2023/10/15

Pene Sarriere (1944m)

EGUNA: 2023/10/12

ABIAPUNTUA: Gourette (1359m)

ZAILTASUNA: 5b , 210m
Bidearen krokisa

DENBORAK:
  • Hurbiltzea: Ordubete
  • Bidea: Bi ordu
  • Jaitsiera: Ordubete
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste alder bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Larunsetik Aubisque mendate ezagunean goiti abiatuko gara Gourette eski estazioraino.

KRONIKA:
Pene Sarriere ez da mendi altua, ezta izen handikoa ere. Gouretteko eski estazioko pisten ondoan altxatzen den harri puska bat bertzerik ez dela ere erraten ahal da. Hala ere, bere paretetan irekitako bideek eskalatzaileendako atrakzio parke modukoa izatera eraman dute. Niretako hirugarren aldia izan da gailur honetan, bi aldiz hegoaldeko ertz zorrotza eskalatu eta gero. Kasu honetan, ekialdeko aurpegiko eskalada klasikoa egiteko aukera izan dugu.

9:25 : Gourette (1359m)
Larunsen gaua pasatu, kafe bat hartu eta Gourettera hurbildu ginen. Presa handirik gabe abiatu ginen eski estazioan goiti.


Ezkerren gelditzen den pistatik goiti egin genuen lehen zatia. Bidexkak halere laster uzten du pista argazkian ezkerretara ageri diren bi zuhaitz multzoen artetik.


Behin pista utzita, eski estazioaz atzenduko ginen eta paraje ederrean goiti egin genuen. Coste de Goua etxolara igaten den bidetik gindoazen, ezaguna genuen neguan Sanctus mendira egindako igoeratik.


Gourette gibelean...


Pista batetik goiti gindoazela Pene Sarriereren ekialdeko pareta ikusten hasi ginen.


Iganen genuen bidea Pene Sarriereko bi punta altuenen arteko lepora igaten den fisuratik doa. Beno, fisura baino pixka bat eskuineragotik. Bidea identifikatuta, belardi maldatsu batetik zuzenean hurbildu giren haren oinera.


Bidearen azpian kokatuta lasai-lasai gauzak prestatzeari ekin genion. Gure aitzinetik Etxarri Aranatzeko bikote bat eskalatzen hastear zegoen.


Bilkura aunitz ditu bideak eta beraz luzeak hainbat modutan egiten ahal dira. Guk honako hauek egin genituen:
  • 1. luzea (5a,35m): Lehen metroak diedro batetik egiten dira eta gero ezkerretara jo behar da diagonal bat eginez. Plaka bat zertxobait jaitsiz zeharkatu eta azken metroak belar eta lurrezko zati batetik dira. Luze honetan harkaitza nahiko leundua dago tarte aunitzetan.
Lehen luzearen bidea sokak marraztuta
  • 2. luzea (3c,30m): Harmaila errazetatik egiten den transizio luzea da. Luze honen ondotik plaka erraldoian sartuko ginen.
  •  Plaka bikainean egindako luzea tartean bi bilgune utziz. Erregletatxoz osatutako plaka da, gozatzekoa. Hori bai, bide osoaren gisara parabolten artean distantzia pixka bat dago. Kobazulo iduriko batean muntatu genuen bilkura.
Bilkuratik goiti plaka leuna gaindituta

Altuera hartzen
  • 4. luzea (5b,35m): Bilgunetik eskuinetara ateratzen da itsaskortasun pausu bat eginez eta gero tripatxo bat eskalatu behar da (bideko pausurik estuena). Tripatxoa gaindituta, eskuinetara jo behar da bilkura harrapatu arte.
Bilkuratik eskuinetara itsaskortasun plakan

Pausurik zailena gaindituta
  • 5. luzea (4b,20m): Plakaren azken zatia eskalatu eta tximinia erraz batetik ertzeko lepora ateratzen da.
Bosgarren bilkura tximiniatik ikusita
  • 6. luzea (5b,35m): Hegoaldeko ertzarekin (La Taillante) konpartitzen den luzea da, pare bat aldiz egina nuena. Ezproitxo batetik sabai baten azpian kokatuko gara eta sabai hori gainditzea da pausurik zailena. Azken metroak tximinia erraz batetik egiten dira.
Lepoko bilgunean

Bidearen gainetik azken bilgunea eta Taillante ertza


12:48 : Pene Sarriere (1944m)
Bide ikusgarri eta bertikala eskalatuta arras kontent ailegatu ginen kaskora. Hirugarren aldia nuen bertan eta hiruretan aktibitate bikaina egin izanaren sentsazio gozoarekin. Kaskotik iparraldera metro batzuk jaitsita dagoen balkoitxo batetik eskalatu berri genuen paretarako ikuspegi bikaina genuen.


Argazki honetan Etxarriko bikotea lepotik goiti eskalatzen ikusten ahal da. Gu baino polikiago ari zirenez, aitzinera pasatzen utzi gintuzten. Esker mila, irakurtzen baduzue!


Bidea argazkian ikusten den fisuraren ondotik doa une oro.


Kaskoan egonalditxoa eginda, iparraldera bizkarretik jaisten hasi ginen. Galbiderik ez duen bidexka bat da...


Zailtasun handiirik ez du, baina harkaitz-plaka batzuk jaitsi behar dira han eta hemen, eta aunitzetan bustita egoten dira. Gure kasuan, idor harrapatu genituen.


Ipar magala jaitsi, basotxo ttipi bat zeharkatu eta Gouretteko pistetaik beheiti eginen genuen azken zatia. 


14:16 : Gourette (1359m)
Jaitsiera laburraren ondotik autora ailegatu, eta Aubisquera igan ginen ateraldia borobiltzeko ikuspegi bikainarekin bazkaltzera.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina