2024/07/29

Calames - Prelude (5b+,250m)

EGUNA: 2024/07/16

ABIAPUNTUA: Bedeilhac (649m)

ZAILTASUNA: 5b+ , 250m

DENBORAK:
  • Hurbiltzea: 25 minutu
  • Eskalada: Bi ordu eta laurden
  • Jaitsiera: 40 minutu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norbaidea hartuz ailegatuko gara Tarascon-sur-Ariege herrira. Autobidetik herrira sartzeko lehen biribilgunean eskuinetara Bedeilhac herrira doan errepidea hartu behar da. Autoa herri honetan berean utziko dugu, irteeran dagoen aparkalekuan.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Goiak lainotuta ernatu zen eguna eta helburuz aldatu behar izan genuen. Xabier Larretxearen liburua lagun, bailaran eskalatzeko sektore aunitz zeudela bagenekien eta Calamesekoa ezagutzera jo genuen. Menditxo honetan luze bakarreko bideez gain, gailurreraino igaten diren bide luzeagoak ere badira. Haietan errazenetakoa Prelude da, eginen genuen.

Calames errepidetik


Hurbiltzea:
Aparkalekutik beretik marka hori eta gorriei segituz behar zaie. Bidea herritik atera eta baso batean barneratzen da. Zigzag ttipi bat egin ondotik, bide nagusien hau utzi eta eskuinetara pareta aldera igaten den malda bat hartu behar da. Prelude bidearen oinera ailegatuko gara hala. Izena bidearen hasmentab idatzia dago, baina erdi ezabatua dago eta ez da ongi ikusten.




Eskalada:
  • 1. luzea (4a , 40m) : Lehn txapa ez da 10 bat metro eskalatu arte ikusten. Hala ere, luzeak ez du zailtasunik handirik, plaka etzan batzuk eskalatzea bertzerik ez baita.
Lehen luzea akitzen
  • 2. luzea (5a , 35m) : Bigarren luzea bertikalagoa da. Helduleku oneko plakak eskalatu behar dira.

  • 3. luzea (5b+ , 40m) : Bidearen luzerik teknikoena da. Plaka nahiko leunak dira eta ezker-eskuin ibilita gainditu behar dira. Parabolt-en artean distantzia dezente dagoela iruditu zitzaidan. Friend pare bat erabili genituen.
Plaka finena gaindituta
  • 4. luzea (4a , 30m) : Luze etzan eta erraza.

  • 5. luzea (4b , 30m) : Aitzinekoaren gisako luzea, erraza. Harkaitzen bat solte zegoen eta bilkura nahiko deserosoan akitzen da.

  • 6. luzea (5a , 30m) : Arrakaladun plaketatik igaten hasten da eta itsaskortasuna bilatu beharreko plaka batekin akitu.

  • 7 luzea (5b , 30m) : Plaka batekin hasi eta azken metroetan teilatutxo bat gainditu behar da ezkerretik.
Azken luzea


Jaitsiera:
Bidea gailurrean berean akitzen da. Goitiko gazteluaren ondotik pasatu eta bidexka bat hartu behar da berriz ere marka hori eta gorridun bidexkara jaisteko, eta handik autoraino ezkerretara eginez.

Gailurrean


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina