2025/02/18

Sanctus (2482m)

EGUNA: 2025/02/15

ABIAPUNTUA: Lac du Tech (1217m)

ZAILTASUNA: S4 kaskotik beretik eskiatuz gero, bertzenaz S3

IRAUPENA:
  • Igoera : 4 ordu
  • Jaitsiera : Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistaz Tarbesera ailegatuko gara eta hemendik Lourdesera. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arrens herrira ailegatzean Tech lakura zuzenduko gaituen errepidetxoa hartu behar da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Sanctus mendia ezaguna da eskiatzaileen artean. Elurra duelarik, Gourettetik kaskora igaten den bidean nekeza izaten da bakardadea harrapatzea. Arrenseko bailarako Tech lakutik igaten den bidea aise bakartiagoa da, eta eskiatzeko ez dio aitzinekoari inbidia handirik. Boulesteko lepotik kaskorainoko 750 metroko malda bikaina da udaberriko elurra bilatu nahi dugunerako. Baina bakarra negu gorrian hasmentako puntura ailegatu baino 2 kilometro lehenago errepidea hetsia egoten ahal dela da. Horrek ibilbidea aunitz luzatzen du. Gure kasuan errepidea irekia zegoela bagenekien hara hurbildu ginelarik.

8:21 : Lac du Tech (1217m)
Laku bazterrean pasatu genuen gaua eta nahiko goiz ekin genion bideari. Sanctusen azken maldak hego-ekialdeko orientazioa du eta beraz iragarritako tenperatura altuarekin laster transformatuko zela bagenekien.


Lakutik goiti Hospitaleteko lepo aldera igaten den bidea hartu genuen. Lakuan berean berrehun bat metro iparralderago bertze bidexka bat igaten da Boulesteko etxola aldera (seinaleak handik markatzen du), baina orientazioz eguzkitsuagoa da bide hura eta beraz elur gutiago izaten du.


Pista erosotik zati bat igan eta ezkerretara biratzen den bihurgune hetsian irudiko seinalea ikusiko genuen. Puntu honetan utzi behar da Hospitalet lepora igaten den bide nagusia eta eskuineko bidexka hartu behar da. Bide hau Labaseko bailaran barneratzen da.


Bidegurutzetik metro gutira arbolapetik aterako ginen eta eskiak jantziko genituen. 1400 metro inguruan ginen eta 20 bat minutuz eraman genituen eskiak bizkarrean.


Dena dela, goitixeago metro batzuetan berriz kendu behar izan genituen eskiak, bertze baso zati bat zeharkatzeko.


1500 metrotan basotik atera eta Labaseko bailarako elurretan barneratu ginen. Bertatik tontorreraino 1000 metroko igoera eta jaitsiera genituen esperoan.


Poliki-poliki harantxoan sartu ginen, altuera aunitzik irabazi gabe. Hainbat aukera daude bailaran goitri egiteko: ezkerreko iparraldeko orientaziodun magaletatik, erditik edota eskuineko hegoaldeko orientaziodun maldetatik. Guk erdikoa hautatu genuen.


Bailaran goiti egin ahala Sanctus eta bere malda bikaina agertzen hasi zitzaizkigun begien aitzinean.


Gure ezkerretara, aldiz, Hautafulhe eta Fanlou gailur zorrotzak mehatxati ageri ziren.


9:45 : Cabane de Bouleste (1725m)
Etxola polit honetara ailegatzean utziko genuen bailatxoaren azpiko partea.


Eskuinetara biratu eta ordurako guritua zegoen malda tenteagoa igaten hasi ginen.


Lehen malda tentea iganda, berriz ere kaskorainoko magalak bistaratu genituen. Puntu horretatik bi aukera daude: ikusten den tontortxoaren ezkerretik edo eskuinetik joatea. Guk eskuinetik egin genuen goiti, malda polit bat iganez.


Grand Gabizos mendi aldera doazen magalen azpitik zeharkalditxoa egin eta iparralderantz segitu genuen Louesque menditik jaisten diren malda bertikalen azpiraino.


Bertan errekatxoa zeharkatu eta argazkian ezkerretara ikusten diren malda zabaletatik iganen ginen Sanctus mendiaren hegoaldeko ertzeraino.


Malda hauek etzanak dira hasmentan, baina pixkanaka tentetuz joaten dira.


Metroak irabazi ahala, ingurua gero eta ikusgarriagoa da. Gainera, altueran elur dezente zegoen eta inguruko mendiak arras erakargarri ageri ziren.


Malda tenteetan goiti...


Kaskotik beretik jaisten diren maldak dira tenteenak. Horiek gure eskuinetara utziz joan ginen eta errazagoak ziren magalak bilatuz.


Grand Gabizos gure gibelean...


Erran bezala, tontor nagusiaren hegoaldeko ertz zabalera aterako ginen IGN mapan 2425 metrora ageri den puntutik hurbil.


Ertza zabala da eta eskiak kendu gabe iganen ginen hortik tontorreraino. Gure gibelean Midi d'Ossau eta Geougue d'Arre mendiak ageri ziren.


Azken metroetan gibelean Soum d'Arre, Estibere eta Hautafulhe mendiek osatzen duten zirkua genuela...


11:35 : Sanctus (2482m)
Hala ailegatu ginen duela pare bat urte egon ginen kasko honetara. Orduko hartan argazkian ikusten den Gouretteko eski estaziotik igan ginen.


Baina Gourettekoa ez bezala, Arrenseko bidea bakartia da eta zazpi lagun bertzerik ez ginen igan egun horretan. Hori guti balitz, kaskoan bakarrik egoteko aukera izan genuen tarte ederrean.


Gailurreko egonaldiaren ondotik jaitsieraz gozatzeko momentua ailegatu zen. Kaskotik beretik malda tenteak eskiatu genituen goitiko partean eta beheiti egin ahala errazagoetatik segitu genuen. Udaberriko elurra egoera onean harrapatu genuen eta gozatu ederra hartu genuen.


Jaitsieraz eta parajeaz gozatzen...


Fite akitu zen gailurretik etxolarainoko malda ederra. Zoragarria da! Hortik beheiti Labaseko bailaran harkaitz dezente zeuden agerian eta kasu emanez eskiatu behar izan genuen.


13:31 : Lac du Tech (1217m)
1400 metro inguruan eskiak motxilan paratu eta paseotxo politarekin akitu genuen eski saioa. Egun bikaina izan zen, mendigune polit eta nahiko bakartian eta sekulako malda jaitsiz. Errepikatu beharrekoa!

 
BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina