2023/07/25

Pene det Pouri (2587m)

EGUNA: 2023/07/09

ABIAPUNTUA: Chiroulet (1062m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORA:
  • Igoera (Ourrec-etik) : 5 ordu
  • Jaitsiera (Lac Bleutik) : 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta Tarbeseraino joko dugu bertatik. Tarbeseko irteera hartuta, Bagneres de Bigorre herriko norabidean jarraituko dugu momentu oro. Herri honetara ailegatuta, Campan aldera joko dugu, baina bertara ailegatu aitzinetik, Beaudean herriaren irteeran eskuinetara atertazen den errepidetxo bat ikusiko dugu. Lesponne haranean goiti Chirouleteraino igaten den bidea da. Bide hau hartuko dugu akitzen den arte.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
1993a zen. Bezperan Chirouleten akanpatu genuen familiarekin eta goizean Ourreceko lakura ibilaldia egin genuen. Oroitzen naiz 7 urteko haur hura harrituta gelditu zela bidetik ikusten zen ur-jauzi harekin, edo baita beheitirako bidea luze samar egin zitzaiola ere. 30 urte mantsoago, duela hamar egin bezala, inguru horri bisitatxoa egin diot urteurrena ospatzeko. Azkenekoan Ourrec eta Bleu lakuak konbinatu genituen Bizourtere mendia iganez. Oraingoan bide interesgarriagoa egin dugu, bi lakuak konbinatuta,baina Pene det Pouriko kaskoa zapalduta.

8:26 : Chiroulet (1062m)
Aparkalekuan berean Ourrec-eko lakura doan bidea zein den adierazten duen seinalea dago. Hari eginen genion kasu...


Hasmentan mantso igaten den pista zahar batetik egin genuen bidea.


Pagadi politak daude Chirouleteko beheitikoa aldean. Udazkenean ere eder egoten da leku hau.


Pista erosotik...


Zelai zabal batera atera ginen. Hau zeharkatu eta pista akitu egiten da.


Pinu tartetik segitzen duen bidexka hartuko genuen.


Eta atsedenik gabe igaten hasiko ginen.


Ourrec-eko ur-jauzia ikusten da arbolek uzten diguten tarte batetik. Oroitzen naiz haurretan hemen ibili ginelarik aunitz gustatu zitzaigula ur-jauzi hau.


Ourrec-eko lakura hurbildu ahala arbolak akitzen hasten dira. Montaigu dotorea ikusten da parte honetatik.


Bat-batean gure aitzinean paradisu ttipi bat irekitzen da: erreka sigi-sagatsua, zelai berdeak eta inguruan mendiak. Lakua hurbil genuen jadanik.


9:50 : Lac d'Ourrec (1664m)
Laku bazterreko etxolan sar-atera bat egin nuen. Nahiko eskasa da, baina lekua zoragarria.


Lakua utzi eta bidexka nabarmenetik segitu genuen goiti.


Ourrec-eko etxola eskuinetara utziko genuen. Polita hau ere belarrezko teilatuarekin, baina barnetik arras sinplea.


Etxola honen inguruan bertze meandro batzuk marrazten ditu errekak. Zati honetan guztian berriz ere igoera arras eztia da. Hala ere, zelai hau zeharkatu eta parean ikusten den belarrezko malda tentea gainditu beharko genuen segidan.


Puntu honetan ezkerretara Bareilleseko Lepora igaten den bide nagusiena utzi eta bailaran goiti segituko genien errekaren ezkerreko aldetik.


Zirkuaren sakoneraino iganen ginen. 2022ko neguan ibili ginen inguru honetan eta beraz ezaguna zitzaigun.


Bertze lautada batera ailegatu eta argazkiko etxolaren ondoan atsedenaldi bat hartu genuen. Oraindik dezente gelditzen zitzaigun tontorra harrapatzeko...


Eta berriz goiti! Argazkian ikusten den Pene Taillade mendiaren azpiko sakonguneraino iganen ginen. Behin horrat ailegatuta, ezkerretara biratu behar da. Eskuinetara Soum de Lascours mendi aldera joanen ginateke.


Elur-lausoren bat edo bertze zeharkatu genuen inguru honetan. Sobera altua ez izanda ere, zirku hetsia da eta elur aunitz pilatzen da neguan bertan.


Ezkerretara hartuta, mugarri bakanei segituz joan ginen. Guk ere bakarren bat paratu genuen. Argazkiko izenik gabeko lepora ailegatuko ginen, handik eskuineko mendira igateko.


Lepotik ertzera atera eta azken metroak igan genituen. Eskuekin lagundu beharreko pausuren bat badu, baina arras erraza da.


12:06 : Pene det Pouri (2587m)
Gailurreko ikuspegia ikaragarria da. Iparraldean kokatuta egonik, Neouvielleko mendigunerako ikuspegi bikaina du.


Kontrako aldean jaitsiera inguratuko genuen Lac Bleu ageri zen.


Tourmalet ezaguna...


Balaitous urrunean...


Gailurrean tarte zabala pasatu ondotik, iparralderantz jaisten hasi ginen, Lac Bleu aldera. Bidexka jakinik gabeko ingurua da, baina orografiak edozein lekutatik jaisteko aukera ematen du.


Artzain etxola Lac Bleu inguruan...


13:34 : Lac Bleu (1967m)
Lakua gure eskuinetara utzita inguratu genuen.


...eta handik beheiti Chirouletera jaisten den bidea hartu.


14:48 : Chiroulet (1062m)
Ziztu bizian egindako jaitsierak berriz ere aparkalekuan utziko gintuen, ibilbide zirkular ederra osatuta.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina