2022/08/22

Hourgade (2964m)

EGUNA: 2022/08/01

ABIAPUNTUA: Granges d'Astau (1139m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK: 
  • Igoera (Esquierryko lepotik):  5 ordu
  • Jaitsiera (Espingotik): 3 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartuta Montrejeau eta Luchongo irteera arte segituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino ailegatuko gara. Behin Luchonen gaudela Col de Peyresourde mendatera igaten den errepidea hartu behar da Oô herrira doan bidegurutzera ailegatu arte. Oô herria gibelean utzi eta aitzinera segiko dugu errepide beretik Granges d'Astauko aparkaleku zabaleraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
36 metrogatik ez da 3000ko marrara ailegatzen eta horrek mendi hau ezagunagoa izatetik salbatzen du. Louron bailararen gainean tente altxatzen da Hourgade, nortasunez, altuagoak diren bertze batzuei inbidia guti die. Mendi hau ezagutzeko egin dugun ibilbidea ere mendia bera bezain ederra da, anitza; baina aldi berean teknikoki zailtasunik ez duena. Pirinioen fragantzia lau haizeetara dario.

7:53 : Granges d'Astau (1139m)
Gaua aparkalekuan pasatu genuen eta beheitixeago mendebaldera jotzen duten GR10aren markak segituz ekin genion egunari.

 
Esquierryko leporaino 1000 metroko igoera jarraia genuen aitzinetik. Azpiko partean zati tentea baso batetik gainditzen du...



...eta goitikoan larre zabalagoetara ateratzen da.


Lehen zati maldatsua gaindituta bideak atsedenalditxo bat eman zigun. Parean genuen Esquierryko lepoa eta bailara berean izen bereko etxola ere bai.


Ezkerretara utziko genuen hetsia dagoen etxola hau, balkoitxo polit batean kokatua dago.


Eta lepotik beheiti jaitsen den bailararen sakonetik segituko genuen goiti, erran bezala malda etzanagotik.


9:40 : Couret d'Esquierry (2131m)
Erritmo politean egin genuen leporainoko igoera eta ordu eta hiru laurdenean bertan ginen. Lepotik GR10aren bidea Lourongo bailaran barneratzen da.


Gu, ordea, ezkerretara biratu eta irudiko bidexkatik igaten hasiko ginen. Nereko lakuetarako bailarara pasatzeko argazkiko magaletik zeharkaldi bat marrazten du bideak.


Eskuinetara bertze etxolatxo hau utziko genuen...


...baita  Peyragudeseko eski estazio inguruak ere. Udaberrian eskiekin bertatik abiatuz igateko mendi aproposa da Hourgade.


Nereko lakuetatik jaisten den izen bereko bailararen ekialdeko magaletik gindoazela lehen aldiz ikusi genuen iganen genuen mendia.


Eskuak erabili beharreko plakatxo bat gainditzen du bideak...


Bailararen goitiko aldean dauden Nereko lakuetara zuzentzen da. Inguru honetan elkartzen da Chevreseko zubitik igaten den bidearekin.


10:21 : Lac de Nere (2397m)
Azpiko lakuaren bazterrean eguneko lehen geldialdia eginen genuen. Bi ordu eta erdi generamatzan eta oraindik zati bat gelditzen zitzaigun irudian ageri den gailurrera. Gailurraren ezkerretara antzematen den lepo zabaletik iganen ginen goiti.


Hara ailegatzeko harri-mukuruz ongi markatutako bidexka erosotik segituko genuen.


Hourgade malkartsuaren oinetik...


Lepoa hurbilago...


...eta Nereko lakuak jadanik gure zangopean.


Lepora aterata kaskoa hurbil ikusten da jadanik. Gandor luze horretako erdiko puntua da. Eskuineko aldean aterako ginen gandorrera eta ertzetik eginen genituen azken metroak.


Gaineko parte honetan ere hirugarren laku bat dago, 2860 metroko altueran dagoen zuloan.


Lakua eskuineko aldetik inguratu eta kanal tente batetik aterako ginen ertzera.


Hortxe utzu genuen lakua...


Azken metroak ertz erraz batetik eginen genituen.


11:49 : Pic de Hourgade (2964m)
Autotik atera eta lau ordura ailegatu ginen kaskora. Lehen begirada duela hiru urte zeharkatu genuen Bachimalako gandorrera joan zitzaidan. A zer oroitzapenak...


Gailurraren bertze aldean Luchongo 3000koak: Lezat, Crabioules, Lliterola, Perdiguero, Jean Arlaud, Gourgs Blancs, Spijeoles eta abar luze bat...


Abuztuaren lehen eguna, eguzkia zeruan eta bakar-bakarrik ginen kaskoan... 3000 metroko marra ez gainditzearen abantailak...


Lourongo bailara eta Loudenvielleko lakua... Laku horretatik parez pare ikusgarri altxatzen da Hourgade.


Goitian zerbait janda beheiti abiatu ginen. Jaitsiera luzea genuen Espingoko aterpetik barrena. Hasteko laku aldera jaitsi eta argazkian lakuaren eskuinetara ikusten den lepora joanen ginen. Lepo horretatik sartuko ginen Arrougeko bailarara.


Lepora mendiaren magaletik zuzenean jaitsi ginen. Bailarara sartzeko lehen zati bertikal bat jaitsi behar da lehenik...


Hortik beheiti galbiderik ez dago. Bailara osorik jaistea bertzerik ez da egin behar. Zati aunitzetan bidexkarik ez dago, baina han-hemenka ageri diren mugarriek bidea erakusten digute.


Beheitiago, aldiz, bidexka erosoago bat harrapatu genuen eta bertatik segituko genuen. Arrougeko etxolaren ondotik pasatzen da bidea eta bisitatzeko baliatu genuen. Egoera onean dagoen etxola da.


Inguru honetatik aparkalekua oraindik urrun ikusten zen.


Arrougeko etxolara ailegatzen...


Etxola gibelean utzi eta bertze malda batetik Espingoko laku politean plantatuko ginen. Bertatik aterpera igoera ttiki bat egin behar da.


14:11 : Refuge d'Espingo (1967m)
Aterpean zerbait jan neta garagardo fresko bat hartzeko geldialdia egin genuen. Hodeiek zerua pixka bat tapatu bazuten ere, egun beroa zen.


Aterpetik beheiti, izen bereko lepoa zeharkatu eta GR10aren bidea hartu genuen Ooko laku aldera.


15:27 : Lac d'Oo (1507m)
Bide zabalagotik ziztu bizian jaitsi ginen laku ezagun honetara. Bertako uretara erortzen den ur-jauzi batengatik da ezaguna eta desberdina Ooko lakua. Jende andana hurbiltzen da uda partean hara.


16:04 : Granges d'Astau (1139m)
Ootik aparkalekura jendez estalitako bide zabaletik jaitsiko ginen, ibilbide zirkular polit honi amaiera emanez...

2 iruzkin:

  1. Montañón que destaca desde el valle de Louron. Y al no ser un 3000 es bastante desconocido... Muy recomendable.

    ErantzunEzabatu