2020/11/24

Hiru Erregeen Mahaia (2444m), Budogia (2368m), Ukerdi (2252m)

EGUNA: 2020/11/22

ABIAPUNTUA: Belaguako aterpea (1420m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD-). Hiru Erregeen Mahaiaren ekialdeko ertzean aurkituko dugu ibilbide guziko pausurik zailena, II. gradu ingurukoa eta ezkerretara erorketa handi samarra duena. Gainerakoan zailtasun teknikorik ia ez duen ibilaldia da. Hori bai, luzea da eta zatirik handiena Larrako laberinto karstikotik egiten da. Lainoarekin arriskutsu bilakatzen ahal da.

DENBORAK:
  • Igoera (Insoletik) : 5 ordu
  • Jaitsiera (Budogiatik) : 4 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu eskuinetara aterpea ikusiko dugun arte.

Belaguako aterpearen itzala egunsentian


ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Aunitzetan aditu izan dut Hiru Erregeen Mahaia, mendi arras ezaguna izanda ere, nahiko itsusia dela. Mendiaz beraz baino, bideaz aritzen da jendea hori dioelarik. Eta noski, Linzatik igotzen denaz. Nire bigarren aldia da Euskal Herriko tontorrean eta erran behar dut bertara ailegatzeko egin ditudan bi bideak (Lescungoa eta Belaguakoa), zein baino zein ederragoak iruditu zaizkidala.

2004tik hetsia egon den Belaguako aterpe historikoak aurten ireki ditu berriz ere ateak, eta bertatik abiatuta egiten ahal den eguneko ateraldirik onenetarikoa hau izanen dela erranen nuke. Hiru Erregeen Mahaia zapaltzeko bertze modu bat, Larrako ingurune karstiko ederra ezagutuz, Euskal Herriko bigarren mendirik altuena ere igoz eta hau guzia Nafarroako lurretatik atera gabe. Ezin gehiago eskatu bizitzen ari garen garai hauetan!

7:42 : Belaguako aterpea (1420m)
Gaua aparkaleku betean pasatu eta gero, zazpiak aldera ernatu eta goizeko lehen orduetan martxan paratu ginen.


Aterpea gibelean utzi eta GR12a hartu genuen.


Parean urrun ikusten genituen geroxeago igoko genituen Hiru Erregeen Mahaia, Budogia eta Ukerdi.


Basoan eta ingurune karstikoan barneratu aitzinetik azken begiratua eman genien mendiei...


Hortik aitzin, larre berdeak utzi eta pagadi artean sartzen da bidea.


Aldioro marka zuri-gorriei segituz...


Poliki-poliki lehen harkaitzak agertzen hasi ziren...


...pagadi ederrekin tartekatuz.


Pagoak gibelean utzi eta ingurune karstikora ailegatu ginen. Bertan irudietako bezalako zelaitxoak harkaitz gris eta izeiekin tartekatzen dira. Leku desberdina da Larra, merezi du bisitatzea.


Hasierako zatian altuera gutxi irabazten du bideak. Maldatxo bat igo, bertze bat jaitsi, zelai bat zeharkatu...


Erritmo bizian egin genuen bidea lehen zati honetan, ibilbide luzea genuen aitzinetik eta azaroko egunak nahiko motzak dira.


Goiz hotzaren ondotik, eguzki izpiak gero eta hurbilago ikusten genituen. Egun zoragarria izanen genuen, tenperatura goxoarekin, zeru urdinarekin eta haizerik gabe.


Larrako harkaitz artean ibiltzean ingurukoaren perspektiba erabat galtzen da eta ez da erraza non zauden jakitea. Momenturen batean gero igoko genituen Budogia eta Ukerdi mendiak ikusi ahal izan genituen. Grisaren lurraldea da hau!


10:12 : Insoleko lepoa (2011m)
Bi ordu eta erdi inguru pasatu genituen Lescungo isurialdearekin elkartuko gintuen Insole edo Anayeko lepora ailegatu arte. Bide zoragarria, baina luzea da.


Bertan eskuinetara biratu eta GR bidea utzita hegoaldeko norabidea hartu genuen bide finkorik segitu gabe.


Tarteka harri-mukururen bat ikusi arren, ez da erraza zati honetan bideari segitzea. Lainoarekin arriskutsua izaten ahal da.


Puntu honetan Lescundik Ourtetseko lepoan barrena heldu den bidearekin elkartu ginen eta hortik aitzin harri-mukuru gehiago ikusiko genituen.


Plaka inklinatu hauetatik igotzen ari ginela ikusi genituen gailurreraino aurkituko genituen mendizale bakarrak, bi etxarriar. Ohiko bideetatik urrun, lasaitasuna ziurtatua dago ibilbide honetan.


Auñamendi eta Añelarra mendiak gibelean utzi genituen...


