EGUNA: 2025/02/23
ABIAPUNTUA: Tournaboup (1450m)
ZAILTASUNA: S3
IRAUPENA:
- Igoera: Hiru ordu
- Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles Gazost eta Luz-Saint-Sauveur herrietara iritsiko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igan.
KRONIKA:
Tournaboupeko aparkalekutik abiatuta eski denboraldiaren zati gehienean aukera zabala izaten da. Baldintzen arabera hego nahiz ipar orientazioa bilatu behar delarik 1500 metroko altueran kokatzen gara eta hortik goiti normalean elurra harrapatzen dugu. Ipar orientaziodunen artean Madamete izanen da ziur aski inguruko mendirik ibiliena eskiz. Inguru hartan badira ibilbide motz eta bertikalagoak eskaintzen dituzten bertze mendiak ere: Lurtet, Crampettes eta Touatere, errate baterako. Azken honen mendebaldeko maldak eta iparraldeko kanalak ezagutzen ibili gara azken asteburuan.
8:38 : Tournaboup (1450m)
Autotik beretik eskiak zangoetan genituela abiatu ahal izan ginen Grand Tourmaleteko eski pistak lagun. Hegoalderantz jo genuen argazkian ikusten den Coubouseko kalearen azpira ailegatzen den bailaratxotik.

Tourmaletera igaten den antzinako errepideko Gaubieko zubi inguruan zati batean eskiak kendu behar izan genituen, eta bailaratxoan sartzen den pista hartuta ere ez genuen elurraren jarraikortasunik izanen azpiko metro horietan.
9:22 : Pontou (1740m)
1700 metro inguruan bailaratxoan ezkerretara biratzen delarik guk zuzenean malda tenteagoak igateari ekinen genion Coubouseko laku aldera. Puntu honetatik goiti elur gehiago eta jarraia harrapatuko genuen.
Metroak irabazi ahala, bezperako elurtetxoak utzitako elurra agertzen hasi zen.
Azpiko elur gogorragoa tapatzen zuten zentimetrotxo eskasek Coubouseko maldaren zatirik tenteenak aise igatea ahalbidetu ziguten.
10:00 : Lac dets Coubous (2041m)
Behin malda iganda, ezkerretara biratu eta urtegiaren pareta gainetik lakua inguratu genuen.
Gure gibelean itxura ona zuen Crampettes mendiaren ipar-ekialdeko kanal ikusgarria utzi genuen, ondoko baterako!
Hortik goiti Touatere mendiaren mendebaldeko maldak igaten hasi ginen. Izeiz zipriztindutako malda gero eta tenteagoa da, baina ipar-mendebaldeko bizkarra bilatuz arazo handirik gabe igaten da.
Inguru honetan elur freskoa 10 bat zentimetrokoa izanen zen eta kasko inguruan 15 arte ere ailegatuko zen.
Arrastoa irekitzea tokatu zitzaigun, eguneko lehenak izan baikinen mendi honetara igaten.
Altuera irabazi ahala, Neouvielle inguruak hasi ziren agertzen hegoaldean.
Puntu honetatik argazkian parean ikusten den bizkar eguzkitsura malda tente bat zeharkatu genuen aldez alde. Zati hau elur-jausi arriskuarekin delikatua izaten ahal da, baina guk zorionez ez genuen halako baldintzarik.
Behin zatirik tenteenak gaindituta, izeiak gibelean gelditzen dira eta azken zatia etzanagoa da.
Puntu honetatik gure ezkerretara gelditzen zen Touatere edo parean gelditzen zen Tracens igaten ahal dira. Gu lehenera iganen ginen.
Azken metroak bizkar errazetik egin genituen.
Neouvielle, Ramougn eta Campbieil kasko ingurutik...
11:39 : Pic de la Touatere (2530m)
Hiru ordu eskas behar izan genituen goiti ailegatzeko. Mendi egun zoragarria zegoen, haizerik ez eta hotzik ere ez! Hortaz, goitian tarte lasai hartu genuen inguruaz gozatzeko.
Ondotik eguneko lehen jaitsiera etorri zen. Kaskotik igan ginen zatitik jaitsi ordez, zuzenean mendebaldeko maldak hautatu genituen. Goitiko zatian elur zoragarria izan genuen, 15 bat zentimetroko hauts geruza. Jaitsi ahala geruza hori finduz joan zen, baina elur ona izan genuen.
2100 metro ingururaino jaitsi ginen, Yunco laku ondotsura. Beraz berriz fokak paratu eta iparralderantz diagonal bat eginda igoeran irekitako arrastoa harrapatu genuen. Bigarren igoera honetan Touatere mendiaren ipar-mendebaldeko bizkarrera iganen ginen handik beheiti abiatzen diren kanaletako bat eskiatzeko.
Eskiatuko genuen kanalak gehienez 40 bat gradu hartuko ditu tarteren batean eta nahiko zabala da. Iparralderantz zuzenean Aygues Cluseseko erreka bazterreraino jaisten da 400 bat metroko jaitsiera bikaina eskainiz.
Aunitz gustatu zitzaigun kanaleko jaitsiera eta bertze baterako ere fitxatuta gelditu zen. Azken begirada bat bota eta errekaren bazterretik igoerako bideraino itzuli eta handik auto aldera jaitsi ginen egunari amaiera emateko.
14:05 : Tournaboup (1450m)
Bertze egun polit bat pasatu genuen inguru honetan, azken bi urteetan aunitzetan egin dugun bezala. Hala ere, nahiz eta inguruko jaitsiera aunitz ezagutu, bada zer egina bazter hauetan...