ikusi berri dut eta baldintza onetan omen zegoen joan den asteburuan behintzat. Joaten naizenean sherpa moduan fitxatuko zaitut! Kanal horiek zuk baino hobe guttik ezagutuko dituzte... Nik errezenarekin aski dut eskiatzeko e!

    Ongi segi!

    ErantzunEzabatu