2024/08/13

Bishorn (4153m)

EGUNA: 2024/08/12-13

ABIAPUNTUA: Zinal (1675m)

ZAILTASUNA: Erraza (F). Ez du aparteko zailtasunik. Hala ere, kontuan hartu behar da igoeraren zati handi bat glaziar gainetik egiten dela eta arrakalak daudela. Gainera, baldintzak aldatu egiten dira.

DENBORAK:
  • Zinal - Cabane de Tracuit : 4 ordu
  • Cabane de Tracuit - Bishorn : 3 ordu
  • Bishorn - Zinal : 4 ordu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik joanda, Suitzara Ginebratik sartuko gara. Horretarako Bordele-Clermont Ferrand-Lyon-Ginebra bidea eginen dugu autopistaz. Ginebratik Martigny hiriko norabidea hartu behar da eta hemendik Sioneko norabidea hartu Sierre herriraino. Sierre herritik goiti ateratzen da Zinal herrirako errepidea.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bi urteren ondotik Alpeetara itzuli naiz udan txoko berriak ezagutzeko gogoz. Oraingoan Suitza ingurua hautatu dugu eta bidaiaren hasmentan 4000 metrotik goitiko mendi pare bat igan dugu Valais eskualdean. Lehendabizikoa, Bishorn izan zen, Zinaleko bailara politean, herritik beretik abiatuz igaten den mendi eder eta erraza.

2024/08/12
10:59 : Zinal (1675m)
Lasai harrapatu genuen Zinal herri polita Sierre-Zinal izeneko lasterketa ezaguna pasatu berritan. Egia erran, Zermatt inguruarekin konparatuz aise leku trankilagoa iruditu zitzaigun. Eta trankila izateaz gain, ederra ere bada, bai herria, bai ingurua. 4000 metrotik goitiko bortz menditzarrek eta bertze hainbat ttipiagokok hesten duten zirkuaren sakonean kokatua dago, eta Alpeetako bertze leku batzuk ez bezala, ez dago telekabina eta teleaulkiz josia. Hortaz, herritik beretik abiatuko genuen ibilaldia, parte zahar liluragarria zeharkatu eta herria akitzean ezkerretara joz.


Pista batetik metro batzuk egin eta segidan Tracuit aterperako bidea erakutsiko ziguten seinaleak aurkitu genituen.


Hortik aterperaino erronbo horiz markatutako bideari segituko genion.


Egia erran, herria gibelean utzita ez dago bertze bidegurutze aunitzik. Lehen igoera zatia pinu eta arbolapean egin genuen.


Baina fite atera ginen eguerdi sapako eguzkitara...


Altuera fite irabazten da bidexka erosotik eta herrian arras beheitian gelditzen da.


Eta azpikoa beheitian utzi ahala, goitiko menditzarrak agertzen hasten dira. Gibelean ikusten dena Dent Blanche mendia da, 4358 metrokoa. Arestian erran bezala, Zinal 4000ko bortz mendik inguratzen dute: Dent Blanche, Ober Gabelhorn, Zinalrothorn, Weisshorn eta Bishorn. Zein baino zein ikusgarriagoak!


Bideak hegoaldera egiten du pixka bat Diablons, Tete de Milon eta Arpitetta mendien artean irekitzen den bailararen bila.


Bailara horretatik egiten da aterperainoko azken zatia.


Pareko gandorraren gainean kokatua dago Tracuit aterpea. Argazkian ttipi-ttipi ikusten da.


Arratsalde hasmentarako iragarrita zeuden ekaitzen beldur azpiko zatia bizi igan genuen, baina aldaketa ailegatzen ez zela ikusita azken zatian inguruaz gozatu ahal izan genuen.


Azken zatian...


Aterpea gero eta hurbilago...


Puntu honetatik biharamunean iganen genuen mendia ikusi ahal izan genuen lehen aldiz.


Argazkiko orratzaren ezkerreko tximinia kate batzuen laguntzaz gainditu eta aterpea kokatua dagoen gandorrera aterako ginen.


14:34 : Cabane de Tracuit (3256m)
Aterpera ailegatuta, erreserba baieztatu eta kanpoko aldean eraman genituen ogitartekoak jan genituen. Duela urte guti berritutako aterpea da Tracuit eta instalazio onak ditu. Hori bai, ez dago ur edangarririk eta botila bakoitzak 10 euro inguru balio zituen. 


Ilunabarrean iragarritako ekaitzak ailegatu ziren mendira eta paisaiari ukitu misteriotsua eman zioten. Argazkian Zinalrothorn...


Dent Blanche...


2024/08/13
5:43 : Cabane de Tracuit (3256m)
Tracuit aterpetik guti batzuk Weisshorn mendira joaten dira eta gehiengoa Bishornera. Goizeko bortzetan markatu ziguten gosaltzeko tenorea ishornera gindoazenei. Gosalondoan gauzak prestatu eta eguneko lehen argiekin martxan paratu ginen.


Marka urdinak dituen bidexka segituko genuen Turtmann glaziarrean sartu arte.


Eta behin glaziarrean sartuta, arrasto nabarmena izanen genuen kaskoraino. Azpiko zatian horma zaharra agerian zegoen eta arrakala ttipi batzuk zeharkatu behar izan genituen. Handik goiti, berriz, elurrak tapatzen zeun horma eta arrakalarik ez zegoen. Arrastoak ekialderantz zeharkaldia egiten du parean ikusten den Über den Mergasch leporaino.


Eta lepora ailegatu baino pixka bat lehenago ezkerretara biratu (hegoalderantz) eta azken malda tenteagoak igaten dira.


Mendiaren gaineko partean bezperako ekaitzak utzitako elur freskoa genuen.


Malda zabaletan goiti, zailtasunik ez du mendiak.


Nahiz eta altuyeraren eragina nabaritu, metroak fite jan genizkion mendiari eta kaskoa hurbil ikusten genuen jadanik.


Gibelean Burnaby bigarren mailako tontorra utzi eta bizkar panoramikotik ailegatuko ginen kaskora.


8:33 : Bishorn (4153m)
Ordu onean ailegatu ginen gailurrera, aterpetik bi ordu eta hiru ordu laurdenez. Eguraldi bikaina genuen, kasik haizerik gabe; baina ez ginen luzaro egonen goitian.


Bishornetik Weisshornera doan ertza ikusgarria da...


Urrunean Mont Blanc-eko mendigunea ageri zen.


Erran bezala, ez ginen luze egon kaskoan. Giro bikaina izan arren, mendi hauetan onena arrakala guziak ahal bezain goiz zeharkatzea da. Hortaz, erritmo bizian igandako arrastotik beheiti abiatu ginen.


Ordubete inguruan jaitsi genuen glaziar guzia eta arrakalak aise zeharkatu genituen.


10:19 : Cabane de Tracuit (3256m)
Aterpera bueltan, zerbait jan, materiala bildu eta jaitsieraren bigarren zatirako prestatu ginen.


Inguru ikusgarri hau agurtu eta beheiti abiatu ginen.


Eguraldi bikaina lagun egun osoan...


Jaitsiera bezperan igandako bide beretik eginen genuen. Luze samar egin zitzaigun egia erran, mendiko botak ez baitira bidexketan beheiti jaisteko erosoegiak.


Paisaia behintzat lagun genuen...


13:13 : Zinal (1675m)
Zangoetako minez eta botak kentzeko gogoz ailegatu ginen autora, baina arras kontent egindako ateraldiarekin. Oroitzapen ederra utzi digu Zinal inguruak!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina