2023/09/25

Anayet (2574m)

EGUNA: 2023/09/09

ABIAPUNTUA: Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)

ZAILTASUNA: 6a , 330m
Xabi "Smithy"-ren blogeko krokisa. Bide honi buruzko informazio aise zehatzagoa du berak blogean.



DENBORAK:
  • Formigal-Portalet - "Sueño de Verano" bidearen hasmenta : 2 ordu
  • "Sueño de Verano" eskalatzea : 4 ordu
  • Jaitsiera : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Formigal eta Pourtaleteko lepoaren artean, justu lepo hau zeharkatu baino metro batzuk lehenago Portalet deitzen den aparkalekua dago. Hor utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Aspalditik nuen gogoa Anayet mendiaren hegoaldeko aurpegiko eskalada bideren bat eskalatzeko. "Sueño de Verano" eta "Balcones de Anayet" dira bide hauetako ezagunenak eta antzeko ezaugarriak dituzte: ongi ekipatuak eta zailtasun apalekoa dira. Hain zuzen ere, ezaugarri hauengatik normalean jende aunitzek hautatzen dituen bideak dira. Gure kasuan buruan "Sueño de Verano eskalatzea genuen eta gainera bertze bidean zegoen sokada pila ikusita ez genuen zalantzarik egin.

6:32 : Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)
Gau epelean eman genituen eguneko lehen pausuak. Kopetako argiaren argitan aparkalekua utzi eta eski pistak igaten hasi ginen ezkerretarako joerarekin.


Eguna argitu ahala Midi handiaren itzala ikusten hasi ginen gure gibelean.


Batalleroko teleaulkiaren goitiko geltokira zuzendu ginen pistak segituz.


7:08 : Collado Garme (2032m)
Teleaulkiaren ondoko lepoan, bertze isurialdera pasatu gabe eskuinetara ateratzen den bidexka bat hartu genuen.


Bidexka laku ttipi hau inguratzen du...


...eta metro batzuk galtzen ditu Glerako ostatuaren gainetik zeharkaldi luzea marraztu baino lehen.


Behin Glerako zatia zeharkatuta berriz igaten hasten da.


Culivillaseko amildegiaren goitiko partera ailegatu arte...


Puntu horretan Anayeteko aparkalekutik igaten den bidearekin elkartzen da. Metro batzuk gehiago igan eta Anayeteko lakuak kokatuak dauden goi-lautadan izanen ginen.


Eta behin lautadaren sarrerara ailegatuta, Anayeten lehen irudia agertu zitzaigun parez pare. Normalean gertatzen den bezala, eskalatu behar genuen paretatzarra ikusteak inpresioa eragin zigun. "Hortik zuzen igan behar dugu?"


Buruari buelta sobera eman gabe lautada zeharkatzeari ekin genion. Momentuz Culivillaseko amildegitik goiti igaten den GRaren markei segituko genien.


Laku bazterrean ordea markak utzi eta zuzen paretaren bila joko genuen. Midi gure eskuinetara utziko genuen...


Puntu honetatik eskalatu beharreko bide aongi ikusten zen. Tontorretik beheiti jaisten den itzalaren mugatik pasatzen da "Sueño de Verano" bidea. Hasmenta puntua zein zen jakinda zuzenean joan ginen bertara.


Eskaladaren hasmentara ailegatzeko 100 bat metroko malda harritsua gainditu beharko genuen. Maldaren azpitik hasiera puntua markatzen duen disko gorria ikusten da.


Horrenbertzez, paretaren azpian kokatu, gauzak prestatu, arnasa sakon hartu eta goiti abiatzeko momentua ailegatu zen. Eskalada bidearen luze guziak errespetatuz eginen genuen:

  • 1. luzea (4c,35m): Disko gorriaren eskuinetara metro batzuk egin eta zuzen ateratzen da ezproitxo itxurako pareta batetik goiti. Zati bertikalena pasatuta etzan egiten da luzea eta hurrengo pareta bertikalaren ezkerreko aldean dago lehen bilkura.
Lehen luzea akitzen

  • 2. luzea (4c,30m): Bilkuraren gaineko paretatxo bertikala eskalatu eta eskuinetara egiten du bideak. Ondoren ezkerretarako zehrkalditxo bat eta zuzen bigarren bilkuraraino plaka batzuetatik. Bigarren bilkura nahiko deserosoa da.
  • 3. luzea (5b,30m): Berriz ere bilkuraren gaineko metro bertikalenak eskalatu eta etzan egiten da luzea. Eskuinetara doan erlaitz batetik segitzen da, berriz zerbait eskalatu eta paretaren isurialdez aldatuta bilkura erosora ailegatzeko. Komunikazio zailtasunak izan genituen luze honetan.
  • 4. luzea (5b,30m): Bilkura utzi eta plaka polit bat eskalatuz hasten da luzea. Plakaren goitiko zatian pareta makurtu batek ematen dio zailtasuna. Zati hau pasatuta etzan egiten da azken metro errazak eskalatzeko.
Plaka eskalatuta, pareta makurtutik bilkurara argazkia

Laugarren bilkurara ailegatzen zatirik zailena pasatuta

  • 5. luzea (3a,30m): Eskadaren lehen zatia gaindituta, bortzgarren luzea transiziokoa da, kasik ibiltzea bakarrik.
Bortzgarren bilkuran

  • 6. luzea (5b,35m): Eskuinetara zeharkaldi ikusgarri bat eginez hasten da eta gero goiti jotzen du bilkuraren bila. Hain zuzen ere, azken metroak dira teknikoenak. Bilkura estua da arras.
Luzearen metro zailenak azkenak dira (V)

  • 7. luzea (5b,35m): Bilkura estutik zati makurtu bat gaindituz atera behar da. Helduleku onak ditu zati honek. Segidan plaka etzanagoetara aterako gara. Gure kasuan zati hau nahiko bustia zegoen, baina arazorik gabe eskalatu genuen.
Lorea nahiko bustia zegon zatia eskalatzen


  • 8. luzea (II,35m): Transizio-luze bat. Ezkerreko aldean Anayeteko bide normaleko azken tximiniara pasatzen ahal da puntu honetatik.
  • 9. luzea (4c,20m): Harkaitz baten gibelean altxatuta dagoen bilkuratik helduleku oneko metro bertikal batzuk eskalatu eta etzan egiten da pareta.
  • 10. luzea (5b,30m): Zailtasun ezberdineko hiru irtengune dituen luzea. Erdikoa da hiruretan zailena (V).
Lehen irtengunea gaindituta


  • 11. luzea (6a,30m): Bidearen azken luzea da zailtasun handiena duena. Bilkurarik metro tente batzuk eskalatu eta pareta makurtu baten azpian kokatuko ginen. Eskuendako helduleku onak bilatu eta haietatik tira eginez gainditzen da pausua. Hortik goiti etzanagoa da.
Eskaladaren azken metroetan


12:04 : Anayet (2574m)
Uste baino lehenago akitu genuen eskalada eta gailurrean egunaz gozatzeko tarte zabala hartu genuen.  Argazkian Midi gailurretik...


Anayeteko lakuak eta urrunean Panticosako 3000koak...


Vertice de Anayet eta gibelean Pala de Ip eta Collarada bertzeak bertze...


Aspe inguruak...


Eta gu eskalada ederra burutzeak ematen duen pozarekin...


Jaitsiera mendiaren bide normaletik eginen genuen. Lehenik kanal tentetik jaitsi...


...eta eskuinetara biratuta katearen pasabide famatutik pasatuko ginen. Zati honetan batzuetan jende lerroak egoten dira.


Behin katearen pasabidea pasatuta lur gorrizko paraje politetik lepo aldera jo genuen.


Lepora mendiaren iparraldeko isurialdetik ailegatzen da bidea.


13:15 : Cuello de Anayet (2414m)
Lepoan ezkerretara biratuko ginen eta GR-aren marka zuri-gorriei segitzen dien bide zabaletik jaitsiko ginen lakuen lautadara.


Egindako eskalada bideari begiratzeko eta komentatzeko geldialdiak eginez...


Anayet ederra gibelean utzi...


Midi d'Ossau...


Lautada hegoalderantz osorik zeharkatu genuen eta goitirakoan egindako bide berari segituko genion autora itzultzeko.


14:16 : Collado Garme (2032m)
Gleratik pasatu eta berriz pistetara itzuli ginen.


14:36 : Formigal - Portalet aparkalekua (1750m)
Pista erosoetatik azken maldak jaitsi eta aparkalekura itzulita akitu genuen egun eder hau. 13 urte geroago bigarren aldiz igan nuen Anayet, kasu honetan bide polita eskalatuz.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina