2024/10/23

Hourquette (2384m)

EGUNA: 2024/10/13

ABIAPUNTUA: Passette (714m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Igoera (Ayouseko lepotik barrena): 5 ordu eta erdi
  • Jaitsiera (Larryko zirkuan barrena): 3 ordu
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Etsaut herriko bidegurutzea gibelean utzi eta ondoko bidegurutzean ezkerretara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu. Zubia zeharkatu eta eskuinetara segituko dugu errepide berean. Kilometro ingurura bideak egiten duen bihurgune estu batean utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urria da eta udazken koloreak puri-purian daude Pirinioetan. Urtero baso gorrixkez gozatzeko ateraldi bat (edo gehiago) egiten dugu sasoi honetan. Oraingoan Aspe eta Ossau bailaren artean ibili gara. Chemin de la Mature, Ayouseko lakuak eta Larryko zirkua lotuz ibilbide anitza eta zoragarria burutu dugu.

8:37 : Passette (714m)
Autoa aparkalekuan utzi eta seinaleei markatutako bidea hartuko genuen. Igoeraren zati gehienean GR10aren bidea segituko genuen; Ayouseko aterperaino, hain zuzen ere.


Bidexkatik metro batzuk egin eta eskuinetara Fort du Portaleteko eraikina bistaratu genuen. Bertatik jaitsiko ginen ordu batzuk geroago.


Abiatu eta 10 bat minutura pareta bertikaletan zizelkatutako bide ikusgarria zeharkatzen hasi ginen. Chemin de la Mature izena du bide ezagun honek eta egurra ateratzeko eraiki zuten.


Zatirik ikusgarriena hasmentakoa da, argazkian ikusten dena. 


Baina zati horretatik goiti ere tarte ederrean segitzen du. Aipatu inguru honetan eskalatzeko hainbat bide badirela.


Chemin de la Mature gibelean utzi eta Perryko etxolen ondotik pasatu ginen.


Hortik aitzin zati batean baso artetik ibiliko ginen. Udazkeneko koloreak hartzen hasiak ziren pagoak.


Baso zatiak larre irekiekin tartekatzen dira goiti egin ahala.


Azken baso zati bat zeharkatuko genuen Baigt de St-Cours bailarak iparralderako norantza hartzen duelarik.


10:15 : Cabane de la Baigt de St-Cours (1560m)
Basoaren irteeran etxolatxo polit hau dago. Barnean sartu ginen eta egoera arras onean dagoela ikusi genuen. Ea neguren batean hurbiltzen garen bertara...


Etxolatik goiti larre leunak nagusitzen dira. Bailara osorik iganen genuen goitian ikusten den Ayouseko lepora ateratzeko.


Zati gehienean bailararen sakonetik altuera guti irabazi genuen eta azken partean bidea tentetu egiten da.


Osorik zeharkatu berri genuen Baigt de St-Courseko bailara. 2022ko neguan ere inguru honetan izan ginen eskiekin.


Momentu oro GRaren markei segituz, Larryko zirkura jaisten den bidea eskuinetara utzi eta Ayouseko lepora aterako ginen.


11:23 : Col d'Ayous (2188m)
Hiru ordu eskasetan akitu genuen eguneko lehendabiziko igoera. Ayouseko lepoa paisaia aldaketa: Aspeko bailara estuagoak eta basoak utzi, eta Ossauko larre zabal eguzkitsuek ongi etorria eman ziguten. Eta doike, denen gainetik Midi handia gailentzen da.


Lepotik beheiti jaitsiera motz bat egin eta izen bereko aterpera jaitsiko ginen. Zati hau lasterka eginen genuen.


11:34 : Refuge d'Ayous (1982m)
Hamar minutuz jaitsi genuen aterperainoko 200 metroko altuera. Bertan eguneko lehen geldialdi luzea egin genuen zerbait jan eta inguruaz gozatzeko. 


Aterpetik Gentau lakura eta Midi mendira dagoen ikuspegia Pirinioetako ezagun eta ederrenetarikoa izanen da. Baziren urte batzuk inguru honetan egon gabea nintzela.


Aterpea utzi eta Ayouseko lakuen itzuli ezaguna egiten duen bidetik segituko genuen tarte batean.


Aterpea eta Gentau lakua...


Bidea Bersau lakura joaten da, baina guk bertara ailegatu aitzineko lakutxo ttipi batean bide nagusia utzi eta eskuinetara eginen genuen. 


Xenda nabarmenik gabe, belardi eta harkaitz artetik ibiliz Hourquette mendira jo genuen. Mendia argazkiaren erdian ikusten den belarrezko tontorra da eta bertara ailegatzeko justu azpian ikusten den belarrezko korridore tentea gainditu beharko genuen.


Erran bezala, korridorea tentea da, baina zailtasunik gabea. Bertatik Hourquette mendiaren iparraldeko lepotxora atera ginen eta handik kaskora.


12:46 : Pic Hourquette
Niretako bigarren aldia zen Ayouseko lakuen inguruko altuena den kasko honetan. 2023ko neguan eskiz igan ginen bertara. Tontorretik Bersau lakua eta Midi parez pare genituen.


Eguraldi ona genuen, baina haize pixka bat zebilen eta ez ginen aunitzik egon bertan.


Bisaurin tontorretik...


Jaitsiera, igoera bezala, bidexkarik gabeko terrenotik eginen genuen. Neguan bertan egon ginelarik igateko eta jaisteko erabili genuen iparraldeko kanaletik beheiti egin genuen. Udan jende guti ibiltzen da mendi honetan...


Kanaletik Larryko zirkura jaitsi ginen. Zirkuaren aziko parteko harkaitzezko zatia eskuineko aldeko belardietatik inguratu genuen eta parean ikusten den Soum de la Hourquette de Larry mendiaren azpiko aldera zeharkaldi luzea egin genuen bidexka harrapatu arte.


Larryko zirku polita...


Behin Ayouseko lepoa eta Larryko aterpea lotzen dituen bidexka hartuta, bertatik jaisten segituko genuen.


13:36 : Refuge de Larry (1747m)
Aterpe polit honetan geldialdi laburra egin genuen beheiti segitu aitzin... Librea da, zaindaririk gabea, baina gaua pasatzeko behar den guzia du: oheak, sua, gasa, komuna...


...eta zuri-gorriz markatutako bidetik, Larry errekaren eskuineko aldetik.


Laster sartuko ginen berriz ere baso gorrixketan...


Eta bide erosotik ziztu bizian eginen genuen beheiti.


Yerreko erreka zeharkatzean, Gouetsouleko pistara jaisten den bidexka ezkerretara utzi eta Urdos herrira doan bide nagusitik segitu genuen.


Bide hau basotik atera eta iratze-lekuen artetik iparralderantz joaten da. Aspe bailarara ikuspegi ederra eskaintzen duen balkoi gisakoa da.


Zati batean ibilita, bertze bidegurutze batera ailegatu ginen. Honetakoan Bendous aldera doan bidexka hartu genuen.


Urdos herrira jaisten den bidea eta herria bera gure ezkerretara utziko genituen.


Eta Soum de Lagaube mendiaren mendebaldeko magaletik zeharkaldi luzea egin genuen Rouglan leporaino. Zati honetan itxitura baten kontratik doan bidexkatik ibili ginen gehienean, momentu batean malda tente samarra iganez.


Malda iganda, antena batzuk dituen kaskotxorantz jaisten hasten da bidea.


14:49 : Col de Rouglan (1187m)
Kaskotik hurbil etxola batzuk dituen lepo bat dago. Etxolen ondotik pasatu eta bidexka ttipi bat basoan barneratzen da. Arbolapean geldialdi bat egin genuen bazkaltzeko azken jaistierari ekin aitzinetik.


Segidan Rouglango lepotik iparraldera z-ak marraztuz jaisten den bidexkari segituko genion. Bide arras polita iruditu zitzaigun.


Bidexka Fort du Portalet izeneko eraikinaren ondoan akitzen da eta bertatik beheiti pista zabal bat hartu genuen. Parean goizean Chemin de la Mature izeneko bidetik zeharkatutako paretak ikusten genituen jadanik, beraz bukaera hurbil zegoen.


Pistatik Sescoue erreka zeharkatzen duen zintzilikatutako zubira ailegatu ginen. 


Zubia zeharkatu eta Passetteko aparkalekura eramanen gintuen azken bide zatiari ekin genion. Azken igoera motz bat egin beharko genuen bertara ailegatzeko.

16:02 : Passette (714m)
27 kilometro eginda eta 2500 metro inguruko desnibela gaindituta akitu genuen ibilaldia. Sarreran aipatu bezala, paisaia desberdin eta ikusgarriak zeharkatzen ditu ibilaldiak eta benetan merezi du. Hori bai, luzea da; baina aterpe edo etxolaren batean lo eginda bitan zatitzen ahal da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina