2019/07/24

Gabietous Occidental (3034m), Gabietous Oriental (3031m), Taillon (3144m)

EGUNA: 2019/07/19

ABIAPUNTUA: Col de Tentes (2208m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD). Gabietouseko tontorretara igotzeko ertza erraza da (II) nahiz eta punturen batean erorketa handia duen. Helduleku onak ditu eta harri-mukuruekin bidea ongi seinaleztatua dago.

DENBORAK:
  • Col de Tentes - Gabietous Occ. : Hiru ordu eta erdi
  • Gabietous Occ. - Gabietous Ori. : Ordu laurden
  • Gabietous Ori. - Taillon : Ordu bat
  • Taillon - Col de Tentes : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
 Lourdes hiri ezagunetik hegoaldera autobide bat hartu behar da Argeles Gazost herriraino, hemendik Luz Saint Sauveur herrira joanen gara eta gero Gavarniera. Azken herri hau gurutzatu ondotik eski estaziora (Les Especieres) igoko gara eta hau ere gibelean utzita errepidea akitzen den lekuraino joanen gara: Col de Tentes (2208m).

ARRASTOA:
Arrastoa Boucharo edo Bujarueloko lepoa hasi eta akitzen da; hain zuzen ere, ibilbide zirkularra hesten den lekuan. Puntu honetara ailegatzeko hegoaldetik Bujaruelotik atera behar da eta iparraldetik (gure kasuan bezala) Tenteseko lepotik.
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
3000 metroko langa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Pirinioetan. Zenbaki majiko horretatik goiti gelditzen diren mendiek bertzeek baino bisita gehiago izaten dituzte oro har eta zaila izaten da mendi horietan bakardadea bilatzea uztail eta abuztuan. Horietatik jendetsuenetarikoa da Taillon mendia, bere igoera erraz eta politagatik. Ibilbide honetan, bertara gabietous mendietan barrena igotzeko bide bakarti eta ederra proposatzen da.

Nire kasuan gainera, 2009an (duela 10 urte eskas), Taillon izan zen igo nuen lehendabiziko 3000 metrotik goitiko mendia. Urtebetetzea ospatzeko modu polita izan da beraz.

7:37 : Col de Tentes (2208m)
Taillon eta Gabietous mendien ipar aurpegi malkartsuek erakusten duten irudi ikusgarriak eman zizkigun egun onak Tenteseko lepoan gaua pasatu ondotik. Gosaldu, prestatu eta Boucharoko lepora doan errepide hondatutik egin genituen lehen pausuak.


7:59 : Col de Boucharo / Puerto de Bujaruelo (2270m)
Ia metrorik irabazi gabe egiten da lehen zatia. Lepo ezagun honetan, Taillon aldera doan bide arrunta alde batera utzi eta mendebalderantz segitu genuen irudian ezkerretara ikusten den Escusaneta mendia erreferntzia moduan hartuta.


Harri-mukuruei segika, segituan ailegatu ginen eguneko lehen eskaladatxora. Irudian ikusten den tximiniak ez du aparteko zailatsunik.


Segidan bidexkatik gabietous mendien mendebaldeko aurpegiaren azpitik zeharkaldi luzea egiten da.


Irudiko harresiek bidea hesten digutelarik, berau gainditzeko punturik ahulena den Forquetako lepora jotzen du bideak.


8:48 : Forqueta del Gabieto (2517m)
Azken zati maldatsu baina errazetik lepoa harrapatu eta Bujaruelo ingurua bistaratu genuen hegoaldera. Bere gainean Otal eta Tendeñera inguruak...


Gu pixka bat ezkerretara biratuko ginen metrorik galdu gabe ekialderantz biratzen hasteko.


Bailaratxo honetan sartuta, irudian zokoan ikusten den lepoa zen ondoko helburua. Bertara igotzeko azken zatia nahiko penagarria da harri xehea dela eta. Guk ordea nahiko ongi gainditu genuen ezkerretarago gelditzen diren harkaitz plaka batzuetatik.


Behin 2860 bat metrora dagoen izenik gabeko lepo honetan gure ezkerretara biratu eta Gabietouseko hego-mendebaldeko ertza igotzeari ekin genion.


Lehen punta eskuinetik inguratu behar da ertzari ekiteko.


Hortik aitzin hasten dira eskuak erabili beharreko pausuak. Harri-mukuruek bidea aurkitzen laguntzen dute eta zailtasun handirik ez izan arren entretenigarria da.


Batzuetan oinez...


Bertzeetan ertzetik bertatik eskalatuz...


Lehen tontorra begibistan...


Pausu bertikalagoren bat...


Gabietous mendietatik mendebaldekoa metro batzuetara eta gibelean geroago igoko genuen Taillon.


10:23 : Gabietous Occidental (3034m)
Hala, erritmo onean ailegatu ginen lehen gailurrera. Tontorretik bertze Gabietouseko kaskoa hurbil dago...


Ertzatik bertze pausuren bat eta laster batean plantatu ginen bigarren kaskoan.


10:44 : Gabietous Oriental (3031m)
Gabietouseko ekialdeko tontorretik mendebaldekoa ikusgarri altxatzen da.


Gailurrena pixka bat egonda aitzinera segitu genuen. Horretarako Gabietouseko lepora jaitsiko ginen lehendabizi.


11:01 : Col de Gabietous (2938m)
Lepoan ertza pixka bat zorrozten da, baina aparteko zailtasunik gabe.


Poliki-poliki Gabietous mendiak gibelean utzi genituen.


Eta Taillonen hego-mendebaldeko aurpegitik igo ginen, irudian eskuinetara ageri den pausu horizontaletik ertzera ateratzeko.


Hego-mendebaldeko ertz errazak taillon handian utziko gintuen.


11:34 : Taillon (3144m)
Horrela 10 urte geroago hirugarren aldiz nengoen Pirinioetako gailur ezagun honetan. Kaskotik bertze mitiko batera ikuspegia, Vignemalera hain zuzen ere.


Eta 1000 metro beheitiago Tenteseko aparkalekua autoz goitiraino beteta.


Gabietous mendi marroiak...


Haize freskoa ari zuen kaskoan eta ez ginen sobera luzatu. Bide arruntetik ziztu bizian abiatu ginen malda beheiti.


Bidexka erosoa jaisteko, orduan arteko lasaitasuna akitu eta mendi honetan ohikoa den bezala jende anitz gurutzatu genuen.


Dedo orratza eta Taillon gibelean uzten...


12:04 : Breche de Roland (2807m)
Behin Bretxan, hamaiketako ederra egiteko geldialdi lasaia egin genuen.


Paisaia zoragarria, aspertzen ez duena. Laugarren aldia nuen bertan, baina mila aldiz ere itzultzeko modukoa da.


12:55 : Refuge des Sarradets / Breche de Roland (2587m)
Jaitsieran Sarradetseko aterpetxeko lanak nola doazen ikusteko aukera izan genuen. Uda honetan irekitzeko asmoa omen dute, hainbat urte itxita egon eta gero.


Paraje ikusgarrian dago aterpetxea, baina nire uste apalean zaharra politagoa zen.


Taillon, Dedo eta eta Taillongo glaziar txikitua, bere azkenetan klima aldaketaren kulpaz.


14:00 : Col de Tentes (2208m)
Behin autora itzulita, merezitako garagardoa eta Tourmalet aldera jo genuen biharamunean Tourra ikusteko intentzioz. Asteburu ederra benetan!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina