2022/01/11

Cap de Laubere (2213m)

EGUNA: 2022/01/06

ABIAPUNTUA: Ens (1200m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Pirinioen paraleloa den A64 autopistan barrena joango gara 15. irteeraraino, hau da, Lanemezango irteeraraino. Hemen hegoalderantz, Arreau eta Saint Lary herrietara joango gara Vallee d'Aure haran ederrean gora. Saint Lary herria gibelan utzi eta segidan ezkerretara Azeteko mendatean goiti igotzen den bidea hartuko dugu. Lehen herrira ailegatzean (Sailhan), eskuinetara Ens herrira igotzen den errepidea hartu behar da. Herriko plazan uzten ahal da autoa, edo elurrik ez badago herritik goiti pista bat metro batzuz igota dagoen aparkalekuan.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Klasikoak zerbaitengatik izaten dira klasiko. Musikan gertatzen da, zineman ere bai, eta baita mendi eskian ere. Izen handirik gabeko mendia bada ere, eskizaleen artean Aure bailarako klasikoetako bat da Cap de Laubere. 1000 metro inguruko desnibela, malda konstantea eta elur hautsak inguruak tapatzen dituelarik paisaia ederra. Ez da deus gehiago behar...

10:11 : Ens (1200m)
Herritik goitixeago dagoen aparkalekuan utzi genuen autoa eta bezperan zuritutako larre elurtuetan segidan paratu ahal izan genituen eskiak.


Egun eguzkitsu baina hotza genuen eta elurra hasmentatik arin eta idorra. Baldintza paregabeak mendi eskirako. Metro batzuk hegoaldera iganda, magalean ezkerretara bakarrik ikusten den zuhaitz aldera biratuko ginen. Hortik pasatzen da udako bidea ere...


Coudereko ertzetik jaisten den bizkarra inguratu eta metro batzuk galduta basotxo batean sartuko ginen. Puntu horretatik aitzinera elur gruza lodiagoa harrapatuko genuen, oinarri zaharra freskoaren azpian.


Mendi egun paregabea genuen, haizerik gabe, eguzkitan goxo eta itzaletan hotz. Irudian Azet herrixka bidetik...


Coumeko laku ingurutik pasatuko ginen, ekialdera joz bertze bizkar bat inguratzeko.


Behin bigarren bizkarra inguratuta ipar isurialdeko madal zabalak izanen genituen gailurreraino. 600 metroko desnibela gainditzen da malda hauetatik eta elur onarekin jaisteko zoragarriak dira.


Malda tenteago bat gaindituta, malda etzaten da eta puntu honetatik gailurra ikusten da. Parean itzaletan ikusten den puntatxoa da Cap de Laubere.


Aitzinetik igo zen eskiatzaile batetik irekitako arrastotik eroso igo ginen. 15-20 zentimetroko hauts geruza elur gogorraren gainean zegoen pausatuta eta bere lana bazuen arrastoa egiteak.


Aureko bailarak konstraste ederra osatzen zuen mendi elurtuekin.


Gailurra gero eta hurbilago...


Igoeraren azken zatian malda pixka bat estutzen da eta ingurua ikusgarriagoa bilakatzen da.


Sarrouyes mendia ekialdean...


Malda tenteago batetik gailurraren ondoko lepotxora atera ginen. Hegoaldeko isurialdera pasatu eta azken metro errazei ekinen genien.


Azken metroak...


12:17 : Cap de Laubere (2213m)
Haizerik gabe eta eguzkitan egonaldi goxoa izan genuen tontorrean. Gibeletik heldu ziren eskiatzaileak ailegatu baino lehen, gauzak prestatu eta beheiti abiatu ginen, elur hautsetan gure sinadura idaztera.
 


Elur bikaina izan genuen bide guzian zehar. Arina, idorra, Pirinioetan gehiegitan harrapatzen ez den horietakoa...


13:18 : Ens (1200m)
Hiru ordu pasatuxeko ateraldiak zapore ezin hobea utzi zigun. Urte lehen egunetako bigarren eski saioa ere hautsetan! Leku arras gomendagarria!

BIDEOA:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina