2015/11/07

Solana de Llauset (2674m)

EGUNA: 2015/11/07

IRTEERA: Embalse de Llauset (2200m)

ZAILTASUNA: 
  • Nahiko erraza (PD). Ibilbideak ez dauka inolao zailtasunik Solana de Llauseteko gailurra egiten ez bada. Mendi honetara lepotik igotzeko, igo nuen baldintzetan behintzat (izotza eta harriak), pioleta eta kranpoiak beharrezkoak dira. 40 gradu inguruko elur kanaltxoa eta gero arista mistoa ditu.
DENBORA:
  • Itzuli osoa gailurrik egin gabe: 4 ordu inguru
  • Itzuli osoa gailurrarekin: 5 ordu
NOLA IRITSI:
Euskal Herriko iparraldetik joanez gero, errazena A64 autopistatik joatea da. Bertatik Lleida/Bagneres de Luchon irteeraraino segitu eta irteera hau hartuta Lleidako norabideari jarraituko diogu une oro. Val d'Aranera ailegatuko gara horrela. Hemen Vielha zeharkatu eta tunela pasata Aneto herrira ailegatuko gara. Herri honetatik goiti abiatzen da Llauseteko urtegiraino igotzen den bidea, egoera kaskarrean dagoena. Azken zatian tunel ikusgarri bat zeharkatzen du bideak.


DESKRIBAPENA:
Aurtengo azaroak udako eguraldiak eskeini dizkigu lehen egunetan behintzat eta Aran aldean ibili gara eguraldi epelaz disfrutatzen. Horrela, Llauseteko urtegi ikusgarrira igo eta ibilbide zirkular eder hau egin dugu, hasieran asmoa bertze bat izan arren.

8:00 : Embalse de Llauset (2200m).
Eguzkiaren lehen izpiak atera orduko llauseteko urtegian ginen abiatzeko prest.


Aparkalekua gibelean utzi, oinez tuneltxo bat zeharkatu eta bidegurutze honetan zuzen segitu genuen. Itzulera eskuineko bidetik eginen genuen ibilbide zirkula polita itxiz.


Urtegia ikusgarri zegoen ordu horretan.


Urtegiaren bukaeran, errekatxo bat zubi honetatik zeharkatu eta maldak hasten dira.


Segidan seinale hau aurkituko genuen. Guk eskuinetara hartu genuen, Botornaseko laku aldera.


Lehen malda gaindituta Botornaseko laku politera ailegatu ginen.


 Ingurua ikusgarri zegoen lehen elurrek zurituta.


Lakua gibelean utzi eta aitzinera...


Metroak irabazi ahala elur gehiago. Uste baino beherago zegoen elurra.


Hirugarren seinalea. Gure asmoa hori zenez, Ballibiernako gailur aldera segitu genuen, zuzen beraz. Ondoren eginen genuen ibilbide zirkularra egiteko eskuinetara hartu behar da, Cap de Llauseteko laku aldera-


Gure gibelean Cap de Llauseteko aterpea, oraindik akitu gabea. Leku estrategikoan kokatuta dago, GR11ren bidean eta Ballibierna mendiaren oinean. Bere gainean azkenean igoko nuen eguneko gailurra: Solana de Llauset mendia.


Bertze malda bat igota, lehen aldiz Ballibiernako gailurra ikusi ahal izan genuen. Dotore zegoen ingurua, baina aldi berean pasatzen lehenak ginen eta arrastoa ez zegoen egina. Horrek harri tartean elur biguinarekin denbora aunitz galarazi zigun.


Igo ahala Coma Arnaueko lakuak ikuskatzen hasi ginen, lehen erdi izoztuta,


Bigarrena zabalagoa eta izoztu gabe.


Dotorea benetan...


...eta hirugarrena. Puntu honetan 2640 metro inguruan buelta hartzea erabaki genuen. Ballibiernaren sasigailurreraino 400 metro gelditzen zitzaizkigun oraindik eta jadanik 3 ordu pasatu bagenituen, bi gehiago beharko genituen. Gainera inguruan ez genuen inor ikusten eta arrasto guztia guk ireki beharko genuen, hori arista elurrarekin nola topatuko genuen jakin gabe. Soka eta neguko materiala bageneraman, baina aristan ez dago ia aseguratzeko lekurik. Gauzak horrela, zalantzek irabazi eta beheiti.


12:10 : Estany Cap de Llauset (2479m).
Beheitirakoan autora itzuli ordez, ibilbide bat inprobisatzea bururatu zitzaigun. Botornaseko lakura ailegatu aitzin, Cap de Llauset aterpera igo eta hemendik GR11ko markei segituz Anglioseko lakuetara joanen ginen, gero handik Llausetera itzultzeko Anglioseko lepoan barrena.


Etorkizuneko aterpea eta izen bereko lakua gibelean utzi genituen, baita Ballibierna ingurua ere, eta Estanyetseko lepora abiatu ginen.


12:29 : Collada d'els Estanyets (2524m).
Elurtutako malda gainditu eta lepoa harrapatu genuen.


Cap d'Anglioseko lakuak lepotik, gero horra jaitsiko ginen. Hala ere, aitzinera segitu aurretik ondoan gelditzen den Solana de Llauset mendia igotzea bururatu zitzaidan. Pioleta eskuan hartu eta elurtutako kanal batetik lehendabizi eta harkaitzak eta elur izoztua tartekatzen zituen ertzetik gero gailurra zapaldu nuen.


12:58 : Tuca de la Solana de Llauset (2674m).
Azpitik erraza zirudien baina uste baino gehiago kosta zitzaidan gailurra harrapatzea. Gehienbat uste baino elur gehiago eta izoztuagoa aurkitu nuelako ertzean. tentsio momentu batzuk pasata beraz, gailurrera ailegatu nintzen.


Ballibierna ingurua gailurretik. Bikaina!


Ballibierna, zurituta ageri dena, eta azpian ordu batzuk lehenago pasatako Botornaseko lakua.


13:40 : Collada d'els Estanyets (2524m).
Ordubete pasa geroago berriz ere lepoan nengoen, igotako gailurra begira. Uste baino estuasun gehiago eman zizkidan... Kaskoa eguzkia baino pixka bat ezkerrerago dago eta igotako kanala eguzkiaren eskuinekoa da. 40 bat gradu izanen ditu, puntu pare batean gehixeago.


Lepotik bertze aldera jaitsi ginen eta Cap d'Anglioseko lakuak inguratzen hasi ginen.


Gibelera begirada lepora eta bere ezkerretan igotako mendira.


Zonalde ederrean sartu ginen poliki-poliki, gure ondoko geltokia Anglioseko etxola zen.


Bertze laku bat.,,


Eta azkenean Anglioseko etxola, izen bereko lakuaren ondoan. Gibelean Besiberri mendiak, ikusgarria!!


14:44 : Cabaña d'Anglios (2253m).
Etxola bisitatu genuen. Ez da leku txarra gaua pasatzeko egia erran. baina guk ez generaman ez lo-zakurik, ezta janari nahikorik ere, beraz zerbait jan eta Llausetera itzuliko ginen.



Ubagoko lakua gure eskuinetan utzi eta argazkiaren ezkerretan iksuten den lepora abiatu ginen. Lepoaren eskuinean lehen igotako Solana de Llauset mendia eta bere eskuinean zeharkatutako Estanyetseko lepoa.


Ubagoko lakua behean uzten...



... baita urrunago Anglioseko etxolatxoa ere.



Marka gorri eta zuriak izanen genituen bidaide autoraino. GR11aren bariante bat da hau.


15:27 : Coll d'Anglios (2438m).
Lepoa zeharkatu eta Llauseteko urtegia ikusi genuen parez-pare. malda pikoa jaistea bertzerik ez zen gelditzen gure ibilaldia akitzeko.


15:57 : Embalse de Llauset (2200m).
Hasi eta zortzi ordu beranduago akitu genuen ibilaldia. Hasierako helburua bete ez izanaren frustazio ttikia, bertzela ezagutuko ez genukeen Anglioseko bailara ederra ezagutzeak kendu zigun.


BIDEOA:


4 iruzkin:

  1. Aupa Auza!!!

    Oraingoan urrutira joan zarete ba!!!!!! Kronika ederra eta azkenaldian argazkiekin egiten duzun majia ikusgarria benetan, bejondeizula.

    Eman eurreeeeeeeee!!!!!!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Mila esker Xabi!

      Bueno hain urruti ere ez dago. Vielhan pasa genuen asteburua eta herritik 3 orduz han ginen. Gavarnieren antzeraq azkenean...

      Pena Ballibiernako gailurrik ez zapaltzea. Arantzatxoa gelditu zait, hori baitzen asmoa hasieran eta hain polita zegoen dena (elurra, egun ederra...), eguna hori zela. Mendia hor egonen da baina hain eder... Ea lehenbailehen atertazen dudan arantzatxoa...

      Bertzalde, argazkilaria bera da, baina kamera pixka bat hobea eta hori nabaritzen da.

      Ongi segi!!

      Ezabatu
  2. Aupa Estebe, ederra erreportajia!!
    Segi horrela!! (luis, astigarragatik)

    ErantzunEzabatu
  3. Aupa Luis!!

    Zuetaz oroitu ginen ba ateraldi honetan... Joan den urteko Infiernosetako ateraldiaz aritu ginen. Izan ere, zuek hor egon behar agian Ballibiernako gailurra eginen genuen, arrastoa irekitzeko jende gehiago egonen baitzen. Jejeje... Hori komentatu genuen!

    Ea bakarren bat egiten dugun!!

    Ongi izan!!

    ErantzunEzabatu