2017/01/06

Coll de la Marrana (2529m)

EGUNA: 2017/01/06

IRTEERA: Vallter 2000 (2085m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S1
DENBORAK:
  • Igoera : Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Gironako Piriniora ailegatzeko bide luze xamarra egin beharra dago. Pirinioetako Autobidetik Jaka aldera hartu behar da, baina bertara ailegatu baino lehen, Puente la Reina de Jaca herrian Huescako norabidea hartuko dugu. Huescatik Lleidara eta hemen A2 autobidetik Bartzelona aldera. Momentu batean Manresarako bidea erakusten diguten seinaleak ikusiko ditugu. Bide hori hartuko dugu Manresa gibelean utzi eta Vic herrira iritsi arte. Hemen Ripollera iratu eta Ripoll ere gibelean utzita Camprodon herrirako norabidea hartuko dugu. Camprodonetik Vallter 2000 eski estaziora igo behar da eta bertan, goiko aparkalekura ailegatu aitzineko azken bihurgune itxian utziko dugu autoa.

KRONIKA:
Kataluniako gure stagea akitzeko, Nuria eta Puigmal ezagunak gibelean utzita bertze zonalde klasiko bat ezagutzera jo genuen: Vallter 2000 eski estaziotik Ulldeter ingurua. Mendi eskiko zonalde aprta da hau ere eta makina bat ibilaldi egin daitezke inguruko mendietara: Pic de la Dona, Gra de Fajol, Pic de l'Infern, Bastiments... Guk preseski azken hau bisitatzeko asmoa genuen eta horrela plantatu ginen Vallter 2000 eski estazioan. Aste osoan bezala eguzkia, haizea eta hotza izanen ziren eguneko protagonistak.


9:25 : Vallter 2000 (2085m)
Errepide ondoko aparkalekuan autoa utzi eta gauzak prestatzen ari ginela haize finak eman zigun ongi etorria. Errepidetik bortz minutu GR11aren bidetik Ulldeterreko aterpe aldera ibili eta eskiak jarri genituen.


Elur anitz dagoenean GR11aren bidetik segitu daiteke Ulldeterreraino baina kasu honetan harriak agerian zeudenez Xalet izeneko eski pistara sartu ginen lehen zatia erosoago egiteko. Aterpea aitzineam genuen, baita Gra de Fajol mendia ere.


Pistatik segitu genuen Ulldeterreko zirkuraino. Hemen pistatik atera eta argazkian ezkerrean ikusten den Marranako lepo aldera biratu ginen. Eskuinean gure eguneko helburua zen Bastiments mendia ikus daiteke.


Ulldeterreko zirkuan barneratu ginen tenperatura hotza eta haizea lagun.


Elurra nahiko gogor baina kutxilarik gabe erraz igotzeko moduan.


Marranako lepoaren azpiko malda haizeak gero eta gogorrago jotzen zuen eta gure aitzinetik zihoazen guziek lepoan buelta hartu zuten haize olada bortitzak zirela eta. Ezinezkoa zen lepotik gailurrerainoko malda igotzea.


10:53 : Coll de la Marrana (2529m)
Horrela gu ere hainbat mendiren bidegurutzea den Marranako leporaino ailegatu eta buelta hartu genuen ia zutik egotea ere uzten ez zuen haize gohor eta hotzaren erruz. Bastiments eta bere hegoaldeko malda ikusgarria bertze baterako utzi genituen.


11:45 : Vallter 2000 (2085m)
Eskiak jantzita ailegatu ginen ia autoraino eta nahi baino laburragoa izan zen ateraldia akitu. Egun horretan ez zegoen gailurrik egiterik...


Ripolles aldeko egonaldia akitzeko herri pare bat ezagutzen pasa genuen arratsaldea. Lehenik Setcases herria...


...eta geroxeago Garrotxako Beget herrixka. Zoragarria!


Zalantzarik gabe itzuli beharreko zonaldea...


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina