2017/05/08

Crabounouse (3021m), Bugarret (3031m), Turon de Neouvielle (3035m)

EGUNA: 2017/05/06-08

IRTEERA: Vallee de la Glere (1676m)

ZAILTASUNA: AD / S3
Bi puntu dira ibilaldi guziko konplexuenak:
  • Packeko aterpetik Rabieteko lakurako bidea:  Zati hau elurtuta badago arriskutsua izan ahal da, espuestoa baita. Kontuz beraz elur gogorrarekin edo elur-jausi arriskuarekin.
  • Coume de l'Ourseko lepoa: Coume de l'Ours igota, Coume Estretera jaisteko pasa behar den lepoa da. Berez bi lepotxo daude. Eskuinekoa igotzeko etzanagoa da baina jaitsiera korridore tente (50º) batetik egiten da. Ezkerrekoaren jaitsiera errazagoa izan arren, igoera da tentea (40º inguru) eta kontuz ibili behar da eguzkiak berandu ematen baitio.
DENBORAK:
  • Vallee de la Glere - Refuge Packe : 3 ordu eta erdi
  • Refuge Packe - Crabounouse : 3 ordu
  • Refuge Packe - Turon de Neouvielle : 2 ordu eta erdi
  • Turon de Neouvielle - Vallee de la Glere : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik Gaveseko bailaran barneratuko gara Luz Saint Sauveur herri ezaguneraino. Hemendik Tourmalet mendateko errepidea hartuko dugu eta Bareges herria pasata, Tournaboupeko aprkalekura iritsi baino pixka bat lehenago, eskuinetara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu Plateau de Lienz aldera. Lienzera ailegatzean, ostatu baten ondotik abiatzen den pista hartuko dugu. Pista honetatik Glereko bailaran barneratuko gara, 1676 metro inguran autoa utzi arte.

KRONIKA:
Eski denboraldia bere amaierara ari da hurbiltzen eta jadanik 3000koetara jo behar da elurra harrapatu nahi izanez gero. Urte sasoi honetan jende guzia leku bertsuetan mukurutzen da, ez baita hautatzeko aukera handirik. Aneto-Maladeta, Gavarnie, Vignemale eta Neouvielle inguruak dira izarrak, errepideak elurrik gabe gelditzen diren momentutik. Bakardadea zaila izaten da beraz, asteburu eguzkitsuetan batik bat. Bada guk joan denean bakardade preziatu hori lortu genuen, zonalde basati eta ederrean, 3000 metrotik goitiko hiru mendi igoz eta dudarik gabe Piriniozale batek ezagutu gabe utzi ezin duen eremua deskubrituz. Ongi etorri Packe aterpera, mila izarreko "hotel" magikora!

2017/05/06
16:12 : Vallee de la Glere (1676m)
Larunbat eguerdian egin genuen hitzordua Lore eta biok Beskoitzen eta hainbat alditan bezala Lourdesetik goiti Luzeko bailara anitzean barneratu ginen. Autoz pista zakarretik ahalik eta goitien igo, gauzak prestatu eta eskiak bizkarrean ekin genion asteburu pasa zoragarriari.


1950 metro inguruan jantzi ahal izan genituen eskiak oinetan eta 200 metro gehiago igota Glereko aterpea parez pare ikusi genuen.


17:45 : Refuge de la Glere (2153m)
Aterpean geldialdi bat egin genuen zaindariari Packeko aterpeari buruz galdetzeko. Berak irekia zegoela eta bertan bi pertsona zeudela erran zigun, baita bertaraino bi ordu daudela ere. Gomendagarria da aterpera lo egitera igotzeko asmoa izatekotan Gleren galdetzea zeren eta beteta badago hobe da ez joatea. Hori pasatu zitzaien biharamunean jadanik aterpea beteta zegoela igo ziren lau gazteri eta Rabieteko etxolara jaitsi behar izan ziren lo egitera.


Aterpea pasata zati batean eskiak kendu behar izan genituen baina segidan jarri genituen berriz ere. Bizkarrez bizkar segitzen du bideak eta gure eskuinetara dagoen bailarara jaitsi behar da ahalik eta altuera gutxien galduz. Horretarako, onena Packeko bidea seinalatzen duen seinalea gibelean utzi eta pixka bat aitzinagotik jaistea da.


Gu foka-larruak kendu gabe jaitsi ginen  Bolouko bailarara eta erran bezala ahalik eta altuera gutxien galtzeko diagonal luze bat egin genuen. Denboraz lasaiago ibiliz gero, larruak kendu eta jaitsiera honetaz disfrutatzen ahal da.


Behin bailaran sartuta ez dago galbiderik. Goitian ikusten den lepora igotzen joatea bertzerik ez da.


Glereko aterpe ingurua jadanik elurrik gabe.


Arratsaldeko eguzkitan lasaitasuna zen nagusi Bolouko bailaran. Momentu polita izan zen igoera, inor ere ikusi gabe inguruan...


19:27 : Lac du Pourtet (2411m)
Malda tenteago bat gaindituta laku honetatik aterpea eta beraz, lehen eguneko helmuga ondo-ondoan ikusi genituen.


Azken malda bat igotzea bertzerik ez zen gelditzen...


19:47 : Refuge Packe (2509m)
Zer erran aterpe honi buruz. Hitz eta argazki guziak ez dira aski leku honen magia deskribatzeko. Sarreran aipatu dudan bezala ezin da bertako bisita huts egin. Dudarik gabe Pirinioetako txoko ederrenetariko bat!


Aterpeak 8 lagunentzat oheak ditu, mahai eta aulkiak, sua, egurra eta egurra mozteko tresnak. Honelako leku batean behar den guzia beraz. Ura uda partean badauka, baina neguan hurbil dagoen Pourteteko lakuaren beheko partetik hartu behar da. Izoztuta ez badago...

Aterpean Gilles eta Olivier ezagutu genituen. Bi pauetarrek ere gure plan bera zuten ondoko bi egunetarako eta laster egin genuen harreman ona beraiekin. Bi laguneko taldea lau lagunekoa izatera pasatu zen. Oheak banatu (lekua soberan genuen biharamunean ez bezala) eta ilunabarraren ikuskizunak zozotuta egon ginen aterpearen atarian. Arratsalde parteko hoeiak desagertu eta Pic Long, Taillon eta Vignemale inguruak gorriz margotu zituen eguzkiak. Ikaragarria!


Pierrefiteko lepoa "sutan"... Aterpera ailegatzeko bertze bidea hortik pasatzen da, nahiz eta luzeagoa izan.


Atarian tarte batez gozatzen egonda afaltzeko tenorea ailegatu zen. Egonaldi goxoa egin genuen laurok...


Lo egitera sartu aitzinetik azken begirada Pic Long malkartsuaren eskuinean, erdi laino tartean, ikusten den Crabounouse biharamuneko helburuari.


2017/05/07
9:10 : Refuge Packe (2509m)
Gau erosoa pasatu genuen aterpean eta presarik gabe ernatu ginen laurok finkatutako orduan, zazpi eta erdietan hain zuzen ere. Aterpearen kanpoko aldean ordea, ez zen bezperako ikuskizunik eta hodei ilunek estaltzen zituzten mendi kasko guziak. Hori gutxi balitz, haize hotzak bolada gogorrekin jotzen zuen.


Hainbat zalantza izanda, gailurra egiteko esperantza handirik gabe abiatu ginen aterpetik hegoaldera jaisten den malda tentean. Dudarik gabe, hau da ateraldi honen punturik zailena. Guk elur gutxirekin aurkitu genuen eta elur gogorreko malda espuestoa gainditu ondotik, udako bidexkatik pasatu genuen zatirik arriskutsuena. Dena elurtuta dagoenean bertze gauza bat izanen da...


Jaitsi ahala gure eskuinean Rabieteko laku izoztua utzi genuen. Bertan bertze etxola bat dago.


9:59 : Lac de Couyela det Mey (2272m)
Gu ordea Rabiet eta Couyela det Mey lakuen artean dagoen lepotxo batera jaitsi ginen ahalik eta altuera gutxien galduz. Hemen jadanik eskiak jantzi ahal izan genituen eta gorakoari ekin genion.



Couyela det Mey lakura ailegatu ginen segidan eta hemen ezkerretara biratuko ginen hegoaldeko norabidea hartuz.


Hortik aitzin elur malden artetik intuizioari jarraituz bidea aise segitzen da.


Lehen maldak gaindituta, IGN mapan 2915 metrotara dagoen Crabounouseren sasigailurra bistaratu genuen. Ez da bertara igo behar, ezkerretik inguratu baizik.


Crabounouseko ertza inguratzen ari ginela, bat-batean ordura arte ikusi genituen ostarte ahulak indartu eta eguzkiak lainoei nagusitzen hasi zitzaien. Haizea ere ahuldu eta goxotasuna nagusitu zen. Sinestezina hain denbora gutxian zer aldaketa izan zuen eguraldiak.


Hodeiak desagertzearekin batera, Crabounouse eta Bugarret mendiek osatzen duten goi-zirkutxoan sartu ginen. Bat-batean Long mendiaren ipar aurpegi ikusgarriak aho zabalikutzi gintuen. Lainoekin batera gure pentsamendu ezkor guziak desagertu ziren.


12:26 : Pic de Crabounouse (3021m)
Hala, zirkuan iparraldeko malda etzanak igota lehen gailurra harrapatu genuen.


Gedreko herri eta belagi berdeak gure oinetan...


Monte Perdido, Cilindro eta enparauak hodei tartean altxapeka...


Pozik eguneko lehen tontorrean...


Lehen kaskoa utzi eta zirkutxoaren bertze aldean dagoen Bugarret mendira jo genuen ahalik eta altuera gutxien galduz.


Azken malda tenteago bat eta...


13:06 : Pic de Bugarret / Estibere Bonne (3031m)
...eguneko bigarren tontorrean ginen! Gailurretik Pic Long mendiaren mendebaldeko aristara joan zitzaizkidan begiak. Badut bide hori egteko gogoa, baina udan...


Bigarren gailur honetan ez ginen denbora anitzik egon. Larruak kendu eta beherakoari ekin genion segidan.


Parez pare ia 800 metroko jaitsiera bikaina genuen.


Bugarret mendiari begirada jaitsieran.


Goizeko hodeiek elurra gehiegi ez guritzea eragin zuten eta berandu izan arren ametsetako elurrean eskiatu genuen. Irudian gure arrastoak ikusten dira.


Behin jaitsiera akituta, aterpera itzultzeko igo beharko genuen malda ikusi genuen. Aterpea elurrik gabe ikusten den lepo horretan dago kokatua.


14:06 : Lac de Couyela det Mey (2272m)
Hortaz eskiak kendu eta eguzkitan, eguneko azken ibilbide zatiari ekin genion. Gogorra egin zen aterpera itzulera...


14:49 : Refuge Packe (2509m)
Honela akitu zen bigarren eguneko ateraldia. Aterpean zerbait bazkaldu eta atseden hartzen egon ginen gustura eguzkitan. Horretan ginela, bertze lau pertsona etorri ziren, bezperako erosotasunak akitu ziren beraz. Dena den, garagardo batzuk ekarri zituzten eta gurekin konpartitu...


Arratsalde pasa gogoangarria aterpeko atarian...



Ondotik, zazpiak aldean, afaria Taillon eta Breche de Rollandeko ikuspegiarekin eta Gilles eta Olivierrek ekarritako ardo goxoarekin. Afalondoan gure bizilagun berrien pastelak ere probatu genituen, haietako baten urtebetetzea baitzen. Ezin gehiago eskatu...


Rabieteko lakua aterpetik...


Bertze eguzki sartze magiko bat eta ohera, ondoko goizean goiz ernatuko baikinen Turon de Neouvielle egin eta arratsaldean lanera ailegatzeko.




2017/05/08
7:02 : Refuge Packe (2509m)
Hirugarren eguna, bezperakoa ez bezala, eguzkitsu zetorren. Seiak baino lehen altxatu eta eguzkiak Midi de Bigorreren silueta gorriz marraztuz eman zizkigun egun onak.


Breche de Rolland, Taillon eta Gabietous mendiak eguneko lehen argitan...


Baita Long eta Crabounouse mendiak ere...



Gauza guziak bildu eta pena pixka batekin utzi genuen aterpea.


Aterpearen ekialdera dagoen Coume de l'Ours igotzea zen egin beharreko lehen lana. Goitian ikusten den lepotxora igoko ginen. Eskuinekora igo ginen malda gutxiago duelako eta ertz zati bat pasata ezkerrekotik jaitsiko ginen.


Eskuineko lepotxotik ezkerrekora jaisten eskiak bizkarrean eta pioleta eskuan, elurra gogor baitzegoen.


8:30 : Col de la Coume de l'Ours (2760m)
Behin lepoan, bertze aldera erraz jaisten da. Eskiak jarrita ere jaisten ahal da malda hau, baina ez dago jaitsiera askorik, helburua ahalik eta metro gutxien galduta irudian ezkerretara ikusten den Coume Estreteko lepora ailegatzea baita. Ezkerrerako berriz, gure eguneko helburu zen Turon de Neouvielle ikusten da.


8:54 : Col de Coume Estrete (2767m)
Bi lepoen arteko zeharkaldia burutu eta Coume Estreteko lepora ailegatu ginen. Gilles eta nik eskiak bizkarrean segitu genuen tarte honetan eta Lore eta Olivier berriz gehiago jaitsi eta kutxilekin igo ziren.


Lepoaren bertze aldean Pic Long eta bezperan igotako Crabounouse eta Bugarret mendiak.


Lepotik goiti ezaguna nuen bidea, zazpi urte lehenago Glereko aterpean lo eginda hemendik pasa baikinen Turon de Neouvielle mendia igotzeko. Hura izan zen eskiekin mendi bat igotzen nuen lehen aldia, mendi berezia niretzat beraz. Lehen malda espuestoa da eta oinez segitu genuen eguzkitara atera arte.


Bizkarretik gailurra hurbil ikusten zen. Eskiak eta kutxilak jantzi eta azken metroak egin genituen.


2911 metrotara dagoen sasigailurrera ailegatzen...


9:53 : Turon de Neouvielle (3035m)
Bertze malda bat igo eta berriz ere Turon de Neouviellen nintzen. oroitzapen onak etorri zitzaizkidan burura. Goiz zen eta lasai egin ginen kaskoak inguruan gozatzen.


Harrigarria iruditu zitzaidan mendi honen duen ikuspegia. Hegoaldean Pic Long eta Campbieil, gibelago berriz Monte Perdido eta Cilindro.


Parean genuen bezepran egindako ibilbidea oso-osorik ere...


Urrunean, Anetoko mendizerra, Posetsekoa, Pica d'Estatsekoa ere ikus zitekeen...


Eta hurbil Neouvielle eta Trois Consellers.


Cap de Longeko urtegia apal samar zegoen...


Asteburuko hirugarren 3000koan...


11:22 : Lac de la Mourelle (2297m)
Gailurreko egonaldi luzearen ondotik ziztu bizian egin genuen jaitsiera.


Uste baino lehenago plantatu ginen Glereko aterpean handik autora segitzeko.


12:47 : Vallee de la Glere (1676m)
Hiru egun bikain izan ziren asko gustatzen zaidan mendizerran, hasieran pentsatutako guzia eginez, ezin gehiago eskatu.


BIDEOA:


10 iruzkin:

  1. IBILDIDE, ARGAZKI , BIDEO TA ASTEBURU BIKAINA!! ZORIONAK!!

    ErantzunEzabatu
  2. Sekulako asteburua ! Milesker Estebe!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Bai bikaina izan zen! Ea bertze bat egiten dugun akitu baino lehen...

      Ezabatu
  3. Erreportai ikaragarria, eskikin hasten naizenean zuekin "abenturatxo" bat egin beharko dot.
    Gorantziak artista!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Zeren zain zaude ba hasteko! Neguan mendia egiteko era paregabea da! Animatu!

      Ezabatu
  4. bravo Giroa
    un des mes coins préférés des pyrénées.
    la descente de la coume de l'ours ,tremenda.
    ondo segi
    arroil

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Merci Beñat! Nous n'avons pas descendu la Coume, Ça a l'air d'etre bon!

      Ezabatu
  5. Merci Estebe pour ces photos et la vidéo.
    Une belle façon de repartir en ski de montagne alors que l'été pousse ses ardeurs sur plaine toulousaine.
    A bientôt sur les cîmes !
    Gil

    ErantzunEzabatu