...eta aitzinean ikusgai genituen dagoeneko Hiru Erregeen Mahaia (eskuinean) eta Table des Trois Rois (ezkerrean)

Izenekin nahaste ederra dago mendi honetan. Berez Aragoi, Nafarroa eta Bearno elkartzen diren puntua frantsesek Table des Trois Rois bezala ezagutzen duten ezkerreko mendian dago, euskaraz Hiru Erregeen Mahaia izanen zena. Bertako hiru erregeengatik du izen hori. Guk Hiru Erregeen Mahaia deitzen diogunari frantsesez  Pic des Trois Rois deitzen zaio. Zentzu gehiago du horrek nire ustez eta Hiru Erregeen Mahaiari Hiru Erregeen Mendia deitu beharko genioke.


Azken malda tenteago batetik bi tontorren arteko lepora ailegatuko ginen.


Lepotik Auñamendi, Peneblanque eta Billare mendietara ikuspegi ederra dago.


Eskuinetara biratu eta Hiru Erregeen Mahaiko ekialdeko ertzerantz abiatu ginen.


Ertzaren hasieran aurkituko genuen eguneko zailtasunik handiena, II. gradu inguruko pausuren bat, hegoaldera erorketa handi samarra duena. Pausu hau hegoaldeko magalean gehiago barneratu eta bide arrunta harrapatuz saihesten ahal da.


Hortik aitzinera ertza zabaldu eta oinez ailegatuko ginen kaskora...


11:23 : Hiru Erregeen Mahaia (2444m)
Nire bigarren aldia zen gailur ezagun honetan eta bakar-bakarrik ginen ailegatzean, udako masifikazioetatik urrun.  Ekialdean Lhurseko lakuaren alde banatan Billare eta Dec de Lhurs mendiak genituen, arestian aipatutako Table des Trois Rois mendiaz gain.


Gailurra eta gibelean Budogia eta Ukerdi mendiak. Belaguako aterpea kokatua dagoen belardia urrun ikusten zen.


Tenperatura bikaina eta eguzki goxoa lagun egonaldi luze samarra egin genuen tontorrean zerbait jan eta bertara ailegatzen ari zirenekin solasean.


Ondoren, mendebaldeko ertzetik beheiti abiatu ginen. Bide luzea genuen oraindik aitzinetik.


Gibelera begiratua Euskal Herriko tontorrari...


Mahaiaren mendebaldeko lepotik zuzen segitu genuen irudian ikusten den Budogia aldera.


Hasmentan bizkar zabaletik...


...eta azken metroetan I. graduko eskaladatxo errazak eginez.


12:17 : Budogia (2368m)
Hala ailegatu ginen hainbertzerako izenik ez duen Euskal Herriko bigarren gailurrik altuenera. Bertatik ikuspegi ederra dago Hiru Erregeen Mahaia aldera.


Inguruari begiradatxoa...


Sobera gelditu gabe aitzinera segitu genuen, irudiko gandorraren amaieran ikusten den Budogiaren mendebaldeko gailurreraino.


Petretxema, Acherito eta Chinebral mendiak Budogia ingurutik...


Mendebaldeko gailurretik bizkarrez bizkar segitu genuen Ukerdira ailegatu arte.


Hiru Erregeen Mahaia gibelean urruntzen ari zen...


Ukerdi , berriz, gero eta hurbilago.


13:00 : Ukerdi (2252m)
Eguneko hirugarren gailurrean ere ez ginen aunitzik gelditu. 


Hego-mendebaldeko magaletik zuzenean jaitsi ginen Larrako Ateko Zulora eramanen gintuen bidexka harrapatu arte.


Inguru zoragarria Pakiza de Linzolaren oinean...


Bertan GR12aren markak ikusi genituen berriz, baina tronpatu, Larrako Atea zeharkatu eta Insole aldera doazenak segitzen hasi ginen.


Metro batzuren ondotik gure akatsaz ohartu eta GRa utzi mendebaldeko norabidea zuen bidexka polita hartu genuen.


Eta bertatik Lapazarra mendiaren ekialdean PRko markak harrapatu arte segitu genuen.


Marka zuri eta horiei segituz mendiaren beheitiko parteko pagadi politetan barneratu ginen aterpe aldera.


Kilometro batzuk eginda basoak zeharkatu eta belardi polit honetara ailegatu ginen. Aterpea hurbil genuen jadanik, Lakora mendiaren azpian.


15:48 : Belaguako aterpea (1420m)
Zortzi orduren buruan eman genuen akitutzat ibilbide bikain hau, Nafarroako gailurrik altuenak zapalduz eta Larrako ingurune karstiko berezia ezagutuz. 


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Que envidia! Disfrutar de ese pedazo de día y casi en soledad!!
    Yo aún no he subido por esa ruta, de Belagua a la Mesa, me falta, algún día le llegará el turno...

    ErantzunEzabatu
  2. Hola David!

    Pues sí, me encantó la ruta. De lo mejor que se puede hacer en Navarra, ahora que no nos dejan salir. Te la recomiendo y sí es en octubre o primavera tiene que ser todavía más bonito.

    Un saludo y a ver sí pronto tienes la oportunidad de acercarte al Pirineo.

    ErantzunEzabatu