2022/07/31

Adishi - Ushguli

EGUNA: 2022/07/15

ABIAPUNTUA: Adishi (2128m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Adishi - Chkhunderi Pass : 2 ordu eta erdi
  • Chkhunderi Pass - Karetta Pass : 3 ordu
  • Karetta Pass - Ushguli : 2 ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Svanetiko zeharkaldiaren hirugarren etapan Mestia-Ushguli trekkingaren saihesbide bat eginen genuen, berezko bidea baino aise basagoa eta nire ustez interesgarriagoa ere bai. Khaldeko glaziarraren gainetik pasatuko ginen, eta Karettako lepotik Georgiako mendirik altuena den Shkhara handiaren azpira pasatuko ginen Ushgulira herriaren gaineko aldetik ailegatzeko.

6:56 : Adishi (2128m)
Aitzineko egunetan baino goizago ekin genion egunari, etaparik luzeena baikenuen aitzinetik. Guest Housean gosaria zrtziak arte ematen ez zutenez, pic-nic boltsa hartu eta gure kontu gosalduta abiatu ginen.


Herrian ordurako mugimendua hasia zen: behiak larrera igortzen, joan-etorriak lurrezko karriketan...


Gu Adishiko glaziarretik beheiti jaisten den errekak sortutako bailra politean goiti hasi ginen igaten.


Eguna zoragarria genuen, hiru egunetatik ederrena. Gibeleko aldean Ushba handia dotore ageri zen bertze guzien gainetik.


Eta gure ezkerretara inguruko bertze menditzar bat: Tetnuldi.


Igoera etzan baten ondotik irudiko lautadatxora jaitsiko ginen erreka zeharkatzeko.


Goizeko lehendabiziko orduetan erreka nahiko apal harrapatu genuen (argazkian ez da ageri). Baina egunak aitzinera egin ahala emaria igaten da eta zailtasunak izaten ahal dira gurutzatzeko. Goizeko hamarretatik aitzin Adishitik zaldiekin igaten dira 25 GELen truke jendea errekaren alde batetik bertzera pasatzeko. Nahiko garesti egia erran...


Erreka zeharkatuta landareria arteko bidexkak goiti egiten du Chkhunderiko lepoaren bila. Ur eta lohi aunitz duen bidexka da, zangoak busti-busti egiteko modukoa.


9:13 : Chkhunderi Pass (2722m)
Lore arteko bide politetik ailegatu ginen eguneko lehen lepora.

 
Inguruan loreak eta gibelean mendi eta glaziar ikusgarriak. Paisaia aldetik etaparik ikusgarriena izan zen hirugarren hau.


Lepotik Adishiko bailara eta Ushba inguruetara ikuspegi bikaina dago.


Bertze aldera Khaldeko bailara eta Lagemeko lepoa genituen. Lepo horretatik ere Ushguliko bailarara pasatzeko aukera dago. Ushgulirako bide arruntena, berriz, bailarara jaitsi eta Khalde herrixkatik barrena Ipralira joaten da.


Guk lepoan berean bide arruntena utzi eta ezkerretara biratuko ginen bizkarrez bizkar ibilaldi ikusgarria hasteko.


Bidexkarik ez dago bizkar berdean baina arazorik gabe egiten da bidea, inguruko guziak liluratuta.


Gainez gain zati bat eginda, lepotxo batera jaitsi eta eskuinetara bizkarra utziko genuen Khaldeko glaziarrera eramanen gintuen jaitsiera hasteko.


Hortik aitzinerako bidea intuizioz egitekoa da. Intuizioz eta GPSaren arrastoaren laguntzaz. Itxura batean belardi errazak zeharkatzea bertzerik ez da, Khaldeko glaziarra zeharkatu eta argazkian parean ikusten den Karettako lepora igateko. Belardiak, ordea, nahiko deserosoak dira, zati anitzetan landare luzeekin aitzinera egitea zailtzen dutenak.


Jaitsiera bizkarrak bilatuz egin genuen, landareak motzagoak baitziren bertan. Khaldeko glaziarraren morrenara ailegatu ginen honela eta bertatik zati bat igan genuen glaziarrera jaisteko puntu egokienaren bila. Eguneko harri-mukuru bakarrak inguru honetan harrapatu genituen.


Glaziarrera jaitsi eta hau estaltzen duten harrien gainetik zeharkatu genuen. Ez zuen iduri glaziar baten gainetik genbiltzanik.


Glaziarraren bukaeran berriz ere landareria artera pasatu ginen, eta belar eta arbolatxo artean bidea bilatuz egin genuen Karettarako igoera. Parean 5000 metrotik goitiko menditzarrak, Kaukasoko mendirik altuenak daude inguru honetan.


Belaun eta izterretara ailegatzen zen landareria trinko arteko igoera gogorra egin zitzaigun. Atsedenaldietan inguruko edertasunaz gozatzeko aukera genuen behintzat...


Altuera irabazi ahala landareria ez zen hain trinkoa eta horrek ibiltzea errazten zuen.


Karettako lepoa hurbil genuen jadanik...


12:44 : Karetta Pass (3022m)
Leporako azken metroak gogorrak egin zitzaizkigun altueragatik edo. Eguneko igoerak akituta, bazkaltzeko geldialdia egin genuen.


Geldialdiaren ondotik, Ushguli alderako jaitsieran ere landare trinkoak harrapatuko genituen.


Shkhara menditik beheiti jaisten den errekatxoaren ondotik egin genuen jaitsiera, belar gutien zuten zatiak bilatuz. Hala ere, zatiren batean bularrerainoko landareekin aritu behar izan genuen borrokan.


Noizbait ere Langemeko lepotik jaisten den bidexka harrapatu genuen eta hortik beheiti aise errazago eginen genuen bidea. Urrunean Ushguli zoragarria ikusten hasi ginen...


16:39 : Ushguli (2149m)
Shkharako glaziarrera doan pista zabaletik ailegatu ginen Ushguli ederrera. Bertan akitu zen gure zeharkaldia.


Bortz herrigunek osatzen dute Ushguli, Europako herririk altuena omen dena. Orain 70 bat familia bizi dira bertan.


Svanetiko bertze herriek bezala, XII. mende inguruko dorreak ditu, defentsarako eraiki zirenak. Gibelean Georgia mendirik altuena den Shkhara 5193 metrorekin.


Gaua bertan pasatuko genuen eta egunean zehar herri hau bisitatzen duten turistak joanda, bere benetako aurpegia erakutsi zigun Ushgulik.


Ilunabarra...


Biharamun goiza ere bertan pasatu genuen, herriaren txoko guziak ezagutuz.


Oraindik jende sobera ez dabilen herrialdea da Georgia, bere altxorrak gordetzen dituena. Bertze mendi batzuk ezagutzeko asmoz hurbildu ginen hara, baina mendien azpian bizi den herriak mendiek bezain bat harritu gaituzte.


BIDEOA:

1 iruzkin: