2024/03/30

Rundfjellet (768m)

EGUNA: 2024/03/30

ABIAPUNTUA: Sor-Lenangen (13m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bezperan Norvegiako astea eguraldi eta elur-baldintza bikainekin estreinatu ondotik, bigarren egunerako iragarpena ez zen batere ona. Hala bada, iratzargailurik gabe iratzarri ginen Lyngeneko penintsulan. Leihotik begiratu eta hodei sareen artetik eguzkia ikusten zela konturatu ginen. Ez zegoen denborarik galtzerik! Liburutik etxetik hurbil zegoen zerbait motza hautatu eta gosaldu ondotik segidan abiatu ginen.

10:34 : Sor-Lenangen (13m)
Autoa utzi eta belai batzuetatik goiti abiatu ginen. Eguraldiak ez zuen itxura txarrik eta eguzkia hodeien artetik agertzen zen.


Urkien arteko pasilo honetatik eginen geuen lehen zatia. Parean sartuko ginen zirkutxoa ikusten zen eta horren ezkerretara iganen genuen mendia: Rundfjellet.


Igan ahala ohiko bilakatuko zen irudia: itsasoa malda elurtuen azpiko aldean. Egia erran aspertzen ez zuen ikuspegia zen.


Urki basoa gibelean utzi eta zirkutxora bailaratxo gisako batetik sartu ginen.


Behin zirkutxoan ezkerretara jo genuen, han baitzegoen Rundfjellet mendia. Gibelean pixka bat altuagoa eta interesgarriagoa den Istinden utziko genuen. Eguraldiak okerrera eginen zuela zegoen iragarrita eta zerbait motza egitea zen gure asmoa.


Bidea etzana da kaskoraino, zailtasunik gabekoa.


Rindfjelleten bizkarrera atera ginen eta haizea gogor jotzen hasi zen. Gure aitzinekoek hor hartu zuten buelta, baina gu burugogor goitiraino joanen ginen.


Azken metroak alimaleko haize boladen artean egin genituen. Argazkian ez nabaritzen, baina ez zen giro kasko inguruan!


12:18 : Rundfjellet (768m)
Denborarik galdu gabe gailur zabalean trantsizioa egin eta handik eskapatu ginen.


Jaitsieraren lehen zatia igandako bizkarretik egin ordez, ekialderantz jaitsiko ginen haize babes bila.


Metro batzuk jaitsi eta haizea segidan baretu zen. Hortik beheiti eski baldintza onez gozatu ahal izan genuen.


Itsasoraino eskiatzen...


13:04 : Sor-Lenangen (13m)
Hala bada, eguraldi iragarpenek ez zuten asmatu eta goizeko plan polita burutu ahal izan genuen. Haize finetik ihes egin eta etxeko goxotasunean pasatuko genuen arratsaldea. Biharamunean gehiago!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina