2023/12/29

Pic de Barbe (2468m)

EGUNA: 2023/12/24

IRTEERA: Tournaboup (1450m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: Hiru ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igan.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Barbe Bareges-Tourmalet sektoreko mendi-eskirako tontor ezaguna da. Tournaboupeko aparkalekutik abiatuta 1000 metroko igoera eta jaitsiera nahiko zuzen eskaintzen ditu eta hego magalak bilatu behar direlarik apustu ziurra da. Bezperan Pene det Pouri mendian egindako eski saio ederra buruan genuela, zerbait motz eta azkarragoa egiteko plantatu ginen bere magalean.

8:41 : Tournaboup (1450m)
Aparkalekuan gauzak prestatu, eta bezperan ez bezala eskiak zangoetan genituela atera ginen Tourmaleteko lepo aldera jotzen duen pistatik. Segidan mendate ezagun onetara igateko errepidera aterako ginen eta mapetan 1669 metrora dagoen bihurgunera arte segituko genuen bertatik.



Berez aipatutako bihurgune hori baino fiteago bidea moztu eta Capet-eko pistara ateratzeko aukera izan genuen. Pista honek hego magal tente bat zeharkatzen du hainbat Z marraztuz, eta magala elurrez eskas dagoelarik ere elurra altxatzen du aunitzetan.


Pistatik jadanik autoz betetzen ari zen aparkalekura...


Magalaren zati tenteena pistatik eginda, orografiak uzten digularik hau moztuz zuzenago igateko aukera dago. Hainbat aukera daude goiti egiteko, funtsean iparraldeko norabideari eutsi behar zaio.


Behin pistaz atzenduta (honek mendebaldera egiten du goiko partean), malda estu eta tenteagoak, zabal eta etzanekin tartekatzen dira.


Eguzkitan egon arren, elurra oraindik gogor harrapatu genuen igoeran. Halere, fokeatzeko arras egoera onean zegoen.


Lahudeko lakuen lautadara ailegatu aitzinetik jadanik kaskoa ikusteko aukera izan genuen. Azken maldatxo bat eta lakuen zelaitxoan plantatuko ginen.


Lakuen ingurutik azken malda dotorea ikusten da parez pare. Bezperan ibilitako eskiatzaileek igoera eta jaitsierako arrastoa egindak zituzten.


Gailurraren azpiko lepotxora igaten den malda poliki-poliki inklinazioa hartuz joaten da, baina normalean ez da arazorik egoten bertaraino eskiak zangoetan ailegatzeko. Hego-ekialdeko orientazioa duten maldak eguzkiak guritzen hasiak ziren igaten hasi ginenerako.


Lepotik eskuinetara biratu eta bertze malda bat gaindituta gailurrean ginen.


11:49 : Pic de Barbe (2468m)
Autotik hiru ordu inguruan plantatu ginen kaskoan. Bertze aldean Lac Bleu eta Bizourtere inguruak...


Mendebaldean Pene det Pouri ikusgarria, bezperan igandakoa...


Gozatzen...


Gailurreko egonaldiaren ondotik eskiak paratu eta jaitsiera azkarra egin genuen autoraino udaberriko elur goxoan eskiatuz.


13:06 : Tournaboup (1450m)
Hala hetsi genuen udaberriko elurraz gozatutako asteburu polita, Olentzeroren opari aitzinatua.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina