2018/06/20

Taillon (3144m), Casco (3006)

EGUNA: 2018/06/19-20

IRTEERA: Col de Tentes (2207m)
Tenteseko lepotik ikuspegia
ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3 (Cascoren gaineko zatia eskiatuta S4)
  • Alpinismo zailtasuna: PD. Taillongo igoera erraza da eta ez du misterio handirik. Breche de Rollandetik Cascora pausu zailago batzuk daude. Lehena, Paso de los Sarrios deitzen dena, elur-baldintzen arabera konplikatu daiteke. Bigarrena, gailur aitzineko azken zatia, esposizio handia du eta aldapatsua da, elur gogorrarekin arras arriskutsua izaten ahal da. 
DENBORAK:
  • Col de Tentes - Breche de Rolland : Bi ordu eta erdi
  • Breche de Rolland - Taillon : Ordu eta laurden
  • Breche de Rolland - Casco : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
 Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere atzean utzita errepidea bukatzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).

KRONIKA:
Akitu dugu eski denboraldia, ateraldi ederrarekin akitu ere. Egia erran, gehienetan bezala gehiago egiteko gogoz gelditu naiz, eguraldi eskasagatik nahi baino guttiago ibili bainaiz. Baina ezin delarik ezin da, eta ondokoan izan beharko. Bukaera behintzat ona eman diogu, aspertzen ez duen Gavarnieko zirku inguruan.

2018/06/19
9:05 : Col de Tentes (2207m)
Bertze behin ere ikuspegi bikaina duen lepo honetara hurbildu ginen. Elur-maila goiti dagoenean eskiatzeko aukera ematen du. Trasteak prestatu eta Bujarueloko lepora doan lehengo errepide zaharra hartu genuen.


9:40 : Port de Boucharo / Bujaruelo (2271m)
Bujarueloko lepotik Tendeñerako mendizerrara ikuspegi ederra. Oraindik metro batzuk gehiago egin beharko genituen eskiak bizkarrean.


2300 metro inguruan jantziko genituen eskiak. Ez dago gaizki ekaina akabaila izateko. Hemendik aitzin Taillonen ipar aurpegi ikusgarriaren azpiko zeharkaldi luzeari ekinen genion.


Zeharkaldia akitzen den lekuan oraindik ia abiapuntuaren parean ginen. Hemendik hegoaldera biratu eta malda anitz tentetzen da.


Lehen malda tenteen ondotik Taillongo glaziarra dagoen ingurura ailegatu ginen. Oroitzapen politak zetorzkidan burura, Taillon izan baitzen duela bederatzi urte igo nuen lehen 3000tik goitiko mendia.


Bertze malda batek Sarradetseko lepoan utziko gintuen, izen bereko mendiaren azpian.


11:27 : Col des Sarradets (2589m)
Lepo honetara ailegatzean ikuskizuna hasten da.


Gavarnieko zirkua osatzen duten menditzarrak parez pare agertzen dira, eta nahiz eta hirugarren aldia izan hemen nintzela, liluragarria iruditu zitzaidan.

Zeharkalditxo batek, zahar-berritze lanetan dagoen aterpearen ondoan utziko gintuen. Arraroa da oraindik lanak ez akituak izatea, duela bi urte Arkaitzekin hemendik pasatu nintzelarik jadanik lanean hasiak baitziren. Aterpea hetsia egonen da 2018 osoan.


Aterpea gibelean utzi eta Breche de Roland aldera zuzendu ginen. Bertako vivac batean pasatuko genuen gaua.


Bikaina da Breche de Roland. Haren azpian jartzen zarelarik bakarrik ohartzen zara bere handitasunaz.

Puntu honetan Lore bere gauerako koltxoia bidean nonbait erori zitzaiola konturatu zen eta beheiti abiatu zen haren bila. Ben eta nik aitzinera segituko genuen, gaua pasatuko genuen lekuan gauza utzi eta Taillon mendia igotzeko asmoz.


12:31 : Breche de Roland (2804m)
Lepoaren hego zein iparraldean hainbat vivac daude eta guk hegoaldeko lehena hautatu genuen gaua pasatzeko. Gauzak han utzi, zerbait jan eta edan eta Taillon aldera abiatu ginen.


Harresiaren bazterretik segitu genuen, udako bidetik hain zuzen ere. Negukoa edo eskiekin egiten dena metro batzuk hegoalderago joaten da, Taillon hego aurpegitik igotzeko, baina guk metrorik ez galtzeagatik udakoa hartu genuen.


Doigt  edo Dedo (euskaraz behatza) deitzen den harkaitzaren inguruan eskiak bizkarrera pasatu genituen berriz, eta hala eginen genituen gailurrerakoak.


Gailurra begibistan...


14:06 : Taillon (3144m)
Tontorrera ailegatzeko azken metroak gogorrak egin ziren, niretako behinik behin. Altuera nabaritzen zen.

Behin puntan, ikuspegi ederra lau haizeetara. Argazkian, Gavarnieko zirkuko 3000koak.


Eta bertze aldean Garmo Negro, Picos del Infierno, Balaitous eta Vignemale ingurua, bertzeak bertze. Castillo d'Acher eta inguruak ere ikusten ziren tontorretik.


Gailurreko egonaldiaren ondotik, mendiaren hego aurpegia eskiatu genuen udaberriko elur goxoan.


14:10 : Breche de Roland (2804m)
Berriz lo eginen genuen lekura bueltan, Lorerekin elkartu eta bazkalduta, atseden hartzea tokatzen zen. Argazkiak hartzeko eta inguruaz gozatzeko orduak genituen, ez dago horrelako telebistarik.


Astazu mendiak Brechetik...


Iparraldeko vivac batetik ateratako argazkia, Sarradets mendia ageri dela.





Goxoan, egonean...


Breche de Roland erraldoia...


Gaua pasatuko genuen vivaca, biharamunean igotzeko intentzioa genuen Casco edo Casque mendiarekin. A zer ikuspegia gaua pasatzeko.


Eguneko azken argiak Midi de Bigorren.


Gozatzen...



Eguzkia sartu ondotik lo egitera, mila izarreko hotelean. Denak ez ginen lotara sartu ordea, Benek argazki sorta ederra egin zuen gauean zehar.




2018/06/20
8:31 : Breche de Roland (2804m)
Goizeko seiak pasatxoan iratzarri ginen lasai ederrean. Gosaldu, gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen. Ben ez zen gailurrera etorriko, gaua argazkiak ateratzen pasata nekatuta baitzegoen.


Breche gibelean utzita, harresiaren ertzetik eguneko lehen puntu beroa zeharkatzeari ekin genion.


Argazkian ikusten den zeharkaldia da, Paso de los Sarrios deitzen dena. Bidea elurra eta harresiaren artetik doa. Kranpoiak autoan utzi genituen eta zalantza genuen pasatzea lortuko ote genuen edo ez. Elurra ez zegoen gogorregia eta arazorik gabe pasatu ginen ibilbide ikusgarrian.


Zeharkaldiaren azken zatian kate batzuk daude, negurako baino udarako baliagarriak direnak.


Pausua gibelean utzi genuen, baita Breche de Roland ere.


Eta bertze zeharkaldi bat hasi genuen Sarrios leporaino. Argazki hau Benek atera zigun vivacetik, ongi begiratuz gero zeharkaldian ageri gara.


Collado de los Sarrios lepotik goiti, iparraldera biratu eta Casco eta Torre arteko malda tenteak igotzeari ekin genion. Eskiak 2840 metro inguruan utzi genituen, Cascoko azken malda esposizio handia baitu, gehienbat azken zatian. Guk elurra bigun harrapatu genuen, baina hala ere arriskutsua iruditu zitzaigun, zer erranik ez beraz elur gogorrarekin.


10:00 : Casco / Casque (3006m)
Tentsio pixka bat pasata, gailur zoragarri honetara ailegatu ginen. Niri anitz gustatu zitzaidan. Gailurretik ikuspegi ederra genuen bezperan igotako Taillon mendira.


Baita inguruko bertze 3000ko gailurretara ere.


Kaskoan...


Igoerako zati arriskutsuena saihesteko asmoz, jaitsiera mendiaren hego-ekialdetik egin genuen. Zati maldatsuagoa zen, baina ewz hain arriskutsua. Lehen metroak gibelka jaitsi genituen maldaren eraginez.


Berriz eskietara bueltan eta eguneko zatirik zailenak pasata, gozatzeko momentua zen. Elur bikaina bezperan bezala. Argazkia, Benek Brechetik egina.


Jaitsiera Breche aldera. Behitiago jaitsiko ginen gehiago gozatzeko


2640 metro inguruan, berriz foka-larruak jarri eta Breche de Rolandera itzuliko ginen. Bertan trasteak bildu eta itzulerako bidea hartuko genuen.


Taillon azpiko zeharkaldiraino eskiatu genuen, 2350 metro ingururaino. Bidea zelaitzen denean eskiak bizkarrera eta oinez autora...


13:34 : Col de Tentes (2207m)
Eta horrela akitu zen denboraldi azken eski ateraldia. Marko zoragarrian, eguraldi eta elur bikainarekin eta mila izarreko hotelean gaua pasata, ezin gehiago eskatu.

BIDEOA:

2 iruzkin: