2021/07/30

Picos del Infierno (3082m, 3076m eta 3073m)

EGUNA: 2021/07/22

ABIAPUNTUA: Baños de Panticosa (1636m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Eskaladatxo errazak (II) egin behar dira ibilbidearen gaineko partean:
  • Mendebaldeko gailurrera ailegatzeko eskuinetara amildegia duen zeharkaldia egin behar da. Zirrara gehien eragiten duen zatia hau izan daiteke.
  • Mendebaldeko eta erdiko gailurrak elkartzen dituen gandorra ikusgarria da, baina erraza. Ez dira eskuak erabili ere egin behar kasik.
  • Pondielloseko lakuetara jaisten den aurpegia, jaitsierarako erabilitakoa, bertikala da eta azpiko zatian eskalada pausu erraz batzuk ditu. Zati honetan goititik eroritako harriak dira arriskutsuena.
DENBORAK:
  • Igoera (Ibones Azulesetik): 4 ordu eta erdi
  • Jaitsiera (Pondielloseko lepotik): Hiru ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jakarako bidea hartuko dugu eta bertatik Sabiñanigo aldera Formigañ aldera doan errepidera desbidefratu arte. Bide honetatik segituko dugu Portaleteko mendatean goiti gure eskuinetara Panticosako bainuetxera igotzen den errepidea ikusi arte.

KRONIKA:
Azules lakuetatik Picos del Infierno mendietara igo eta hauek zeharkatzen dituen bidea Pirinioetan 3000ko mendietan egiten den ibilaldi ikusgarrienetarikoa da. Denetarik du: laku zoragarrien inguruko bide lasaia, ilargikoa iduri duen paisaia Tebarray inguruan, eskaladatxoak amildegi ertzean, gandor dotorea... Duela zazpi urte egin nuen ibilbidea berriz ere errepikatu dugu, behin eta berriz egitea merezi duen horietakoa.

8:11 : Baños de Panticosa (1636m)
Gaua Casa de Piedra aterpeko aparkalekuan pasatu genuen eta GR11aren marka zuri-gorriak segituz utzi genuen bainuetxea gibelean.


Hainbatean egin dudan bidea da hau. Lehen malda tenteagoaren ondotik bideak hegoaldeko norabidean segitzen du errekaren ondotik altuera handirik irabazi gabe.


Cuesta del Fraile izenez ezagutzen den maldaren azpian plantatu ginen hala. Jende dezente zebilen inguru honetan, baina goitiago nahiko bakarrik ibiltzeko zortea izanen genuen.


Cuesta del Frailen goiti...


9:30 : Embalse de Bachimaña Bajo (2180m)
Malda gaindituta, aterpea eskuinetara utzi eta Bachimañako urtegiak inguratzeari ekin genion. Lehenik azpikoa...


...eta segidan gainekoa.


Gainekoa inguratuta, Marcadauko lepora doan bidea eskuinetara utzi genuen GRari segituz. Piedrafitako gailur ikusgarria agertzen hasi zen parean.


Azules lakuetatik jaisten den errekatxoa gurutzatu eta igoera eztian segituko genuen. Ibiltzeko inguru polita da zati hau, lakuekin, errekatxoekin...


Puntu honetan bistaratu genituen lehendabiziko aldiz gailur inguruak beren marmol zuri eta harkaitz marrien arteko konbinazioarekin.


Bachimañako gaineko urtegia gibelean utzi genuen. Haren gainean ikusten dena Serrato mendia da.


Egun beroa genuen, udako beroenetarikoa, errekatxo hauetan freskatzeko gogoa ematen zuen...


Zati lauak malda motzekin tartekatzen ditu bideak...


10:06 : Ibon Azul Inferior (2362m)
Lehen lakura ailegatu ginen horrela. Inguru zoragarria da ispiluak iduri duten laku politekin.


10:18 : Ibon Azul Superior (2410m)
Azpikoa polita bada, gainekoa zer erranik ez... Ezagutzen ditudan Pirinioetako lakurik politenen artean sartuko nuke dudarik gabe.


Honaino hurbiltzea bakarrik merezi du...


Lakuak utzi eta parean ikusten den Infierno lepora zuzendu ginen.

Bertara ailegatzeko bidea tentetu egiten da Infierno mendiaren oinean kokatua zegoen antzinako glaziarraren morrenako harrien artean.


11:02 : Cuello del Infierno (2721m)
Lepoan zerbait jateko geldialdia egin genuen Tebarrayko laku eta mendiaren parean.


Segidan ezkerretara biratu eta irudiko malda igotzeari ekin genion. 


Metroak irabazi ahala Balaitous handia bistaratzen hasi ginen Tebarrayren gibelean.


Elur-lausoa duen lepotxoaren eskuineko lepora igoko ginen. Bertatik hasten da mendebaldeko tontorrera eramanen gintuen zati ikusgarria.


Lepotxora bidetik segitu ordez azoiko tximiniatik igoko ginen zuzenean eskalada zati erraz batzuk gaindituz (II).


Azken metroak lepora ailegatzeko...


Lepotxotik lehen gailurra bistan genuen. Bertara ailegatzeko harkaitz gris eta marroiaren mugatik doan bidea segitu behar da.


Tarteka eskaladatxo errazak eginez (I+)...


...eta tarteka bi harkaitzen arteko mugatik doan terrazatxotik.


Handik heldu ginen...


Zati hau guzia da bidearen zirraragarriena. Erraza da, baina amildegi handia du mendebaldera.


Azken zatia Garmo Negro eta Pondielloseko lakuak gibelean genituela.


12:12 : Pico del Infierno Occidental (3073m)
Autotik abiatu eta lau ordura ailegatu ginen lehendabiziko tontorrera. Parean genituen minutu batzuk geroago zapalduko genituen bertze biak...


Balaitous eta eta Frondella mendiak gailurretik...


Bertze gailurretara ailegatzeko mendi honen ezaugarri nagusia den Marmolera famatua pasatu behar da. Urrunetik ikusten den gandor zurixka da, pare bat metroko zabalera duena...


Bi aldeetara amildegia duen arren, zailtasunik ez duen zatia da eta oinez egiten da.


12:31 : Pico del Infierno Central (3082m)
Gandorrean gozatu ondotik, minutu gutxian hiru tontorretako handienean ginen.


Kasik gelditu gabe ekialdekora segitu genen. Azpiko lepotxora jaitsi eta eskaladatxo erraz batzuk gaindituta han izanen ginen.


12:41 : Pico den Infierno Oriental (3076m)
...eta hirugarrena ere sakelara! 


Azken gailurrean tartetxo bat pasatuta, jaitsierari ekin genion. Hegoaldeko korridore ezagunaren eskuinetatik jaisten da bidea. Goitiko zatia oinez egiten da...


...baina beheitiago deseskaladatxoak egin behar dira. Errazak, baina kasu eman beharrekoak...


Hegoaldeko aurpegia jaitsita, Saretaseko lepora zuzendu ginen, Pondiellos mendiaren oinean eta Garmo Negro parean genuela.


13:41 : Cuello de Pondiellos (2809m)
Saretaseko lepoa ez da zeharkatu behar, bai ordea Pondiellosekoa. 


Zeharkatu aitzinetik azken begiradatxoa Infierno mendiei eta beren hego-korridoreari. Elurraren ezkerreko paretatik jaisten da.


Lepoaren bertze aldean 1200 metroko jaitsiera bertikala genuen zain, bidexka zakarretik. Eskiz egiteko hobea da oinez baino egia erran...


Jaitsierak Garmo Negro eta Argualas azpiko Mallata Alta eta Baja deitzen diren belardietara eramanen gintuen hurrenez hurren, gero handik Panticosako bainuetxera itzultzeko.


14:59 : Baños de Panticosa (1636m)
Kasik zazpi orduko bidearen ondotik ibilbide zirkular ederra eginda ailegatu ginen abiapuntura.
 


BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Bonita circular que yo hace años que no visito sin nieve..😂

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hola David!

      Acabo de leer tus comentarios de los últimos reportajes. La verdad es que este verano henpisado más que ningún otro el Pirineo, al estar más dificil salir fuera. La cresta de Troumouse es muy recomendable. Me asombra que TE impresione más el tramo de Aires que la Sierra Morena...

      Ezabatu