2024/08/20

Schwarzhore (2786m)

EGUNA: 2024/08/20

ABIAPUNTUA: Rodelbahn (1683m)

ZAILTASUNA: Erraza

IRAUPENA:
  • Igoera: Hiru ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik joanda, Suitzara Ginebratik sartuko gara. Horretarako Bordele-Clermont Ferrand-Lyon-Ginebra bidea eginen dugu autopistaz. Ginebratik Martigny hiriko norantza hartu behar da eta hemendik Sionekoa. Autopista hau Visp herrian utziko dugu eta Kandersteg herrira autoa sartzen den tren bat hartu behar da. Bernan barrena ere ailegatzen ahal da Karderstegera. Herritik goiti Rodelbahnera igaten den telekabina hartu genuen guk, baina oinez azpitik ere abiatzeko aukera dago. Hori bai, Oeschinen lakura igaten den bidea ez da batere polita.



KRONIKA:
Suitzako egonaldiko azken mendi ateraldia izan zen honako hau. Vaud eskualdea utzi eta Kardersteg herrira mugitu ginen, printzipioz Murren arteko zeharkaldi luzea egiteko asmoz. Itzulerako garraioaren konplexutasunak eta eguraldiak plana aldatzera bulkatu gintuzten eta azkenean Oeschinensee laku ikusgarritik goiti Schwarzhore mendirako ibilaldia egin genuen.

10:06 : Rodelbahn (1683m)
Gauza bat eta bertze, mantso abiatu ginen Kandersteg herritik eta telekabinan igan ginen Rodelbahnera. Jende aunitz igaten da telekabinan Oeschinensee laku ezagunetik hurbil uzten baitu. Goitiko geltokitik pista zabala joaten da lakura eta bertatik abiatu ginen gu ere.


Pistatik zati bat ibilita, ezkerretara ateratzen den bidexka bat hartuko genuen. Blüemlisalphhütte aterpera eramaten duten seinale zuri-gorriei segitu beharko genien igoera guzian.


Bideak Dündehore mendiaren hego magalean zeharkaldi luzea egiten du Oeschinensee eskuinetara utzita. Laku honen inguruan ibiltari aunitzek egiten duten itzulia ere hemendik pasatzen da eta beraz, jende aunitz topatuko genuen.


Bidexkak ez du altuera sobera irabazten lehen zatian eta arras panoramikoa da. Laku ederraz gain, bere gainean altxatzen diren mendi eta glaziarretara ikuspegi bikaina du. Doldenhorm, Fründehorn, Oeschinenhorn eta Blüemlisalphorn dira mendi nagusienak.



Zerbaitengatik da laku hau Suitza guziko ezagunenetarikoa. Postaletako lekua da, zoragarria.


Bidexkan goiti...


Behin eta berriz pinuen arteko leihoetatik lakura genuen ikuspegiaz gozatzeko geldialdiak egin genituen. Argazki kamerafri sua zerion. 


Igan ahala, helburu genuen Hohtürli lepoa ikusten hasi ginen urrunean, baita lepoaren goitiko aldean dagoen Blüemlisalphütte aterpea ere. Sarreran erran bezala, Murren herrirainoko zeharkaldia genuen helburu eta lepo hori izanen zen zeharkatuko genuen lehena. Hala ere, plan hori aldatu eginen genuen geroxeago.


Lakuaren gaineko zeharkaldi ikusgarria gibelean utzi eta belardi leunen artetik segitu genuen.


Wildi Frau, Efem Stock eta Blüemlisalphorn mendiak ageri zitzaizkigun parean.


Oberbärgliko etxoletara jaitsiera motz bat eginen genuen segidan. Bertan jende gehienak eskuinetara hartzen du Oeschinensee lakuaren itzulia egiteko eta beraz hortik goiti aise lasaiago ibiliko ginen.


Paraje ederra da Oberbärglikoa. Bertan mendizale, turista eta artzainen arteko nahasketa kuriosoa topatuko genuen, etxola batzuk artzain-etxolak baitira...


...eta ondoko bertze bat ostatua.


Jende uholdea gibelean utzi eta ekialderantz segitu genuen, oraindik marka zuri-gorriak lagun genituen.


Bidexka erosoa izanen genuen argazkiaren erdian ikusten den Hohtürli leporaino. 


Azken zatian lur eta harri xehezko malda tenteagoa gainditzen du bideak; eta hainbat eskailera eta zubi daude mendiaren erosioa ekidin eta mendizaleei igaten laguntzeko.


12:08 : Hohtürli (2778m)
Erritmo bizian egin genuen igoera eta bi ordutan ailegatu ginen lepora.


Bertan zerbait jan bitartean hasmentako planarekin segitu edo ez erabaki behar genuen. Bide luzea genuen Murreneraio eta arratsalderako hodeiak ugaritu zirela zioen iragarpenak. Horrez gain, Murrenetik Kanderstegera autoaren eske itzultzeko garraio publikoan egin beharreko bidaia luzea eta konplexua izanen zen. Beraz, planez aldatzea erabaki genuen



12:25 : Blüemlisalphütte (2835m)
Hasteko, lepotik minutu gutira dagoen aterpera hurbildu ginen zerbait hartzera.


Egonaldi luzea egin genuen aterpean eta beheitirakoan gandor berean iparralderago kokatua dagoen Schwarzhore mendira igatea erabaki genuen. Argazkian lehen orratzaren gibeleko aldean ikusten den mendia da.


Hohtürli lepotik beheiti igoerako bidea jaisten hasi eta seinale hauek dauden bidegurutzera ailegatuko ginen. Bertan igoerako bidea utzi eta ezkerretara seinale urdinak dituen bidexka hartuko genuen. Bidegurutzeran berean hartuko genuen bidean materiala behar dela dioen seinale bat dago, baina zailtasunik ez du, soka finkoz ekipatutako zatitxo pare bat kenduta.


Mendebaldeko orientazudun maldetan zeharkaldi bat eginez hasiko ginen.


Sokaz ekipatutako zati erraz bat zeharkatu eta...


...gandor zabalera atera ginen. Bertatik parean genuen tontorra. Mendebaldetik inguratzen da berriz ere eta iparraldeko ertz zabaletik igan.


Mendia mendebaldetik inguratzen duen bidean berriz ekipatutako tarteren bat dago. Udan eta elurrik gabe inolako zailtasunik ez duten tarteak dira. Elurrarekin bertze kontu bat izanen da.


13:40 : Schwarzhore (2786m)
Erran bezala, iparraldeko ertzetik aterako ginen kaskora. Ikusten den gisa, inolako zailtasun teknikorik ez duen ertza da.


Kaskotik ikuspegi ederraz gozatu ahal izan genuen...


Blüemlisalp gailurra, glaziarra eta aterpea genituen hegoaldera...


...eta Eiger, Mönnch eta Jungfrau mendiek osatutako hirukote magikoa ekialdean.


Gailurreko egonaldiaren ondotik berriz ere igandako bidetik jaisten hasi ginen.



Marka zuri-gorridun bidera atera eta handik beheiti segituko genuen jaisten.


Paraje ederra gibelean utzita...


Oberbärgliko etxoletara bueltan Oeschinen lakuaren azpiko aldetik pasatzen den bidea hartuko genuen.


Igoerakoa ez bezala, laku ertzetik pasatzen da bidea eta bainu bat egiteko ere baliatuko genuen.


Postureo pixka bat...


15:09 : Oeschinensee (1580m)
Laku ederra inguratu eta Kanderstegera jaisten den bidea hartuko genuen.


Bide honek edertasun handirik ez du. Hasmentan asfaltatutako errepide batetik da eta geroago pinu arteko pista batetik.


Lasterka egin genuen zati hau guzia eta nahiko fite ailegatu ginen herrira.


16:29 : Kandersteg (1171m)
Horrenbertzez, Suitzako egonaldi bikainari amaiera eman genion. Biharamuna Lauterbrunnen eta Grindelwald herriak bisitatzen eman genuen eta mendiz osatutako herrialde zoragarri hau agurtu genuen. Oporrak eta bidaia ez ziren akitu ordea...

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina